Edertasun eta grazi

  • Baionako komertsant gaskoniarrek populutu zuten, aspaldi. Haren tontorraren puntaren puntan, Nafarroako Koroak jauregia eraiki zuen. Baita nagusia izendatu, zeregina baitzuen  zergak kobratu. Nekazal inguruko ekonomiari loturik, behialako joritasuna galduz joan zen.  Gaur, masako turismoak biziarazten du Donibane Garazi. Eta Konpostelako bideak.
Allende Sokarros
“Lehen, astelehena huts egitekoak ez ginelarikan, dotzena bat lagun taldea muntatzen ginen aste guziez Ostatu Amerikanoan. Orduan bai, irriak!”. Jean Pierrek 83 urte ditu. Bere artzain biziko aspaldiko usaia gogoan, gaur ere Donibane Garaziko merkatura etorri da. “Dia! Arrunt ttipitu da orain, lehengoaren aldean!”. Zerbait izan behar zen, baiki. Ezen, axuririk ez baita falta plaza estalian. Marraka eta marraka, amari deika, gizagaixoak. Eta jende mugimendua bada, ez idurian. Baina “gaur artzain-laborari gutiago da, merkatuan”, azpimarratzen du Pettan artzainak. “Ainitzek etxetik beretik saltzen dituzte bildotsak”. Tratulantarekin prezioa aitzinetik adostu, eta Donibanera jiteko beharrik ez dute. Merkatu estalian, laneko jantzi urdinak ala berde ilunak dira ikusgai, arkume saldoak pitzatzen, kamioietara kargatzen, berokiak estalirik. Baina egiari zor, kabala-tratanteen blusa beltz luzerik ez da ageri. Alta bada, erosle jakitunaren behakorik ez da falta. Gaztelako matrikuladun kamioi erraldoiaren tripa bildotsez betetzen doala egiaztatzen eta laborariarekin mintzatzen ari den gizonarena, kasurako. 

XIX. mendea kilikatu eta XX.a ederki borobildu zuen Donibane Garaziko artzaintzari loturiko ekonomiaren erakuslerik bada, hori Cherbacho etxea da. Espainiako karrikan da, XXI. mendeak “Euskal Xerria” luxuzko ekoizpen bilakatu duen Oteizaren saltokiaren ia parean. Hots, Nafarroako Estatuen Etxea izandakoaren bisean-bisean. Garazin, “Xerbaxo” izengoitiz ezagutzen da Inchauspé familia, BAMI, Banque Michel Inchauspé-ren sortzailea. Xerbaxoenean garai batez, artilea saltzen zuten artzainek. Edo hobeki erranik, trukean uzten. Frantses Gobernuak XIX. mendearen bukaeran tesaurizazioari buruzko legea bozkarazi zuelarik berriz, ondasun metaketa dirutza bilakatzeko parada eman zuen. Honela, Baxenabarreko bankero familia saga ospetsu bati hasiera eman zitzaion.

“Karrika herria, zubi herria”

Donibane Garaziz  Julio Caro Barojak utzi zuen idatzirik: “Karrika herria da, funtsean, nola zubi herria”. Donibane Garazi Ezterenzubin sorturiko Errobik bitan zatiturik dago, hego-ekialdetik ipar-mendebaldera. XX. mende hastapenera arte, Donibanera heldu eta, ibaiaren zeharkatzea zubiz eginen bazen, Jondoni Joane zubitik izanen zen, ordaindurik. Donibaneko Jauregiko alkaidea izan zen legar horren lehen biltzailea. Donazaharrerako karrikako zubi nagusia aldiz, duela zenbait hamarka urte baizik ez zen egin, gaurko trafikoari egokitzeko. Aitzin, ur bazter gozoa zen, udako ur apalez oinez zeharkatzeko erraza, bokata egiteko xuritzaileen hautuzko gunea. Handik izan ere, Espainiako karrikako joan-jinak oro begimen zitzaketelako. Eta ez ziren gutxi, haiek. Garaziko inguruko laborari guztiek haien ekoizpenak ekartzen zituzten, Konpostelako beilariek Orreagarako pasabidea zakusaten eta komertsanteek, Espainiako atea zabalik. Izan ere, 1274az geroz Nafar Erreinuko Hiri Onen Batasuneko kidea izanik, Donibane Garazik ez baitzuen zerga ordaintzerik nafar eremu osoan. Gaur ospetsu zaizkigun bidaiariak iragan ziren Espainiako karrikako zubitik. Hala nola Aymeric Picaud XII.ean eta Edrisi arabiar geografoa XIII.ean. 

Errobi erreka bazterreko itzuli gozoa –udan freskagarri, neguan pizgarri– egin nahi badugu, Eiheraberriko zubira heltzea baino errazagorik ez da. Hartuko dugu horretarako Jondoni Joane elizaren saihetsetik doan karrika eta ibaiaren noranzkoaren kontra abiatuko. Laster Donibane Garaziko zitadelako mendixkaren latza eztituko da, etxe batzuk ikusiko ditugu. Handik, oihanpe xumea. Eta bizkarra konkor, Erdi Aroko Eiheraberriko zubia. Honek berriz karrikaratuko gaitu, baldin eta zeharkaturik eta uraren beheranzkoan aldi honetan, zidorretik jarraikitzen badiogu ibilbideari.

Erdi Aroa bizirik

Edrisi geografoak XIII. mendean ikusi zuen Donibane Garazi eta bistak ez bide zion itxura txarrik utzi. “Djebel-el Bortat”, mendi tontorrarekiko herria deskribatu zuen bere kroniketan. “Haraindiko lurretan” komertzioaren gaineko zerga ezartzeko asmoarekin, nafar koroak Donibane Garaziko tontorra estrategikotzat jo zuen. XII. mendea zen. Zehaztasun idatzirik ez bada ere, gaurko jauregia ala zitadela VIII. mendekoak izan daitezkeen arrastoetan oinarriturik legokeela aipatzen da. Jauregiko lehen alkaidea Martin de Chipia izan zen. Ordutik at dira, idazkiak xeheki eginik: zergak, administrazioa eta baita justizia buruzagi haren gain izanik.

1125ean Baionako Forua bereganatu zuen Donibane Garazik eta Nafarroako Erregeek onetsi zuten. Hala nola Teobaldo I.ak 1234an eta haren ondoren Evreux-ko Filipek eta Karlos II.ak. Honela, Koroak herritar askatasuna eta merkatua antolatzeko eskubidea ematen zion,  Iparraldeko muga eta “erreinuko giltza” zaintzen zuen jendetzari. Hots, Donibane Garazi kolonoen herria izan zen. Are gehiago, Nafarroako Gorteetan jarlekua zuen kolonoen herria. 1512an Gaztelak Nafarroaren konkista abiatzearekin, Donibane Garazik agramondarren eta beaumondarren arteko liskarren erdian gertatu zen, ez erosoki, artean.

Donibane Garaziko Jondoni Joane eliza Ipar Euskal Herriko eraikin gotikorik ikusgarriena da Baionako katedralaren ondotik. Ardatz nagusia Errobi ibaiari paraleloan eta eliz burua Donibane Garaziko jauregia den kaskoari begira doazkio. Erdi Aroan, “txapitela” –eguneroko merkatua– zuen auzoan. Orduan harresitua eta defentsarako pentsatua zen. Bestalde, herriaren beste puntan, gaurko geltokirako bidean, ikusgai daude Ugangeko Santa Eulalia eliza zaharraren aztarnak. Preseskiago, “Toki Eder”, XVIII. mendean berritu zahar-etxean. Behakoaren luzatzeak merezi du Crédit Agricole banketxearen saihetsetik, harrizko arku erromaniko ikusgarria erakusten baitu, denborari oldarkor, harro. Borobil ezti horren lepo gainetik bederatzi mendek begiratzen gaituzte.
 
“Xuriak” eta “gorriak”

Charles Floquet abokata, errepublikarra eta Frantses Kontseiluko lehendakari izandakoa Donibane Garazikoa zen. Haren omenezko oroitarria herriko parkearen itzulinguruan dago. Floquet gorriak “Biba Polonia!” oihukatu omen zion, Pariseko 1867ko Erakusketa Unibertsalera bisitan zela, Nikolaï II.a Errusiako Tsarrari. Hura Frantziarekin harreman diplomatikoak haustekotan egon omen zen. Charles Floquet ezker muturreko diputatua, Pariseko Komunatik bizirik baina kondenaturik atera ziren gizon eta emazteen defendatzaile izan zen. 1888an, dueluan borrokatu ziren donibandarra eta 20.000 hildako eragin zituen Komunako errepresioan parte hartu zuen Boulanger Jenerala. Hirurogei urtetan, adinaren erdia zuen militarra zauritzea lortu zuen. Boulanger tradizionalista eta populista estatu kolpea ematen saiatu zen III. Errepublikaren kontra. Huts eginik, Belgikara erbesteratu behar izan zuen. Eta Belgikan, amorantearen hilobian bere buruaz beste egin zuen.

Baina Donibane Garazin, Baxenabarre gehienean nola, “xuriak” ziren nagusi. Hala, 1937ko ekainaren 24an Hego Euskal Herriko 500 haur errefuxiatu Donibane Garaziko zitadelara aterpetzera jin zirelarik, harrera hotzila baino ez zuten izan. Hainbesteraino non, agorrileko Andre Dena Maria ospatzen diren herriko bestak ezeztatu baitziren urte hartan. Haur “gorriek” deabrua ekarri bide zuten Donibane Garazira… Eta ez zuen Jean Ybarnegaray diputatuak haien aldea hartzekoa. 1939an, Vichy-ko gobernu kolaboratzailearen segitzaile lerrokatuko zen. Pétain Lehendakariak familiaren ministro izendatuko zuen. Eta noizbait joanen zen “Hitlerri gibela ikuztera”.

Konpostelako bidea


Gaurko Donibane Garazi perfusiopean bizi da: udako masako turismoarenaren pean. Jauregia, Zitadelako karrika, apezpikuen presondegia, harresi zaharrak ala Espainiako karrika lasaitasunean gozatu nahi dituenak ahantz ditzala uztail eta abuztuko hilabeteak. Oroz gainetik uztailaren 14a, abuztuaren 15a edota hondartzarako ona ez den eguraldiko egunak.

Bisitarietan, urtero, hamar milaka Konpostelako beilari iragaten da Donibane Garazitik. 2009an marka guztiak hautsi ziren eta 35.000ra heldu zen. Haien inguruan egiazko turismo-industria garatu da, bere ostatu, aterpe berezi, liburu eta “souvenir” eskaintzarekin, baita taxi zerbitzu espresekin ere. Bizkar-zakua Donibane Garazin utz eta, Orreagan berreskura daiteke. Horrela, Bentarteako eta Lepederreko gaina zutak arinkiago gainditurik. Hala ere, ez da hori arras gauza erraza. Uda ala negu, Garazikoak bortu gorak izanez –Orreagako lepoa 1.410 metrotan dago– aroa gaiztotzen delarik ez baitira gozoak batere. 2008an, lau jendek utzi zuten azken hatsa Konpostelarako bidean, lainoak tronpatua ala hotzak kokildua. Hori dela-eta, iazko abenduan lehentze, Konpostelako Lagunen Elkarteak informazio bulegoak irekirik mantendu zituen.

Donibane Garazira Izuratik heldu da beilarien gehiengoa. Izuran izan ere, Konpostelarako Frantziako hiru bideen (Tours, Vezelay eta Puy-koak) bat egitea baitago. Aldiz, beste batzuk Lapurdiko kostaldea utzirik datoz. Konpostelako bidea Camino francés delakotik abiatzeko gogoarekin, maskuilua bizkar-zakuan eta makila eskuan, Baionako trenean datoz. Mendea pasa duen burdinbideak Errobi ibaiaren zoko-moko ikusgarri andana erakutsi die, Garaziko mendi kaskoen garraztasun eta laztanaren aitzin-gustua. Herriko karrika gorrixketan ibili eta, bortu gainetan oroituko dira: han dago Donibane Garazi, dena edertasun eta grazi.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude