Egia esan

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Egia esan, ez dakit nola hasi zen, hedabideetan, kirolarien elkarrizketetan, egia esan errepikatzeko ohitura. Pilotariak, txirrindulariak, futbolariak… Aipamen hori egin ezean, gezurra esango zuten? Ebanjelioetako Benetan diotsuet imitatu nahia?

Hedabideetan ere agertu ziren Iruñeko alkate Asironen hitzok: sanferminak munduko jairik hoberenak dira. Eskerrak ez zuen “egia esan” tartekatu, sanferminak ez baitira munduko jairik onenak. Horrelakorik ez dagoelako eta, txistularien saioak kendurik, zabarkeria ugari dituztelako. Egia esan, entzierro aurretik santuari eskainitako kantua euskaraz eginik puntuak irabazi dituzte. Baina itzulpena azentuaren aldetik mingarri gertatzen da, San Férmin hori… Hobeto: Entzun, Fermin santua. Eta kantaera, berezko hirunakako erritmoa galduta? Egia esan, hasi beharra dago txukuntzen, bestela Hemingway bera berpiztuko da fundamentua jartzen hasteko.

Eskoletako jaialdietan, adibidez, nolako eredua saltzen diegu haur txikiei, megafonia kaxkar kaltegarrien bitartez inguruko guztien belarriak punitzea normaltzat ematen?

Egia esan, zabarkeria oso hedatuta dago festetan. Larrienak, haur txikientzat antolatutakoetan. Eskoletan ikasturte amaierako eta bestelako jaialdietan, adibidez, nolako eredua saltzen diegu, megafonia kaxkar kaltegarrien bitartez inguruko guztien belarriak punitzea normaltzat ematen? Gurean arduradunei galdetu nien zergatik jartzen zuten zigor auditibo hura eta erantzuna: giroa jartzeko. Gogorra da egun pedagogiari hainbeste garrantzi ematea hitzez, eta giroa zer den nahastea. Baionako festetan hasi omen dira kezkatzen adingabekoak ordu txikietan kaleetan beren gisan ibiltzen uzten dituztelako guraso askok. Egia esan, nolako kaka nahaste sozialak antolatzen ari garen konturatzen hasten bagara, ez dago gaizki.

Egia esan, egia dagoenik ez da egia. Baina ez da egia egiarik ez dagoenik. Egia txiki, diskretu, apal ugari daude hainbat txokotan gorderik eta pixkana bilatu behar dira bizitzan aurrera egiteko. Bestela geldirik geratzen gara edo atzera egiten.

Egia da, ordea, gezurrak daudela. Norbanakoen libertatea, esaterako. Galdetu psikiatrei zenbateraino garen geure buruen jabe. Maitasunaren bertsio zabalduena, hedabideetan eta liburuetan, gezurra da. Berdintasunaren kontua ere traka gogorra. Egia esan, gezurra bera ere gezurra da. Atal txikietan gezurrak esan daitezke. Atal handietan hobe isiltzea. Pertsonak fikzioez elikatzen garen piztiak garelako.

Egia esan, egia berdadero eta bakarra poesia da. Ikastaroa egiteko entzun Euskadi Irratian José Luis Padrónen Lizardiren Baratza programa. Eta masterra osatzeko, irakurri Leire Ugadiren Simulakro bat poema liburuan Egia esan olerkia. Honela amaitzen da: Ez nuen egiarik esan, zuek gezurra esan zenidaten arte.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!