Bionborik behar ez izateko lanean

  • Enpresa pribatuetan gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna urrun dago oraindik. Baina azken urteotan, EAEko 41 enpresa berdintasunaren aldeko lankidetza erakunde izendatu ditu Emakundek. Enpresetan sartu gara izendapen horren atzean dauden lana eta aurrerapauso praktikoak ikusteko.
Berdintasuna lanean
Berdintasuna laneanDani Blanco
Bostongo Orkestrak ekimen berritzailea jarri zuen abian 1970eko hamarkadan: musikariak kontratatzeko audizio probetan, epaileen eta musikarien artean bionbo bat jartzea erabaki zuten, jotzen ari zena zein sexutakoa zen ikus ez zezaten. Metodoa beste orkestra batzuetan erabiltzen hasi ziren berehala. Hala, 1970ean AEBetako orkestretan %5 eta %10 artean baino ez ziren emakumezkoak; bionboak ipintzen hasi eta hamar urtera, aldiz, %40-50era igo zen portzentajea.

Baina bionboek ez dute balio, esaterako, banku batean edo garraio enpresa batean. Eta gainera, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna enpresa pribatuetan ez da portzentajeetara mugatzen.

Emakundek 1994an sortu zuen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde izendapena enpresa pribatuentzako eta 1997an Euskadiko Kutxari eman zion lehen bereizgarria. Ordutik hona, beste 40 enpresek lortu dute ziurtagiria. Emakundek diru-laguntzak ematen dizkie enpresei diagnostikoa eta ekintza plana egin dezaten. Orduan lankidetza erakunde bilakatzen dira, baina izendapenari eusteko plana abian jarri eta urtero hartutako konpromisoen eta lortutako helburuen txostena igorri behar diote Emakunderi.

Enpresa horiek borondatez erabaki dute berdintasunaren aldeko ahalegina egitea, baina Berdintasun Legeak medio (EAEkoa 2005ean onartu zen eta Espainiakoa 2007an) 250 langiletik gora dituzten enpresa guztiek abiatu behar dute berdintasun plana. Emakundeko zuzendari Maria Silvestreren hitzetan, “legeak oso mantso betetzen ari dira, eskaera sozialaren aurretik baitoaz. Legitimitate politikoa dute, baina legitimitate soziala falta zaie oraindik”.

Dena den, legeak eragina izan zuen, adibidez, Ipar Kutxan. “Historikoki emakume eta gizonen arteko berdintasunari zegokionez defizit nabarmena genuela bagenekien, baina ez zen egoera aldatzeko ekintza egituraturik egin” dio Andoni Begoña Ipar Kutxako berdintasunaren aldeko batzordeko kideak. “2007ko martxoan Berdintasunaren legea indarrean sartzeak bultzada ederra eman zigun, eta aurretik buruan bueltaka geneuzkan asmoak bideratzeko. Legeak ezarritako betebeharrak, gure kasuan, aukera bihurtu ziren”. Ipar Kutxaren Bilboko bulego nagusian sartu eta ezkerrean ikus daiteke iaz lortutako Emakunderen bereizgarria.

Ipar Kutxa 1966an sortu zen eta egun 93 bulego ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan banatuta. Guztira 406 langile ari dira banku horretan lanean eta horietatik %31 emakumeak dira. 2007ko bultzada baino lehen, urteak zeramatzaten emakumerik kontratatu gabe, baina ordutik hona langile berrien %73 emakumezkoak dira.

Metro Bilbao enpresa, aldiz, legeari aurreratu zitzaion. 1999an ekin zioten berdintasunaren aldeko lanari eta hurrengo urtean eman zion Emakundek ziurtagiria. 1995ean sortu zen Bilboko metroa kudeatzen duen enpresa eta 700 langile inguru ditu gaur egun. Enpresa berria, modernoa, teknologikoa izaki, hasieratik berdintasun irizpideak nagusituko zirela pentsatuko dute askok. Baina berdintasun planaren arduradun Rosa Fernández Villak oso bestelako errealitatea azaleratu digu: “Epe laburrean enpresa martxan jarri ahal izateko, esperientzia biltzea ezinbestekoa zen, eta esperientzia hori ferrokarrilaren sektorean topatu genuen, esparru erabat maskulinoan. Metro Bilbao ezaugarri tradizionalekin jaio zen eta 14 urtetan errealitate sozialera gerturatu behar izan dugu, berdintasunera hurbildu”. Sortu zenean emakumeak langileen %14 ziren eta urte gutxitan %25era iristea lortu dute.

Bi enpresok paritatetik urrun daude oraindik, baina Emakundeko Maria Silvestrek garbi dauka berdintasuna plantila paritarioa izatea baino askoz konplexuagoa dela. Zenbait esparrutan, hala nola supermerkatuetan edo garbiketa enpresetan, gizonezko baino emakume gahiago daude lanean “baina horrek ez du esan nahi berdintasuna lortu dutenik”.

Zenbakiak baino gehiago

Diagnostikoak egin eta ekintza planak zehazteko orduan, hainbat alderdi jorratzen dira: aukeratzeko, prozesuak, kontratazioak, prestakuntza, promozioa, ordainsari sistema, lan osasuna, kontziliazioa, enpresaren komunikazioa eta irudia... Eta, ondoren, neurri zehatzak ezartzen dira.

Ipar Kutxan, plana berriki martxan jarri arren, dagoeneko zenbait neurri hartu dituzte. Une honetan kontziliazio ekintzak bete daitezen ari dira lanean eta giza baliabideen arloarentzat pertsonen kudeaketarako “praktika onen” eskuliburua prestatzen hasi dira.

Bi enpresetan garbi dute langileek parte hartzea, langile guztiek plana barneratzea funtsezkoa dela. Eta berdintasuna gutxi batzuen kezka edo ardura ez dela erakusteko, komunikazioa esparru egokia da. Metro Bilbaoko Rosa Fernandezek dioenez, “hizkuntza esparru aproposa da berdintasunaren lanari ekiteko, denoi baitagokigu”.

Azken urteetan Metro Bilbaok asko zaintzen du barne nahiz kanpo komunikazioan erabiltzen duen hizkuntza, langileen arteko posta elektronikoetatik hasi eta publizitate testuetaraino. Langileen idazteko ohiturak aldatu behar izan dituzte, batez ere gazteleraz, euskarak ez baitu generorik. Horretarako, Metro Bilbaon hizkuntza berdintasunez erabiltzeko gida prestatu dute. Liburuxka argitaratu eta banatzeaz gain, “erabili egiten dugu. Argitaratzen ditugun testuen %99an gidako irizpideak erabili direla egiaztatzen dugu”.

Gidak komunikazio grafikoa zaintzeko irizpideak ere ematen ditu. “Beste enpresek metroan egiten duten publizitatea ere zaintzen dugu: diskriminazio estereotipoak ez ditugu onartzen eta gure arauak bete behar dituzte”.

Irudi korporatiboan Ipar Kutxak ere neurriak hartu ditu. Egunotan bankuaren bulegoak emakumezko baten argazkia duten afixez beteta daude, Virginia Berasategi atletaren babesle baitira. Enpresaren webgunean, “lan egin gurekin” atalean ere, emakume baten argazkia ipini dute.

Horrez gain, bi enpresak kanpainak egiten hasi dira martxoaren 8ko eta azaroaren 25eko ekitaldien karietara.

Nor kontratatu? Nor promozionatu?

Esan bezala, berdintasuna ez da soiik portzentaje kontua. Emakundeko zuzendariaren iritziz, “emakumezkoek enpresaren alor guztietan egon behar dute, batez ere, erabakiguneetan”.

Ipar Kutxarentzat erronka gaitza zen hau, orain dela hiru urte emakume bakarra baitzuten ardurazko karguetan. “Oraindik ere emakumeen partaidetza kargu garrantzitsuetan eskasa den arren, azken urteotan Artekaritza Kontseiluan eta Zuzendaritza Batzordean emakume bana ari dira eta beste 18 emakume daude bulego eta departamentu arduradun lanetan. Nahiz eta parekotasunetik urrun egon, egoera nabarmen aldatu dela adierazten du horrek”.

Metro Bilbaon ere egoerak hobera egin duenaren adibide da Rosa Fernández bera, duela urtebete zuzendaritzako postu bat lortu baitzuen. Hala ere, Fernándezena salbuespena ez dela frogatzeko, Metro Bibaoko Aginte Toki Nagusira jaitsi gara: edozein instalazioren gainean berehala jarduteko ahalmena duten sistemen multzoa da ATN, hau da, Biboko metroaren kudeaketa bertan zentralizatuta dago. Ardura handiko lanpostu teknikoak dira, tradizioz gizonezkoen esku egon direnak, baina, dozenaka pantaila eta espaziontzietakoak diruditen tresnen artean, gizon adina emakume ikusi dugu lanean.

Langile berriak kontratatzerakoan edo aurretik lanean zeudenak karguz igotzeko berdintasun irizpideak erabiltzen direla bermatzeko, aukeraketa prozesuek zehatzak eta garbiak izan behar dute. Rosa Fernandezek irizpide horiei azkeneraino eutsi behar zaiela dio, baita kontziliazio neurriak tartean direnean ere: “Promoziorako aukeraketa prozesuaren amaieran, demagun lau hautagai dituzula eta horietako bat lanaldi murriztua duen emakumea dela. Oso erraza da hura baztertzea. Prozesu guztian garbi jokatu duzu, diskriminaziorik gabe, baina amaieran osagai kultural horrek bultza zaitzake pertsona hori baztertzera. Eta hain zuzen osagai kultural hori aldatzea da zailena. Bada, horretan kontu handia izan dugu. Hautagai hoberena baldin bada, aurrera!”.

Berdintasunaren eta produktibitatearen alde

Emakundeko zuzendariak plan hauekiko astetasun maila, oro har, oso handia dela esan digu. Eta Andoni Begoñak Ipar Kutxan behintzat hala dela baieztatu digu: “Planak oso harrera ona izan du, defizit egoera nabarmena zelako. Gainera, aurten egindako asetasun edo klima inkestan Ipar Kutxako emakumeak gizonak baino gusturago ari direla esan digute emaitzek. Beraz, norabide egokian ari garen seinale izango da”.

“Berdintasunaren diskurtsoa oso positiboa da”, dio Maria Silvestrek, “baina enpresetan ez dugu soilik berdintasunaren diskurtsoarekin sartu behar. Diskurtso ekonomikoa ere erabili behar da: kontratazioan eta promozioan berdintasun irizpideak erabiltzeak ondorio positiboak ditu produktibitatean, zuzenean eragin positiboa baitu langileen asetasun mailan. Eta datuek egiaztatzen dute hori. Azkenean enpresarien diskurtsoa ekonomikoa da eta, horren bidez, errazago konbentzituko ditugu”.
Enpresetan neurri zehatzak, praktikoak ezartzen ari direla ikusi dugu, baina Rosa Fernándezek zioen moduan, zailena kultura, pentsakera, ohiturak aldatzea da.

Metro Bilbao, Ipar Kutxa eta beste 39 enpresa behintzat berdintasunaren aldeko bidea urratzen hasi dira, aurretik oraindik bide luzea dutela jakitun, eta emakumeak eta gizonak berdin baloratzeko bionboak beharrezkoak izango ez diren gizartea helburu.
Kontziliazio maltzurra
Lan munduko berdintasunaz aritzean, ezinbestekoa da kontziliazioaz hitz egitea. Lan hau osatzeko solaskide izan ditugunek ez dute zalantzan jartzen kontziliazio neurriak beharrezkoak direnik, baina Emakundeko Maria Silvestrek eta Metro Bilbaoko Rosa Fernándezek hitz berdinak aukeratu dituzte gai honen inguruan jardutean: “Kontziliazio neurriak ondorio maltzurrak izaten ari dira emakumeentzat”. Neurri horiek emakumezkoek eskatzen dituzte gehienetan eta beren promozio aukerak eta ordainsariak murriztea izaten da ondorio nagusia.

Ipar Kutxan berdintasunaren aldeko lehen neurrietako bat, hain zuzen, kontziliazioaren ildoa da. Baina bankuaren ordutegiak neurrion ondorio ezkorrak apaltzen ditu. Metro Bilbaoren kasua eredugarria da kontziliazioari dagokionez: 50 langilek hartu dituzte neurri horiek eta horietatik 13 gizonezkoak dira. Paritatetik urrun egon arren, %26ko portzentajea batez-bestekoaren oso gainetik dago. Gainera, “13 gizonezko horien egoera erabat normalizatu egin da lankideen artean”, dio Fernándezek, “hasieran pentsaezina zen gizonezkoek kontziliazio neurriak eskatzea”. Horrez gain, Metro Bilbaon lanaldi murriztua duten emakumeek karguan gora egitea lortu dute.

Baina kasu horiek salbuespenak baino ez dira oraindik. Maria Silvestreren aburuz, “kontziliazioa beharrezkoa da, hiritarren eskaera erreala da, baina gizonezkoek ere barneratu behar dute, hau da, korrespontsabilitatearen alorra landu behar dugu”. Eta kontziliazioa gizonek ere bere egitea ez da nahikoa: “Gizonezkoez gain, enpresek, esparru politikoak eta gizarte guztiak barneratu behar du”. Eta emakumezkoek ere badute erantzukizunik: “Delegatzen jakin behar dugu”. Baina horrek guztiak, neurri zehatzak baino gehiago behar du, aldaketa kultural sakona eskatzen du, denboraren erabilera arrazionalizatzeko eztabaida zabaltzea, esaterako. “Egitura eta eredu asko hautsi behar dira” dio Silvestrek, eta Emakundeko zuzendariak badaki oso konplexua izango dela.
Ziurtagiriaren jabe
Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako lankidetza erakunde ziurtagiria jaso duten enpresak:

1. EUSKADIKO KUTXA (1997)
2. VITAL KUTXA (1998)
3. GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA (1998)
4. METRO BILBAO (2000)
5. EDE FUNDAZIOA(2004)
6. BBK (2004)
7. ZUBIZARRETA CONSULTING S.L. (2005)
8. CDE CONSULTORIA (2005)
9. ADOS CONSULTING IKERTADEA(2005)
10. ROBOTIKER (2005)
11. BULTZ-LAN CONSULTING (2005)
12. OPE CONSULTORES (2006)
13. EUSKAL TRENBIDE SAREA (2006)
14. EROSKI (2006)
15. LABEIN (2006)
16. LAB (2006)
17. ESK (2007)
18. EUSKO TREN (2007)
19. INVESCO 2000 S.L /DOBLE SENTIDO (2007)
20. MIRUGAIN S.L.(2007)
21. MURGIBLE S.L. (2007)
22. BIC GIPUZKOA BERRILAN (2007)
23. CTI-SOFT S.L. (2007)
24. ELEKTRA S.A. (2007)
25. FUNDACIÓN TEKNIKER (2007)
26. FEDERACIÓN SARTU (2007)
27. ASOCIACIÓN GOIZTIRI (2007)
28. CÁRITAS DIOCESANA DE BILBAO (2007)
29. EJIE S.A.(2008)
30. CAMPEZO CONSTRUCCIÓN S.A. (2008)
31. ELHUYAR-ZUBIZE SLU (2009)
32. BEHARGINTZA-TXORIERRI SL (2009)
33. Z&B CONSULTORES (2009)
34. IPAR KUTXA (2009)
35. AGINTZARI (2009)
36. SUSPERGINTZA ELKARTEA (2009)
37. SAN JOSÉ DE LA MONTAÑA EGOITZA (2009)
38. DEUSTO SISTEMAS S.A. (2009)
39. INGETEAM TECHNOLOGY (2009)
40. REDOX S.A.
41. ATE ASESORES DE GESTION S.A.

Azkenak
Bizikleta martxa burutu dute Elizondon, osasun sistema publiko duinaren alde

Berrehun lagun hurbildu dira  Baztango Osasun Plataformak deituriko elkarretaratzera eta bizikleta martxara.


Lan heriotzak salatzeko Jaurlaritzaren Bilboko ordezkaritza blokeatu du LABek

Aurreko astean lan istripuen ondorioz sei behargin hil zirela salatzeko, 60 bat lagunek Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzako sarrera blokeatu dute. Ertzaintzak bertan zeuden pertsonak identifikatu ditu. LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, dagoeneko 26 dira aurten... [+]


2025-06-05 | Sustatu
42: txat adimentsu harrigarriena, Nafarroan sortua nonbait

Laboral Kutxa Katedrak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) antolatu dute Arte eta Zientziaren I. lehiaketa (webgunea euskaraz ere badago, baina oso trakets). Artea, zientzia eta pentsamendu kritikoa uztartzen dituzten proiektuak nahi zituzten, eta zenbait aurkeztu... [+]


Foruzaingoak taser pistolak eraman ahal izatea onartu du Nafarroako Kontseiluak

Dagoeneko Guardia Zibilek eta zenbait herritako udaltzaingoek badute taser pistolak erabiltzeko eskumena Nafarroan, eta badirudi bide horretan hurrengoa Foruzaingoa izango dela: Nafarroako Kontseiluak Foruzaingoak taser pistolak eman ahal izatea "indarrean dagoen... [+]


Mario Lópezi ezarritako 13 urteko kartzela zigorra berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak

Bizkaiko Lurralde Auzitegiak hamahiru urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri ostean, zigorra berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak. Lópezek helegitea aurkeztu zuen sententziaren aurka, haren errugabetasun presuntzioa eta defentsarako eskubidea urratu zirela... [+]


AEBetan sartzea debekatu edo mugatu die Trumpek hamabi herrialdetako pertsonei

"Atzerriko terroristengandik" babestea arrazoi bezala jarrita, Donald Trumpek dekretu bidez agindu du zazpi herrialdetako pertsona guztiei debekatzea AEBetara sarrera, eta beste bost herrialdetako herritarrei mugak jartzea. 


“Herri aktibazioa” bultzatu nahi du Gure Eskuk larunbateko mobilizazioarekin

Herri libre bat, Euskal Herriak erabaki lelopean, parte hartzera eta kaleak ikurrinaz betetzera dei egin du herri mugimenduak.


Jende andana bildu da Gasteizko Korda espazioaren desalojoaren aurkako manifestazioan

Ehunka lagun mobilizatu dira asteazken arratsaldean Gasteizko Alde Zaharreko kaleetan barrena, Korda espazioaren desalojoaren aurka. Manifestazio amaierako hitzartzean, goizeko desalojoan ertzainek buruan zauritu duten Kordako kidea jada etxean eta "ondo" dagoela... [+]


2025-06-05 | ARGIA
Sorzabalen absoluzioari helegitea jarri dio fiskalak, eta bere kontrako epaiketa errepikatzea eskatu du

Espainiako Auzitegi Goreneko Fiskaltzak, Iratxe Sorzabal atxiloturik egon zenean "tratu gizagabeak" eman zizkiotela aitortzen duen epaia baliogabetzea eskatu du, eta berriz epaitu dezatela nahi du, 1995ean Irunen jarritako lehergailu baten harira.


2025-06-05 | Gedar
Urteko lehen lauhilekoan, ia 2.000 emakumek salatu dute indarkeria matxista EAEn

Sexu-erasoak, bikotekideen edo bikotekide ohien erasoak eta bestelako senideek egindakoak hartu dituzte kontuan zenbaketan. Bizkaian, %29 egin dute gora salatutako sexu-erasoek.


Urgulleko ‘Jesusen Bihotza’ eskultura “erregimen frankista goraipatzeko” sinboloa dela ebatzi dute

Donostiako Udaleko Memoria Historikoaren Aholku Batzordeko Sinbologia Lantaldeak dokumentazioa aurkeztu du, eskultura frankista dela frogatzeko. Eskulturaren jatorriaren inguruko eztabaida ireki nahi dute hirian, eta udal gobernuari zenbait eskaera egin dizkiote.


Boubacar Diouf, Mbolo Moye Doole elkarteko kidea
“Eskubide berberak izan beharko genituzke, edozein dugula sorterria”

Boubacar Dioufek, Mbolo Moye Doole Bizkaiko manteroen eta kalez kaleko saltzaileen elkarteko kideak, Bilboko kaleetan arrazakeria eta abusu poliziala areagotu direla adierazi du.


Euskaraz bagarela aldarrikatzeko hitzordua: larunbatean Ziburun

Ziburuko Azokaren seigarren edizioa iraganen da larunbatean Ziburuko plazan. 33 argitaletxe, 10 diskoetxe, 39 idazle eta 111 berritasun, uzta ederra izanen dugu aurtengoan ere.


Eguneraketa berriak daude