Trapu gorria, Arestiren omenez

  • Ekainaren 5ean 50 urte beteko dira Gabriel Aresti zendu zela, jaio zen hirian bertan, Bilbon. Ziutatearen tristeziak bestelako kolore bat duen garaiotan, belaunaldi berri batzuek Arestiren hitzak goratzeaz aparte, haren esanak gaurko egunetik aztertu dituzte hiri horretan bertan. Dozenaka lagun elkartu zituen Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak Gabriel Aresti (1975-2025). Euskaldun eta marxista goiburuko jardunaldietan, apirilaren 13an. Hitzaldiak hiru ataletan egituratuta, laugarrena Arestiri eskainitako antzezlana izan zen; horrelaxe paratuko dugu orriotan. Antzezlana dagoeneko hainbat lekutan estreinatu badute ere, datozen asteotan ikusgai egongo da, hala nola ekainaren 6an Gasteizen eta 20an Azkoitian.

Ez zegoen seguru hiltzen zenean Bizkaiko Bibliotekan bere libururik egonen ote zen, behar-bada / ezta seguru / inork letuko eztuena, nire izenarekin. Argi zioen poema horretan bederen, ez zuela Bilboko karrika bati bere izenik ematerik nahi, eta hara non eman dioten, baita euskaltegi bati ere, institutu bati, literatur sari bati, monolito bi ere baditu Bilbon, Eako seme kutun ere izendatu zuten eta bere omenezko poesia egunak antolatu... Burua altxatuko balu, zer esango luke? Bere izena ahaztea, ziur aski, ez zitzaion gehiegi axolako Gabriel Aresti Segurolari. Pentsatzen dut nire izena / nire izana dela / eta ez naizela ezer ezpada / nire izena. Gustatuko litzaizkioke Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak bere izenaren bueltan antolaturiko jardunaldiak?

1933an jaio eta 1975ean hil zen Aresti, Bilbon. Euskara ez zuen etxetik jaso, nahiz bere gurasoak euskaldunak izan; gurasoak, beste asko nola, frankismoaren tentakuluek erdaldundu zituzten. Arestik, baina, bere kabuz ikasi zuen euskara: 12 urte zituela hasi omen zen, euskal klasikoak leituta eta paperera kopiatuta. Kontablea izan zen Bilbo Handiko portuan, denbora librean idazten zituen poemak, eta gazterik sartu zen Euskaltzaindian, urgazle izendatu zuten 23 urterekin. Eta, adin buelta horretan, besteak beste, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa sortze lanetan buru-belarri aritu zen; Alfonso Irigoien eta bera herriz herri ibili omen ziren bertsolari bila. Lehen urrats esanguratsua, literatur argitalpenen alorrean, Maldan behera (1960) izkribua izan zen, Euskara Batua izango zenaren formak egiten ari zirenean, sei urte lehenago argitaratu zuen Arestik etortzeko zegoen horrek oinarritzat hartuko zuen idazkia.

Aresti, artxiboko irudi batean.

Harri eta Herri (Itxaropena, 1964) liburu ezagunaren aurretik argitaratu zituen beste zenbait idazki, baina huraxe izan zen zalaparta gehien piztu zuena. Ekarpen aldetik ere interes biziko gisa baloratua izan zen liburu hura. Bere poetikaren berri hantxe bertan argi asko eman zuen, Profeta bati deituriko olerkian, liburuko azkenekoan: Nire poesia oso merkea da / herriaren ahotik hartu nuen / debalde, / eta debalde ematen diot herriaren belarriari.

Ez hain justu hitz horiengatik, baina bai bestela, Arestik kritika ugari jaso zuen prentsan, “biraoak” esaten zituelakoan, eta euskara “zikin” horrek etorkizunik ez zukeelakoan. Liburu horretakoa da, esaterako, Nire aitaren etxea poema, baita Apur dezagun katea ere. Euskara molde hark urratsak egin dituen esatea linguista bati legokio, baina ezin uka haren obrak, askotan izena tapatuta eraman arren, ibilbide esanguratsurik egin duenik.

'Internazionala'

Munduko langile mugimenduak ereserkitzat du Eugéne Pottier idazle frantziarrak 1871n idatzitako L'Internationale kantua. Mundu osoko hizkuntza askotan abestu izan da; tartean, euskaraz. Gabriel Arestik itzuli zuen jatorrizko testua euskarara, bi aldiz gainera.

Lehenbiziko aldiz 1960ko hamarkadan, Jesus Mari Begoña euskal presoaren eskariz eta Natxo de Feliperen bitartez; baina Karmelo Landa historialariaren esanetan oso bertsio laburra izan zen, "urgentziaz" egina, jatorrizko testuarekin lotura esturik ez duena, gainera.

Bigarren bertsioa ere Natxo de Feliperen eskariz heldu zen, 1971n. Testua oso-osorik euskaratu zuen, jatorrizko testua oinarri hartuta, eta euskara ederrean.

Oro gudura, hala!
Bihar izan dadin
Internazionala
gizonaren adin.

Aresti ez zen inongo alderdi politikotako militante izan, eta askorentzat deserosoa zen pentsaera independentea mantendu zuen heriotzara arte. “Gizon polemikoa izan zen”, leitu ahal da hainbat artikulutan. Ezin eraman zezakeen Bilboko burges jeltzale erdaldunen itxurakeria, eta berak esana da “langile maketoen giroan” askoz gusturago mugitzen zela. Kritikak eta erasoak jaso zituen alde batetik eta bestetik: “burges txikitzat” hartzen zutelarik ezkerretik, euskal nazionalista batzuen irudiko “espainolista” zen. Espainiako Gobernuaren artxiboetan, idazle espainola izateaz aparte, frankismoaren biktima gisa aitortua da, euskaraz aritzeagatik jasandako errepresioa medio.

Asko esan daiteke Arestiren figuraren inguruan, eta asko dira horren buelta urteotan antolaturiko hitzaldi, jardunaldi eta bestelakoak, batzuetan bere literaturan zentratuta gehiago, eta besteetan bere herrigintzan edota euskalgintzan. Aurten ere antolatu dira hainbat kontu, besteetan baino gehiago gainera, heriotzaren urtemuga biribila delako. Erreportaje honetan, jendea eta bereziki gazteria mobilizatzeko gai izan den jardunaldi batzuetan zentratuko gara: izan ere, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak dei eginda, jende ugari, Arestiz ez ezik, artearen eta euskararen bueltan aritu ziren gogoetan.

EHKS

“Desitxuraturiko figura da”
“Izan zenetik jaso dugunera alde handia dago”, adierazi du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako eledun Garazi Navarrok Gabriel Aresti (1975-2025). Euskaldun eta marxista jardunaldien hasieran. Hezkuntza sistema seinalatu du, “desitxuratuta” agertzen delako Arestiren figura Euskara eta Literatura ikasgaietan: “Aipatzen da beti gai sozialak lantzen zituela, poesia kritikoa egiten zuela, eta, gehienez ere, aipatzen da ideia sozialistak zituela; baina gero, irakurtzen duzu Arestik zioena, eta argi geratzen da komunista zela”.

Arestiren obra ezin dela “ideologia sozialistatik bereizita ulertu” azaldu du Navarrok. Arestiz sarri esaten zen ikuspegi humanista zuen idazlea zela, sarri gizon subjektua erabiltzen zuelako bere idazkietan, baina hori, EHKSren analisian, “oso gizaki profil konkretua” da: “Klase izaera zuen gizakiaz mintzo zen Aresti, gizaki zapalduaz, nekazari deserrotuez eta proletario urbanoaz”. Esaterako, aipagai izan ditu Nire aitaren etxea poeman Arestik idazten dituen “lukurreria” eta “abariziaren kontra” aldarriak. Arestiren poema zati hau gogora ekarri dute hitzaldian: Nik ere badut nire egia / eta bankero jaunarenak bezainbat / edo baino gehiago / balio du.

“Zergatik hartzen da euskaltzale huts gisa?”
“Paradoxikoa” dela azaldu du Navarrok: “Euskaldun gisa hartzen da, baina bizi izan zenean egozten zitzaion espainolista izatea. Berak zioen: ‘Ene euskalduntasuna kolokan jarri izan dute beti, nortzuk eta Txillardegik eta Letek berak ere’. Hainbatetan komunistoi egozten zaigun bezala, geuri gertatzen ari zaiguna orduan ere gertatzen zen”.

Historia zapalduek egiten omen dute, zapaltzaileek idatzi arren. “Ematen du historiak nahita borratzen dituela kapitulu batzuk”, adierazi du Navarrok, eta honela segi: “Kultura nazionalak beti jotzen du bazterketa eta integrazio dinamiketara; posizio komunista oso deserosoa da burges txikiarentzat, batasun nazionala hausten duelako”. Hargatik, EHKSren iritziz, bi aukera baino ez ziren geratzen Arestirekin: “Edo figura hori baztertzen zen espainolista dela leporatuta, edo integratzen zen oso despolitizatuta, azken hori delako kultura nazionalean sartzeko aukera bakarra”.

“Hil arte, euskaldun eta marxista”
“Guretzat, Arestiren ekarpen horietatik, eredu bat ikus dezakegu: hil arte euskaldun eta marxista izango zela zioen, burgesiaren proiektu nazionalari men egingo ez ziona, Euskal Herriaren askapena langileriaren askapenarekin lotuta”, adierazi du Navarrok.

Bide horretan, EHKSk eredu gisa ikusten du Aresti, “EHKS ere euskaldun eta marxista” delako, eta “apustu argia” ondoko bidetik ikusten dute: “Euskara bultzatzeko, norabide zuhur batekin, euskarak bizitzako aspektu guztietan balioko badu, izan dadila errentagarritasunari loturik ez badago. Proiektu iraultzaile bati lotu behar zaio euskara, balio unibertsala duena, euskara izan dadin sistemaren kontrako ezaugarri zentrala”. 

EHKS

POESIA, MAILU

Artea birkokatzeaz mintzatu dira Kattalin Barcena musikaria eta Paul Beitia Ekida arte ekimen sozialistako kide eta ARGIAko kolaboratzailea. Arestiren Esanen dute poema hartu dute hitzaldiaren aterki moduan: Esanen dute / hau / poesia / eztela, / baina nik / esanen diet / poesia / mailu bat / dela.

Beitia hasi da berbetan, eta “artea birkokatzeaz” hitz egin du bi esparrutan: batetik, “borroka kultural orokor” moduan, horietan artearen funtzio iraultzaileak duen lekuaz gogoetatuta; eta bestetik, artearen eta politikaren harremanaz, ez delako “auzi estetikoa” soilik, “gizarte ereduari buruzkoa” baizik. Formaren eta edukiaren arteko debatea baino, adierazi du gehiago interesatzen zaizkiola “oinarrizkoagoak” diren auziak, hala nola arteak gizartean duen lekua, distribuzio eredua, gizarteak artearen osotasunera duen sarbidea eta abar. “Pentsatu behar da arteak zer leku eduki behar duen gizartean eta nola antolatzen den”, adierazi du.

Kultur industria deritzonaren mamira ere jo du Beitiak, eta batik bat distribuzioan zentratu da: “Aurreko mende erditik hasita, kapitalismoaren fase gorakor batean, masei bideratutako plataforma erraldoiak sortzen hasten dira, eta horiek, lehen helburutzat, irabazi ekonomikoak dituzte; plataforma eta enpresa handi horiek errentagarritasunaren ikuspegitik funtzionatzen dute. Zentzu horretan izan ziren, eta dira, teknikoki, ekonomikoki eta estetiko kultur merkatuaren gainean eragiteko gai”. Aipagai izan ditu mundu mailan gertatzen ari diren zentralizazio kasuak; esaterako, liburugintzarik zatirik handiena bost enpresa handien eskuetan dagoela, eta horien artean 500 enpresa baino gehiago kontrolatzen dituztela. Eta, jakina, musika festibalak: nazioarteko panorama hein handi batean bi enpresaren eskuetan dago. 2016an, munduko edozein festibalera joan zen jende guztiaren ia hamarretik zazpi bi enpresa horiek antolaturiko batean egon ziren.

“Kultur eredua horixe da: instituzio publikoen dinamika da dena pribatizatzea, alfonbra gorria ipinita”, esanez finitu du Beitiak, gaztetxeen eta jardun autogestionatuen garrantzia azpimarratzearekin batera.

Despolitizaziorantz?
Beitiak festibalen-eta bidea zabalduta, Barcenak hortik eutsi dio hariari, eta sakondu du Euskal Herriko musika panoraman. Nabarmendu du iruditzen zaiola “euskal jaialdiaren despolitizazio bat” ari dela gertatzen azken urteotan: “Azken hamarkadetan egin diren musika jaialdi handienak militantzia politikoarekin lotuta joan dira, hala nola presoen aldeko jaialdiak, gazte topaguneak edota ikastolen aldekoak. Horiek komunitatea sortzearekin zeuden lotuta, baina ikusten ari gara haien desagerpen bat, despolitizaziora bidean”.

Funtzio politikoa zuenaren adibidetzat ipini du Negu Gorriaken Espainiako Herrera de la Mancha espetxeko kontzertua, 10.000 pertsona baino gehiago hurbildu zirela 1990ean; eta, beste aldean, EiTBren Gaztea irratiak eta Zetak taldeak Barakaldoko BECen antolatzen duten Zeidfest jaialdia. “Merkantzia era bat erabiltzen da, euskal komunitate elkargune gisa, horrek kutsu politikoa edukiko balu bezala, baina eredu horretako jaialdietan guztiz baztertzen da borroka politikoa”, seinalatu du.

Zeren isla da prozesu hau? Barcenaren ustez, argi dago, “bake sozial eta paktu politikoaren eragina” dela, borondate hori dagoela. “Euskal gizarte kapitalista bat” sortu nahi da, eta horren “eredu kultural bat” dira arestian aipaturikoak.

Auzi honetan guztian hanka interesgarria da underground eszenarena, halakorik forman eta praktikan existitzen bada. Zeren, Barcenak esan moduan, kultur industriak oso erraz asumitu dezake eszena horretan sartzea. Last Tour enpresaren Oso Polita diskoetxea ipini du adibidetzat: “Onartu dezake diskoetxeak, lasai ederrean, berarekiko kritikoa den talde batekin sinatzea; hortaz, ez da debate estetiko bat, formari dagokiona, baizik eta nola antolatzen den arte praktika”.

Nola antolatu horrekiko guztiarekiko kontrakotasunean, “arte adierazpen kritiko, subertsibo eta potentzialak”, politizatuta? 

EHKS

EUSKARA, INTEGRAZIOAN

Euskaraz eta immigrazioaz solastatu dira hirugarren hitzaldian. Alde batetik Iñaki Martinez de Luna soziologoa, gaiaren inguruan egindako azterlan baten berri ematen, eta bestetik Aitor Bizkarra bertsolaria eta EHKSko kidea. Gaiaren inguruko kezka nabaria da euskal gizartean, abertzaletasunaren ildo batek immigrazioa euskararentzat mehatxu gisa ikusteraino.

“Euskarak balio du integrazioan?”, galdegin du Martinez de Luna soziologoak. “Nabarmen bai”, esan du. “Bereziki herri txikietan, euskarak portzentajean erabilera gehien duen lekuetan”. Datu-sorta esanguratsua eman ondotik, laburbildu du esanez euskara ikastearen eta erabiltzearen aldeko jarrera nabaria dela etorkinen artean, ez dutela uste instituzioek euskara gehiegi bultzatzen dutenik, baina, behin inposizio eta beharrezkotasun bati buruz hitz eginda, atxikimendua nabarmen jaisten dela. “Premia diferenteetatik abiatzen gara eta denok ulertu behar dugu hori”, adierazi du Martinez de Lunak: “Etorkinek euskararen gaia uler dezaten, jakin behar dute gu beste premia eta baldintza batzuetatik ari garela, hala transmititu behar zaie, eta guk ikasi behar dugu zeintzuk diren haien premiak, zeren etorri berriak direnean euskarak ez die berehalakoan balio”. Hargatik, soziologoaren ustez, “lehen pausoa elkar ulermena da”.

“Sentimentalismorik ez”
Bizkarrak ekin dio gero hizketaldiari: “Orduan zer, bakeak kalte egiten dio euskarari ala ez? Nik ez dakit, segun. Militante politikoa izateaz gain euskalduna naiz, eta ezinegon pertsonala sortzen dit. Euskararen geometria oso aldakorra da, ez batere homogeneoa, eta niri konplexutasunak errespetua ematen dit. Baina uste dut sentimentalismoak ez diola mesederik egiten auzi politikoari; eta euskararena auzi politikoa da, inondik ere”.

Ikuspegi politikotik lantzearen garrantzia azpimarratu duen neurrian, analisiari ekin dio auzia konplexua dela esanez. Izan ere, euskara sarri traba gisa hartzen bada ere, aitortu du klase batasunerako horrela izan daitekeela, baina baita erdaraz egitea ere, giza talde esanguratsu batentzat “identifikazio soziokultural eta politikoetan elementu zentrala” delako euskara. Euskaraz edo gazteleraz aritzeak hortaz, biek, langile klasearen barneko talka identitarioak sortzen dituela azaldu du Bizkarrak, eta honela garatu gero: “Badirudi batari kasu eginez gero besteari uko egiten ari zarela, eta ez da horren zurruna, baina badago horrelako zerbait”. Era berean, bere ustetan, euskararen auzia are konplexuagoa da egoera soziolinguistiko eta politikoak hain diferenteak direlako lurralde batean eta bestean.

Gauzak horrela, gogoetagaiak mahai gainean utzi ditu Bizkarrak, eta dei egin du jardun politiko eta kulturalean hausnartzera, ea horrek zer ekarpen egin ditzakeen diglosiari aurre egiteko, zera oinarri hartuta: “Ez diogu erreparatu behar sentimentalismo eta altruismo abstraktu batetik, baizik eta klase batasunaren mesedetik”.

Ekida

ANTZEZLANA |
ADELA GUREA, ADELA GORRIA

Bost lurraldetan saio bana. Lapurdiko eta Ipar Euskal Herriko saio bakarrean, Kanboko antzez etxean, jende andana elkartu da maiatzaren hondarreko igande arratsalde eguzkitsuan. Gogoa bada antzerkiaz gozatzeko, baita Gabriel Arestiren figura, zertxobait ahaztua, gehiago estalia, ezagutzera eramateko ere.

Oholtzara igoko dira dozena bat figurante, aurpegi ez oso ezagun, Ekida arte ekimen sozialistaren bueltan dabiltzan gazteak denak ere. Zokomiran aritu direnek bai, jakingo zuten, baina gidoien idazketan ibili direnek ez dute aurpegirik eman nahi izan; txaloak eta laudorioak izan daitezela ekimen kolektiboarentzat, jardun politikoarentzat. Saio osteko aperitiboa, lamina eta poltsen salmenta, sostengu ekonomiko.

Gabriel Arestiren figura ekarri du taula gainera Ekidak, poeta bilbotarraren obra eta bizitza oinarri hartuta. Bokazio argiarekin, esan behar da: Arestik gaurkorako eta biharkorako balio duelakoan, memoria omenaldi xume bat egitetik harago joan dira. Estetika zainduarekin, detaileekin ongi josita, musikarekin, argiztapenarekin eta gidoi-testuetako euskara Franco hil aurreko urteetara behar bezala eramanda; emanaldi bizia eta interesgarria da Bigarrenez Aresti. Etorkizunaren aurrean antzezlana.

Bilbo Handiko portuko enpresa batean kontable lanak egiten ditu Arestik, eta dirua belarrietatik ateratzen zaion nagusiarengandik ezkutaturik poemak idazten ditu, esaterako, tailerreko lankideentzat eta haien emazteentzat. Gerotxoago, beste urte sasoiren batean, hainbat idazle eta kulturgilerekin Bilboko tren estazioko kafetegian Arestik-eta egiten zituzten juntadizoak ere antzeztu dituzte, baita ere, gerora, euskal kantagintza berriaren aldian, Franco hiltzear zenean, lantegietan grebak indartu zirenean, Arestik hartu zuen jarrera. Aldi horretan ageri da izenburura eramandako Adela aramaioarra; poema eskaini zion Arestik, eta Oskorrik musikatu zuen gero. Bigarren mailako pertsonaia bada ere, Adelarena hari interesgarria da funtzioa bere osotasunean ulertzeko.

Oso modu argian eta interesgarrian egin dituzte sasoien txandakatzeak. Esaterako, ez dute Aresti aktore bakar baten gainean gorpuztu; jaka eta betaurrekoak izan dira akuilu. Horien gisako detaileek eta bi aldamiorekin egin daitezkeenek interesgarri egin dute antzezlana.

Ekainaren 6an izango da hurrengo emankizuna, Gasteizen, hain justu ere urtemugaren hurrengo egunean; eta ekainaren 20an, azken saioa, Azkoitian egingo dute. Doakoak dira saio denak. 

Ekida

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gabriel Aresti
Ostiralean hasi eta urte bukaera arte iraungo du Arestiren ekarria ezagutarazteko Bilboko egitarau oparoak

Euskaltzaindiak, EHUko Gabriel Aresti Katedrak, Gabriel Aresti kultura elkarteak eta Bilboko Koral Elkarteak elkarlanean antolatu dute egitaraua. Ostiral honetan, adibidez,  Bilboko Udalaren Txistularien Bandak Aitaren Etxea emanaldia joko du Euskaltzaindiaren... [+]


2025-04-14 | ARGIA
Gabriel Arestiren “izaera komunista” azpimarratu dute, bere heriotzaren 50. urteurrena kari

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) antolatuta, egun osoko jardunaldia egin dute igandean, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Hainbat hitzaldik osatu dute egitaraua, eta jardnualdia amaitzeko Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean antzezlana estreinatu dute.


2023-10-17 | Ahotsa.info
Gabriel Arestik itzulitako ‘Internazionala’ kantaren bertso guztiak aurkitu dituzte

Karmelo Landa Arestiren obraren adituak eman du aurkikuntzaren berri Katakraken. Patxi Gaztelumendiri esker, Anaitasuna aldizkariko 1977ko zenbaki batean osorik argitaratu zen kantaren bertsioa aurkitu dute. Hilabete batzuk lehenago Euskadiko Ezkerra koalizioaren mitin batean... [+]


2017-11-03 | Dabi Piedra
Bilbo Arestirekin zorretan

Gabriel Aresti adiskideen begietan mahai inguruaren kronika. Urriaren 16an, Bilboko Bidebarrieta liburutegian aritu ziren Karmelo Landa, Josu Torre eta Anjel Zelaieta.


2015-11-19 | Unai Brea
Gabriel Arestiren bizitzari buruzko eleberri grafikoa aurkeztu dute

Gabriel Aresti BioGrafikoa eleberri grafikoa (egin klik aurrerapena ikusteko) aurkeztu dute Erroa argitaletxeak, Adur Larrea lanaren egileak eta Gabriel Aresti Kultura Elkarteak. Poeta bilbotarraren obra baino, haren bizitza eta izaera islatzea izan du Larreak helburu. Helburu... [+]


Gabriel Arestiren kontzentrazio-kanpoetan

Arrazoia dute: porlanaren abiadura handiko hedapenak badu zerikusia bizimoduak eta hizkuntzak suntsitzearekin.


Ondo dago Bilboko Alondegiari Iñaki Azkunaren izena jartzea

Bide azkarretik eta hauteskunde giroan jarri diote Bilboko Alondegiari Iñaki Azkuna izena, iaz zendutako Bilboko alkatea gogora ekartzeko, baita jeltzaleak egin zuen apustua ere, “kulturak hiriaren eta pertsonen eraldaketan eragin zezan”. Erabakiaren... [+]


2014-05-14 | ARGIA
Gabriel Arestiren ‘Harri eta herri’ gaur 50 urte plazaratu zen

1964ko maiatzaren 14an argitaratu zen Gabriel Arestiren Harri eta herri liburua, Kuliska Sorta bilduman, Zarauzko Itxaropenak inprimatua.


Gabriel Arestiren ijitoak

Euskal kulturan literatura kosmopolita eta polita landu behar dugu, itsuskeria handirik gabe, antza, errelato ortodoxo eta kontakizun ortopedikoetan kabitzen dena, turistentzako aurkezpen txartel baten tankeran, gure meilleur souvenir de notre cher pays.


Gabriel Arestiren ‘Harri eta Herri’, Forum ekimenaren ardatz

Bilbo Zaharra euskaltegiaren ahaleginez antolatzen den Forum ekimenak Gabriel Arestiren Harri eta Herri hartu du gai nagusitzat aurtengoan. Iaz Bernardo Atxagarren Obabakoak obrarekin egin bezala, edizio honetan Arestiren obra enblematikoa irakurriko da, jendaurrean eta etenik... [+]


2013-07-12 | ARGIA
Eako Poesia Egunek egoera ekonomiko eta soziala izango dute ardatz

Uztailaren 19tik 21era izango dira Eako Poesia Egunak, hamargarren edizioa. Inoiz baino gehiago, gaur egun bizi dugun egoera sozioekonomikoa eta poesia bat egiten ahaleginduko dira. Asun Landa Herrijeri Emon Arnasa elkarteko kideak nabarmendu du beharrezkoa dela poesiak egungo... [+]


2011-07-07
Poesiarekin lotutako ekitaldiak dakartza Harrikadie-k

Datorren uztailaren 15etatik 17ra bitartean poesiaren ikuspegi dinamikoa izango da erakusgai Eako poesia egunetan. Atzo aurkeztu zuten aurtengo ediziorako prestatuko egitaraua Bilbon egindako agerraldian. Tartean, poesia modernoaren bilakaera aztertuko dute Gabriel Arestiren... [+]


Eguneraketa berriak daude