Injustiziaren ibilbidea azken geltokian

  • 2003ko otsail fatidikotik sei urte pasa ondoren, Egunkaria auzia ahozko epaiketara iritsi da. Defentsek birritan esan dute ez dagoela inolako frogarik epaiketa egiteko, eta fiskalak auzia artxibatzeko eskatu du. Hala ere, Auzitegi Nazionaleko akusatuen eserlekuan izango dira bost lagun. Garbi dago politikak sakaturiko beste auzi baten aurrean gaudela.
Egunkaria-elkarretaratzea
Egunkaria-elkarretaratzeaDani Blanco
Pelikula hitza askotan azaldu da Egunkaria auziaz iritzia emateko isuri den tinta mordoaren artean. Joxe Mari Elosua abokatuak prentsari eskainitako elkarrizketa batean adjektibo bat erantsi zion: “pelikula ideologizatua”. Argi dago auzi honen atzean -gisa bereko beste makrosumarioetan bezala- bultzada politikoa dagoela. “Estigmatizatzen da eta egina dago” zioen Petxo Idoyaga katedradunak. Argumentu eskasa du filmak: amarauna ETAren aginduetara egotea; baina aparteko gidoilari eta zuzendariak ditu: Guardia Zibila eta Juan Del Olmo instrukzio-epailea; eta sala berezi batean proiektatu da: Auzitegi Nazionala (AN hemendik aurrera). Hau guztia funtsezkoa da ulertzeko zergatik iritsi den Egunkaria auzia gaur dagoen egoerara: ahozko epaiketara, fiskalaren iritziaren kontra, eta Dignidad y Justicia talde ultraeskuindarraren eta AVT biktimen elkartearen herri akusazioarekin soilik.

Hasiera-hasieratik Guardia Zibilak interes berezia izan du auzia aurrera eramateko. 2001ean guardia zibilen kapitain batek Eduardo Fungairiño ANko fiskal buruarengana jo zuen, euskalgintzako hainbat enpresaren eta ETAren artean zegoen “sarea” demostratzen omen zuen txosten batekin. Aurretik, kapitain horrek Baltasar Garzonengana jo zuen, baina ETAren “entornoaz” teorizatzeagatik nabarmendu izan den epaileak ez zuen pertsegitzeko ezer ikusi txostenean. Izan ere, txostena oinarritzen zuten dokumentuak ezagunak ziren; ustez, 90eko hamarkada hasieran ETAko kide batzuei atzeman zizkieten, eta besteak beste Egin egunkaria ixteko erabili zituzten. Fungairiño jabetu zen inkongruentzia horretaz, baina hala ere Del Olmo epailearen esku utzi zuen kapitainaren txostena. Honek, gidoia hartu eta irentsi arte xehatu zuen.

Parentesi bat hemen. Del Olmo epaile murtziarrak Durangon hasi zuen karrera, hiru urtez aritu zen han, eta Urkiolan izandako auto-istripuaren ondorioz geratutako herrenaz aparte, zaila da jakitea zer sentsazio utzi zion egonaldiak.

2001ean ANko instrukzio-epaileak denetarako eskua eman zion guardia zibilari, hasieran isilpean –telefono entzuketak egiteko, diru kontuak interbenitzeko...– eta 2003ko otsailean Euskaldunon Egunkaria behin-behinean itxi eta atxiloketak egiteko. Auzipetuen defentsek beti salatu izan dute sumarioaren milaka orrialdeak Guardia Zibilaren txostenetan daudela oinarrituta, eta iturri batzuen arabera informazio trukaketa itzela dago institutu armatuaren eta akusazioa daramaten elkarteen artean. Berrikitan, honetan duen protagonismoa agerian utzi nahi izan zuen Guardia Zibilak: 2009ko udaran –ahozko epaiketa egingo zela berresteko autoa argitaratze bezperan– Martin Ugalde kultur parkea berriz ere patrol-ez josi zen Gaztesarea atari digitalaren kontrako operazioan, sei urte lehenagoko irudi berbera ekarriz askoren erretinara. Akusatuek berek gogorarazi duten bezala, hori ez da kasualitatea: “Erakutsi digute nork jarraitzen duen agintzen”.

Datozen asteetan akusatuen aulkian eseriko dira bost euskal herritar: Txema Auzmendi, Iñaki Uria, Xabier Oleaga, Martxelo Otamendi eta Joan Mari Torrealdai. ANko zigor arloko 1. Salako tribunalak kaleratutako azken autoan, defentsaren argudioak atzera bota eta horiek guztiak talde armatuko kide izateagatik epaitzea erabaki du, Egunkaria ETAren instrumentua zela esanez. Auto horretan Pello Zubiria eta Xabier Alegria ezin dituela epaitu dio tribunalak, Zubiriaren kasuan balizko delitua preskribituta dagoelako eta Alegriaren kasuan akusazio berberagatik epaitua dagoelako jadanik –gaur egun kartzelan dago 18/98 auziarengatik–.

Ikerketa isilean

Esan liteke 2003an hasi zela pertsona horien kalbarioa, baina ez da ordukoa kontua, ezta 2001ean sekretupean ikertzen hasi zirenekoa ere. Euskaldunon Egunkariaren kriminalizazioa lehenagotik dator, 1990eko hamarkada hasieran zenbait medio eta politikari ETAren periodikoa zela esaten hasi zirenetik.

Beste parentesi bat. 90eko urte horietan EAJko hainbat kidek ere egin zuen deklaraziorik ETA-Egunkaria loturaren inguruan –Atutxa eta Egibarren adierazpenak ezagunak izan ziren, eta azkeneko hau epaitegietan salatu zuen Pello Zubiriak–; bada, 2003ko polizia-operazioaren kontra azaldu zirenean, batzuek iraganean izandako jarrera hori gogorarazi zieten.

Hurrengo urteetan estigma handitzen joan zen. Esaterako, Martxelo Otamendi zuzendariari kereila sartu zioten –Garako Mertxe Aizpuruarekin batera–, ETAri 2001ean egindako elkarrizketagatik. Giro horretan ireki zuen auzia Del Olmok, sekretupean.

Hasieran, ikerketak kulturgintzako hainbat enpresa zituen helburu, urtebetez aritu zen Guardia Zibila peskizetan, 25 enpresa eta 24 lagun ikertu zituen isilean. Baina gero, inolako lotura edota desbideratze ekonomikorik aurkitzen ez zuenez, Egunkaria Sortzen SL eta Egunkaria SA enpresetan jarri zuen begia, arestian aipaturiko 90eko ETAko agiriekin erlazionatuz. Ondorioz, 2003ko otsaileko gertaerak jazo ziren: Martin Ugalde kultur parkeko operazioa, Egunkariaren enpresetan ardurak izandako hamar pertsonen atxiloketa, amaraunaren badaezpadako itxiera, Donostiako manifestazio erraldoia... Baina okerrena jakiteko zegoen. Tantaka, ziegetan izandako esperientziaren berri izan zen: euskalgintzan ibilbide luzea egindako pertsona horiek tratu txarrak eta torturak jasan zituzten –horietako bat ospitalean zegoen, zainketa berezian, inork argitu ez duen suizidio ahalegin bat tarteko–. Bestalde, Martin Ugalde bera inputatzeko aukera ere aztertu zuen epaileak eta bere kontu korronteak blokeatu zituen.

Gertaera horien inpaktu mediatikoa ikaragarria izan zen, baina politikaren arloan ere eragin itzela izan zuen. Operazioa testuinguru politikoan kokatzeko garaian, Euskal Herritik egindako analisi ugari bide beretik joan ziren: ENAMetik harago dagoen sektore abertzaleari mezua bidaltzen ari zen Estatua. Tesi hori ulertzeko kontuan izan behar da honako argazkia: Aznarren Gobernua momenturik intrantsigenteenean, eta Ibarretxeren Hirukoa, aldiz, Estatutu berri baterako proposamena edo plana aurrera eraman nahian. Konfrontazio horren “alboko kaltea” izan al zen Egunkaria? Noraino iristeko prest zegoen operazioaren atzean zegoena? Bada historio bat iturri ezberdinek aipatu izan dutena: egun horietan guardia zibilen konboi bat Madrildik Arantzazura bidean joan zen, 23-Fren usaina zeraman operazioa burutzeko, eta telefono dei batek azken momentuan eten zuen. Askoren ustez Donostiako manifestazioak, eta beste gestio batzuek, geldiarazi zuten fase hori.

Hamar atxilotuetako bost inkomunikazio epearen ondoren utzi zituzten aske, gainerakoak pixkana joan ziren libratzen, kasu batzuetan denbora luzez preso egon ondoren eta fidantza desorbitatua ordaindu eta gero. Torturen salaketek berriz, ez dute bide luzeegia egin epaitegietan. Iñaki Uriaren kasuan hainbat guardia zibil inputatu zituzten eta ahozko epaiketa egitera iritsi ziren kasik, baina Madrilgo epaileak auzia artxibatu zuen azkenean.

Lotura ekonomikoaren bila: sumarioa bitan zatitzen da

Guardia Zibilak, ordura artekoaren kontra, informazio ugari lortzea espero zuen atxiloketa eta miaketekin. Zehazki, Egunkariaren finantzazio moduan ETArekiko lotura erakusten zuten frogak aurkitu nahi zituen: “Ez zuten ulertzen nola 1.000 akziodun inguru izanda, soilik 30 inguru joaten diren urteko batzarrera. Eta nola akziodunek ez duten eskatzen Egunkariak dirua irabaztea. Epaileak horren inguruan galdetzen zidan, eta nik esaten nien euskal filosofia azalduko niela nahi bazuten” (Martxelo Otamendi, Egunero).

Baina ez zuten dokumentu bat bera ere aurkitu holako ezer frogatzeko. Ondorioz, operazio eta miaketa gehiago izan ziren. 2003ko urrian Juan Del Olmok Buruntzape SL enpresaren aurka jo zuen –euskalgintzako hainbat enpresa biltzen zuen taldea– eta delitu ekonomikoak egiteaz akusatuta zortzi lagun atxilotu zituzten. Ostera, guztiak libre geratu ziren. Epaileak sumarioa sekretupetik atera zuenean jakin zen, zehazki, auzi osorako erabilitako argumentua: Egunkaria ETAren tresna zela dirua lortzeko. Hortik gutxira, instrukzioak hartutako norabide bikoitzaren ondorioz, sumarioa bitan banatu zuen Del Olmok: auzi nagusia –Egunkariaren eta ETAren ustezko harremanaren ingurukoa– eta auzi ekonomikoa –delitu ekonomikoetan oinarritua–.

Auzi Nagusia aurrera doa, fiskalaren iritziaren kontra

Auzipetze autoa urte eta erdi geroago egingo du publiko instruktoreak, 2004ko azaroan –Joxemi Zumalabe ere auzipetzen du, hilda egon arren, instrukzioak daraman nahasmenaren erakusgarri–. Ordurako Del Olmok utzita ditu bere esku zeuden lan guztiak M-11ko atentatuen sumarioa gidatzeko, baina Egunkariarena ez du apartatzen, horretan duen interes bereziaren erakusgarri. Horrela, 90eko ETAren haserako dokumentuak besterik ez dituenez –konexio ekonomikoa frogatzeko saiakerak porrot egiten baitu–, haiei heltzen die enegarren aldiz, esateko zazpi inputatuak ETAren menpe dagoen legez kontrako asoziazio baten fundatzaile, sustatzaile eta zuzendari izan zirela. Bai akusatuen defentsarako abokatuek, bai prestigiozko legelari ugarik, nabarmendu dute auziak ez duela ez hanka eta ez bururik ikuspegi juridikotik begiratuta.

2006tik aurrera zentzugabekeria handitu egiten da, ordura arte akusazio bezala aurkeztu den ANko fiskalak iritziz aldatu eta auzia artxibatzeko eskatzen baitu, epaiketarik egin gabe. Ohar bat: erabaki horren atzean fiskalaren kargu aldaketa egon liteke, Fungairiñok dimititu eta Miguel Angel Carballok hartzen baitu bere lekua.

Azken batean Egunkaria auziko trama osoa pisua galtzen joango da eta auzipetuak babesa irabazten. Baina esan dugu Auzitegi Nazionala eszenatoki berezia dela, edo beste modu batera esanda, borroka politikoak egiteko ring bat. ANko zigor arloko 1. Salak epaiketa egingo zuela jakitean, PPk “judikaturatik Zapateroren gobernuaren aurka daraman talkaren biktimatzat” ikusi zuten euren burua auzipetuek. Horretarako Dignidad y Justiciak eta AVTk osatutako herri akusazioaren argudioak hartu zituen aintzat ANko sala horrek, fiskalari kasurik egin gabe.

Puntu honetara iritsita, badago kontu bat esplikatzeko: Botin auziaren aurrekaria. Kasu horretan ANk esan zuen ezin zela herri akusazioarekin soilik epaiketarik egin, eta esperantza ttipi bat zabaldu zuen. Kontua da doktrina hori ez zutela aplikatu Atutxa auziarentzat –herri akusazioarekin epaitua hau ere– eta adibide hori hartu zuen kontuan, azkenean, ANko zigor salak Egunkaria auzirako. Gainera, jurisprudentziako hainbat kontu teknikoz aparte, ñabardura bat egiten du ANk: bere esanetan Egunkaria eta Atutxaren kasuan “arrisku abstraktua” da –ez dago damnifikatu konkreturik–, eta beraz “komunitatea” eta interes publikoa dira babestu behar direnak.

2009: esperantza eta zaputzaldia

Hurrengo hilabeteetan, beste makrosumarioetako epaiketak egin eta zigor irmo gogorrak ezagutzen joango dira. Hain zuzen, Egunkaria auziko defentsak eskatzen du makrosumario horietako bateko (18/98) tribunalean parte hartu duten bi epaile Egunkaria auziko tribunaletik kentzeko, dokumentu berberak aztertu eta pertsona bera (Xabier Alegria) juzgatuko dutelako. Hala egiten da. Azkenean, hau izango da ANko tribunalaren behin-betiko konposizioa: Javier Gómez Bermúdez (presidentea), Manuela Fernández Prado eta Ramón Sáez Valcárcel.

2009ko ekaineko vistillan –epaiketa aurreko tramitea, auzia artxibatzeko azken aukera– defentsak hainbat eskaera aurkezten ditu: Xabier Alegria epaiketatik kanpo uztea –jada juzgatua izan delako–, Pello Zubiriaren preskripzioa –10 urte baino gehiago pasa zirelako ustezko delitua egin eta bere gaineko ikerketa hasi zenetik–, eta auziaren artxiboa. Fiskalak, berriz ere, kasua artxibatzeko eskatzen du, defentsarekin bat eginez. Vistillaren ondoren itxaropen handia sortzen da auzia azkenean artxibatu egingo dutelakoan, medioetan ere hori da gehien zabaltzen den iritzia. Nazioarteko eta Euskal Herriko juristen ustea ere –“inkisizio prozedura” baten aurrean gaudela esango dute– auzipetuen itxaropenaren helduleku bihurtuko da.

Baina itxaropena uztailaren 30ean amaituko da, ANko zigor arloko 1. Salak ahozko epaiketa egin egingo dela berresten baitu auto batean. Horrela, defentsen bi argudio nagusiak atzera botako ditu sala horrek: herri akusazioarekin bakarrik ezin dela epaiketarik egin dion argudioari “arrisku abstraktua” duela esanez erantzungo dio, eta ustezko delitua jadanik 18/98 sumarioan juzgatua izan dela dioenari, berriz, ihardetsiko dio ez dela momentua holako sakoneko erabakirik hartzeko. Dena den, autoan beste bi eskaera ontzat joko ditu ANk: Xabier Alegria eta Pello Zubiria epaiketatik kanpo uztea. Azken erabaki horren aurka helegitea jar zezaketen Dignidad y Justicia eta AVT elkarteek, baina ez dute horrelakorik egin.

Hori ikusita, ematen du presa dutela ahozko epaiketa egiteko. Non dago iltzearen gakoa? Auzi ekonomikoan akaso? Izan ere, auzi batean gertatzen denak bestean eragin zuzena izango du. Abenduaren 15ean hasiko da ahozko epaiketa, epaimahaiak defentsek aurkeztutako lekukotasun eta froga ugari atzera bota eta gero. Sententzia kondenatorioa aterako balitz –horren beldur dira asko–, auzi ekonomikoa AN-n juzgatuko litzateke; bestela Tolosako epaitegira bideratuko lukete, delitu terroristarik ez dagoelako, delitu ekonomiko arruntak baizik.

Filmaren hari guztia nola joan den jakinda, ez da erraza amaiera zein izango den aurreikustea. Baikorrak izanda absoluzioa da aukera bakarra, kondenarik jartzeko inolako frogarik ez dagoelako eta fiskalak berak auzia artxibatzeko eskatu duelako. Kasu horretan, auzi ekonomikoa ere bide leunagotik joango litzateke. Bertsio ezkorragoak ordea, ANren ibilbide “eszepzionalari” begiratzen dio zeharka, ez baitago jakiterik interes politiko eta korporatiboen eragina noraino iritsiko den. Kondenarik izanez gero, gainera, auzi ekonomikoan inpuntaturik daudenak ANren kinkan jarraituko lukete. Bestalde, ikusi beharko da Auzitegi Gorenaren jarrera zein ote den epaiketaren ondoren bertara aurkeztu litezkeen helegiteen aurrean. Pentsa liteke, sententzia baten aurrean, zuhurrago jokatuko duela Gorenak ANk auzia artxibatzea erabaki izan balu baino.
Beldurra barreiatu zutenekoa
Goizaldeko laurak aldera jo zuen telefonoak etxean: “Guardia Zibilak Pello Zubiria atxilotu du bere etxean”. Amets gaiztoa ez zela behin eta berriro ziurtatu ondoren, Iruñetik Lasarterantz abiatu nintzen 2003ko otsailaren 20ko goizalde hartan, atxiloketaren inguruko galdera ikurrek burua lehertu beharrean. Goizeko 6etako albistegiak eman zidan erantzuna: Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Torrealdai, Auzmendi, Inma Gomila, Fermin Lazkano… Euskaldunon Egunkaria zen helburua. Argiara iritsi nintzenerako Guardia Zibila alde egin berria zen gure egoitzatik, Pellorekin izan zen bertan eta material ugari eraman zuten bulegoetatik, tartean nire ordenagailua ere bai. Euskal kulturaren beste egoitza batzuk ere miatu zituzten, Jakin, Ikastolen Elkartea… Beldurra barreiatu zen euskal kultur esparruetan. Nire baitan ere bai.

Guardia Zibila eta Juan del Olmo epailearen eskutik Egunkaria itxi zuen PPk eta gu hilabeteko zurrunbilo zoroan sartu ginen: Madrilgo Auzitegi Nazionala, Gregorio Marañon Ospitalea, protesta bilkurak, prentsaurrekoak… PP bere autoritarismo baldar eta harroenean ari zen eta euskal gizartearen arima kolpatu zuen operazio harekin. Egunkariaren itxierak eta euskal kultur munduko pertsona prestigiodunen tortura salaketek, bestelako tortura kasuek lortzen ez zuten eskandaluaren metxa piztu zuten Euskal Herriko etxeetan. Otsailaren 22an Donostiako manifestazio itzel hartan lehertu zen: jendetza, amorrua, protesta, elkartasuna… Eraginkortasuna? Ez dakit, protesta agerpen eta duintasun aldarrikapen bederen bai, eta horiek dira pertsona pertsona egiten duten azken bi heldulekuak.

Argiakook batez ere Pelloren atxiloketa eta ospitaleratzearekin bizi izan genuen pasadizo beltz hura. Osasun sailburuak esan zidan Madrilen ez ziotela kasurik egiten; Urlia epaileak hitz egingo zuela Auzitegi Nazionaleko lehendakariarekin; alkate sozialistak baietz, saiatuko zela, baina PPkoentzat bera ere terrorista zela ia; buruzagi jeltzaleak… Hala joan zitzaigun hilabetea, Pello martxoaren 18an Soto del Realetik ateratzean besarkatu genuen arte. Eta orain epaiketa. Baikor egoteko arrazoi juridikoak badira, baina otsail hartan Inma eta Pelloren abokatuak sarri zioena datorkit burura: “Argi, Auzitegi Nazionalean gaude, eta hemen dena da posible”.
Auzi ekonomikoa
Zortzi lagun daude inputatuta Egunkariaren auzi ekonomikoan: Auzi nagusian ere epaituko dituzten Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors (Egunkaria SAko administrazio kontseiluko kidea) eta Ainhoa Albisu, Mikel Sorozabal, Begoña Zubelzu eta Fernando Furundarena (Egunkaria SAko administrazio langileak).

2003an Del Olmok sumarioa bitan banatu zuenean sortu zen auzi ekonomikoaren adarra eta urte horretako urrian egindako operazioan du jatorria. 2007an, epaile-instruktoreak bultzada erabakigarria eman zion –hiru lagun gehiago inputatu zituen–, eta epaiketa bidean jarri zuen auzia, prozedura laburtuaren bidez. Hasieran uste zen auzi ekonomikoaren epaiketa auzi nagusiarena baino lehenago egingo zela, baina duela aste gutxi arte inputatuek ez dute Auzitegi Nazionalaren autoa jaso. Seguruena datorren urte hasiera aldean egingo da epaiketa.

Delitu komunak Auzitegi Nazionalean epaitu nahi dituzte

Auzi nagusian ez bezala, herri akusazioaz gain (Dignidad y Justicia), fiskala ere akusazio gisa aurkeztu da hemen; baina epaiketa Tolosan egin behar dela dio Miguel Angel Carballo fiskal nagusiak, auzi nagusian delitu terroristarik ikusten ez duenez, delitu komunak juzgatuko direlako. BEZa aldatzea eta diru laguntzak lortzeko tiradaren datuak handitzea leporatzen diete akusatuei. Hain zuzen, Gipuzkoako Diputazioak txosten bat helarazi zion epaileari Egunkaria SAk berarekin kontuak garbi zituela azalduz eta duela gutxi Eusko Jaurlaritzak gauza bera egin du diru laguntzen kontuekin. Hala ere, akusazioak zigor oso gogorrak eskatu ditu auzipetuentzat: 26 urteko kartzela eta 33 milioi euroko isuna Torrealdai, Uria, Sors eta Auzmendirentzat; 26 urte eta 33 milioi Albisurentzat, 21 urte eta 27 milioi Sorozabalentzat, 17 urte eta 21 milioi Zubelzurentzat, eta 13 urte eta 21 milioi Furundarenarentzat.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Egunkaria auzia
2023-02-17 | Leire Artola Arin
'Egunero behar genuen' liburua aurkeztu du Imanol Muruak, behin-behineko egunkariaren kronika

Otsailaren 20an beteko dira 20 urte Euskaldunon Egunkaria Guardia Zibilak indarrez itxi zuenetik. “Euskarazko egunkaria itxi duzue baina hemen gaude”, halaxe erakutsi zuten biharamunean Egunero argitaratuta. Bertako zazpi langile elkarrizketatu ditu Muruak, eta bere... [+]


2021-03-21 | Ander Perez
Samara Velte. 'Euskaldunon Egunkaria'-ren memoria
"Sumatzen genuen 'Egunkaria'-ren inguruan orokortuta zegoen narratiba oso onbera zela"

Euskaldunon Egunkariaren itxierari buruzko Paperezko hegoak dokumentala zuzendu eta aurkeztu berri du Samara Veltek (Zarautz, 1991) Josu Martinezekin batera. Azkenaldian euskal gatazkaren memoriaren transmisioari buruzko doktore tesian murgilduta badago ere, ezin izan dio... [+]


2021-01-31 | Saioa Baleztena
Sara González. Estoldak astintzen
"Beldurra da gizartea kontrolatzeko arma"

Kazetaria eta analista politikoa da Sara González (Sant Celoni, Katalunia, 1985). Disidentziaren kriminalizazioa agerian jarri du argitaratu berri duen Per raó d’Estat (Estatu arrazoiagatik) liburuan, Espainiako Estatuko estolden egitura politiko, polizial,... [+]


Eguneraketa berriak daude