Itxaropenak Portugalen du atea

  • Istripua izan duen askok ilusioa berreskuratu du Portugalen, Reis doktoreak muin lesio traumatikoaren ebakuntza egiten baitu. Aldekoak bezain sutsuak dira “Mirarien Doktorea” deitu ohi dutenaren aurkariak. Egia ala iruzurra? Probatu duten hainbat euskaldunekin izan gara eta eurek argi dute: emaitza ezin baikorragoa izan da eta mezua zabaldu nahi dute.
Patxi Salbide, Pello Mugarza, Jose mari Munduate, Degant Cerviño eta Haizea Erkizia
Patxi Salbide, Pello Mugarza, Jose mari Munduate, Degant Cerviño eta Haizea Erkizia
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Aurrean dudan gizonak, sorbalda aurrera eta atzera bortizki mugituz gartsu hitz egiten duenak, mekanikoki arnasteko eztarrian jarri zioten aparailuaren aztarnak ditu oraindik. Gezurra badirudi ere, duela bi urte Donostiako Uliako arroka batetik erori eta tetraplegiko geratu zen, lepotik behera ezin mugitu, ezin sentitu. Betiko horrela izango zela jakinarazi zioten Osakidetzan Jose Mari Munduateri, ezinezkoa zela ebakuntzarik egitea. Antonio Reis doktorearen berri izan zuenean, ordea, ez zuen zalantzarik egin, zer zuen galtzeko? Lisboara joan eta ordu eta erdiko ebakuntza egin zioten. Hurrengo egunean, Lisboako zentroan oraindik, hotza zuela konturatu zen. “Hotza daukat!”, egin zion oihu alboko gaixoari. Zeinen gauza pozgarria hotza, beroa, mina, laztanak sentitu ahal izatea. Zeinen pozgarria gorputza bizirik sentitzea.

Munduateren antzera, Reis doktorearen eskuetatik igaro izanak hamar lagun inguru elkartu ditu, EAE eta Nafarroako osasun politikak salatzeko, duten lesioaren inguruko ikerketa gehiago eskatzeko eta, batez ere, etorkizuneko lesionatuekin eurei gertaturikoa ez errepikatzeko: “Hau pasatzen zaizunean, psikologoa jartzen dizute, egoera berria asimilatzeko, eta zentro batera bidaltzen zaituzte gorputza errehabilitatzeko, baina gurpil-aulkiarekin bizitzen ikastera zuzendutako errehabilitazioa da, atzera bueltarik ez dagoela ziurtatzen baitizute medikuek, eta ez da hala”, dio Degant Cerviñok. 2007an lesionatu zen Cerviño, eta bederatzi hilabete dira Reisek ebakuntza egin ziola. Elkarteko kide guztiek istripu baten ondorioz izan zuten muin lesio traumatikoa. Urtean 60 bat kasu izaten dira EAEn, baina urtetik urtera goraka egiten du kopuruak.

Garai desberdinetako pazienteak diren arren, denek antzeko prozesua izan dute istripua gertatu ostean: farmako bidezko tratamendu aringarriak jaso dituzte, kortisonarekin-eta hanturak jaisteko, eta Toledoko (Espainian) edo Badalonako (Katalunian) paraplegikoentzako zentroetara bidali dituzte, lesioarekin eta gurpil-aulkiarekin moldatzen ikasteko. Soluziorik? Ebakuntzarik? Ez, hori oso argi uzten diete denei, ezinezkoa da. Mundua gainera etortzen zaie eta antidepresiboak oso ohikoak dira. Zunda zakilean eta aluan sartu beharra, esfinterra –eta beraz komunera joateko gogoa– sentitu gabe, gernu-aparatuko infekzioak, ultzeratzeak, zarakarrak gorputzean… Eta hori guztia gutxi balitz, etxea eta autoa egokitzeak edota aulkia erosteak dakartzan gastu ekonomiko handiak.

Haizea Erkiziak bi urte baino gutxiago daramatza aulkian eta psikologikoki oso gogorra dela aitortu du: “Izugarrizko aldaketa da, ez soilik ezin duzulako ibili, baita ibiltzea baino garrantzitsuagoak diren funtzionalitateak galtzen dituzulako ere. Oso une txarrak pasatzen dituzu eta gainera itxaropenerako ate guztiak ixten dizkizute. Horregatik, ingurua funtsezkoa da. Badalonako zentrotik itzuli eta familiarekin egoteaz gain, lagunekin berriz atera ahal izatea errekuperazioaren %80a izan zen nire kasuan. Hasierako talka, ohitu artekoa, inguruan familiarik eta lagunik izan gabe, akabo”.
 Antonio Reis, "Mirarien Doktorea"?

Muina guztiz puskatzea oso-oso zaila da, eta zerbait baldin badago, beti dago hobetzea. Horra neurozirujau portugaldarraren filosofia. Muin lesiodun 200 pertsona baino gehiago artatu ditu hiru urtetan eta tratatutako %80-90 inguruk hobera egin duela ziurtatu du berak. Iturgin lana egiten du: bizkarrezurra eta ornoak ireki eta muinera iristen da. Ondoren, muina inguratzen duen zorroa zabaldu eta traumatismoagatik sortzen diren kisteak, odol koagulatua, hezur puskak… kentzen ditu; garbitu egiten du, azken finean. Berriro itxi, eta puntu horretan moztua zegoen likido zefalorrakideoa martxan jartzen da.

Gure elkarrizketatuen arabera, likido horrek jada hobekuntzak eragiten ditu eta muina, zikinkeriarik gabe, onera etortzen hasten da. Berehala, adibidez, lesioa orno dortsaletan dutenek arnasa %20 inguruan izatetik %100a berreskuratzen dutela esan digute –aulkia bultzatzeko jada sekulako aurrerapena–. Pixkanaka muskuluak, esfinterra… sentitzen ere hasten dira, prozesu luzeagoan; hori bai, errehabilitazioa funtsezkoa da, buruak gorputzeko atalei aginduak emateko ohitura galtzen baitu, eta berriz errekuperatzen hasi behar da, haur txiki batekin bezala.

Polemika, dena den, handia da Antonio Reisen ebakuntzaren inguruan. Muina ukitzea puskatzea dela diote aurkariek, eta doktoreak garbitu egiten duen arren, muina osatzen duen materia hauskorregia dela. “Iruzurti bat baino ez da eta jendearen esperantzaz baliatzen da”, entzungo diezu hemengo medikuei eta Toledo eta Badalonako zentrokoei. Dirua helburu duela –30.000 euro kobratzen ditu batez beste ebakuntzagatik– eta kasu batzuetan pazienteak okerrago utzi dituela salatu dute horiek. Gurekin bildutakoek, aldiz, oso garbi dute: neuronak birsortu daitezkeela frogatu dute euren esperientziek eta istripuak utzi zituen bezala bizitzetik honetara iristera aurrerapen itzela izan da. Hasteko, ez dute inongo farmakorik hartzen, eta hori jada aurrerapena da.

Zergatik sortzen da halako eztabaida? Cerviñok dioenez, Toledoko zentroko ikerlariek farmakoak bilatzea baino ez dute buruan, istripuak moztu ez dituen muinaren hariak aktibatzeko: “Paraplegikoentzako ospitaleko ikerlari burua neurona-ikerlaria izan beharrean farmazeutikoa den leku honetan zer eta farmakoak bilatzen dituzte, nola ez! Industria farmazeutikoa dago atzean, patenteak, dirua… Ez zaie interesatzen guri ebakuntza egitea”.

Osasun zerbitzuaren egitura itxia eta bertako langileen egoa eta erosotasuna kritikatu dituzte. Munduatek, tetraplegikoa dela jakiteak harritu gaituen gizonak, Lisboara joango zela esan zion hemengo medikuari: “Dirua botatzea zela esan zidan. Beraz, bueltan beregana joan nintzen eta ba al dakizu zer esan zidan? ‘Zutik jartzen zara?’. ‘Ez’. ‘Bada objektiboki ez dizut inongo hobekuntzarik sumatzen’. Eta gainera ordaindu egiten diote mediku lanarengatik!”.

Ez dute ulertzen Euskal Herriko eta Espainiako medikuen egoskorkeria, behin eta berriz uko egin baitiote Antonio Reisen ebakuntza ikustera joateko eskariari. Degant Cerviño artatzeko Euskal Herrira etorriko zela ere esan zion doktoreak, baina hemen ez zioten horretarako ebakuntza-gelarik utzi. Munduko beste hainbat herrialdetan, ordea, aritu da dagoeneko eta 2006ko urrian tesia aurkeztu zuen nazioarteko komunitate zientifikoaren aurrean. Komunitateak bide bat izan daitekeela onartu du dagoeneko.

Ai ene, sabela sentitzen dut!

Patxi Salbide da kolektiboko aitzindaria, bere bidez ezagutu baitzuten besteek zirujau portugaldarra. Istripua duela hamaika urte izan zuen eta urtetan soluzio bila aritu zen. Hala topatu zuen Reis, 2006an; garai hartan muin lesionatuekin kirurgia esperimentala egiten zuen neurozirujauak, eta Salbidek arriskatzea erabaki zuen. Egun batetik bestera, gorputzak oso ondo erantzun zion ebakuntzari eta sabeleko min handiarekin esnatu zen. “Baina zer pasatzen zait?, nioen, ai ene, sabela sentitzen dut-eta, zortzi urtez ezer sentitu gabe egon ondoren!”. Hiru urte igaro direnean, ozen zerrendatu dizkigu izandako aurrerapenak: “Oreka, maskuriaren kontrola, muskuluen indartzea, hotza eta beroa, hobekuntzak sistema kardiobaskularrean, sistema neurobegetatiboan, digestioan, sexuan… Mila gauza. Kirurgiarekin %1 berreskuratzen duzula? %2? %7? Dena ongi etorria izango da”.

Lisboako gastu guztiak Osakidetzari pasa zizkion Salbidek, baina ez zioten ezer ordaindu, ez zutelako “ezinbestekotzat” jo Lisboara joan izana, eta Salbidek azaldu zienean prest zegoela aurrerapenak erakusteko, ezezkoa jaso zuen berriro. Egia esan, legez dagokigu gaixo jarriz gero eta munduko edozein lekutan lagundu ahal digun tratamendua egonez gero, berau jasotzeko eta tratamendua diru-laguntzekin ordaintzeko eskubidea. Eurei laguntza hori ukatzen zaielako haserre da Salbide. “Niri Osakidetzan mediku batek esan zidan: ‘Patxi, nola nahi duzu neurozirujau bat eta kirurgia gela bat zuretzat jartzea, muskulutxo batzuk mugitu ahal izan ditzazun?’. Baina muskulutxo horrek ahalbidetzen dit adibidez oraintxe jakitea pixa egiteko gogoa dudala eta komunera joan behar dudala, poltsa batera lotutako zuntza zakilean sartu beharrik gabe. Eta handia da hori, oso handia!”.

Lisboara joaten dira hiru eta sei hilabete artean, errehabilitaziora. Noski, Lisboarako gastu guztiak ere norberak ordaintzen ditu. Pello Mugarzak duela bi urte egin zuen ebakuntza, Mallabiko bizilagunen eskuzabaltasunari esker –15.000 eurotik gora bildu zituzten lagunek herrian, egutegiak salduz– eta dioenez, ondo daukazun aldea indartzera bideratzen da errehabilitazioa Euskal Herrian, juxtu kontrakoa egin behar denean: okerren duzun aldea potentziatu. Reisen lan taldeko fisioterapeutaren gomendioak ondo hartu dituzte hemengo fisioterapeutek, baina baten batek zera entzun behar izan du medikuaren ahotik: “Ez bazara zutik jartzen, ez duzu errehabilitazio beharrik”.

Patxi Salbidek dio euren helburua ez dela sistema edo medikuak gurutziltzatzea, “bakoitzak bere lana egitea besterik ez dugu nahi; ez ditugu mirariak eskatzen, lagundu gaitzatela baino ez”. Euskal Herrian lesio neurologikoentzako zentro bat nahi dute, baliabide publikoekin bizi kalitatea hobetzen laguntzeko eta lesioa ikertzeko.

Ama-zelulekin esperimentatzeko prest

Muin lesioetako ikerketa aurreratu eta berritzaileena aurkitzeko ez dago Portugaldik asko aldendu beharrik: Jesús Baquero Madrilgo Unibertsitate Autonomoko katedratikoak ama-zelulekin egiten du lan. Lesionatuen hezur-muinetik ama-zelulak atera, kultibatu, lesioan injektatu eta hezurraren hutsuneak betetzea lortu du, nolabait. Zerriekin egin du proba, eta oinez jarri ditu. Orain bost pertsonekin esperimentatzeko asmoa du eta Antonio Reisekin harremanetan jarri da jada, lesio garbiekin hobea izango delako emaitza. Elkarrizketatu denek aho batez erantzun diote gure galderari: aukeratuko balitu zalantza izpirik gabe eskainiko lukete euren gorputza esperimentatzeko.

Zergatik? Ez daudelako prest onartzeko gorputza hilda dutela, konponbiderik ez dagoela: “Lehen, gurpil-aulkira lotu egin behar ninduten, bestela irristatu egiten nintzelako –dio Munduatek–, espasmoak nituen eta ez nuen ezer ere sentitzen. Orain, belaunetik gora badakit zer ukitzen didaten, sentsibilitatea berreskuratu dut. Lehen diafragma blokeatua nuen, ezin nuen arnasarik hartu, orain kantatu egin dezaket! Duela hilabete batzuk hondartzara joatea ez zitzaidan burutik ere pasatzen, eta gaur egun Pello eta biok joaten gara, lau hankatan jartzen gara han… eta arazorik ez. Are gehiago, Antonio Reisek esan zidan, lehenbailehen ebakuntza egin izan balidate, orain oinez nintzela”.

Dagoeneko edo etorkizunean lesioa dutenei zabaldu nahi diete mezua, eurei eskaini ez zitzaien aukera izan dezaten: informatu daitezela, eta gero norberak hartu dezala erabakia, baina jakin dezatela irtenbide hau ere badela.

[Tratamendua eta ebakuntza azaltzen duen Antonio Reis neurozirujauaren txostena gaztelaniaz (PDF)]

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasuna
2025-09-05 | Sustatu
Itzulbide jarri dute martxan Osakidetzan, euskarazko lan-hizkuntza eraginkorragoa izateko

Osakidetzak Itzulbide aurkeztu berri du. Itzultzaile neuronal bat da EAEko osasuneko profesionalentzat, euskaraz egiten diren kontsulta medikoetako informazioa gaztelaniara itzultzen duena. Euskara lan-hizkuntza eraginkorra izateko baliabide gehiago eskainiko dizkie... [+]


Gorputz hotsak
“Bizitzaren aldeko jarrerak bigarren planoan uzten du zarata”

Bertigo baten ostean, etengabeko txistu bat entzuten hasi zen Jexux Mari Irazu Muñoa (Larraul, Gipuzkoa, 1972) bertsolaria, bertso-eskolako irakaslea eta gai-jartzailea. Tinnitus edo akufeno deitzen zaie Irazuk entzuten dituen zaratei. Horrek egunerokoan daukan inpaktuaz... [+]


“Bero jasangaitza” eta “arreta urria” salatu dute Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan

Nafarroako Osasun Departamentuak iragarri du ospitaleko solairu gehienak klimatizatuko dituztela 2026 amaierarako. ARGIAk elkarrizketaturiko bi erizain laguntzaileek nabarmendu dute premiazkoa dela banako gelak, komun irisgarriak eta aire girotua izatea.


2025-08-29 | Euskal Irratiak
Maitena Chohobigarat
“Beharbada menopausia gehiago aipatu beharko genuke, aterabideak badirelako”

Baionako ospitalean unitate berritzaile bat ideki da: kardio-ginekologia unitatea, menopausian diren emazteei zuzendua. Gai hau, askotan tabu edo bazterrean utzia, osasun arazoak eragin ditzake bizitzako etapa horretan.


Denge eta chikungunya kasuak ugaritu dira Europan, klima aldaketak eraginda

Abuztuan chikungunya infekzio kasu bat atzeman dute Hendaian. Bero boladek, tenperaturaren igoerak eta eremu tropikaletara egindako bidaiek areagotu dituzte kasuak.


Inoiz izan ez zen osasun ituna: aukera galdua Osakidetzarentzat

Duela gutxi Eusko Jaurlaritzak bultzatutako "Euskadiko Osasun Ituna" izenekoaren porrota ez da anekdota politiko soil bat, ezta osasun-kudeaketan unean-uneko estropezu bat ere. EAEko osasunaren ikuspegi kolektibo, inklusibo eta benetan publiko bat galtzea politika... [+]


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Jai eredua neurodibergentziatik aztertzen

Bilboko Aste Nagusia pertsona autistentzat irisgarriagoa izateko zenbait gako dakartzate Oihan Iriarte Eletxigerrak eta Iker Boveda Martinek, euren esperientziatik.


Pazienteek 25 egun itxaron behar dituzte, batez beste, Osasun Mentaleko Zentruetan arta jasotzeko

25,6 eguneko batez besteko itxaron zerrendak daude Osakidetzako Osasun Mentaleko Zentruetan. Larrialdi kasuetan, aldiz, 24 eta 72 ordu arteko itxaronaldiak daude. 


2025-08-05 | El Salto-Hordago
Plastikoak eragindako kutsadurak 1,3 bilioi euroko osasun gastuak eragiten ditu

The Lancet aldizkariak argitaratutako ikerketa batek eman du datua eta ohartarazi du plastikoaren ekoizpenak osasunean eragina duela bere ekoizpen prozesu osoan eta gazte zein helduei eragiten diela. Gehitu du 1950tik 200 aldiz biderkatu dela plastikoen ekoizpena.


Sendabelarrak oliotan

Sendabelarra oliotan beratzeaz ariko gara baina ukendurik egin gabe. Bai, arraroa dirudi baina sendabelar freskoak oliotan beratu, iragazi eta erle argizaria ipinita ukendua egiten ikasi duenari olioarekin beste era batera lan egitea badagoela esan nahi nioke. Oleato edo olio... [+]


Prep botika farmazietan eskuragarri jartzeko asmoa iragarri du Espainiako Osasun Ministerioak

GIBarekiko esposizio aurreko profilaxia da Prep botika. Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariaren arabera, farmazietan eskuratzeak itxaron-zerrendak gutxitu ditzake. Alabaina, arriskuez ere ohartarazi du.


2025-07-23 | Onintza Enbeita
Aloña Erauskin. Biziraulea
“Sortzetiko gaixotasunak ditugunok ez daukagu erabakitzeko aukerarik gauza askotan”

Bihotzak eztanda egin arte biziko da Aloña Erauskin (Berrobi, 1999), beste guztiok bezala. Besteon aldean, ordea, presente dauka aukera hori.


Jaurlaritzako Osasun Sailak lantaldea berregituratu du, “arreta modernizatzeko eta kalitatezko zerbitzu publikoa ziurtatzeko”

Kargua hartu eta urtebetera, Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak lantaldean aldaketa batzuk egin dituela iragarri du, "etorkizuneko osasun sistema publikoaren eraldaketari" ekiteko: besteak beste, Gontzal Tamayo Medel sailburuorde berria... [+]


Gorputz hotsak
“Angustia handia sortzen dit ezer ez ikustera iritsi ahal izateak”

Euskal dantzak, pilates, bilobekin egon, gurutzegramak egin eta beste zaletasun asko ditu Grego Idiakez Kortak (Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa, 1950). 62 urterekin iktus bat izan zuen, eta ordutik, ezin ditu nahi beste gauza egin. Iktusaren ondorioz, begi baten ikusmena galdu du, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude