"Jarrerak egiten du indartsu pop kanta bat"

  • Disko berria, baxu-jotzaile berria, diskoetxe berria... Berri askorekin datoz Berri Txarrak. Irailaren 14an aurkeztuko dute Payola: Chicagon, Steve Albiniren estudioan grabatutako hamaika kanta berri. Urtea bukatu bitartean kontzertuz kontzertu ibiliko dira, tartean, urrian Burning Heads-ekin Frantzian egingo duten bira. Eztanda horren aurreko lasaitasunean hitz egin dugu Aitor Goikoetxea eta Gorka Urbizu taldekideekin.
Berri Txarrak
Berri TxarrakDani Blanco

Payola jarri diozue diskoari: horrela esaten zaio hedabideek taldeei dirua eskatzeari, euren kantak jartzearen truke. Eskuak/ukabilak-en bazenuten beste abesti bat, SMT, industria musikalari buruz. Gauzak ez dira asko aldatu tarte honetan?


Gorka Urbizu: Ez, ez dira aldatu. Igual okerrera egin dute. Beti kritikatu izan dugu, industria baino, musika komunikabideak; irratia, eta batez ere telebista: zer tratu eskasa ematen zaion musikari, eta nola desprestigiatzen duten. Bakarrik alderdi bat erakusten dute, ondo pasatze hori. Eta musika ondo pasatzeko bada, baina hori baino askoz gehiago dela aldarrikatzen dugu guk. Errespetu falta dago rockarekiko, orokorrean. Badirudi bakarrik audientzia nahi dutela: hori da helburu bakarra, eta bestea, letrak eta musika estiloak-eta... aniztasun horrekin bukatu nahi dute. Tristea da, eta amorru dezente ematen digu. Dena den, Payola musika industriaren ingurukoa da, baina guk eman nahi diogu beste...

Aitor Goikoetxea:
... zentzu globalago bat.

G. Urbizu:
Hori da. Orokorrean eroskeriaz, saldukeriaz hitz egin nahi dugu. Eta hori ikusten dugu politikagintzan eta gizartean oso errotuta dagoen joera dela.


Maravillas Lambertori eskaini diozue kanta bat, frankistek Larragan 1936ko gerran bortxatu eta hil zuten neskari. Bide Ertzeanen Non dira? (2006) diskoaz oroitu naiz: euskal rockak bazeukan zor bat memoria historikoarekin?


G. Urbizu: Ematen du badagoela joera bat: ez bakarrik Bide Ertzean, Barricada ere prestatzen ari da horrelako lan bat; eta orokorrean Ahaztuak-ek egin duen lana... Lehengoan Itxaro Bordak esaten zuen [Argia, 2.172. zenbakia], jende abertzalea hasi dela Gerra Zibilari buruz hizketan, eta euskalduna ez den Euskal Herriko jendea hasi dela hemengo gatazkari buruz hizketan; eta egia da eman dela gurutzaketa hori. Guk ez dugu kanta moda horren barruan sartzen: alde batetik erakartzen gintuen Nafarroan gertatutako zerbait dela, orain ez asko, gainera. Kantaren abiapuntua Maravillas Lambertori gertatutakoa da, baina asmoa ahanzturaren kontrako kanta bat egitea da. Eta, egia da, gure gaitegian berria dela.

Arren, Darwish kantak berriz, Palestinaz hitz egiten du. Izan al du eraginik joan den abenduan Israelek Gaza bonbardatu izanak?


G. Urbizu:
Bai. Bi kanta horiek, Maravillas eta Arren, Darwish, gertaera konkretu batetik abiatzen dira. Gerra Zibilekoa bata; Mahmud Darwishen heriotza eta Gazako gehiegikeria bestea. Merezi zuten kanta bat, eta gure iritzia ematea. Eta besteetan, gehien bat autokritika dezente dago: hausnarketa gehiago, galdera asko...


Jaio.Musika.Hil-ekoa baino soinu grabeagoa iruditu zait.


A. Goikoetxea:
Gordinagoa dela, zikinagoa dela, bat-batekotasun hori bilatzen genuela... hori argi dago. Lehenengo entzunaldi batean, igual sentsazioa ematen dizu disko ilunagoa dela. Baina gero, nik uste, bai izango dela soinu aldetik, apreziazio diferente eta guztiz kontrakoak izango dituen disko bat. Egongo da jendea ikusiko duena gordintasun horretan alde positibo bat; eta egongo da ikusiko duena produkzio aldetik hutsune asko dituen disko bat. Argi dago ez dela oso ekoiztua dagoen disko bat. Ia-ia lehenengo toman eginiko diskoa da, eta horretan, onerako eta txarrerako, gauza asko nabaritzen dira. Entzunaldi bat baino gehiago behar duen diskoa izan daiteke, baina gauza horiek guztiak apreziazio pertsonalak dira.

G. Urbizu:
Argi dago behintzat, superprodukziotik ihes egiten duen soinu tankera bat dela. Baina, aldi berean, ez da Steve Albiniren grabaketa erradikal horietako bat. Kantak berez oso melodikoak dira.

A. Goikoetxea:
Albinik grabatu duen disko bat da, baina ez da berak erabaki duen soinu bat. Guk erabaki genuen harekin grabatzea, ezagutzen genuelako zein izango zen emaitza, gutxi gorabehera.

G. Urbizu:
Eta tipoak ez du ezer inposatzen. Sekula ere ez.

A. Goikoetxea:
Berak ez du iritzirik. Beti: “I don't have an opinion”. Bere lana inork baino hobeto egiten du bere zulotxoan, eta argi dago bere eskua nabaritzen dela gauza askotan, baina Berri Txarraken disko bat da, %100.


Zer bilatzen zenuten Chicagon, Albiniren estudioan grabatuta?


G. Urbizu: Soinu ekoizle nahiko berezia da. Egiten duen horretan maisua da, baina bere soinu tankera ez da igual komertzialena, irratietan gehien entzuten dena. Horrek erakartzen gintuen, kantuak berez hiruko batenak direlako: oso sinpleak dira, ez dago tranparik, dagoena dago onerako edo txarrerako. Albinik hainbat eta hainbat disko egin ditu, tartean Nirvanaren In utero, eta gu oso Nirvana zaleak gara. Horregatik ilusio puntu hori ere bageneukan. Gainera Chicagon grabatzea… Erromantizismo puntua zeukan grabazioak. Analogikoan grabatutako diskoa da, lehenengo aldia da hirurok batera grabatzen duguna… molde oso ezberdina zen guretzat. Bageneukan gogoa, seigarren diskoa izanda, aldatzeko.


Aipatutako soinu grabearekin batera ahotsa nota altuagoetara iristen dela ematen du. Kontrastea bilatu duzue?


G. Urbizu: Ez da berez bilatu dugun zerbait, baina ez zara lehenengoa hori esaten duena.

A. Goikoetxea: Abestiak latzagoak dira, gordinagoak eta zuzenagoak. Guk esaten dugu disko honetan bi ildo ikusten ditugula: bata da punk ildoa, inoiz baino zuzenagoa eta agian old school puntu bat ere baduena; eta bestea, abesti mantsoagoak, geldoagoak, eta era berean luzeagoak biltzen dituena. Inoiz ez genituen bost minutu baino gehiagoko abestiak egin, eta disko honetan bat baino gehiago dago.


Diskoan bertan ere desberdintzen dira bi ildoak. Hasierako kantetan, Dortoken mendean kenduta, erritmo biziagoa dute kantek. Bigarrenean doa mantsotzen...


A. Goikoetxea: ... eta groove gehiago hartzen. Badaude abesti batzuk 1970eko hamarkadako kutsu handia dutenak. Erritmoarengatik eta Gorkak horietan abesteko duen erarengatik, burura etortzen zaizkit Led Zeppelin-eta. Interpretatzeko momentuan aire handia ematen dioten taldeak. Zaila izaten da askotan abestien definizio bat ematea... Zaila da gaur egun abesti bat punka dela esatea. Jendeak galdetzen dizu: “Zer punk mota? Green Day edo Minor Threat?”; gaur egun musika hain nahastua dagoenez...


Zuen soinua bera estilo askoren nahasketa da.


G. Urbizu:
Gure arazoetako bat da, nahiko disko heterogeneoak egiten ditugula. Ez gara AC/DC; haien kanta guztiek estilo bat daukate. Badago zerbait, dela ahotsa, dela letra... biltzen dituena, baina nahasketa hori disko guztietan dago. Jaion bertan, Oreka zeneukan eta Berba eta irudia, oso kanta desberdinak. Honetan ere, bi ildo horiek bereizten dira, baina badaude tarteko batzuk.


Diskoari izena ematen dion kantak Foo Fighters-en airea duela iruditu zait. Jarraitzen dituzue?


G. Urbizu: Bai, oso zaleak gara. Gure problemetako bat da musika diferente asko entzuten dugula. Eta hori oso positiboa da, alde batetik. Sekula ez dugu esan: “Punk disko bat egingo dugu” edo “egingo dugu disko popero bat”. Instintuari jarraitu izan diogu beti eta orain arte ondo joan zaigu. Ze, jendeak esan zezakeen: “Roadrunner? Zergatik ez duzue disko metalero bat egin?”; edo “Albinirekin grabatu duzue? Zergatik ez duzue egin disko indie bat, edo noise bat?”.

A. Goikoetxea: Askotan ikusten duzunean gustuko talde bat, eta abesti homogeneotasun hori mantentzen duena, inbidia sano bat sartzen zaizu. Esaten duzu: “Hauek zein erraza duten; abesti guztiak ildo beretik doaz!”; badakite jarraitzaile mota bat izango dutela. Nahiko genuke horrelako disko bat egin, eta hasi, hasi gintezke... Baina guk musika desberdin asko entzuten dugu, eta riff on bat, riff on bat da. Izan daiteke punka, stonerra edo dena delakoa. Abestietan zentratzen garen talde horietako bat gara.

Estilo aniztasun horrek badu eragina zuen entzuleengan ere, ezta? Berri Txarraken kontzertuetan oso jende diferentea ikusten da...


A. Goikoetxea: Askotan guk pentsatzen duguna baino zabalagoa da publikoa. Harritu egiten gaitu gure musika gustatzea death metal soil-a edo metala bakarrik entzuten duen jendeari.

G. Urbizu:
Jarrera, nik uste, badela gauza garrantzitsua. Aktitudeak indartsuago egin dezake kanta popero bat; ze, gure kanten hezurdurak oso poperoak dira berez. Pop musika da, hiru minutuko kantak egiten ditugu normalean, estribilloa, estrofa... ez dago tranpa handirik. Baina gero... Orain dela gutxi Viveiron (Galizia) egon ginen jotzen, Resurrection Fest-ean. Taldeak ziren... etengabe orroka ari diren horietakoak. Eta gero ikusten dituzu kronikak, eta gu geunden talde gogorrenetakoen artean.

A. Goikoetxea: Ez genuen desentonatu...

G. Urbizu: Baina ez genituen jo Oihu edo Zirkua, gure kantarik metaleroenak... Jarrerak pertzepzioa aldatzen dizu. Hori da azkenean inporta duena: gu rock talde bat gara, baina ikuspegi zabalarekin.


Pop hezurdura aipatu duzuenez, ez dakit jarraitu duzuen Berrian Fermin Etxegoienek idatzitako artikulu baten harira euskal popaz egon den eztabaida.


G. Urbizu:
Beti pentsatu izan dut oso egoera bitxia bizi dugula. Pop musika bazterrekoa da hemen. Izan daiteke, alde batetik, aurreko hamarkadetan sona izan duten taldeak punka edo metala egin dutelako; baina baita ere, izan daiteke ez dela egon talde popero bat jendea bereganatu duena, Itoizek bere garaian egin zuen bezala. Pop talde oso onak ditugula uste dut: Bide Ertzean, Kerobia... Kristoren maila dute, baina momentuz ez dago talde bat jendea masiboki mugitzen duena. Eta oso kuriosoa da hori.

Urtebete izango da Mikel Lopez “Rubio”-k taldea utzi eta David Gonzalez sartu zenetik. Nolakoa izan da aklimatazioa?


G. Urbizu: Jaio.Musika.Hil bira kristorena izan zen, eta nahiko nekatuta bukatu genuen, batez ere psikologikoki. Aldaketek beti eragiten dizute zalantza, baina nik uste oraingoan ondo etorri zaigula mozteko: diskoa atera nahi dugu eta etorkizunean pentsatu, edo disko honetan; Jaiorekin moztu, nahiz eta oso etapa inportantea izan den guretzat. Baxu-jole berria daukagu, Roadrunner diskoetxe berria, grabaketa moldea… Eta nik uste diskoa ere ez dela aurrekoaren antzekoa, beste zerbait dela. Hori denborarekin gure ezaugarrietako bat bihurtu da: aurreko diskoarekin, ez eten baina…

A. Goikoetxea: … bai, hamabost urtean ez dugu sistema errepikatu. Jaio atera zenetik lau urte pasa dira, baina ez dugu atsedenik izan. Birako azken kontzertua abuztuaren 16an eman genuen, eta irailaren 1ean biok hemen geunden, lokalean. Azaroan David sartu zen, maketen grabazioa, diskoaren grabazioa…

Udan kontzertu batzuk jo dituzue. Kanta berriren bat probatu duzue zuzenean?


A. Goikoetxea: Pare bat hartu genituen, jendeak zelako harrera egiten zien ikusteko, eta guk ere eszenatokian zer sentsazio genuen probatzeko. Baina hori ere guretzat zaila izan da: orain arte diskoa grabatu eta berehala bira egiten genuen. Orain bost hilabete itxaron behar genituen, abestiak jo, baina pare bat bakarrik…

G. Urbizu: Orain Youtube-rekin daukagu… Ez dakit problema baina… Ondo dago segun eta zer gauzatarako, baina batzuetan sorpresa puntua kentzen dizu.


Jendeak kontzertua grabatzen du eta…


G. Urbizu:
Klaro: guk Madrilen jo genuen kanta berrietako bat, eta hurrengo egunean letra Interneten zegoen, Youtuben hamaika mila bideo, jendea kantari titulua jartzen guk ezer esan aurretik… Alde batetik ondo dago, ikusten duzulako badagoela ikusmina, eta musikari moduan horrek betetzen zaitu; kristoren pribilegioa da. Baina, aldi berean, Youtuberik egongo ez balitz, guk zazpi edo zortzi kanta berri joko genituzke, ontzen joateko, probatzen joateko… Baina ezin izan dugu.

Horretan bai aldatu direla zuzenekoak: orain pantailaz josita daude. Ez zarete itota sentitzen hainbeste jende grabatzen ari dela ikusita?


A. Goikoetxea: Kalitate aldetik grabazio asko txapuza bat dira. Eta gainera, zuk kontzertu guztietan ematen duzu onena, baina askotan abesti hori hobeto edo okerrago atera daiteke. Ez dakit, etengabe esposizio horretan egotea nahiko deserosoa da, batez ere, oraindik atera ez den disko batekin.

G. Urbizu:
Grabatzen duzunetik diskoa ateratzen den arteko tarte hori, pixka bat sentsiblea da. Ez dakizu jendeak nola hartuko duen, zu ere akatsak ikusten hasten zara; edo akatsak ez, baina “hau horrela egin izan bagenu” edo “kanta berri bat egin genezakeen”. Tarte hori, orain arte, hilabete batekoa-edo izan da. Orain berriz, apiriletik gaude diskoa grabatuta, eta oraindik ez da atera… Puff! Hilabete hauek antsietate moduko batekin pasa ditugu. Gogoa daukagu ateratzeko eta jendeak iritzia emateko, baina ez suposizioen gainean edo Youtuben ikusi duenaren gainean, diskoa eskuan edukita baizik.
Roadrunner: atzerrian babesa
Gor Diskak-en urte asko pasa ondoren, Roadrunner diskoetxearekin argitaratuko da Payola irailaren 14an. Iruñeko zigiluarekin gustura lan egin dutela dio Gorka Urbizuk, baina atzerrian proiekzio handiagoa eduki nahi dute: “Azkeneko biran 200 kontzertu eman baditugu, erdia baino gehiago Euskal Herritik kanpo izan dira; eta alde horretatik pixka bat umezurtz geunden. Orain arte diskoak Espainiako Estatuan bakarrik ateratzen genituen, eta Roadrunnerrek eskaintzen digu kanpoan babes pixka bat. Tira, ikusteko dago, baina hasiera batean intentzio onak ikusi ditugu”.
Steve Albinirekin grabatzen
“Ez da ohiko teknikari bat, jenio txiki bat da; artisau bat dela esango nuke” dio Aitor Goikoetxeak. Albinik analogikoan grabatzen baitu eta beraz... “konponketak egon behar direnean-edo… Artisaua izan behar duzu, zinta mozten ibili… Duela 30 urte normala izango zen, baina gaur egun horrelako lan sistema ez da oso ohikoa”.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Berri Txarrak
2021-03-14
Marina Lameiro. Dardara irudietan harrapatzen du
"Musika dardara da eta bibrazio horrek beste dardara bat eragiten du jendearengan"

Film dokumentalak maite ditu egile iruindarrak. Bere lehen filmetan gazte askok bizi duten prekarietate amaigabeaz eta gentrifikazioaz mintzatu ondoren, orain musikak sorrarazten digun dardarizoaz ari zaigu Berri Txarrak eta bere zaleen inguruko Dardara dokumentalean.


Luzerako geratuko den orbaina

Lekunberriko gaztetxean lehen kontzertua ematetik, Nafarroa Arenan asteburuan 24.000 lagun inguru biltzera pasatu dira. Mende laurden igaro da tartean, hamar disko kaleratu eta kasik 1.100 kontzertu eman dituzte bitarte horretan. Milagarrena munduaren beste puntan gainera,... [+]


Berri Txarraken Beude birako azken konzertua
Orbain formako irribarrez

Irri bihurri batek aterarazi ditu eszenatokira. Ez show txundigarririk, ez bat-bateko irteerarik. Lasai atera dira Larragako La Laguna elkartea goraino bete duten jarraitzaileen aurrera, entsegu lokalean egongo balira bezala. Mikroak mugitu, kableak baztertu, parez pare begira... [+]


Berri Txarrakek kontzertu sorta berria iragarri du urrian

Euskal Herriko zenbait gaztetxe eta areto txikitan joko du Berri Txarrak taldeak urrian. Orain arte iragarri gabe zeuden kontzertu hauek taldeak agur esateko biraren parte dira.


Eguneraketa berriak daude