Gurasoak ikastetxeari soluzio eske

  • “Haurra kolokatu dut”. Esaldi ohikoa da. Aitek eta amek lan egiten dute etxetik kanpora eta eguneko ordu askotan umeak zainduta izateko arazoak handiak dira. Ez datoz bat, lan mundua, eskola garaia, eskolaz kanpoko garaia... Bizimolde berriak irtenbide berriak eskatzen ditu.
Dani Blanco
Aimarrek, Naroak eta Ioritzek autobusa 8:45ean hartzen dute. Aimar 9:00etan sartzen da eskolara. Beste biak 9:30ean. Bi txikiak ordu erdiz zaintzaileekin egoten dira, bata ikastetxearen eraikin batean eta bestea bestean. 12:25ean amak txikiena eskolatik ateratzen du eta 12:30ean bi zaharrenak jasotzen ditu beste eraikinean. Kotxez –autobusik ez dago– etxera daramatza bazkaltzera; gehienetan aiton-amonen etxean bazkaltzen dute. 14:30ean berriz eskolara eramaten ditu, bi haur eraikin batera eta bestea ehunka metrotara dagoen beste eraikinera. 16:30ean hirurak batera autobusez itzultzen dira bizi diren auzora. Gurasoei –aitak etxetik kanpora egiten du lan eta amak etxean autonomo gisa– aiton-amonek eta osabak laguntzen die hiru haur horiekin. Izan ere, seme-alabak ez dira hiru, lau baizik. Txikiena ez da eskolan hasi eta amak zaintzen du etxean. Irailean hasiko da eskolan; ordubetez hasieran, gero ordu eta erdiz, urte bukaerarako hiru ordura luzatu arte. Amak autoan eraman eta ekarriko du egokitzapen garaian, eta handik pixka batera berriz ere itzuliko da eskolara beste hirurak jaso eta bazkaltzera eramateko. Amak oso garbi dauka: “Aiton-amonen eta osabaren laguntzarik izango ez banu, ez nituen lau haur ekarriko. Egia da, lau ume izatea ez da ohikoa, baina hiru haurreko familiak gero eta gehiago dira”.
 
Eskolako ordutegia eta oporraldia ez dira bateragarriak bizimoduko beste inolako proiekturekin. Arantza Fernandez de Garaialdek, irakaskuntzako STEE-EILAS sindikatuan lanean ari den irakasle liberatuak, kazetariari berriketaldiaren bukaeran esandakoa da. Sinesgarria dirudi, lau haurreko familiaren panorama ezagututa. Gizartea aldatzen ari da eta eskola ez hainbeste, ez behintzat gurasoen lan beharrak eta haurren zaintza koordinatzeko orduan.
 
Haurrak ezin dira bakarrik ibili

Familia-kontziliazioa gai izarretakoa da hezkuntzan. Guraso, irakasle eta bestelako langileen artean kolore askotako eztabaida eta iritziak daude, ez hainbeste praktikara eramandako esperientzia globalak. STEE-EILAS sindikatuak badu egoera konplikatuaren diagnosia, eta baditu irtenbideak aurkitzeko proposamenak. Horiek azalduko ditugu hemen.
 
Familia-adiskidetzearen gaiari heltzeko arrazoien artean, bi iturri aipatu dizkigu Fernandez de Garaialdek. Batetik, gurasoen eskaerak: “Jantokian utz al dezaket semea? 9:00ak baino lehenago utz al dezaket alaba? Eskolaz kanpoko ekintzarik ba al da haur txikientzat?”. Ezin zaindu haurrak eta eskolara jotzen du askok laguntza eske. Bestetik, Menpekotasunaren Arretarako Euskal Sistema Publikoaren Aldeko Plataforma osatu zuten STEE-EILASek, beste hainbat sindikatuk eta mugimendu feministak. Plataforma honetan lehentasuna adinekoek dute, baina hari horri tiraka haurren arreta orokorraren inguruko hausnarketa egin eta bultzatu nahi du sindikatuak.
 
Gure gizartea aldatzen ari baita. Eskubideen kultura zabaltzen ari da eta haurraren eskubideez jabetzen gara, Mendebaldean behintzat. Haurrek gero eta arreta gehiago eskatzen dute, besteren artean, autonomia galdu dutelako. Eguneroko bizi eremuak –ikastetxea, gurasoen lantokia, dendak...– sakabanatuta daude eta haurrak, duela urte batzuk ez bezala, ezin dira bakarrik moldatu. Hirian ez dabiltza oinez eta bakarrik, garraiobidez eta lagunduta baizik. Bizitza komunitarioa desagertzen ari da eta ume eta gazteak zaintzeaz etxekoak baino ez dira arduratzen, ez dago auzolanik. Familiak gero eta kide gutxiagokoak dira; beraz, senideen artean haurren zaintza partekatzea zaila da eta seme-alaba zaharrenek ez dituzte txikienak zaintzen.
 
Amaren arazoa

Hezkuntza sistemaren makinaria poliki ari da aldatzen. Ia gaur arte ikastetxe guztietan haurrak 9:00etan sartzen ziren, eguerdian etxera bazkaltzeko eta arratsaldean berriro eskolara. Udako oporrak ia hiru hilabetekoak. Eta gurasoek ezin horri erantzun. Arazoa gurasoena da, amarena, gehienetan. Hara zer dioen “arazoa leporatzeaz” Fernandez de Garaialdek: “Ohikoa da honakoa entzutea: ‘Lehen amek betetzen zuten funtzio bat eta orain uko egiten diote funtzio horri. Horregatik sortzen dira problemak’. Gure ustez ez da horrela. Gaur egun amatasunak emakumeari exijitzen diona orain dela 40 urte baino askoz gehiago da. Kontua ez da ama etxetik kanpo lanean hasi dela-eta haurrak zaintzeko bestelako baliabideak aurkitzea. Hausnarketari buelta eman diezaiogun: goazen pentsatzera umeak non dauden, zer behar duten...”.
 
Esparruak banatzeko joera hautsi beharra nabarmendu du STEE-EILASeko kideak. Umea familian hezi egiten da, ikastetxean ikasi egiten du eta eskolaz kanpokoa aisialdia da. Hiru esparru horietako bakoitzean eragile batzuk daude, funtzio batzuk betetzen dituztenak, eta “bakoitzak geurea defendatu nahi dugu”. Eremu banaketa horrekin apurtzea proposatzen du sindikatuak, hasteko heziketa eta zaintza bateratzea, bere ustez, banaezinak direlako: “Umea besotan hartuta duenak ipuina kontatuko dio eta kaka egin badu garbitu egingo du”. Horrek ez luke esan nahi haurrak egun osoa eskolan pasa beharko lukeenik, eta ikas orduek gorantz egingo luketenik, baizik eta haurraren heziketa, irakaskuntza, zaintza, aisialdia... hobeto antolatuko liratekeela. Eragileak? Ardura hartzen duten bakarrak ez dira gurasoak eta irakasleak, eskola komunitateak luke zentzua: irakasleak, gurasoak, jantokiko langileak, eskolaz kanpoko hezitzaileak, begiraleak eta abar. Hezkuntza Sailak hartu beharreko ardurak garbi ditu sindikatuak. Bere ustez, irakaskuntza eta hezkuntza bere gain hartzen dituen moduan, Hezkuntza Sailak zaintza beregan hartu beharko luke.
 
Orain, bakoitzak ahal duena

Estatistiken arabera, familia ereduak gero eta anitzagoak dira, baina umeak dituzten familiak eredu zaharrekoak dira ia beti, aita eta ama daude. Aitak gutxi hartzen du parte haurren zaintzan, borondatea alde batera utzita, lan merkatuko ezaugarriek eraginda ama delako etxera erretiratzen dena. Orduan zein irtenbide aurkitzen dituzte gurasoek, eta askotan amek, euren seme-alabak zaintzeko? Bada, besteren artean, poltsikoak ahalbidetzen diena. Aukera merkeenetakoa aiton-amonen laguntza izan daiteke: eskola orduz kanpo zaintzeko, eskolara eraman eta ekarri egiteko, bazkaltzen emateko... Beste aukera bat gurasoetako batek zaintzea da, askotan lana utzita egun osoz edo egun erdiz, eta gehienetan ama da hori egiten duena. Doakoak baino –doakoa diruari dagokionez, zeren aiton-amonak neka-neka eginda dabiltza bigarren belaunaldia zaintzen–, paguzko irtenbideak dira gehiago. Bata zaintzailea kontratatzea, bestea eskolaz kanpoko ekintzetan apuntatzea haurra. Irtenbide kaskarrak denak ere Fernandez de Garaialderen ustez, familiaren ahalmen ekonomikoaren arabera aukera bat edo bestea dagoelako, eta batzuetan aukerarik ez.
 
Eskolaz kanpoko ekintza, ikastaro eta bestelako amarauna hori guztia antolatzea da sindikatuaren proposamenetako bat. Ana Nestar irakaslea eta ama da. Badaki zerbait familia-adiskidetzeaz. Eskolaz kanpoko ekintzei buruz hauxe esan digu: “Umeak plurienpleatuak dira. Gurasook esaten dugu arratsaldetan haurrak okupatuta ditugula gustuko lanak dituztelako eta beraientzat hobeto delako, baina nik zalantza handiak dauzkat. Ez ote da guri oso ondo etortzen zaigulako? Ezin ditugulako bestela atenditu? Egun osoa bete diegu; goiz eta arratsalde eskola, eta denbora librea ere beteta dute. Gero, esaten diezu haurrei denbora librea daukatela eta nahi dutena egiteko eta ez dakite zer egin. Ez dute iniziatibarik”. Horretaz ari da Fernandez de Garaialde irakaskuntza, hezkuntza, zaintza, aisialdia bateratzea dioenean. Haurrak ez dauka zertan eskolara, ingelesera, solfeora eta dantzara errenkadan joan. Beharbada atsedena hartzeko gogoa du, lagunekin berriketan egoteko, eskolako jolas tokian jolasteko... Bere kasa ibiliko da, baina zainduta.
 
11x11 proiektua

Basauriko Udalak (Bizkaia) Xixonen (Espainia) izan zuen 11x11 proiektuaren berri. Udaleko Berdintasun Sailak hartu du proiektuaren ardura. Oraingoz ez dute abian jarri, asmoak baino ez dituzte. Alabaina, hanka sartzeko arrisku handirik gabe esan daiteke, adiskidetze familiarraren esparruan, Basaurikoek landutakoa baino proiektu orokorragorik eta sendoagorik ez dela.
 
Eskolak urtean hamaika hilabetez eta egunean hamaika orduz irekita egitasmoa Berdintasun Sailak hartu du bere gain; ez alferrik. Lanaren banaketa desorekatuari aurre egin nahi diote, Anabel Sanz berdintasun teknikariak esan digunez: “Kontziliazioa egiten da, arazoa da emakumeek egiten dutela. Emakumeak oso abilak dira eremu publikoko lana, etxeko zama, konpromiso soziopolitikoa... uztartzen”. Abiapuntua garbi edukita honako pausoak emango dituzte. Lehenbizi, Basaurin heziketara, zaintzara, aisialdira eta abarrera bideratuta dauden zerbitzuak zerrendatuko dituzte, bai ekimen pribatuak bai publikoak. Bigarrenik, gurasoei galdetuko diete zer behar dituzten, egunerokoan haurren arreta ganoraz betetzeko zein zailtasun dituzten. Diagnosia eginda, 11x11 praktikan jartzea litzateke hurrengo pausoa. Eskolak eta eskolaz kanpoko ekintza guztiak berrantolatuko lirateke haurren arreta ondo bideratzeko. 3 eta 12 urte arteko umeak hartuko lituzkete kontuan eta Basauriko hamar ikastetxeetatik bi edo hirurekin egingo lukete froga. Lehenago STEE-EILASen izenean Arantza Fernandez de Garaialdek azaldu digun moduan, kontua ez litzateke oraingo eskola eta eskolaz kanpokoaren eskema errepikatu eta umeak ordu gehiagoz eskolan ikasten edukitzea, baizik eta irakaskuntza, hezkuntza, aisialdia eta zaintza eremuak bat egin eta koordinatzea. Proiektu handia eta estrategikoa, Euskal Herrian parekorik ez duena –Espainiako Estatuan ere apenas–.
 
Lana eta familia uztartzeko arazoak gero eta handiagoak dira. 7:30ean haurrak eskolara eramateko aukera izatea, jantokiak eta siesta guneak... adabakiak baino ez dira. Familia adiskidetzeak ez luke guraso saiatuen odisea gogorra izan behar; lan munduak aldatu behar du, eskolak egokitu behar du, eta erakunde publikoek esku hartu behar dute.
Kontraesanean
Imanol Zubizarreta, Baikara Gipuzkoako Ikasleen Gurasoen Federazioko koordinatzailea da. Argi adierazi digu nola gurasoek gero eta zerbitzu gehiago eskatzen dioten ikastetxeari. Duela urte batzuk ikastetxeak ildo ideologiko-pedagogikoaren arabera aukeratzen omen zituzten gurasoek; orain, zein zerbitzu eskaintzen dituzten begiratzen du askok, baita etxetik hamar kilometrora badago ere ikastetxea. “Kontraesanean gaude, federazio gisa guraso elkarteek aurkeztutako beharrei erantzuteko premia daukagu, baina era berean egokia ez den eredua eraikitzen ari gara. Haurrak ordu askoz daude eskolan, hori ez da ona, baina zer egin behar dute gurasoek? Arazo hau konpontzeko gizartea antolatu behar da. Eskolak ezin du ardura osoa hartu. Bi urteko haurren eskolatzearekin gertatu den bezala, Eusko Jaurlaritza erantzukizun gehiago hartzen joango da”.

Imanol Zubizarreta: “Gurasoen beharrei erantzuteko premia daukagu, baina era berean egokia ez den eredua eraikitzen ari gara. Haurrak ordu askoz daude eskolan, hori ez da ona, baina zer egin behar dute gurasoek?”

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude