Sexua, beldurra, inkomunikazioa

Inma Errea
Alberto Elosegi
Prostituzioak pagotxa du Nafarroan. Inkesta baten emaitzek etorkizun oparoa iragartzen diote sektoreari. Prostituzioaren bezeroen multzoa dezente gaztetu omen da hemen. 1990eko hamarkadan, 45 urte ingurukoak ziren prostituzioaren erabiltzaileak. Orain, 30 urtean da batezbestekoa, eta 20 eta 25 urte bitarteko gazteak ere ugariak omen dira, jarduera horretan. Bezero berriak, baina ohiturak, zahar: 20 urte inguruko neska gazteekin nahi dituzte harremanak, eta harreman horiek, arriskutsuak nahiago: kondoirik gabe nahi dituzte.
 
Datuok leituta, ziztada bat sentitu dut sabelean, Yamiled Giraldo eta Nagore Laffageren hilketekin sentitutakoen pare. Aitzinamendu gutxi, gizon eta emakumeen arteko harremanetan. Pertsonen askatasuna eta begirunea oinarri eduki beharrean, harremanek mendetako desorekari eusten diote, eta batzuei plazerra eta besteei atsekabea ekartzen segitzen dute sarri.
Nafarroako prostituzioaren inguruko inkesta zekarren erreportajean itaundutako prostituten erantzunak adierazgarriak dira. Batek dio mutil gazte askok asteburuetan jotzen dutela harengana, ligatzea lortzen ez dutenean. Beste batek, berriz, larrua jotzeko baino ez direla hurbiltzen, ez dutela hitz asko egiteko ohiturarik. Baina asaldura handiena hirugarren batek dioenak pizten du: “Batzuek uste dute dena ordain daitekeela”.
 
Kezkagarria da hori guztia, baina, batez ere, beldurgarria. Betiko jokamolde trakets eta mingarriek dirautela frogatzen du, batzuetan itxura modernoen gibelean gorderik. Gizon batek nahi duena egiten ahal du, emakumearen borondatearen eta desiren gainetik. Gizon batek bortxa edota poltsa erabiltzen ahal ditu, nahi duena lortzeko. Gizon batek emakume bat hiltzen ahal du, nahi duena lortzen ez duenean.
 
Gazte nintzenean, mutilek proposatutako harremanei neskok ezetza emanez gero, zergatik ez genuen nahi galdetzen ziguten behin eta berriro. Oro har, gure erantzunak ez ziren oso argigarriak izaten. Sarri, isiltasunean tematzen ginen, arrazoirik gabeko ezetzetan gotortuta. Segur aski, nire belaunaldiko mutil asko gelditu ziren arrazoiak jakin gabe. Pitin bat pentsatuta, kasu gehienetan ukoaren zergatia –edota zergatia argi ez azaltzeko arrazoia– ez zen soilik orduko jendartean oraindik tinko zirauten arau moral estuen ondorio. Baziren beste zio pisuagoak, ilunagoak, eta guretako aitortzeko zailagoak. Horien artean, beldurra zen, hain segur, nagusietako bat. Beldurra, gure desirak eta bestearenak bat ez etortzeari. Beldurra, bestearen nahiei gure desioen araberako muga paratu ezin izateari. Beldurra, gure nahiak ezin adierazteari. Beldurra, finean, gure borondatea bestearen menpe gelditzeari.
 
Beldur hura psikologikoa zen, eta fisikoa ere bai. Zoritxarrez, errealitateak eten gabe segitu du frogatzen emakumeek beldurrez jokatzeko arrazoiak ez direla funtsik gabeko asmazio hutsalak.
 
Gizarte honetako emakume asko –eta, zorionez, gizonetan ez gutxi– egoera horren aitzinean matxinatzen gara, baina ez dugu asmatzen bidearekin. Segur aski, gakoa ez dago legeetan, pertsonen hazieran eta hezieran baizik, adimena eta emozioak batera landu beharko lituzketen estrategietan. Besteekin harreman egokiak eta gogo-betegarriak izateko gauza izateko, gure sentipenak, desirak, beldurrak eta itxaropenak zein diren jakiteko, inkomunikazioaren hesiak gainditu eta ideiak eta emozioak besteei adierazteko. Horrela, agian...

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude