ARGIA.eus

2020ko apirilaren 08a
Koldo Izagirre

«Idaztea bigarren mailako bihurtu da prentsan»

  • Urtarrilaren 29an, 18:30ean, hitzaldia eskainiko du Koldo Izagirrek Hernaniko Milagrosa kaperan, euskal prentsaren historiaz. Argiaren 90. urteurrenaren kariaz, eta Hernaniko Kronikaren laguntzarekin antolatutako ekitaldia izango da. Aurretik Izagirrerekin hitz egin dugu; gaiak ugari, erantzunak askotarikoak. Egungo prentsa “neutroa” dela uste du, “geza”. Zenbat gatz bota, eta nola? Ez dago errezeta magikorik ondorengo lerroetan. Osagai batzuk, bai.
Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm
2009ko urtarrilaren 25a
Koldo izagirre
Dani Blanco

Hasteko, azken 90 urteetan euskal kazetarien estiloak izan dituen aldaketa garrantzitsuenak nabarmentzeko eskatuko nizuke. Zertan egin dugu aurrera? Eta atzera?


Fase asko izan ditu kazetaritzak, baina beti izan da, bateko edo besteko, ideia politiko jakin batzuen defendatzaile eta hedatzaile. Alegia, mundu osoko prentsa bezalakoa izan dela gurea ere. Oro har, eta batzuetan ezinbestean, izugarri katolikoa izan da. Lizardi bezalako katoliko zintzo batek zera esaten zuen, “kazeta prakaduna” behar genuela, “ez sotanaduna”. Atera kontuak! Pixkanaka, gure kazetaritza laikotu egin zen, gizarteari begira jarri zen. Gaien ugaritzeak estilo aldaketak ekarri zituen. Baina oraindik ere egiteko dago testuetan oinarritutako kazetaritzaren historia. Pena da.
 

Historia hori berreskuratzeko lanetan jarduna zara; hor daude, besteak beste, Juan Bautista Bilbao, Batxiren edo Joseba Zubimendiren artikulu bildumak. Gaur egungo kazetari batek zer ikas dezake haietatik?


Gaurko kazetaria erredakzioan lotua dago, ez du kanpo-lanik egiten. Mundura irteteko, Internet dauka. Argazkiak egiteko, agentzia bat edo bi. Kazetaria itzultzaile huts bihurtu da, agentzien morroi. Erreportajeak egingo ditu Saharara edo Estatu Batuetako hauteskundeetara joanda, baina kaleko kazetaritza, inguru hurbileko berri ematen zuena, hori galdua dago aspaldi samar. Garai bateko kazetariek ez zuten objektibotasun asmorik. Iritzia ematen zuten aldiro, pertsonalki engaiatzen ziren lantzen zuten albistean edo kronikan. Eta horrek estilo bat suposatzen zuen. Gaur neutroa da dena, geza. Seguru asko, kazetaritza fakultatean ere horixe ikasiko dute, estilorik eza dela objektibo izateko bidea.
 

Hain zuzen ere duela hamarkada batzuetako Zeruko Argiaren aleak irakurrita, sentsazioa dut, euskara batuak ekarri zuen estandarizazioak ifrentzu hori izan duela: ez al du prentsalarion prosak freskotasuna galdu?


Aipatu dizudan neutrotasun horren ondorioa da, ez dut uste batuaren errua denik. Horretan bada on ustean sekulako kaltea egiten ari den figura, zuzentzailearena. Erakunde publikoetan itzultzailearena da kaltegintza hori: itzultzailea dagoenez, alegia, itzulpena beti denez gaztelaniatik geurerakoa, ez da deus sortzen euskaraz. Hori horrela da administraziorik euskaldunenean ere. Horrelako zerbait komunikabideetan: zuzentzailea dagoenez, ez du ardura zabar idazteak, txukunduko du zuzentzaileak. Eta zuzentzaileak ezin die estilo bana eman erredakzioko kazetariei. Nahikoa lan dauka sintaxia jatortzen, errepikapenak bakantzen eta akats ortografikoak behin eta berriz zuzentzen. Idaztea bera bigarren edo hirugarren mailako bihurtu da prentsan. Garrantzitsuagoak dira infografia, diseinua, “atsegintasuna”...
 

Ildo horri jarraituz: literaturak nola lagundu dezake prentsa komunikatiboago egiten?


Literaturak baliabide batzuk dauzka, kroniketan, esaterako, erabilgarriak: kontaketaren linealtasuna apurtzea, dialogoak tartekatzea, alderaketa, metafora... Baina ez begiratu literaturari kazetaritza egiteko, literaturak sekulako kaltea egin liezaioke kazetaritzari. Ez dezagun kazetaritza kronikan edo artikulugintzan murriztu. Kazetaritza askoz handiagoa eta anitzagoa da hori baino, eta literatura ez da, oro har, prentsak bere burua hobetzeko begiratu behar duen ispilua. Are gehiago, idazle handi askok prentsa eduki zuten lehen eskola: zehaztasuna, interesgunea, apainkeriarik eza... Prentsarako idatziz ikasi zuten ganoraz idazten Hemingwayk eta García Márquezek, arrunt estilo desberdineko bi handi aipatzearren.
 

Zure literaturak prosa didaktikoari ihes egiten diola esan izan duzu. Kazetariaren estiloak zein gradutan egin diezaioke ihes didaktismoari?


Kazetaritzak mundua ulertzen laguntzen digu. Esaterako, Israelek egiten dituen sarraskiek luzera zein helburu izan dezaketen argitzen digu, edo argitu behar liguke: irudietatik haratagoko jarduna da kazetaritza. Alderdi horretatik hartuta, benetako kazetaritza, nolabait, beti da didaktikoa, formatzailea ere badenez, iritzi-sortzailea. Nire ustez, paternalista izatea da kazetaritzak bere buruari ukatu behar diona. Irakurlea umetzat hartzea, esan nahi dut.
 

Stendhal-ek zioen bere helburua zela ahalik eta hitz gutxienekin ahalik eta gehiena adieraztea. Zerorrek, Sua nahi, Mr. Churchill? argitaratu ondoren eskaini zenuen hitzaldi batean, “izarrak loretan” esaldia adibide jarrita, elipsiaren beharra azpimarratu zenuen. Zer idatzi baino garrantzitsuagoa al da, zer kendu behar den jakitea?


Papera garestia da, orriak mugak ditu, eta egunkari-irakurleak presa dauka. Denbora pasatzeko, denbora-pasak eta gurutzegramak dakartzate egunkariek. Hortik ateratzen dugu idatzia zatika, lehen ikusian, tarrapataka irakurtzen dela, ez “denbora pasa”. Nobela batek ehunka orrialde ditu. Ipuin batek dozenaka. Horietan ongi dator betelana, luzean ezin liteke beti tentsio bera mantendu. Kronika batek ordea, artikulu batek, albiste batek, lerroak dauzka, hainbeste lerro, ezta orrialde bat ere. Funtsezkoa kontatu behar da prentsan. Apainketa edertasunaren aitzikoa da. Idazle ona, txarra kentzen dakiena da. Baratzea bezala, testua jorratu egin behar da. Baina ba ote dauka astirik, kazetariak?
 

Ustezko objetibotasunaren mesedetan, hirugarren pertsonan idazten ditugu artikuluen hamarretatik bederatzi. Aberastuko ote luke kazetariaren ‘ni’-ak euskal prentsa? Hurbilagoko egingo?


Protagonismoaren arriskua ere badauka nika jarduteak. Telebistako kazetariak, batez ere “berri-emaile bereziak” izaten dira horren eredu patetikoena. Kamera aurrean jarri behar izaten dute, “han bertan” daudela adierazteko: ez dira gai bertako ezer agertzeko. Atzean, adibidez, poliziaren furgona bat Espainiako Entzutegi Nazionalean sartzen. Zer egiten du hor kazetariak? Bere ni-a erakusten du, aurpegiz bezala hitzez. Eta dena da topikoa. Ni-a ez da interesgarria ez bada inplikazio baten ondorio. Lan moldeak sortu behar du estiloa. Bestela estilismoa egingo du kazetariak, alegia, kazetaritza ez beste zerbait. Exhibizionismoa, askotan.
 

Mark Twain: “Adjektibo bat ikusten baduzu, hil ezazu”. Zerrendatuko al zenizkiguke prentsak, zure ustez, kalitu beharko lituzkeen adjektibo batzuk? Eta izenak? Aditzak?


Alejo Carpentierrek ere horrelako zerbait zioen, hizkeraren zimurrak direla adjektiboak. Orain gazteek dena “kristona” juzgatzen dute, “hiper” edo “super” bezala. Hainbesterainoko errepikatzez, honez gero ez dute ezer adierazten. Dena superrona baldin bada, zer edo zer “ona” dela entzundakoan on huts horrek “oso ona” izan behar duela pentsatzen dugu! Zer kendua ez da falta, baina honakoak lehenetsiko nituzke: “euskal” kontzeptuarekin zerikusi duen guztia, “atzerri” kontzeptuarekin zerikusi duen guztia, “arrakasta” kontzeptuarekin zerikusi duen guztia, “ospea” kontzeptuarekin zerikusi duen guztia, “abentura” kontzeptuarekin zerikusi duen guztia...
 

Iñigo Aranbarrik Argian zera esan zuen euskal prentsaz: “Bi arrisku nagusi ikusten dizkiot. Bata, ez dakidala nolako gaitasuna dugun gaur egungo errealitatea erakusteko”. Iritzi berekoa al zara?


Esan dizut kazetaria lotua dagoela, mahaitik ari dela. Eguneroko kuota bete behar du. Liberatuko al lukete inor Balentziaga kasua bi hilabetez ikertzeko? Edo joan deneko berrogeita hamar urteotan amiantoak gaixotu eta hildakoen inguruko erreportajea egiteko? Ez, ez da errentagarri. Eta bestetik, botereak kontrolpean dauzka medioak, publizitatez eta subentzioz. Prentsa ez da librea, eta hedabide publikoak, publikoak ez baina gubernamentalak dira. Ez da kasualitatea ETBk dokumentalismoa sustatu ez izana. Ez dago ikerketa kazetaritzarik, ez da komeni. Prentsa, kazetaritza, kontraboterea izan zen inoiz, baina gaur...
 

Idazleak ikusten ditut euskarazko prentsan, baina iruditzen zait oraindik tiradera diferenteak daudela gurean: batean daude idazleak, bestean kazetariak. Zein da zure iritzia?


Tiradera diferenteak... Hori horrela da inguruko hizkuntzetan ere. Eta ez dut uste kazetariak bere burua menostua ikusi behar duenik idazletzat hartzen ez dutenean. Idazle onak ez daukan trebetasuna dauka kazetari onak, badaki gaiari nondik heldu, nor elkarrizketatu, non dokumentatu... Kazetariek lan literario ederrak egin izan dituzte, idazletu egin izan dira. Baina idazleak, idazle literarioak, nekez egingo du kazetaritza onik. Har itzazu kronikak, adibidez: oso desberdinak dira idazle batek eginak eta kazetari batek eginak. Igoaleko giharra daukate kazetariek egindako kronikek!
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Koldo Izagirre

Koldo Izagirre kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude