Xoxoaren kantua harresiaren orpoan


2004ko urriaren 24an
Buruaz beste egitea zer den, alegia, esamolde lazgarri horrek zertan duen sorrera eta funtsean zer adierazi nahi duen, Hondarribian ikasi dugu oraindik orain: Jokin Z. ez zen izaten ahal nahi ez zuen hura, ez zen izaten ahal bestek izatera kondenatu zuten hura -kakatia, salataria-» eta horregatik egin zuen beste buru batera. Hura ez beste nor bat zen Jokin, eta hura ez baina bera zen beste nor horren bila hegaldatu zen harresitik beheiti.

Harresitik beheiti.

Ez da besteak bezalako lekua, inork bere burua botatzen duena.

Ez naiz amonareneko ganbaran urkatuko, ez dut pilula meta bat irentsiko ohean sartuta, ez ditut zainak ebakiko bainugelan itxita, ez dut monoxido karbonoa arnastuko etxeko garajean. Agerian eta plazako burutuko dut zuen krimena. Hor daukazue haragi hori, egizue nahi duzuena. Nire haragi kolpatua nire gogo kolpatuagoaren truke. Harresitik beheiti, belardian geldi daitezen burua mokoa lepoa bizkarra hegoa... eta nire kantua.

Harresiaren orpoan.

Emakumezkoak ertzainek babestuta desfilatzen duen bazterrean.

Denok esaten genuen hura ez zela bera frogatzeko utzi zuen Jokin Z.k bere sufrikarioaren lekukotza eremu publikoan, denok geundela oker adierazteko: zipriztinak gure bermutean, eguzki beteko igandean mutikoak eskopeta hartu eta Marina erdian garuna zapartatu izan balu bezalaxe.

Denok akusatzen gaitu zure kantuak hor.

Hamalau urteko ume batek gorputza belardi munizipalean utzi duelarik ezin baitugu serioski baieztatu "denok" esatea "inor ez" esatea bezala dela. Denok akusatzen gaitu, alegia, "gutariko bakoitza". Pedagogiaz espantuka hitz egin eta baliabiderik ematen ez duen politikaria da bakoitza, gelan gertatzen ari dena zuzentzeko gauza izan ez den hezitzailea da bakoitza, semearen ubeldu moral eta fisikoak eztitzeko gai izan ez den gurasoa da bakoitza, bere burua amildu duena bera da bakoitza... baina batez ere tradizioaren izenean edo eguneroko epelean herrian eredu matxomerkea nagusitzen utzi duen oro da bakoitza.

Kantu garratza guztion entzungarri.

Belarriak gortu ditugu.

Noizbait serotonina molekularen garrantziaz ariko zaigu biologoren batek, joera suizidak aipatuko ditu gure arrangura izpirik ahulena itzaltzeko. Bitartean, biktima bera errudun bihurtu artean, soziologoek, psikologoek eta pedagogoek "eskoletako indarkeriaz" jardun dute, eta hamalau urteko umeengana egin dugu hatz urriki handirik gabe: bide judiziala zabaldu da, ertzainek galdekatu dituzte, bereizi egin ditugu, kriminalizatu egin ditugu. Zertarako ari gara eraikitzen, bada, gaztetxoen kartzela Zumarragan? Birusa isolatu da, lasai joan gaitezke Marinara bermuta hartzera. Berriro ere, "inor ez" izanen gara "denok".

"Sonia, Miren, Begoña"

"Maite, Natalia eta Ireneren partetik".

"Xebe, gure ondotik joan zara baina ez gure bihotzetik".

Eta euriak irakurtezina bihurtu duen euskarazko testu bat, eskuz egina. Ez da izanen irakurgarri dauden erdarazkoak baino txarragoa. Genero zaila da hildakoentzako literatura, hori ez da eskolan ikasten.

"Prontxio taldea: Cristina, Nekane, Jokin, Ariane, Marta, Ander, Olatz".

Jokini hitz gozoren bat sinatzeko gai mutikoak bi, neskatoak hamar.

Gogorra, txol gogorra mutikoa izatea Hondarribietan: zakildar mandoak izan behar dute, bikingo bortitzak izan behar dute, kalearen jabe izan behar dute. Halakoak dira matxokeriaren balio moralak. Eta balio horietan sartzen ez dena iraintzea eta jipoitzea "anitz bakoitzek" induzitutako gertakaria da. Azken finean, Jokin Z.ren biktimatzaile bezala salatu ditugun mutikoak gizarte eredu bateko ikasle aurreratuak besterik ez dira. Forman bakarrik egin dute huts.

Hori salatzen du Xebe xoxoak hor, belardi munizipalean.

Esku asko, esku asko mutiko berriak harresitik beheiti bultzaka.


ASTEKARIA
2004ko urriaren 24a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koldo Izagirre
2022-01-23 | Xalba Ramirez
Erbestea ez da turismoa, baina behar du kronika

Jose Luis Alvarez Txillardegi hil zela hamar urte bete dira. Efemerideek ematen dute aitzakia biltzeko, eta ekimenak sortzeko. Donostiar euskaltzale eta ekintzailearen gogoa omentzeko, zer hoberik liburuak baino. Zelulosa eta tinta ekarpen erraldoia utzi baitzuen atzean.

[+]

2020-06-14 | Aritz Galarraga
Duin harro solemne

Koldo Izagirreren literatura lotu izan da portuarekin (+1, haren bibliografia begiratzea besterik ez dago), politikarekin (0, literatura guztia ez al da politikoa, are politikotik ezer ez duela ematen duena ere?), zailtasunarekin (-1, errazkerian ez ote den erortzen gaur egungo... [+]


2019-08-12 | Estitxu Eizagirre
Mendearen umeek munduari desafio jo ziotenekoa

Koldo Izagirreren Mendearen umeek munduari desafio hitzaldiak ireki zuen maiatzaren 21ean Zerukotik lurrekora zikloa. 70 lagun inguru elkartu ginen Donostiako San Telmo Museoan, ARGIAren mendeurrena ospatzeko antolatutako zikloaren lehen ekitaldira. 1958 eta 1964 urteen arteko... [+]


Ipuina.eus ataria aurkeztu dute

Koldo Izagirren idazlearen eskutik eta Susa argitaletxearen babesarekin sortu da proiektua. Hogeita bat ipuin jasotzen ditu momentuz.


'Lardaska' sasikariaren egilearekin elkarrizketa
"Askapena hutsean politikoa balitz bezala kontenplatzen da herri honetan"

2016an zeresana eman du Lardaska argitalpenak: liburu formatuan publikatutako aldizkari autoeditatua nork idatzi duen ez da ezaguna, "Barbalot"-ek sinatuta dator, Koldo Izagirreren hitzaurre eta guzti. Ez dago esplikatu beharrik, berezitasun horiek direla-eta... [+]


Eguneraketa berriak daude