ARGIA.eus

2022ko urtarrilaren 29a
Urtxalle

Pilotari bohemio bat boteretsuenen artean

  • XIX. mende erdialdeko argazki erakusketa ikusgai izan da duela gutxi Londresen. Munduko lehenengo erretratuen artean ageri dira garaiko politikari, artista, errege, erregina eta enperadore ospetsuak. Eta zesta eskuan duela, baita pilotari oiartzuar bat ere: Urtxalle. Nor zen pertsonaia berezi hau?

    Sekulako ezustekoa hartu zuen Juantxo Egaña argazkilari donostiarrak, 1850eko hamarkada inguruko argazkiz osatutako bilduma pribatuaren erakusketa bisitatu zuenean Londresen. Munduan kontserbatzen diren irudi zaharrenen artean, garaiko pertsonaia garrantzitsuenen artean, pilotari euskaldun bat zegoen. Ondoren ezagutu zuen bere izena: Manuel Francisco Lekuona Urtxalle –Urtxalle izeneko etxean jaio zen, Oiartzunen, eta hortik ezizena–.
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi
2008ko urriaren 19a
Urtxalle pilotaria

1851n pilota desafioa jokatu zen Biarritzen, Ipar Euskal Herriko lau pilotari hiru oiartzuarren aurka, errebotean. Iparraldekoen aburuz pilotarik onena Gaskonian jokatzen zen eta gaskoi bat ere bazuten taldean, baina hala ere oiartzuarrek –tartean Urtxallek– irabazi zuten, gutxiago izan arren. Napoleon III.a enperadorearen aurrean lortutako garaipen arrakastatsuaren oihartzuna azkar zabaldu zen nazioartean, eta “Biarritzeko Heroiak” izenarekin ospetsu egin ziren, Urtxalle batik bat, onena bera baitzen. Iparraldean oporrak igaro ohi zituen Londresko argazkilari batek, fama hura ikusita, argazkia atera zion 1955 inguruan. Horra imajinak
Ingalaterrara egindako bidaiaren zergatia.

Dena den, pilotaria baino askoz gehiago zen Urtxalle. 1828an jaioa, showman alaia zen: herri guztietako festetarako kontratatzen zuten, ez bakarrik pilota partidarako, ondoren gitarra hartu eta bertsotan giro umoretsua jartzen zuelako baizik. Jokatzen zituen norgehiagokak ere ez ziren arruntak, beti handicap bat jartzen zion bere buruari, ikuskizuna sortu eta jendea erakartzeko: lau pilotari zaldi gainean oinezko baten kontra, sagardo botila edo zartaginarekin eskuz jokatzen zuenaren aurka, beste baten bizkar gainera igota… Eta ondoren, desafioetan irabazitako dirua gainontzekoak gonbidatzen xahutzen zuen, herriko ostatuan. Plaza gizona zen Urtxalle, artista, bohemioa, mundu guztia bereganatzen duen horietakoa. Izatekotan, guztiz konforme ez zuena familia zen, gonbidapenak medio sosik gabe itzultzen baitzen etxera. Konfiteria bazuen etxe azpian, baina lanean ere oso eskuzabala zen eta askotan gozokiak oparitu egiten zituen.

Liberala eta Elizaren ez oso lagun, pilotari eta bertsolari izateaz gain politikoki gizon inplikatua zen oiartzuarra. Ezaugarri horiek guztiak biltzen dituen pasadizoa heldutasun garaikoa dugu, Errenterian bizi zenekoa. Oiartzunen komentu berria egin zutela eta ezker-hormadun frontoia zuela entzun zuen Urtxallek. Ezker-horma zuen lehenengoetakoa zen, ordura arte plaza libreko joko zuzena izan baitzen nagusi. Garai hartan, eztabaida bizia izan zen ezker-paretaren aldeko eta aurkakoen artean. Bertsolaria plaza librearen aldekoa zen, eta ezker-paretaren berri izan zuenean Errenteriatik Oiartzuna oinez joan zen, kantxa berria ikuskatzera. Bueltan, ondorengo bertsoak bota zituen, arretaz entzuten zuten bizilagunen aurrean:

Bi lagun joan gerade
gaur nire herrira,
geren asmo osoaz
Aldapa Berrira.
Gizon bat irten zaigu
atean erdira
esanez: “Ez da libre
praileak ai dira”.

Gizonak zahartu eta
hau al du merezi?
Nere herrian ere
kanpoan naute utzi.
Azkenian guztia
ez nian ikusi,
azkenik plazan ere
praileak nagusi.

Agur Jaunaken sortzaile

Hori ez du, dena den, pasadizo ezagunena. Agur Jaunak abesti ospetsuaren jatorriaz hiru bertsio daude, eta denetan Urtxalle dago tartean: batzuek diote Iparraldean entzun eta Hegoaldera ekarri zuela; beste batzuen esanetan Donibane Lohizunen jokatutako desafio batean beste pilotari batek berari kantatu zion; eta hirugarren bertsioari kasu eginez artista oiartzuarrak berak kantatu zuen lehen aldiz. Azken bertsio horren aldekoa da Joxe Mari Mitxelena Oiartzungo pilota ikertzailea, frogatzen duten dokumenturik ez izan arren, belaunaldiz belaunaldi transmititutako kontakizun hau delako datu gehien ematen dituena. Horren arabera, 1851n, Maulen elkarri desafioa bota zioten Urtxallek eta Mauleko Errotaria garaiko pilotari ezagunak –desafioak buruz burukoak izaten ziren, eta gero bakoitzak bere taldea osatzen zuen–. Orduan ere, Iparraldeko lau Oiartzungo hiruren aurka lehiatu ziren, eta orduan ere oiartzuarrak atera ziren garaile.

Jokalari oiartzuarrak etxera bueltatu ziren, baina gure artistak segituan hartu zuen Mauleko ostaturako bidea. Herritarrak gonbidatu eta gitarrarekin giroa berotu zuen. Erretiratzeko orduan, Mauleko Errotariari bota omen zion kanta famatua, jatorrizko hitzak denborarekin apur bat aldatu badira ere:

Agur Jauna,
(aurkariari zuzenduz, Mauleko Errotariari)
Jaunak agur,
(ostatuko gainontzekoei)
Agur t´erdi.
Denak Jainkoak
iñak gire
(“iñak” Oiartzunen esan ohi den moduan, “gire” zuberotarrez)
zuek eta bai ni ere.
(Urtxalle Jainkoa zela esan ohi zen, pilotan baldintza beretan beti irabazi egiten zuelako. Bera ere, gainontzekoen moduan, hezur eta haragizkoa zela esan nahi zuen horrela)
Agur, Jaunak, Agur
Agur t´erdi hemen gire.


Iparragirreren garaikide

Garai berekoa dugu Joxe Mari Iparragirre, beti gitarra alboan eskola ona eta musika zerbitzen zuen hura. Hain pertsonaia antzekoak izanik, elkar ezagutu zutela pentsatzea ez da harritzekoa. Ez da halakorik jasota geratu, baina Zumarragan eta Urretxun hainbatetan jokatu zuen Urtxallek pilotan, eta segur aski topo egingo zutela uste du Mitxelenak.

Festarik festa, desafioz desafio ibili ostean, politika medio 51 urterekin Oiartzun karlista utzi eta Errenteria liberalera joan zen bizitzera. Azken urteak han eman zituen, emazte eta semearekin, posta banatzen. Bizilagunak zain egoten ziren, eskutitzak banatu ondoren egunean zehar gertaturiko bitxikeriak bertsotan nola jasotzen zituen entzuteko.

Egun ordea, herriak zeharo ahaztu du boteretsuenekin batera erretratatu zuten gizona. Zergatik iritsi da gaurdaino Iparragirre eta Urtxalle ez? “Iparragirrek Gernikako Arbolari abestu zion, eta berak kantatu ziola dakigu gainera. Agur Jaunak Urtxallerena dela frogatu ahal izan balitz, agian…”, dio Mitxelenak. Kontuak kontu, aintzat hartzeko moduko aleak eman zituen pilotari bohemioaren bizitzak.
Kanal hauetan artxibatua: Pilota  |  Gizartea

Pilota kanaletik interesatuko zaizu...
2021-12-07 | ARGIA
Panpi Ladutxeri azken agurra eman dio pilotaren munduak Donibane Lohizunen

Abenduaren 6an agurtu du pilotaren munduak azaroaren 30ean zendutako azkaindarra. Profesional mailan ezker paretan txapela jantzi zuen Ipar Euskal Herriko lehen pilotaria da: bi txapel jantzi zituen binakako txapelketan, Joxan Tolosarekin.


2021-09-15 | ARGIA
Pilotari ibilbideari amaiera emango dio Aimar Olaizolak

Erretiroa hartuko duela jakinarazi du Olaizola II. pilotariak. Azaroaren 13an jokatuko du azken partida, Goizuetan.


Jose Ametzola, ezer irabazi ez zuen txapeldun olinpikoa

Paris, 1900. Aro modernoko bigarren joko olinpikoetan lehen eta azken  aldiz jokatu zen ofizialki zesta puntako lehiaketa; ondoren, 1968ko Mexikoko jokoetan eta 1992ko Bartzelonakoetan ere pilota erakustaldiak izan ziren, baina ez  zen lehiaketa ofizialik jokatu.


2020-11-15 | Reyes Ilintxeta
Mikel Idoate. Pilota munduko gentleman enpatikoa
"Pilota bazterreko bihurtzeko arriskuan dago"

Pilotari ohia eta orain telebista eta irratietako kirol esataria da. Kantxan zuen lehia garbirako grina orain enpresa alorrera eraman eta beilatoki enpresa berri bat kudeatzen du, errespetua eta pertsonen emozioak eta sentipenak erdigunean jarrita.


2020-11-08 | Juan Mari Arregi
Pilotarien jokaldi ona

Pilotaren munduko lehen greba oso eraginkorra izan da: laburra, baina aldi berean epe luzerako balioko duten akordioekin. Gainera, eredu bat izan liteke laneko gatazkak konpontzeko grebara jotzen duten beste askorentzat.


Irakurrienak
ASTEKARIA
2008ko urriaren 19a
Azken albisteak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude