Errepresioa ulertzeko gertu

  • Certain dark things (Zenbait gauza ilun) antzezlana mamitu du egunotan Errenterian Londresko You need me konpainiak. 1960ko hamarkadako Euskal Herrian dago kokatua istorioa; Mikel izeneko protagonistak errepresio mota ugari ezagutuko du: sexu aukeraren araberakoa, politikoa, kulturala… Antzezlana muntatzen amaitu eta hilaren 23an eskaini dituzte, oraingoz, Euskal Herriko bi emanaldi bakarrak.
Certain Dark Things
Maddi Soroa
Lispa Londresen kokatutako antzerki eskola da. Han ezagutu dute elkar Emily Watson Homesek zuzentzen duen konpainiako kide gehienek: Frances Moulds, Kate Hewitt, Javier Lavin, Roger Ribó, Rosamond Martin, Iñigo Ortega eta Miren Alcalá, azkeneko biak Euskal Herritik abiatutakoak.

Egunotan Oreretan finkatu dute beren sormenaren habia, Mirenek eta Iñigok lotuta. Helburua oso zehatza: Londresen abiatutako Certain dark things antzezlana borobildu eta amaitzea, gerora Ingalaterran mugitzeko xedez. Antzezlanak Hego Euskal Herrian Francoren diktadura garaian bizi zen errepresioa hartu du testuingurutzat. Baina funtsean, errepresioa bera da gaia, batez ere homosexuala izateagatik pairatzen dena.

Lerro hauek idazteko garaian Moulds, Lavin, Ortega eta Alcalá astebetez luzatuko den sormen esperientziaren xehetasunak lotzen dabiltza, konpainiako azken kideak iritsi bitartean. Hilaren 23koa izan da printzipioz Euskal Herrian antzezlana ikusteko aukera bakarra. Abagunea berezia da denentzat, Euskal Herriaz hitz egiten duen lana izaki; taldeko euskal kideek arreta handiz espero dute une hori.

Certain dark things aurrerapausoa da konpainiaren ibilbide laburrean. Aurretik How it ended izeneko lana aurkeztu zuten oso harrera onarekin; horren ostean etorri zen, talde-sorkuntzak laguntzera bideratutako Hightide lehiaketaren bidetik, antzezlan berri hau sortu eta garatzeko aukera. Miren Alcalák azaldu duenez, lehiaketa irabazi eta berrogei minutuko pieza sortu zuten horri esker. Maiatzean aurkeztu eta harrera ona izan zuenez, Euskal Herriko egonaldiarekin ordubeteko ikuskizuna osatu arte lan egitea deliberatu zuten.

Euskal ikusleari berezia –edo bitxia behintzat– iruditzen ahal zaio kanpoan garatutako sorkuntza lan batek tamainako interesa agertzea gure historia gertuarekiko. Alcalák oroitzen duenez hasieran taldekide batek homosexualek jasan duten errepresioa lantzeko interesa azaldu zuen: “Ni berriz, errepresioaren aurrean jendeak duen erantzuna aztertzeko gogoz nenbilen. Istorioa Francoren diktaduran kokatzeko aukera atera zenean konpainia osoa bat etorri zen”.

Abiapuntua finkatu eta Emily Watson zuzendariak ikerketa lanari ekin zion, 1950eko hamarkadan Bilbon jazotako gertaera hunkigarria topatu arte: ama batek elizan bere semea salatu zuen homosexuala zelako; horren ondotik atxilotu eta erail egin zuten. “Egiazko historia da baina taldean landutako inprobisazioen bidez gure istorioa sortu dugu. Entseguek ezusteko bidetik eraman dezakete istorio bat” azaldu du Javier Lavinek.

Inprobisazioak abiatzeko lagungarriak izan daitezkeen azpigaiak eta irudiak hautatu dituzte: emakumeei buruzko datuak, kulturari edo inguru sozial jakin bati loturiko egoerak… Zuzendariak izan duen garrantzia azpimarratu dute taldekideek. “Emilyk kanpotik esaten digu inprobisazioetan ateratzen den materialetik zer den baliagarria eta zer ez, eta garbiketa hori egin ostean dena batera jarri eta funtzionatzen ote duen aztertzen da, ikusteko norantz jo behar den”.

Amaigabeko prozesua

Zaila izaten ahal da horrelako sormen prozesu bati amaiera ematea, eta une horretan daude orain taldekideak. Lavinek aipatu duenez, errepresioa erakustea lortu dute, “baina orain falta zaiguna da errepresioak pertsonaia bakoitzarengan duen eragina garbi adieraztea”.

Alcaláren iritziz Euskal Herrian garai hartan askapen mugimendu baten alde aritzeak arazoak ekar zitzakeen, baina gainera homosexuala izanik bekatuaren zama sartzen zen tartean, baita euskal familien barruan ere; “hori izan liteke agian errepresiorik handiena”. Iñigo Ortegak gehitu du: “Politikan aritzea arriskutsua zen, baina homosexuala izateak bazterketa soziala ekar zezakeen”.

Frankismoa aukeratu izana gakoa izan da gaia lantzeko. Ortegak azaldu du errepresioaz hitz egin nahi dutela, berau jasateko modu asko zegoen une historiko batetik. “Erlijioak protagonistaren familiari eragiten dio; familiak semeari; diktadurak gizartea erreprimitzen du eta egoera horretatik atera nahi duen mugimendu soziala dago borrokan”. Taldeko aktore euskaldunek kezka eta arreta handiz bizi izan dute prozesuan jarraitutako bidea. Istorioa amaren salaketarekin eta semeak jasandako torturekin hasten da. “Miren eta biok, hemengoak izanik, asko zaindu nahi genuen panfletarioa ez izatea” dio Ortegak.

Unibertsaltasuna

Iraganean kokatuta egon arren, gaur gaurko gaia izaten jarraitzen du antzezlanak. Ortegaren ustez garaiak aldatu diren arren, pertsona batek gay dela esaterakoan sufritzen duen onarpen eza, eguneroko ogia da. Alcaláren ustez erraza da jendeak istorioa bere egitea: “Azken batean maitasun istorioa da, eta horrekin batera familiaren pisua eta momentu zailak pasatzea zer den islatzen da. Modu batean edo bestean denok ezagutzen ditugu gai horiek”.

Orain arte egindako lan guztietan jo dute iraganera, nolanahi ere. Frances Mouldsen ustez zailtasunak eta trabak iraganean argiago ikusten ditugu; “hala ere, gai unibertsalak dira: maitasuna, banatzen diren familia unitateak…”. Alcalák berriz, atzera jotzerakoan Bertolt Brechten distantziamenduaren teknika gogora etortzen ahal dela esplikatu du, gauzak argiago ikusteko parada ematen baitie oraina interpretatzeko orduan: “Iraganeko gatazka horiek gaurkoen aitzindariak izan dira sarritan. Nire ustez antzerkiak gai unibertsalak lantzea bilatu behar du, edozein lekutan funtzionatzea nahi badu”.

Ikusleen parean

Certain dark things antzezlana lurraren mailan eskaintzen da, publikoaren parean, tenis partida bat jokatuko balitz bezala. Mouldsek azaltzen duenez eskolan ez zuten horrela lan egiten, baina istorio hau oso intimoa da, oso delikatua eta interpretazioetan xehetasun handiak dituena. “Horrek espazio txikia erabiltzera behartu gaitu, baita publiko gutxirekin lan egitera ere”.

Antzezlana oso zinematografikoa dela azpimarratu dute denek. Ortegaren esanetan helburua inork xehetasunik ez galtzea da, pantaila batean ikusiko balute bezala. “Ikusleek ia ukitu zaitzakete” azaldu du Alcalák, “beraientzat ere esperientzia intimoa da, baita bortitza ere, gertutasunagatik”.

Lispa eskolaren eragina nabarmena da maila horretan. “Antzerki fisikotik gatoz eta gure eskolaren oinarria espazioa da, zenbat gauza esan daitezkeen espazioan ia hitzik erabili gabe, soilik mugimenduekin. Gu ez gara inongo momentuan oholtzatik ateratzen, eszenan egon ez arren izkinetan gaude” diote Mouldsek eta Alcalák. Espazioa oso bizirik dago antzezlanean, eszenen artean trantsizio asko daude eta horiek erritmo aldaketa bat egiteko balio dezakete, edo eszena batetik bestera pasatzeko aitzakia izan; baina istorioaren parte dira.

Aniztasunaren erronka

Jatorri ezberdineko lankideek oinarri komuna aurkitu dute Lispa antzerki eskolan, bakoitzak berea galdu gabe. “Eskolako oinarriari esker elkarrenganako ulermena eta errespetua handia da” dio Miren Alcalák. “Bakoitzak badu lehenagokoa den lan egiteko modu bat, batzuk zerebralagoak dira, besteak fisikoagoak… Hori guztia positiboa da”. Ortega ildo beretik mintzo da: “Rolen banaketarekiko errespetua handia da. Denok izan ditzakegu ideia oso onak, baina azkenean aukeratu egin behar da; hor zuzendariarekin konfiantza handia daukagu”.

Antzezlana aurkezterakoan islatzen da jatorri ezberdinen arteko talka, Iñigok eta Mirenek oso gertutik bizi baitute hemengo ikusleek izan dezaketen erantzuna. “Fikzioa da baina bertako edonoren istorioa izan liteke” dio Ortegak.

Ingalaterran oraingoz oso ondo funtzionatu duela aipatzen dute denek. Gaiagatik, bistan dena, baina batez ere kontatzeko moduagatik. Maitasun eta inplikazio emozional asko ikusten delako agertokian.

23an Errenteria Hiria Kulturunean eskaini dituzte lehen emanaldiak. Iñigo Ortegak oso gutxitan izan duen sentsazioa dauka pieza honekin: “Gustatuko litzaidake ikusle gisa sartu eta jakitea zer sentitzen den lehen aldiz lan hau ikustean”. Euskal publikoak emango dio erantzuna agian.
Antzezlan poliglota
Euskal Herriko emanaldiak hizkuntzaren erabileran desberdinduko dira Ingalaterrakoetatik. Hemen hizkuntza errepresorea gaztelania izango da –Ingalaterran aldiz, ingelesa–; euskara izango da erreprimitua –Kantauriz bestaldera aldiz, gaztelania–. Dena dela, atzerrian egingo diren emanaldietan ere euskarak bere lekua izango du.

ASTEKARIA
2008ko irailaren 28a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude