Sei urteren ostean berpiztea urrun da

  • Corralitoak ekonomia ez ezik argentinarren esperantzak hondoratu zituen. Sei urte pasa berri direnean, Kirchnerren Gobernuak ekonomia suspertu duela eta Cristina Fernández presidente aukeratu berriak bide itxaropentsua zabaldu duela diote. Baina corralitoaren erruz Euskal Herrira alde egin behar izan zutenek uste dute oraindik asko dagoela hobetzeko.
Elena Muñoz eta Jorge Jimenez
Elena Muñoz eta Jorge JimenezJosu Santesteban
Buenos Airesen, Argentinako hiriburuan, bizi ziren Jorge Jimenez eta Elena Muñoz senar-emazteak. Bitxigintza zuten lanbide, historikoki negozio arrakastatsua herrialde hartan, harik eta corralitoak –hots, Fernando de la Rúa presidenteak erabakita 2001eko abenduan bankuetatik eskudirua ateratzeko debekuak– eztanda egin zuen arte. Argentinako historiako kolpe ekonomikorik larrienaren ondorioz, pesoaren balioa dolarrarekiko hiru eta erdi debaluatu zen eta urrea dibisa bat denez, hirukoitza kostatzera pasa zen bat-batean. Jendeak jada ez zuen bitxirik erosten.
 
Hala ere, Jorge Jimenez Iruñeko elkarte argentinarreko kideak dio ekonomia ez zela izan alde egiteko arrazoia: “Lapurtu egin ziguten (han ez dituzte bitxi-dendak aseguratzen) eta segurtasun faltak bultzatu zuen gure erabakia. Negozioa zapuztua baldin bazegoen ere, inoiz ez nintzateke nire herritik joango ekonomiak eraginda; auzo txiro batean hazi nintzen, familia umil baten altzoan, eta ez diot beldurrik Argentinako egoera ekonomiko txarrari. Baina segurtasun faltaren gorakadarekin ezin genuen kalera lasai atera, seme-alabak ditugu eta lorik ere ezin egin”. 2002an, lur hartu zuten Iruñean.
 
Elena Muñozen amak Nafarroa du jaioterri eta horregatik aukeratu zuten Iruñea, horregatik eta kalitate oneko bizimodua topatzeko itxaropenagatik. Zerotik hasi ziren, “argentinarrak ohituta gaudelako zerotik hastera”, eta bitxigintza negozioa ireki zuten Carlos III.a eta Gorriti kaleen artean. Santu guztiak aldatu dizkietela diote barre artean, kateak eta bitxiak egiteko Xabierko Frantzisko, San Fermin edota Aralarko San Migel ezagutu behar izan baitituzte, edo lauburuarekin eta eguzki-lorearekin belarritakoak egiten ikasi. Erroak mantendu asmoz, argentinar elkartean aukera dute tangoa dantzatzeko, haragi errea jateko eta gainontzeko argentinar etorkinekin biltzeko.

Argentinarekin ezkor

Ibilbide gorabeheratsua izan da Jimenez eta Muñozena, baina pozik daude duela sei urte hartutako erabakiarekin, oso eszeptikoak baitira Argentinako egoerarekin. Han hamar urtero dirua bukatzen dela diote, lur-jotzea ziklikoa dela. Jimenezen hitzetan, “gaur egun oraindik lur-azpitik ateratzen ari da Argentina. Hobeto omen gaude, baina zerekin konparatuta? Izan ere corralitoa ez zen zerotik abiatu, -10. solairutik baizik eta oraindik ez gara aurreko mailara heldu”. Bankuek bahitutako dirua bera, esaterako, pesotan itzultzen joan da gobernua, ez dolarretan, eta beraz hasieran zuen balioarekiko hiru bider debaluatuta. Oraindik diru guztia jaso ez duenik bada, gainera.
 
Iruñeko bikotea hirutan bueltatu da sorterrira, azkenekoz joan den irailean, eta asko falta omen da normaltasunera iristeko: bahiketak, kaleen egoera txarra, ustelkeri poliziala… aipatu dituzte. “Gainera, hain daude zentratuta ekonomian, arlo soziala guztiz ahaztua dutela: osasuna, ezinduak, zahartzaroa, haurren hezkuntza…”. Turismoa edo esportaziorako nekazaritza bezalako sektore zehatz batzuk hobeto daudela onartu du Jimenezek, “baina zorigaitzari esker, hau da, monetaren debaluazioari esker. Noski, gobernuak egokien datorkion irakurketa egiten du”.
 
Laura Panetti eta Greta Frankenfeld, corralito garaian emigratu zuten beste bi argentinar, Bilbon bizi dira egun, eta euren herrialdeko egoera ere ez dute baikor ikusten. Frankenfeldek corralitoa gertatu eta bi urte eta erdira bisitatu zuen bere jaioterria, eta ikaratuta geratu zen: “Rivadavian, Buenos Aireseko kale nagusian, lokal guztiak puskatuta eta hutsik zeuden, bankuak hesituta, argirik gabe, ateetako helduleku guztiak ostuta… Itota sentitu nintzen, eta oso baliagarria izan zitzaidan, handik joatea ideia ona izan zela ikusi nuelako”. Bizpahiru alditan itzuli dela eta egoera hobetu egin dela dio, baina hala ere beheko eta goiko mailen artean desberdintasun handiagoa ikusi du, eta erdiko maila geroz eta okerrago.

Esku beltzak irudimenean

Herritarren jarrerak ere zerikusi handia izan du eta du Argentinako egoeran, gure solaskideen esanetan. Gehienen arabera, argentinarrek beti ikusten dituzte esku beltzak eta konspirazioak euren ezbeharren atzean, arazoa beti exogenoa izango balitz bezala, etxean bertan dutenean; Argentinari gaizki doakionean “munduak hala nahi duelako eta ez gauzak gaizki egin dituelako” izango balitz bezala. Azkenean, utzikeria nagusitzen dela uste du Jimenezek, eta herriarentzat zerbait positiboa lortzeko gogoa eta borondatea jarriko balitz, gauzak asko aldatuko liratekeela. Kontua da, Laura Panettiren hitzetan, bertako jendeak ez duela gauza kanpotik bezain argi ikusten.
 
Corralito
aurreko urteetan, Rosarion bizi zen Panetti, senarra eta bi alabarekin. Ingeles irakasle ibili zen hainbat etxetan, senarra berriz elektrikaria zen, baina ekonomikoki ez ziren iristen. Frankenfeldek ere, ezkonduta eta alaba bakarrarekin, gero eta lan gehiago egin eta gero eta bizimodu okerragoa zeramatela dio. Kazetari moduan lan finkoa zuen aldizkari batean, baina beste mila kontutan egiten zuen behar eta senarrak ere lan bat baino gehiago zuen. 1983an diktaduratik demokraziara igarotzeak onura nabaria ekarri bazuen ere, ekonomikoki ez zen hala izan. Raúl Alfonsín presidente berriarekin hiperinflazioa jasan zuen Argentinak eta 1989tik aurrera, Carlos Ménemen hamarkada neoliberalak langabezia, enplegu prekarietatea eta pobrezia areagotu zituen. “Baldintza txarrak izan arren, lan bati ezetz esanez gero erotzat hartzen zintuzten –dio Frankenfeldek–, beti kolokan eta ziurgabetasunarekin, ezin aurrera begiratu, ezin planik egin”.
 
Corralitoa
, beraz, hartatik guztitik aldentzeko behar zuten aitzakia izan zen. Ustelkeria, haurren bahiketak, beldurra, lapurretak… ohiko bihurtu ziren, eta gai bakarra entzun zitekeen berriketa guztietan: dirua (edo diru eza). Bankuan zutenek dena galdu zuten gauetik goizera eta etxean gordeta zuten askok familiarren baten bahiketa sufritu zuten, ondoren askatzeko dirua eskatzen baitzieten. 36 milioi biztanletik gora zituen herrialdean, 20 milioi lagun pobrezian hondoratu ziren; batek baino gehiagok bere buruaz beste egin zuen.
 
2001eko abenduan, Frankenfelden senarrak emigratu egin zuen, eta bankutik astero 200 dolar ateraz diru pixka bat bildu ahal izan zuenean, bi hilabetera berak ere Buenos Aires utzi zuen: “Min ematen du, tristea da, baina ahal nuen guztia egin nuela sentitzen nuen, herriarekin konprometitu nintzela… eta ordainetan ez nuela ezer jaso; ez nuen biderik aurkitu han jarraitzeko”. Madrilen hasi zuten ibilbide berria, eta hastapenak oso gogorrak izan ziren: guztiz galduta sentitu zen Frankenfeld, beste mundu batean, eta hiru hilabete eman zituzten ostatuan, inork ez zielako logelarik alokatu nahi. Mallorcara bidaiatu zuten ondoren, baina hura ere ez zuten gustuko izan, eta azkenean Bilbora etorri ziren, anai-arrebek bertara emigratu zutelako. Familia eta lan kontaktuarekin, ate gehiago ireki zitzaizkien eta denetik egin badu ere (inkestatzaile, dendari, administratibo, teleoperadore…), hemen egonkorrago sentitzen du bere burua.
 
2004 inguruan, Argentinatik zetozen etorkinei behar duten harrera eman nahian elkartea sortu zuen beste hainbat herritarrekin, tartean Laura Panetti. Panettik zuzenean bidaiatu zuen Rosariotik Bilbora, 2002 hasieran –2001 bukaeratik senarra Bartzelonan eta Bilbon egona zen–. Ahalegin handiak eginez atera dira aurrera; egun Munduko Emakumeak elkartearen izenean hitzaldiak ematen eta inkestak egiten dihardu, baina ez du lortu ingeles irakasle moduan aritzea. Dena den, egonkortu egin direla dio, “ez hainbeste ekonomikoki, espiritualki baizik”.

Politikarien utzikeria

Zailtasunak zailtasun, Bilboko bi emakume hauek ez dute jaioterrira itzultzeko asmorik eta “erreta” eta “desengainatuta” bezalako sentimenduak erabiltzen dituzte Argentinaz mintzo direnean. Herrialde hegoamerikarraren historiak eman dituen politikariek ez dute gehiegi lagundu. Juan Domingo Perón presidentearen –eta famatu egin zen bere emazte Eva Perónen– garaitik makina bat kolpe militar jasan ditu Argentinak. Azkenekoa, 1976koa, oraindik oso gogoan dute herritarrek –tortura ohiko zen gerra zikinean 30.000 lagun ‘desagertu’ ziren–, baina ondorengo demokraziarekin ere, arestian aipaturiko Alfonsín eta Ménemen gidaritzapean, garai gogorrak bizi behar izan zituzten. Ménemek herrialdea saldu zuela dio hainbatek, enpresa guztiak pribatizatu, kultura pikutara bidali eta nazioartean zituen zorrak biderkatu egin zituela. Eta corralitoarekin dena hankaz gora geratu zen: orduan ere, herrikideak kontuan hartu gabe eta karguak iraun bitartean ahalik eta diru gehien egiten gogoratzen ditu politikariak Frankenfeldek.
 
Argentinako politika konplexua da, XX. mendearen bigarren zatitik aurrera askotan peronismoari lotuta. Agustin Jaureguiberry aditu argentinarraren esanetan, peronista bat boterera iristen denean, oso leku gutxi uzten dio oposizioari, eta oposizioak ere oso politika traketsa du, inoiz ez baita batzeko gai –egun, oposizioko kideak gobernukoak baino ugariagoak dira parlamentuan, baina ez dute inoiz bat egiten–. Néstor Kirchner izan da 2003tik 2007ra bitartean Argentina urpetik ateratzen saiatu den presidentea eta oso modu despotikoan aritu dela uste du Jaureguiberryk, erakundeak kaltetuta atera direla dio, baina jendeak oro har ez dio garrantzirik eman, lehentasuna arlo ekonomikoak izan duelako. Greta Frankenfeldek berriz, beharrezkoa ikusi du Kirchnerren Gobernua, eta “aurreko hondamendiekin konparatuta” gizarte gaiak eta asoziazionismoa bultzatu dituela nabarmendu du.

Cristina, norabide berria?

Datorren martxotik aurrera, hego hemisferioan uda bukatzen denean, ikasturte politiko berriari ekin beharko dio Cristina Fernández de Kirchner aurreko presidentearen emazte eta gobernuburu hautatu berriak. Kanpaina politikoan pobrezia, langabezia eta hezkuntza lehen tokian jarri zituen emakumeak –komunikabideek “Evita berria” izendatu zutenak– aldaketa gutxi ekarriko dituela uste dute solaskideek. Gai sozialen inguruko politika itxurakerian geratuko dela eta senarraren arrastoa jarraituko duela diote denek aho batez, itxaropen handiegirik gabe.
 
Hain justu, Fernández de Kirchnerrek ez zuen inongo hiri-gunetan irabazi, herrietako probintzietan baizik, eta horrek erdiko klasearen babesik ez duela adierazi dezake, adituen esanetan. “Prezioek gora egiten dute, gobernuak gezurtatu nahi duen arren inflazio handia dago, garraiobideek ez dute funtzionatzen, gabezi soziala izugarria da… eta esperientzia politiko handiagoa duen jendeak ikusten du hori dena”, dio Jaureguiberryk.
 
Eduardo Sluger Donostian bizi den buenosairestarrak ere ez du begi onez ikusten presidente berria: “Botere anbizio handia dauka eta mitoa izan nahi du, Evitaren antzera, baina ez da ahaztu behar Kirchner bikoteak Santa Cruz probintzia porrot eginda utzi zuela bertako gobernatzaile zirenean. Kontua da presidentetzarako ez zegoela askoz aukera hoberik, ez baitago oposiziorik Argentinan, eta jendeak jarraikortasuna bozkatu du, okerrera ez egitea…”.
 
1991n sorturiko Gipuzkoako argentinarren elkarteko buru da Eduardo Sluger, egun elkartea nahiko geldirik baldin badago ere. Arrazoi politikoengatik emigratu zuen, 1980an, agintean militarrak zeuden garaian, baina corralitoagatik Euskal Herrira etorritako argentinar ugariri egin die harrera. “Jende askori iruditzen zaio Latinoamerikatik etorri eta segituan dirua eta lana lortuko duela, baina ez da hala. Sarritan familia guztia batera etorri da, kolpean, lanik eta paperik gabe eta 1.000 eurorekin, eta azkenean dirua eskatu behar izan dute ezer lortu gabe berriz Argentinara itzultzeko”. Dena den, bera etorri zen garaian errazagoa egin zitzaion bidea irekitzea: Donostiara iritsi aurretik Europan zehar ibili zen eta irrati esatari, auto saltzaile, dendari eta tabernari aritu da. Egun, gizon ekintzaile honek Costa Vasca hoteleko diskoteka kudeatzen du astebururo.

Zulo nagusiak

Bere jaioterrian izan berri da Sluger eta gobernu berriak egiteko asko duela iruditu zaio. Bere esanetan, ustelkeria da arazo handiena: “Argentina oso lurralde aberatsa da, baliabidez betea, eta horregatik ez da inoiz guztiz hondoratzen, baina hain da handia dagoen dirutza, lapurtzeko joera dagoela. Latinoamerikako ustelkeria handienetakoa daukagu, erakunde eta eskala guztietan, lehenetik azkeneraino; lapurtzeari utziko baliote, Argentina hiruzpalau urtetan krisitik aterako litzateke”. Hain justu, azken urteetan hobetu beharrean okerrera egin du ustelkeriak, nazioarteko estandarren arabera, eta herritarrak nekatuta daude.
 
Segurtasun faltari eta estatu politikei (hezkuntza, osasungintza, justizia…) heltzea falta zaio gobernuari, eta pobreziari aurre egitea. Villas miseria deituriko txabolez beteta auzo osoak ikus daitezke, eta corralito garaiko %50eko pobrezia egun %25era igaro den arren, txiroen adina da larriena: behartsuen %40ak hamabost urtetik behera dauzka; belaunaldi berriek ez dute ez hezkuntzarik, ez jatekorik ere.
 
Hemen ere kontuz ibiltzeko ohartarazi digu Slugerrek: Europar Batasuna indartsua dela eta bere babesa dugula dio, baina corralitoak eztanda egin aurretik Argentinan gertatzen zena ikusten du gure inguruan: jendeak mantendu ezin duen bizi-maila darama, ezeri uko egin gabe eta krisi posible bati erreparatu gabe.

Etorkizuneko tsunamia

Hala ere, erreportajeko lau hizlariek garbi daukate ez direla euren jaioterrira itzuliko, edo etorkizunean denboraldi bat han eta beste bat hemen eman nahiko luketela. Gogorra da emigratzea, hemen dirua irabazi arren deserrotzea jasan ezin izan duen askok bueltako bidaia egin du urte hauetan, baina gure solaskideek Euskal Herrian dituzte euren buruhauste eta esperantzak: lan egokia topatzea, egonkortzea, bizi-mailan hobera egitea…

Eta Argentinaren etorkizuna? Jorge Jimenezek tsunamia datorrela jakinda eguzkia hartzen duen turista moduan ikusten du argentinarra: “Jendea konbentzituta dago beste zartako ekonomiko bat egongo dela, eta eguzkia hartzen jarraitzen du…”. Slugerrek, aldiz, gazteengan du itxaropena eta gurasoei gertatu zaiena saihesteko gai izango direla uste du: “Bere akatsak ahazten dituen herrialdea, akats horiek errepikatzeko prest dagoela dio esaerak; espero dezagun ez dadila gertatu…”.

ASTEKARIA
2008ko otsailaren 03a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia krisia
Europak 15.000 milioi euroko isuna jarri die Apple eta Google multinazionalei

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Apple eta Irlanda kasua ebatzi, eta Googleren aurkako zigorra berretsi du, nagusitasunezko posizioaz abusatzeagatik.


Hiru medikuetatik bi falta dira Elizondoko osasun etxean

Aparteko ordu boluntarioekin betetzen ari dira medikurik gabeko zerbitzuak Elizondon. Xabi Zarandona medikuak salatu du ezinezkoa dela gaixoen jarraikortasuna bermatzea.


2024-06-19 | ARGIA
Mediku eta pediatrak falta dituzte Bortziri eta Baztanen ere

Kalera atera dira salatzeko Bortziri eta Baztanen mediku eta pediatren falta, itxaron zerrenda amaigabeak eta hitzorduen atzeratzea jasaten ari direla, besteak beste. “Landa eremuan bizi garenok ere merezi dugu behar dugun bezala artatuak izatea”.


Etxebizitza merkantzia bihurtuta, ultraeskuinari atea ireki dio Europak

Etxebizitzen eta alokairuen prezioek mugarik gabe jarraitzen dute gorantz eta milioika lagun egoera oso prekarioan utzi ditu horrek: gazteek ezin dute emantzipatu, herritar asko euren auzotik ostikoka bota dituzte, eta beste askorentzat infraetxeak partekatzea da irtenbide... [+]


Interes tasen beherakadak, nola eragingo dio etxebizitza krisiari?

Europako Banku Zentralak interes tasak jaitsiko ditu ostegun honetan, bi urtetako etengabeko gorakadaren ondoren. Diruaren garestitze edo merkatzeak zuzeneko eragina du Euriborrean eta herritarrek ordaindu behar duten hipoteketan. Baina nola nabarituko da aldaketa hori?


Austeritatearen itzulera
Arau fiskal berriei baietza eman diete Bruselan eta murrizketa sozialei atea ireki

Europar Batasuna pandemia aurreko zerga arau zorrotzetara bueltatzeko bidean da, Europako Parlamentuak estatu kideek duten defizita eta zorpetzea mugatzeko neurri fiskal berriak onartu ostean. Ecofinek 2023 urte amaieran erabakitakoari jarraiki, austeritate eta murrizketa... [+]


Europako Banku Zentralak “erreforma estrukturalak” iragarri ditu, defentsarako gastuei aurre egiteko

Europako Banku Zentraleko lehendakari orde Luis de Guindosek Europak dituen "mehatxuez" hitz egin du Bartzelonan: "Berriz ere erreforma estrukturalen inguruan hitz egin behar dugu".


Analisia
Erreforma fiskala, oraingoz ezta ere

Atera berri dituzte zerga bilketaren datuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru ogasunek, eta ikusi dugu inoiz baino diru gehiago jaso dutela. Berehala iragarri dute erreforma fiskalari buruzko gogoetarako beharrezko tartea hartuko dutela, ez dagoelako presarik, ezta premia... [+]


2024ko europa neoliberalak, Schäubleren politika austerizida du ipar

Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroen Ecofin kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ekarri dizkigu opari urte berriarekin. Pandemia ondorengo norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


Bizitzaren garestitzeak etenik ez: argindarra, gasa, udal zergak eta autobideak, garestiago

Hego Euskal Herrian, egun indarrean dagoen neurri mesedegarri batek soilik jarraituko du aplikatzen, gutxienez ekainera arte: oinarrizko elikagaiei BEZik ez ordaintzea.


Austeritate politikak
Hau 2024 urtea da: ongi etorri Europa neoliberalaren “normaltasunera”

Europar Batasuneko 27 herrialdeetako ekonomia eta finantza ministroen kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ezartzea adostu du abenduaren 20an. Azken urteetako norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


2023-10-25 | ARGIA
Pello Zubiriaren ‘Planeta Prekarioan’ liburua argitaratu du ARGIAk, XXI. mendeko krisi eta erresistentzien kronikak

Gaur egungo eta etorkizuneko mundua ulertzeko gakoak eskaintzen dituen ezinbesteko liburua kaleratu du ARGIAk, Pello Zubiria Kamino kazetariaren eskutik. Aldizkariaren Net Hurbil sailean hogei urtez egindako artikulu mamitsuetatik abiatuta, munduko bazter askotako krisi eta... [+]


Sektore publikoan greba: 150.000 langile kalera ateratzera deitu dituzte sindikatuek

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sektore publikoan greba eguna da gaurkoa, ELA, LAB, CCOO, Steilas, SATSE eta ESK sindikatuek deituta. Goizaldean abiatu dira lehen zutabeak eta manifestazioa handienak eguerdian egingo dituzte hiriburuetan.


2023-10-18 | ARGIA
Iberdrola epaitzen ari dira, argindarraren prezioa puztea egotzita

Krisi ekonomiko betean, 2013an Iberdrolak argindarraren prezioa manipulatu eta artifizialki igo zuela ondorioztatua du Espainiako Merkatuen eta Lehiaren Batzordeak, eta horren erruz kontsumitzaileek 96,7 milioi euro gehiago ordaindu behar izan zituztela. Konpainiaren aurkako... [+]


Analisia
Mikrorik gabeko makro ekonomia

Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) berriro jaitsi da, Espainiako Estatuaren kasuan bere lekura itzuli arte gainera, egungo doktrina ekonomikoak ezartzen duen %2tik behera dagoelako jada. Azpiko inflazioaren bilakaera motelagoa da, baina tira, pozik agertu dira arduradun... [+]


Eguneraketa berriak daude