Hego Osetia

Kosovoren zain

  • Ofizialki Georgiako lurraldea da baina osetiarrek Errusiako zati izan nahi dute. Moskuk errusiar pasaporteak luzatu dizkie jada, eta horrekin bozkatu zuten errusiar parlamentu hauteskundeetan joan zen hilean. Horixe da Putinek Kosovoren independentziari emandako erantzunetako bat.
Karlos Zurutuza @karloszurutuza
2008ko urtarrilaren 13a
Hego Osetia
Hego Osetiako hainbat biztanleKarlos Zurutuza
“Jolas-parkea eraiki dute georgiarrek alboko herrian. Nire etxeko balkoitik primeran ikusten da”, dio Alan Gassiev-ek, Hego Osetiako 20 urteko gazteak. Karruselera baino, askoz ere gusturago joango litzateke Gassiev georgiarrek herri berean ireki duten zinema-aretora. Bere etxetik apenas dira 200 bat metro, erraz iritsiko zen arratsaldeko emanaldira. Baina Tskhinval-en bizi da, Hego Osetiako hiriburuan, eta Tamarasheni-n dago herrialdeko zinema-areto bakarra, georgiarren kontrolpeko herrian. Bi udalak elkarren ondoan dauden arren, checkpoint batek saihesten du bien arteko trafiko oro. Gauzak horrela, Gassiev gaur ere ez da zinemara joango. Eta ez da georgiarrik ikusiko Tskhinvalgo Stalin kaletik paseatzen. Ez da harritzekoa, hala izan baita azken 15 urteetan.

1991n, Sobiet Batasuna desegin ostean, Georgiak independentzia aldarrikatu zuen, bertan bizi ziren osetiarren kezka piztuz. Batetik ez ziren georgiarrak sentitzen, eta bestetik, euren anaia-arrebengandik, ipar osetiarrengandik, banatuta gelditu ziren. Georgiar armada gainditu eta gero, hego osetiarrek ere euren independentzia aldarrikatu eta lortu zuten. Milaka lagun hil ziren gatazka hartan, eta geroztik su-etena indarrean dagoen arren, ia astero errepikatzen dira georgiar eta osetiarren arteko tiroketak.

Egun, osetiarrak eta georgiarrak checkpoint nahiz errepide sare konplexu batek banatuta bizi dira; elkarren alboan, baina elkarri bizkarra emanda. Oztopo fisikoak nahikoa ez eta bi herriok ordutegi desberdinak erabiltzen dituzte: Moskuko ordua osetiarrek eta Tbilisikoa georgiarrek. Tskhinvaldik Tamarasheniko zinera inoiz joan badaiteke, komeniko da ordubeteko aldeaz gogoratzea.

“Jolas-parkea eta zinema-areto hori bezalako inbertsio handiak egiten ari da Tbilisi bere kontrolpeko herrietan –dio Gassievek–. Helburua, erreala ez den Georgiako irudia eskaintzea gure jendea engainatzeko, osetiarrok gure independentziaz ahazteko”.

Osetiarrak liluratzeko kanpainaren barruan, 70eko hamarkadako Boney M talde arrakastatsuko kide batek jo zuen Tamarashenin joan den urrian. “Ez dut hemengo egoera oso ondo ulertzen, baina ohore handia da niretzat bakearen aldeko ekimen honetan parte hartzea”, esan omen zuen Marcia Barrett abeslariak, 500 biztanle dituen herri georgiarrean. Osetiarrek, noski, ezin izan zuten joan, horretarako baitaude checkpoint-ak eta “etnia bakarreko” errepideak.

Trena ez dabil gerraz geroztik, eta Gassievek errepide sare aldrebestu honen nondik norakoak azaldu dizkigu mapa baten gainean, Ipar eta Hego Osetia batzen dituen horietako batean: “Sobietar garaiko errepide nagusiak errepublika goitik behera zeharkatzen du baina egun ezin du inork erabili, georgiar eta osetiar herrietatik igarotzen baita. Errusia barruan dagoen Ipar Osetiarekin harremana mantentzea ezinbestekoa dugunez, ezkerretik eta iparrerantz doan errepide bat eraiki dugu. Georgiarrek, aldiz, eskuinetik eta hegoalderantz doana erabiltzen dute Tbilisira (Georgiako hiriburura) joateko”. Horrelakoxea da Hego Osetiako egoera surrealista: eraikin zahar bat bi eskailera dituena, bertako bizilagunek elkar ez ikusteko eraikiak.

Stalin kaletik Moskuraino

Edozein hiriburuk bezala, Tskhinvalek ere bere hiribide nagusia dauka, Stalin kalea. Hemen ugariak dira oraindik independentzia gerrak utzitako arrastoak: tiroz jositako fatxadak, paretarik gabeko etxeak, bai eta etxerik gabeko paretak, erraustutako antzerkia kasu. Nolanahi, Stalin kaleak bi kilometroko luzera du eta oraindik makina bat sorpresa aurki daitezke bertan. Panel handi batek Independentziaren Eguneko oso argazki bitxia erakusten du: Erdi Aroko zaldunen desfile bat egungo porlanezko gobernu-etxearen aurretik igarotzen. Osetiarrek diote alaniarren ondorengoak direla, eta harro daude denak Europa osoan zabaldu ziren zaldun trebe haietaz. Arreta deitzen du irudian errusiar banderak osetiarrekin batera agertzeak. Baina deigarriagoa da Putinen erretratu bera nonahi topatzea Tskhinvalgo erdigunean. Moskuk aspaldi luzatu zien errusiar pasaportea hego osetiarrei; pasaporte hori eskuan zutela bozkatu zuten denek Moskuko parlamenturako hauteskundeetan joan zen abenduan, errusiar orok bezala. Errusia Batua, Putinen alderdia, nagusitu zen. Hego Osetian %92a eskuratu zuen KGBko lider ohiak.

“Erabateko independentzia urrutiko ametsa baino ez da osetiarrontzat –dio Teymuraz Dzodziev-ek, Engels kaleko bere bulegoan–. Ipar Osetiarekin batzea dugu lehentasuna orain, eta Ipar Osetia Errusian dagoenez…”. Dzodziev Hego Osetiako Atzerri ministro-ordea da. Bere karguak aginduta dotore jazten da politikarien belaunaldi berriko gazte hau. Biziki atsegin ditu atzerriko hainbat rock talde eta bikain mintzo da ingelesez. “Gure aurrekontuaren erdia baino gehiago Errusiatik dator, bai eta hornidura gehiena ere. Roki-ko tunela inoiz erortzekotan, akabo Hego Osetia!”, aitortu du Dzodzievek. Arrazoi osoa du, Kaukaso mendikate erraldoiak banatzen baititu Ipar Osetia eta Hego Osetia. Rokiko tunela, beraz, hegoaldekoen “oxigeno tutua” da. Ia edonork dauka senideren bat Ipar Osetian: Vladikavkaz-ko (Ipar Osetiako hiriburua) unibertsitatean ikasten duen semeren bat edo, maizago, lan bila hara emigratu duena. Handik bidaltzen duten dirua ezinbestekoa da, nekez bizi daiteke bestela hemen batez beste 80 euroko soldatarekin. Dirua, hornidurak eta senideen fluxua bypass errepidetik bideratzen dira, noski, georgiar herri guztietatik urrun gelditzen den horretatik.

Konponbidea aurki

Dzodziev ministro-ordeak oso ongi ezagutzen du Eduard Kokoiti, Hego Osetiako presidentea. Sobietar borroka libreko txapeldun ohia da eta gerra-kriminaltzat hartzen dute georgiarrek, Hagako Auzitegira eraman nahi izan dute. Bestalde, Tbilisiko Gobernua osetiarren arteko banaketa eragiten saiatu da lider alternatibo bat ezarriz. Horretarako, presidentetzarako hauteskunde “alternatiboak” egin ziren Georgiaren kontrolpeko herrietan. Dimitri Sanakoyev atera zen garaile. Georgiako agintearen aburuz, bera da Hego Osetiako “legezko agintari bakarra”.

Baina Kokoiti eta gainontzeko osetiarrentzat traidore bat baino ez da Sanakoyev. Antza, georgiarren kontra borrokatu zuen Independentzia Gerran, eta Hego Osetiako defentsa ministroaren kargua okupatu zuen gero. Hori ez ezik, orain 38 urte dituen gizon hau eskualdeko lehen ministroa izatera ere iritsi zen.

“Mozkorti eta ludopata bat baino ez zen hura –dio Kokoitik bere bulego ofizialean–. Milioika errubloko zorrak egin zituen kasinoetan, baina georgiarrek horiek guztiak ordaindu zizkioten eta hauen aldera pasa zen. Horrela ‘erosi’ zuten Sanakoyev”.
Agenda oso estuarekin dabil gaur Hego Osetiako presidentea. Bozkatzera joan da errusiarrek euren kuartelean egokitu duten hauteskunde-kolegioan. “Georgiak mendebaldetik inportatutako demokrazia eredua inposatu nahi digu. Baina eredu horrek ez du funtzionatzen Georgian, eta are gutxiago Hego Osetian. Kaukasoa da hau, ez genuke ahaztu behar mendetan bertako lege kodeari eutsi diogula”, hausnartu du Kokoitik.

“Hego Osetiako gatazkaren amaiera gertu dago –adierazi zuen Mikhail Saakashvili Georgiako presidenteak joan den abenduan–. Hilabete gutxiko kontua da”. Baliteke inbertsio berrien nahiz presidente “alternatiboaren” eragina berehalakoa izatea. Edo baliteke estatubatuarrek hornitu eta entrenatutako georgiar armada jada beste gerra baterako prest egotea.

Bikote mistoak

Georgiar eliza eder bat dago Khetagurovo herriko sarreran. Norbait ezabatzen saiatu bada ere, oraindik antzeman daitezke georgiar inskripzioen arrastoak bere harrizko pareta sendoetan. Alboko kanposantu elurtuan ordea, erraz bereizten dira hildakoen irudiak basaltozko hilarri beltzetan. Batzuk gerran eroritako soldaduak dira, uniformez, fusila eskuan eta kemena begiradan. Kaukasoko edozein hilerritan legez, makina bat vodka botila daude lore sorten artean, joandakoen alde topa egin denaren seinale.

Herriko plazaren funtzioa betetzen duen lur eremuan hainbat herritar bildu dira, erretiratuak gehienak. Batzuk errepide erdian daude solasean. Zorionez, aldian behin pasatzen den gurdiren batek ez du inoiz arriskurik sortzen.

“Sobiet Batasunean georgiarrak eta osetiarrok elkarrekin bizi ginen, bikote misto asko zeuden eta lana denontzat zegoen. Ez genuen ezertaz kezkatu behar –dio Vladimir Grigoriev-ek herriko denda bakarraren aurrean–. Egun Errusiatik jasotzen dudan 2.000 errubloko (60 euro inguru) pentsioagatik ez balitz, gosez hilko nintzateke. Bizitza osoa lanean eman eta gero ezin nuen imajinatu erretiroa hartzean bizirauteaz kezkatu beharko nuenik”.

Larunbata da, baina Khetagurovoko umeak eskolan daude, eskualdeko gainontzeko guztiak bezala. Hamaika sobietar oroigarri daude zintzilik eskolako paretetan: ohiko izar gorriak eta hainbat zuri-beltzeko argazki, Gerra Patriotikoko (Bigarren Mundu Gerra) heroien omenez. Hego Osetiako himnoaren letra duen afixagatik ez balitz, denboran 50 urte atzera egin dugula pentsa genezake, batez ere Stalinen erretratu erraldoiari erreparatzean.

Ohiko txirrinak iragarri du eskolen amaiera eta ehunka haur igaro dira agintariaren begirada zorrozpean. Ez dute Sobietar garaia ezagutu, baina denek entzun dute Gerra Patriotikoa irabazi zuena osetiarra zela, ama georgiarra bazuen ere.

“Eta nola lortu zuten elkarrengana hurbiltzea Stalinen gurasoek?”, galdetuko zuen eskolan haur batek baino gehiagok. Galdera bera entzungo zen, agian, alboko georgiar herrian. Eskolak duela ordubete bukatu ziren han.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Hego Osetia

Hego Osetia kanaletik interesatuko zaizu...
2015-09-24 | Ibai Trebiņo
Abkhazia, Kaukasoko nazio baten borroka
MULTIMEDIA - erreportajea

Kosovo ez bezala, munduko nazio txikiak nazioarteko aitorpenik gabe eta inperioaren mehatxupean bizitzera kondenaturik daudela erakusten du Abkhaziaren aferak. Gaur Abkhazia eta bihar Katalunia. Zer etorkizun munduko nazio txikientzat? 


2015-08-11 | Ibai Trebiņo
2008ko guda eta israeldarren eskuhartzea

2008ko abuztuaren 7an, Georgiako armadak bonbardatu zuen Hego Osetiako eskualdea de facto independentea. Gau bakar batean indar armatuen erasoek 1.300 lagun inguru (Osetiaren biztanleriaren %3a) eta han bake misioan ziren Errusiako 13 soldadu hil zituzten.


Olinpiar Jokoek Kaukasora sua ekarri zutenekoa
Antzinateko gerretan Olinpiar Jokoek zirauteno menia emateko ohitura hautsiz, Georgiako agintariek deliberatu zuten 2008ko Pekinekoetan eraso “tximista” egitea Hego Osetian. Ohartzerako, europarrok txikizioak ikusi ditugu etxean bertan eta Gerra Hotza berpiztu da.

2008-08-27
Kosovotik Hego Osetiara: independentziarako bidezidorrak

Zaila zen azaltzea hego osetiar bati “zergatik bai Kosovori, eta ez Hego Osetiari”. Eta are zailagoa Georgiaren beste eraso bortitz honen ondoren.

 

Eta zaila da oso, benetan deigarriak baitira bi herrion arteko antzekotasunak: biak ziren nagusi euren lurraldeetan; bien giza eskubideak urratuak izan dira makina bat urtez. Biek gogoz aldarrikatu dute maiz euren independentzia…

 

Duela hilabete batzuk baino ez, Mendebaldeko Koalizioak honela argudiatu zuen Kosovoren... [+]


2008-08-18
Garrasia Hego Osetiatik

ARGIAko kazetari Karlos Zurutuzak Hego Osetiako lagun batekin komunikatzea lortu du eta hark jasandako sarraskiaren argazkiak bidali dizkio, eskaera batekin: "Mesedez, erakutsi argazki hauek; ikus dezatela denek zer egin duten gurekin".

 

Jarraian Zurutuzaren kontakizuna irakurri dezakezue.


2008-08-07 | Karlos Zurutuza
Totemak

Abkhazian gertatu bezala, makina bat dira Hego Osetian ere gerrak utzitako arrasto itsusiak paisaian. Teilaturik gabeko etxeak, tabike bakartiak, tirokatutako fatxadak... ia nonahi topa daitezke honelakoak bi eskualdeotan. Tskhinvalgo kanpoaldean aurkitu dut gaur honako hau. Gerraren aurretik luxuzko jatetxea omen zen, eta honi begira nengoela gauza batez jabetu naiz: aurriak oso desberdin ikus daitezke toki batean edo bestean.


2008-08-06 | Karlos Zurutuza
Herriko plaza hura

Tskhinvalgo herriko plaza duzue honako hau, Hego Osetiako hiriburukoa. “Antzoki plaza” du izena, horixe baitzen atzealdean ikusten den eraikina. Herrialde honetako antzoki bakarra georgiarrek suntsitu zuten 91ko gerran. Geroxeago, osetiarrek konpondu omen zuten baina su hartu eta teilatua galdu zuen duela ez asko.


Hego Osetia iparra galduta
MULTIMEDIA - diaporama

Georgiarekin independentzia guda izan ostean, duela 15 urte, Hego Osetiak independentzia aldarrikatu zuen. Gainontzeko herrialdeek ez dute babestu, eta orduz geroztik, 'de facto' independentea den herrialdeko biztanleak pobrezia handian bizi dira. Helburua: Errusian sartzea eta Ipar Osetiarekin bat egitea.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude