Olinpiar Jokoek Kaukasora sua ekarri zutenekoa

  • Antzinateko gerretan Olinpiar Jokoek zirauteno menia emateko ohitura hautsiz, Georgiako agintariek deliberatu zuten 2008ko Pekinekoetan eraso “tximista” egitea Hego Osetian. Ohartzerako, europarrok txikizioak ikusi ditugu etxean bertan eta Gerra Hotza berpiztu da.
Hego Osetia
Mikhail Saakashvili Georgiako presidenteak ezustekoa eman nahi izan zion munduari abuztuaren 7ko gauean. Aurreko goizean autonomiarik zabalena eskaini zien Georgiako mugen barruan independentzia aldarrikatzen duten Abkhazia eta Hego Osetiako agintari politikoei. Zer keinu hoberik tregua bat baino Pekingo Olinpiar Jokoen hasiera ospatzeko.

Gau horretan bertan Georgiako tropek Hego Osetia okupatu eta honen hiriburu Tskhinvali txirtxilatu zuten. Lehen orduetako noraezaren ondoren, errusiarrek ordu gutxi behar izan zituzten beren gerrako mekanika abian jartzeko. Militar georgiarrak Hego Osetian umiliatu eta bertatik bezala Abkhaziatik kanporatu ondoren, Georgia barruko herriak ere zigortu dituzte zenbait astez. Hogei egun baino lehen Hego Osetia eta Abkhaziaren independentzia onartu du Errusiak. NATOko estatuek haserre erreakzionatu dute eta bi blokeetako militarren artean tentsioa handitu da Itsaso Beltzean. Nork esan zuen historia bukatu zela?

Gerra bat kontatzean beti izendatu nahi izaten dira galtzaileak eta irabazleak. Pekingo Olinpiadetako gudu labur honetan ere herritarrak izan dira galtzaile nagusiak. Hego Osetiakoak batez ere: askok bizia galdu dute eta gehiagok ogibidea eta ondasunak. Garbiketa etnikoaren logikak milaka eraman ditu sorlekuetatik kanpo, hasieran osetiarrak eta ondoren eskualde horietako georgiarrak.

Informazioa ere biktima izan da. Asteak pasata finkatu gabe darrai hildako eta zaurituen kopuruak. Komunikabide nagusiek informazioak estatuen geopolitikazko interesen galbahetik iragazita eskaini dituzte. Kazetariok “prentsa-bulegitis” sindromez gaixotu ginenetik, propaganda ministerio beharrik ez.

Hego Osetiako gerran Errusia atera da garaile, galtzaile nabarmena Georgia izan delarik. Europar Batasunak eta AEBek beren ahuleziak erakutsi dituzte. Hala diote gehienek, zeren Open Democracy aldizkari elektronikoan plazaratutako analisi berezian Ivan Krastev-ek bestela iritzi dio: Errusiarentzako porrot estrategikoa gerta daitekeela sei eguneko gerra hau.

Krastev aditu bulgariarraren hitzetan ere galtzaile nabarmena Georgia da, Mikhail Saakashvilik kalkulu okerra egin duelako bere herrialdea Kaukasoko Israel bihur zezakeelakoan, Errusiari probokazioa eginez.

Estatu Batuak galera berean daude murgilduta, Ekialde Hurbileko beren lagun hautari arazoa konpondu ez diotelako. Londresko egunkari batek publikatua da gerra hasi eta bigarren egunean, artean CIAk Tbilisiko agintariei bermatzen ziela errusiarrak ez zirela sartuko Georgian Abkhazia eta Hego Osetiako mugetatik aurrera. Geroztik errusiarrek Poti hirian daramaten egun bakoitza huts egitearen oroigarri da.

Nazio txikiaren kalkulu okerra

Baina Krasteven iritzian Errusia ez da itxuraz dirudien bezain garaile. Errusiari ere komeni zitzaion AEBekin aurretik nolabaiteko adostasun baketsura iristea.

Errusiak gerra honekin ez ditu bere helburu nagusiak erdietsi. Ez du lortu Saakashvili agintetik kentzerik eta honek segitzen du Mendebaldearen erreferentzia izaten, tartean petrolioaren garraioari dagokionez. Errusiarren gogoen kontra, Georgiak eta Ukrainak NATOn sartzeko ahaleginean diraute. Bielorrusia bera krisi honetan Moskuren gerizpetik aldendu egin da. Kosovon gertatutakoa aitzakiatzat hartuta Hego Osetia eta Abkhaziaren independentzia nartu dituelarik, bide lokaztuetan barnatu da, etxean errusiarrek –Txetxenian bidenabar– antzeko alerik falta ez dutelako.

Armen indar bortitza bai baina errusiarrek “soft power” falta izan dute, Krasteventzako. Komunikazioan eta public relationsetan huts egiten dute. Gainera, gerra Saakashvilik hasi izanak ez zien baimentzen arrapostuan hain era basatian jokatzea. Errusiaren mehatxuez kezka duten auzotarrek apuntea hartua izan behar dute.

Aditu askok, bestalde, esplikatu nahi izan dute nola-zergatik sartu den Georgia horrelako zingira arriskutsuan. Esplikazioaren zati bat geopolitikari dagokio: NATOren eta Errusiaren arteko tentsioari, Errusiaren eta Mendebaldearen arteko jokaldiei. Baina gakoetako beste batzuk Georgian bertan daude.

Ekialde Hurbilean aditua eta Bartzelonan irakasle den Fred Halliday-k Open Democracy aldizkarian bertan publikatu du “Nazio txikien okerreko kalkuluak” artikulua. Gerraren eta porrotaren erantzukizun nagusia Mikhail Saakashvili presidenteari egotzi dio, harrokeriak itsututa eta demagogiaren beharrek bultzata jokatu duelako. Lehendik ere ikusi baita nazionalismo txiki bat gerrara eta porrotera eramaten aitaponteko duen potentzia handia.

Etsenplu asko aipatu ditu Hallidayk, kolore ezberdinetakoak. Gerra Hotzaren garaian sarritan herrialdeak borrokan hasten zirela AEBen edo Sobiet Batasunaren bultzadaz edo oneritziz. Logika horretan, ordea, batzuetan “bezeroaren” logika gailentzera iritsi zitekeen. Hala nola Zipren, 1974an. Orduan Grezian agintean zeuden koronelen bultzadaz Zipren estatu kolpea eman zuten militar greziazale nazionalistek. Bazirudien munduak aldaketa irentsiko zuela: “Turkia ez da ausartuko eraso egitera. Errusiak geldiaraziko du”. Baina ausartu egin ziren turkiarrak, gaurdaino luzatuz Zipre uhartearen zatiketa.

“Okerreko kalkuluak –dio Hallidayk– ez dituzte soilik nazio txikiek egin izan. (...) Baina salbuespenen bat kenduta, Alemania nazia funtsean, estatu handiek beti berreskuratzen dituzte galdutakoak eta segitzen dute haien grandeuraren bila. Herri txikiagoek garestiago pagatu ohi dute”.

Saakashvili zer nolako elementua den orain ohartu da mundua. Baina aurretik ere baziren abisoa eman zutenak. Geografiaz eta geopolitikaz ari den Herodote aldizkari frantsesezko prestijiotsuan udaberri honetan elkarrizketa egin zioten Saakashvilirekin Kanpo Arazoetako ministro izandako Salome Zurabishvili-ri. Honek ozen salatu izan du Saakashvilik demokrata etiketa eta guzti daukan totalitarismorako joera.

Zurabishvilik azaldu du nola kudeatu dituzten AEBek Gobernuz Kanpoko Erakundeen bidez lehen Sobietar Batasuneko kide izandako herrietako trantsizioak. Alegia, atzerriko laguntzarekin politikari gazteak egin direla estatu aparato zaharren jabe, ondoren ia ezer ez aldatzeko, salbu eta enpresa publikoen pribatizazioak.

Naziotasun frantsesa ere baduen Zurabishvilik 2005ean Errusiarekin elkarlanerako itun orokor bat sinatu behar omen zuen, tartean Hego Osetia eta Abkhaziakoa lotzeko. Baina justu orduan gogortu zuen George Bushek mezua Errusiarekiko. Orain, 2008ko irailean, Europak otoitz egiten du Itsaso Beltza sutu ez dadin.

Argazki oina: Argazki hau Alllexxx sinatzen duen batek ipini du Interneten gerrako irudi sail zabal batekin batera, bakoitzaren oinean honako salaketa idatzirik: “Nire buruari galdetzen diot zergatik ez dituen Reuters agentziak banatu Georgiako tropek zauritutako jendeen foto hauek”. Ageri diren bi emakume zaurituak Hego Osetiako hiriburu Tskhinvaliko ospitalean daude, soto umel eta ilunean babestuta. Biktimen kopuru ziurrik ez dago oraindik. Agintari osetiarrek gerran beren 2.000 herritar hil direla diote. Georgiak 300 herritar georgiarren heriotza aitortu du, baina zenbait iturrik uste du 400 soldadu gehiagok galdu duela bizia. Egun batetik bestera 150.000 herritar baino gehiagok alde egin dute ihesi, horietatik gehienak georgiarrak. Hego Osetiatik joandako 15.000 georgiarrak nekez itzuliko dira etxera.
Informazio gehiago

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hego Osetia
2015-08-11 | Ibai Trebiño
2008ko guda eta israeldarren eskuhartzea

2008ko abuztuaren 7an, Georgiako armadak bonbardatu zuen Hego Osetiako eskualdea de facto independentea. Gau bakar batean indar armatuen erasoek 1.300 lagun inguru (Osetiaren biztanleriaren %3a) eta han bake misioan ziren Errusiako 13 soldadu hil zituzten.


2008-08-27
Kosovotik Hego Osetiara: independentziarako bidezidorrak

Zaila zen azaltzea hego osetiar bati “zergatik bai Kosovori, eta ez Hego Osetiari”. Eta are zailagoa Georgiaren beste eraso bortitz honen ondoren.

 

Eta zaila da oso, benetan deigarriak baitira bi herrion arteko antzekotasunak: biak ziren nagusi euren... [+]


2008-08-18
Garrasia Hego Osetiatik

ARGIAko kazetari Karlos Zurutuzak Hego Osetiako lagun batekin komunikatzea lortu du eta hark jasandako sarraskiaren argazkiak bidali dizkio, eskaera batekin: "Mesedez, erakutsi argazki hauek; ikus dezatela denek zer egin duten gurekin".

 

Jarraian Zurutuzaren... [+]


Eguneraketa berriak daude