Garrasia Hego Osetiatik

  • ARGIAko kazetari Karlos Zurutuzak Hego Osetiako lagun batekin komunikatzea lortu du eta hark jasandako sarraskiaren argazkiak bidali dizkio, eskaera batekin: "Mesedez, erakutsi argazki hauek; ikus dezatela denek zer egin duten gurekin".

     

    Jarraian Zurutuzaren kontakizuna irakurri dezakezue.


2008ko abuztuaren 18an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:02
Hego-osetia

 

 

Joan zen abenduan Tskhinvalen egon nintzen, Hego Osetiako hiriburuan. Hiriak espero bezela bete zituen nire aurreikuspenak: tirokatutako etxeak, lokaztutako kaleak…den dena tristea oso, elur geruza baten azpian. Baina bertakoen harrera beroak ustekabean harrapatu ninduen, bai ni, bai eta bidaide nituen Urtzi eta Borja ere. Teymuraz Dzodzievek, atzerri ministro-ordeak pertsonalki jaso gintuen georgiarrak eta osetiarrak banatzen zituen kontrol postuan. Geroxeago, Zarina eta Lana ezagutu genituen gobernuko egoitzetan. Lehenengoak itzultzaile lanak egiteaz gain, era guztietako laguntza eskaini zigun. Osetiarren kultura eta hizkuntzaren nondik norakoak bikain azaldu zizkigun, eta lan egun gogor baten ostean, Tskhinvalgo aisialdi gune bakarrera eraman gintuen. Stalin hiribideko billar-areto hura georgiarren bonben azpian desagertu da jada.

 

Lana kazetaria da. Ez dut inoiz bere artikulurik irakurri baina ziur nago profesional bikaina dela. Izan ere, topatu genituen osetiar guztien artean, berak adierazi zigun ikuspunturik orekatuena gatazkaren gainean. Oraindik gogoan dut bertako errepide eta kontrol postuen berri eman zigunean; georgiarrak eta osetiarrak elkarrengandik erabat isolatzen zuen sarea.

 

“Ezin dugu honela jarraitu”, esan zigun, banaketa ero hura islatzen zuen mapari erreparatuz. “Komunikazio eza txarra da denontzat”.

 

Hitzetatik ekintzetara, Lana askotan joaten zen Tbilisira (Georgiako hiriburura), gatazka ebazpenetako hainbat mintegitan parte hartzeko beste georgiarrekin.

 

“Ez dizu beldurra ematen hara joateak?”, galdetu genion behin.

 

“Ezta gutxiagorik ere; han lagun asko dauzkat eta!”, erantzun zigun, inoiz galtzen ez zuen irrifarre harekin. Izoztutako gatazka horrek konponbide baketsurik inoiz izan bazuen, Lana bezalako pertsonen esku zegoen. Zalantzarik gabe.

 

Abuztuaren 8an, ostirala, Tskhinvalera deitu nuen georgiarren bonbardaketen berri izan bezain laster. Egun osoa pasa nuen deika, baina ezin inorekin hitz egin: ez Teymurazekin, ez Zarinarekin ez Lanarekin...

 

Larunbatean Zarinarekin hitz egitea lortu nuen azkenean. “Ipar Osetiara goaz. Kaleak gorputzez josita daude!”, esan zidan, negarrak eta etsipenak jota.

 

Igandean berriro deitu nion. Vladikavkazera iritsi berria zen, Ipar Osetiako hiriburura, hain zuzen. Baina Lana Tskhinvalen omen zegoen oraindik…

 

Telefonoz harrapatu ezinik, posta elektronikoaren bidez saiatu naiz Lanarekin kontaktatzen azken egunotan. Azkenik, joan den astearen amaieran izan nuen bere berri. Poz handiz, jakina. Hauexek dira, hitzez hitz, bakearen alde gogoz eta zinez borrokatu duen pertsona batek idatzitako lerroak:

 

“Harrigarria bada ere, bizirik nago!

 

Gure hiria erraustu dute, gure jendea hil, gure herriak…Eskolak eta hilerriak ere tirokatu dituzte!

 

Tanke batek ihes egin nahi zuten emakume batzuen autoa txikitzen ikusi dut. Zar herriaren inguruan ume txikiak hil dituzte…

 

Mesedez, erakutsi argazki hauek; ikus dezatela denek zer egin duten gurekin”.

 

Lotura interesgarriak:


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hego Osetia
2015-08-11 | Ibai Trebiño
2008ko guda eta israeldarren eskuhartzea

2008ko abuztuaren 7an, Georgiako armadak bonbardatu zuen Hego Osetiako eskualdea de facto independentea. Gau bakar batean indar armatuen erasoek 1.300 lagun inguru (Osetiaren biztanleriaren %3a) eta han bake misioan ziren Errusiako 13 soldadu hil zituzten.


Olinpiar Jokoek Kaukasora sua ekarri zutenekoa
Antzinateko gerretan Olinpiar Jokoek zirauteno menia emateko ohitura hautsiz, Georgiako agintariek deliberatu zuten 2008ko Pekinekoetan eraso “tximista” egitea Hego Osetian. Ohartzerako, europarrok txikizioak ikusi ditugu etxean bertan eta Gerra Hotza berpiztu da.

2008-08-27
Kosovotik Hego Osetiara: independentziarako bidezidorrak

Zaila zen azaltzea hego osetiar bati “zergatik bai Kosovori, eta ez Hego Osetiari”. Eta are zailagoa Georgiaren beste eraso bortitz honen ondoren.

 

Eta zaila da oso, benetan deigarriak baitira bi herrion arteko antzekotasunak: biak ziren nagusi euren... [+]


Eguneraketa berriak daude