Haur bakoitzari berea

  • Hezkuntza librea denetik duen lapikoa da, eta terminologiak, agian, ez du argi gehiegi ematen. Laburbiltzeko, hezkuntza libre esaten zaio ohiko hezkuntzatik kanpo dagoenari. Badira eskola libreak, edo beren burua hala aldarrikatzen dutenak bederen, badira halaber seme-alabak familian hezitzea erabaki duten gurasoak. Euskal Herrian ez dugu ez bateko ez besteko gehiegi, eta dagoen apurra ere, gehienetan, erdi-ezkutuan ari da, Hegoaldean behinik behin ez dute legea alde. Batzuen eta besteen metodologiak desberdinak izan arren, askok kritika zorrotza egiten diote indarrean dagoen hezkuntza sistemari. Hala, betidaniko eskola ez litzateke ezer ikasteko lekurik aproposena.
Hezkuntza libreaDani Blanco

Historiako une orotan, eta jendarte guztietan, hezkuntza existitu egin da. Gure arbaso zaharrenek, alabaina, ez zeukaten kotzeptu hori gogoan. Hezkuntza berez gertatzen zen, irakasle, eskola eta pedagogia doktrinarik gabe. Inork ez zekin hezitzen ari zela, edo hezitua izaten ari zela, ideia horren beharrik ere ez zuelako. Planifikazioa, sistematizazioa, heziketa kontzientea, geroago etorri ziren. Orain dela 60ren bat mende sortu ziren lehenengo eskolak. Aurreneko ziblizazioen eskutik alegia. Geroztik, erabateko lotura izan da eskolaren eta zibilizazioaren artean. Hori bai, zibilizazioari “estatu” deitzen zaio orain.

Hezkuntza eskubide unibertsaltzat jotzen da, eskubide unibertsalak zerrenda batean idazteko premia dugunetik. Eta beste zenbait eskubiderekin gertatzen den bezala, betebehar bihurtu da, ezin diogu uko egin. Botere publikoak hartu du bere gain hala izan dadin segurtatzea. Gure bizitzaren zati batean behintzat, ikasteko eskubidea eta eraz beharra dugu denok. Dena dela, bost axola legeek kasu honetan diotena: edonola ikastera kondenatuta gaude, ikasteko grina gure ezaugari nagusietakoa baita. Geneetan daramagu iltzatuta.

Hezkuntza librea aldarrikatzen duten askoren ustez, ordea, eskolak –gaur egungo eskola konbentzionala uler bedi beti ere–, ez digu gehiegi laguntzen berezkoa dugun grina hori asetzeko orduan, beraren zeregina horixe behar lukeen arren. Aitzitik, sarritan gure geneen aldarriak isilarazteko gauza ere bihurtu da hezkuntza sistema modernoa. Eskolak ikasteko gogoa kentzen omen digu, horra paradoxa. Kritika horrekin batera, edo horren ondorioz hobeto esanda, alternatiba bat eskaintzen duten pedagogia korronteak, eskola berritzaileak eta jite bereko hainbat mugimendu sortu dira. Batzuek badute pare bat mendeko ibilbidea, hau ez baita atzo goizeko kontua.

Beste herrialde batzuetan aspaldikoak izan arren, Euskal Herrian berri samarrak ditugu eskola libreak. Horietako bat, iaz sortua, Trokonizko (Araba) Geroa eskola dugu. “Eskola arruntak eragiten digun sentsazio txarrak bultzatu gaitu hona”, dio Elio Montecuccok, eskolako guraso eta sustatzaileetako batek. “Ez dugu arazorik, oro har, bertan lan egiten dutenekin, sistemarekin baizik, publiko nahiz pribatua izan. Biak ia berdinak dira”.

Geroa Waldorf eskola sarean dago, eta izen bereko pedagogia metodoan oinarritzen da. Rudolf Steiner austriarrak sortu zuen Waldorf pedagogia, filosofia zabalago baten baitan, eta Europako herrialde askotan arrakasta handia du aspaldidanik. Alemanian, berbarako, ehundik gora Waldorf eskola daude. Euskal Herrian, momentuz, Geroa da bakarra, beste haurtzaindegi bi dauden arren, biak Araban baita ere.

Geroako irakasle Pepe Pagaldairen esanetan, “oinarria umearenganako errespetua da, baina letra larriz idatzita. Umea pertsona modura hartzea, eta kontuan izatea zein unetan dagoen”. Beste alde bat nabarmendu du Pagaldaik: “Ia 30 urte eman ditut irakaskuntza publikoan, eta han edukiak ematen genituen zergatia jakin gabe, ministerioak hala agintzen zuelako, eta kito. Hemen, berriz, denak dauka arrazoi bat, badakigu zergatik irakasten den gauza bakoitza eta zergatik momentu horretan”. Argi utzi nahi dute, hala ere, ez dutela beste inongo hezkuntza motaren aurkako kritikarik egin nahi.

Waldorf pedagogian ez dago tokirik testu-liburuetarako, ez etxeko lanetarako, ez azterketetarako. Oro har, ez dago tokirik Elio Montecuccok eskola arruntean antzematen duen gaitz behinenetako baterako: presioa. Esku-lanek berebiziko garrantzia daukate, eta eskola, ahala dela behintzat, eremu naturalean egoten da kokatuta. Natura ukitu eta sentitu behar baitute haurrek, dio Pagaldaik, liburuak ez daitezela izan hura ezagutzeko bide bakarra. Edukiak emateko modua oso bestelakoa dute, eta arreta berezia eskaintzen dizkiete trebetasun sozial eta artistikoei.

Beste eskola libre batzuk harago doaz. Eta horrexegatik hain zuzen, Euskal Herrian daudenetatik ez dugu hemen bakar bat ere aipatuko –ez dira asko egia esatera–. Beren planteamenduak txertaezinak dira irakaskuntzari buruzko legeetan, eta komunikabideetan agertzea da gutxien komeni zaiena.

Eskola horien oinarri teorikoak aski ezagunak dira munduan barrena, eta haietatik abiatuz ekimen ugari sortu da han-hemen, horiek bai aipatzeko modukoak. Ezaguna da, konparazio baterako, Sumer Hill eskola, 20ko hamarkadan Ingalaterran jaioa. Beste adibide bat AEBetako Clonlara dugu, baina horri arreta berezia eskainiko diogu geroxeago.

Norbanakoari arreta

Mertxe Blanco nafarra Tximeleta Heziketa Berritzeko Elkarteko kidea da. Montecuccok bezala, Blancok eskola tradizionalarenganako nahigabea aipatu du elkartea sortzeko arrazoitzat. “Eskola libre edo demokratikoez ari garenean, lehenbiziko oinarria zera da: ume bakoitzari ematen zaio arreta, norbanakoari, ez taldeari. Umearen erritmoa errespetatu behar da, horrek dakartzan ondorio guztiekin. Eta sei urte dituenean irakurtzen ez badaki, ez daki eta kito. Umeak bere bidea egin behar du, eta ez programa batek ezartzen diona”.

Jose Miguel Castro irakaslea da Kantabriako Unibertsitatean, eta horrez gain sormen-hezkuntzako tailerrak ematen ditu bere etxean, Bilbon. “Sormen-hezkuntzaren oinarria da baldintza egokietan, edozeinek edozer ikas dezake porrot egin gabe, eta ia mugarik gabe”. Baldintza horietako bat dibertsitatearen onarpena da, hots, eskolak egiten duenaren aurkakoa, Castroren esanetan. “Eskola dibertsitate horretaz mintzo da planteamendu teorikoetan, baina praktikan ukatu egiten du, berdindu egiten duelako”.

Espainiako Estatuan hezkutza arautzen duen LOE legeak, bere sarreran, honela dio: “Hezkuntza da tresnarik onena ikasle bakoitzak bere gaitasunak gara ditzan”. Castroren ustez, ez da egia: “Eskolak elkarrekin jartzen ditu adin bereko ikasleak, eta programa bat betearazten die. Ustez, adin bera duten guztiek lan erritmo bera izan behar dute, jakinmin bera, beharrizan bera. Eta horrek norbanakoaren izaera ukatzen du. Pertsona ukatzen du, ikasle huts bihurtuz”.

Jolastuz ikasten da

Sormen-hezkuntzak ezartzen duen bigarren baldintza jolasa da. Ikastea jolastea da, eta horretan bat datoz hezkuntza libre izendapenak biltzen dituen mugimendu guztiak. “Jolasa da naturak eman digun tresna ikertzeko, aurkitzeko, ingurura egokitzeko. Lan egin, jolastu, ikertu hitzak ia guztiz sinonimoak dira”. Hortaz, ikaskuntza emozioetatik baizik ezin daiteke abiatu, alegia, jakinminetik, eta kanpotik datozkigunak memorizazio saio hutsak izango dira. Hutsak, eta hutsalak. Castrok aitortu egiten du urtetan sinetsi duela irakaskuntza-ikaskuntza binomioan, “baina azkenean ohartu egin naiz antinomioa dela”. Ikastea norberak egiten duen zerbait da, eta hezitzaileak ezin du sekula irakatsi, lagundu baizik. Eskola arruntean egiten dena, hau da, une bakoitzean ume guztiek gauza bera ikasi beharra, ikasketa prozesu naturalaren aurkakoa litzateke honenbestez. Castroren esanetan, “Industria Iraultzaz geroztik eskolaren zeregin nagusia obeditzen irakastea da, eta lanerako trebakuntza ematea. Lehen, fabriketako lana nola egin irakasten zieten etxaldeetatik hirietara heldu berriak ziren haur saldoei. Gaur egun zer behar da lanerako? Ordenagailuak erabiltzen jakitea? Bada, hortxe dituzu ordenagailuak, ikasgeletan”.

Jolasaren garrantzia azpimarratzeko, Claudio Naranjo txiletar filosofoak –hainbat lan argitaratu du eskola eredua goitik behera iraultzearen alde– zera dio: “Gaur egun frogatuta dago jolasteko grina erreprimitzeak kalte egiten diola garunari, izan baitira jolasaren bidez aktibatzen diren sinapsiak –nerbio sistemako zelulen arteko lotuneak–, gerora galdu egiten direnak”. Biologiak halaxe azatzen du haur batentzat jolasak daukan ezinbestekotasuna. Ez dakigu sinapsiei buruzko ikerketak ezagutzen dituzten, baina horrekin bat datoz Geroako Pepe Pagaldai eta Tximeletako Mertxe Blanco. Biek hala biek azpimarratzen dutenez, eskolaren zereginetako bat umeari jolasteko material egokiak ematea da.

Espazioaren antolaketa

Blancoren ustez, benetako eskola libre batean –eta badira munduan hainbat adibide, Euskal Herriko bakanak barne–, espazioaren antolakuntzak ez dauka zerikusirik ohiko ikasgela arruntenarekin. Aitzitik, umeak askatasun osoz dabiltza propio prestaturiko gune desberdinetan. Hemen gorputz-ariketak egiteko aukera izango dute, hor esku-lanak, han liburuak dituzte eskuragarri. Bakoitzak nahi duena, nahi duen unean eta nahi beste denboraz. “Hezitzaileak, berriz, lagundu egiten du batik bat –dio Blancok–. Haren lan nagusia behatzea da, adi egotea, eta behar den kasuetan umearen lana erraztea, baina haren beharrei aurre hartu gabe. Hori baita, zoritxarrez, helduok gehienetan egiten duguna”.

Blancok deskribatutakoa bezalako giroa antzemango genuke, adibidez, AEBetako Clonlara eskolan sartzeko aukerarik bagenu. Pat Montgomery irakasleak sortu zuen 1967an, hainbat urtez irakaskuntza publikoan jardun ostean. Helburu nagusia umea pertsona bete eta zoriontsua izatea da, haren interes eta nahiei erantzunez. Halaxe azaldu digu Xavier Alà-k, Clonlarak Espainiako Estatuan daukan bulegoko arduadunak. “1979an, Montgomeryk etxean lantzeko ikas-programa garatu zuen, eta gutxika-gutxika nazioartean zabaldu zen programa hori. Gaur egun mundu osoko 25 herrialdetan dago”. Espainiako Estatuan badira beraz Clonlaran matrikulatutako ikasleak, baina euren etxeetan ikasten dute. Eta horrek hezkuntza librearen beste alderdi batera garamatza.

Xavier Alà ALE espainiar elkarteko kidea ere bada. Alegia, Asociación para la Libre Educación (Hezkuntza Librerako Elkartea). “Beharbada ‘libre’ hitza ez da egokiena hemen”, aitortu du irakasle katalanak. Egokiagoa litzateke, beraren ustez, familia hezkuntza. “Ingelesez badago kontzeptua ondo definitzen duen hitza: homeschooling. ‘Home’ ez baita etxea bakarrik. Ez dugu ulertu behar familia batzuek umeak etxean hezitzea hautatu dutela, besterik gabe. Zerbait zabalagoa da: euren seme-alaben hezkuntza estatuaren esku ez uztea erabaki dute, baina horrek ez du esan nahi den-dena etxean egiten dutenik. Kontuak kontu, familia batzuen hautua da, besteena bezain zilegia”. Ez beti legezkoa, ikusiko denez.

Familian heztearen abantailak

Homeschoolinga legezkoa da Europako herrialde gehienetan eta AEBetan. Atlantikoaz bestaldean bi milioi inguru homeschooler dago, eta agidanez, unibertsitateak irrikan daude halako ikasleak beren altzoetan hartzeko. Bestela esanda, inongo eskolatara joan gabe hezi diren ikasleak besteak bezain trebeak dira edozein arlotan, eta trebeagoak zenbaitzutan, Xavier Alàren hitzetan. Esaterako, sozializazio gaitasun handiagoa dute, jende gehienak kontrakoa uste duen arren. “Eskolan, umeek beren adinekoekin baizik ez dituzte garatzen harremanak. Familian hezitzen direnek, berriz, belaunaldi guztietakoekin”. Gainera, arima kritikoagoa eta informazioa erabiltzeko gaitasun handiagoa dute. Helduagoak dira, labur esanda.

Europar Batasun osoan, herrialde bitan baino ez dago debekatuta familian heztea: Alemanian eta Espainian. Bigarrenari dagokionez, Hezkuntza Ministerioko ordezkari batek adierazi digu eskolara joatea derrigorrezkoa dela, “umearen heziketaren zati garrantzitsua den heinean”. Hala, ez da harritzekoa Hego Euskal Herrian hautu hori egin dutenek uzkur agertzea komunikabideekin hitz egiteko garaian. Bada salbuespenik, hala ere. Ketty Sánchez irundarra (Gipuzkoa) eta haren senarra orain gutxi izan dira hizpide, aurten beren lau seme-alabak eskolatik atera eta euren kabuz heztea erabaki dutelako. Hori dela-eta, epaituak izango dira laster.

“Ez gara legez kanpoko ezer egiten ari”, aldarrikatu du Sánchezek. Bera ere ALEko kidea da, eta elkarteak homeschoolinga arautu dadin egin dituen ahaleginen berri eman digu. “Gure inguruko herrialde guztietan legezkoa bada, zergatik hemen ez?”. Hala, proposamena helarazi diete erakunde publikoei, baina oraingoz ez dute erantzunik jaso. Espainiako Konstituzioa alde dutela dio ALEk, seme-alabek zer hezkuntza mota jasoko duten aukeratzeko eskubidea aitortzen baitie gurasoei. Onartzen dute, beti ere, umeak heziketa egokia jasotzen ari direla nola edo hala kontrolatu beharra, Frantziako Estatuan egiten den bezala. Legeak 1882tik aitortzen die frantziar umeei ez eskolaratzeko eskubidea. 125 urte geroago, Sarkozy presidentea eskolatu gabeko emakume bat bere gobernuan sartzekotan omen dabil, Xavier Alàk dioenez. “Emakume hori itsasontzi batean izan zen hezia, gurasoekin munduko itzulia egiten zuen bitartean”. Zailagoa dirudi hezkuntza itzulikatzea.

Azkenak
2025-06-07 | ARGIA
Euskara hutsezko plaza bete dute Ziburuko Azokan

1.000 euskaltzale eta kulturazale baino gehiago giro goxoan ibili dira Ziburuko liburu eta disko azokan, eta larunbat goiz eta arratsaldez gozatu dute hitzaldi, kontzertu eta liburu aurkezpenez. 33 argitaletxe eta 10 diskoetxeren lanak ezagutzeko eta erosteko aukera probestu... [+]


EAEko euskaltegietan A2 mailan matrikulatzea oraingoaren laurdena kostako da

Datorren ikasturtetik aurrera, euskaltegietan A2 mailan matrikulatzen direnek orain arte bezala 310 euro ordaindu beharrean, 70 euro ordainduko dituzte. Maila gaindituz gero, ordaindutakoa itzuliko zaie ikasleei. 


Guardia Zibilak “hemendik fan egiteko” eskatuko dute ekainaren 14an Oñatin

Kuartela herrixantzat lelopean indar okupatzaileek Euskal Herritik irten behar dutela aldarrikatzen du Fan Hemendik taldeak.
 


Gure haurrak ere badira ekimenak mobilizazioa egingo du ekainaren 12an, Gasteizen

Rafah-ra doan nazioarteko martxarekin bat eginez, Gasteizen mobilizatzera deitu du plataformak, baita ikasgeletan ere. Palestinar haurrekiko elkartasun argazkiak ateratzeko eskatu du.


Bake Bideak eta Bakegileak bide amaierara iritsi dira

Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia 2011n egin zen Donostian eta ondoren sortu zen Bake Bideak, Ipar Euskal Herritik bake prozesua sustatzeko. Bakegileen zeregina ETA armagabetzeko ekinbide zibila antolatzea izan zen. Orain, desegingo direla iragarri dute bi ekimenek.


2025-06-06 | Gedar
EAEko kartzelariak greba egitera deitu ditu ELAk

Espetxeetako funtzionarioek lanuzte partzial bat egingo dute ekainaren 9tik 15era bitartean.


Idoia Asurmendi
Bihotzetik berriz pasatzea

IDOIA ASURMENDI
Non: Bilboko Kafe Antzokian.
Noiz: maiatzaren 29an.

----------------------------------------------------
 
Termometroak 30 gradutik gora markatzen ditu, uda giroa nagusi da eta Bilboko kaleak herritar aztoratuz beteta daude. Horrelako egun... [+]

Torturaren 21 biktima berri aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

21 pertsona “giza eskubideen urraketen biktima” gisa aitortu dituzte ofizialki. Espainiako Estatuko funtzionarioek eta eskuin muturreko taldeek torturatutako pertsonak dira eta biolentzia horren lagin txikia baino ez direla dio Egiaren Garaia Da ekimenak.


111 Akademiak banatuko duen azken saria jaso du Miren Amurizak

Ostegunean banatu dute saria, Amasa-Villabonako Hika txakolindegian. Bertan jakinarazi dute 2024koa izan dela 111 Akademiak banatuko duen azken saria.


Non daude kaparrak?

Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza... [+]


“Zaurgarritasun Indizea”, Jaurlaritzak nahi duena egiteko koartada

Nork sinesten du urtebetean Ordiziako errealitatea goitik behera aldatu dela eta desorekak desagertu direla?

Udaberriko oporren ataritan egunkarietan Begoña Pedrosak eman zigun titularra: Ordiziak ez du desorekei aurre egiteko plan berezirik behar... [+]


GALen biktimei barkamena eskatu die Alonsok, Gogora Institutuko zuzendariak

Datorren irailaren 25ean 40 urte beteko dira GALek Baionako Monbar hotelean egindako atentatutik, non lau euskal errefuxiatu hil zituen. Horren karietara, Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak oroimen ekitaldi bat egingo du udazkenean.


Energia berriztagarrien arloko kooperatiben europar federazioko Kontseilu Errektoreko kide bihurtu da Goiener

Rescoop.eu federazioko Kontseilu Errektorean sartu da Goiener kooperatiba, eta  "lorpen handitzat" jo du ardura berri hori. Iragan maiatzaren 22an Krakovian (Polonian) egindako Energia Komunitarioaren Foruman parte hartu ahal izan dute, eta une inportantea izan... [+]


Eguneraketa berriak daude