«Zentzua du diasporako idazleek Euskal Herrian espazio bat izateak»

  • Frank Bergon euskal jatorriko idazlea da. Nevadan jaio, Kalifornian hazi eta orain New York estatuan bizi da. Unibertsitate irakasle da han. Gutxiengoak eta ingurumena dira bere interesgune batzuk. Ipar Amerikako mendebaldean ezaguna da bere fikzio eta ez-fikzio lanengatik. Fikzio alorrean argitaratutako obrak Shoshone Mike (1987), The Temptations of St. Ed & Brother S (1993) eta Wild Game (1995) dira. Batez ere Nevadan daude kokatuta eta Ipar Amerikako euskaldunen esperientziaren erretratu interesgarria dira. Bergonen fikzioak Western generoaren ezaugarri esanguratsuak ditu, baina bere ikuspuntu eta elementu berriek genero zahar hau osatu eta berritu egin dute. Literaturaren bitartez, gizartearen eta gizakiaren azterketa interesgarria egiten du. Lantzen dituen gaiak askotan transnazionalak dira eta Euskal Herrian ere aplikagarriak.
Frank Bergon

Zure amaren gurasoak Markina eta Ajangizetik etorri ziren. Nola ezagutu zuten elkar?


Nire Ajangizeko aitona gizon gaztea zenean artzain egon zen Ameriketako mendebaldean. Behin, beste artzain batek gainean zeraman argazki bat ikusi zuen, Markinan bizi zen neska polit batena, alegia. Neskari idatzi eta ezkontzeko eskatu zion. Senitartekoek jarritako eragozpenak gainditu ondoren, neska gazteak New Yorkera itsasontzia hartu eta trenez Amerikako mendebaldera joateko lurralde osoa gurutzatu zuen. Han, bere gizona izango zenarekin elkartu zen. Paparrean orratz bat jarri zuen nire amonak, trenetik jaisterakoan nire aitonak nor zen ezagutu ahal izateko. Ezkondu eta zortzi seme-alaba izan zituzten; horietako bat zen nire ama.

Haurra zinenean nola bizi zenuen euskal kultura? Garrantzia izan zuen zuretzat?


Nire gurasoen belaunaldiak beraien iragan europarra atzean utzi nahi zuen. Ez amak ez aitak ez zuen inoiz Europa bisitatu. Amerikarrak izan nahi zuten, eta ni ere amerikarra izatea zen beraien nahia. Halere, nire amona oso euskalduna zen eta hitz batzuk erakutsi zizkidan erdaraz eta euskaraz haurra nintzenean. Niretzat euskal kulturarekin izan dudan identitate gune indartsuena janaria izan da. Nire familia askotan joaten zen Kalifornian dagoen Fresnoko Euskal Hotelera jatera. Bertan, Euskal Herriko gizonak hoteleko frontoian pilotan aritzen ikusten nituen. Mahai handietan euskaraz hitz egiten zuten beste batzuen ondoan esertzen ginen. Nahiz eta sukaldaritza euskal-amerikarrak bere estilo propioa izan, artzainen kanpamendutan egiten zen janarian oinarritua, zopa eta arrain plater askok, geroago Euskal Herrian dastatu izan dudan zaporea zuen. Nire identitate euskalduna, beraz, janariarekin lotuta zegoen zerbait izatera heldu zen. Oraindik nire amamaren sukaldean egoten zen usain goxoa dut gogoan.

Eta gero, euskal kulturak zer nolako garrantzia hartu du zuretzat?


Lehenengoz argitaratu nuen istorioa eskolan nengoela izan zen, hamazazpi urte nituela. Istorioaren izenburua The Flood (Uholdea) zen, Kalifornian bizi zen artzain euskaldun baten ingurukoa; artzainak Fermin Erro zuen izena. Beraz, argi dago nire karrera hasieratik nuela euskal jatorriaren inguruko jakin-mina. Gero hasi nintzen euskal jaietara joaten eta Europa eta Ameriketako euskal historiaren inguruan ikasten.

Noizbait “Amerika mendebaldeko idazlea” terminoa “euskal-amerikar idazlea” baino nahiago duzula esan duzu, zeren eta zure ustez Amerika mendebaldekoa esateak euskalduntasuna inongo arazorik gabe jasotzen du. Nola ikusten duzu, termino hauez gain, Euskal Herriko euskal idazleen artean ere aintzat hartzea?


Zentzua du euskal diasporako idazleek espazio bat izatea. Nik idazten dudanak identitate, emigrazio, galera, desplazamendu, kulturaren berreskuratze eta antzerako gaiak jorratzen ditu. Gai hauek beste lurralde batzuetako diasporako literaturaren ezaugarri ere badira.

Zure ustez, zure eleberriek badute ekarpenik Europako Euskal Herriko kulturan?


Hala izatea espero dut. Nire ustez, literaturak kultura baten esperientzia ulertzen laguntzen du, beraien lurraldetik alde egin behar izan zutenen esperientzia barne.

Nola ikusten duzu irudikatua euskal diaspora Euskal Herrian?


Euskal Herriko Unibertsitatean euskal diasporaren inguruko ikerketak garrantzi handia du. Bertan ikastaroak, argitalpenak eta tesiak egiten ari dira. Halere, euskal itzultzaile eta argitaratzaileek gehiago parte hartu beharko lukete euskal diasporaren inguruko ezagutza zabal dadin.


Nola sentitzen zara Euskal Herrian eta zure bertako senitarteen artean?


Azken aldiz Euskal Herrira joan nintzenean inoiz baino gehiago sentitu nintzen etxean bezala. Horren arrazoi handi bat nire herriaren politika kontuengatik sentitzen dudan desadostasun geroz eta handiagoa da. Honetaz gain, oso harreman estua dut nire senitartekoekin eta, hau e-postaren aroa izanik, beti gaude kontaktuan.

Euskal diasporako beste kide batzuek zer nolako harremana dute euskal kulturarekin?


Otsailean, San Frantzisko hegoaldeko Euskal Kultur Etxeko hogeitabosgarren urtemugaren ospakizunera ehunka pertsona joan ziren. Afarian, gau horretan abestu behar zuten Amerikako mendebaldeko bertsolari batzuekin eseri nintzen. Bertsolari baten emazteak esan zidan berak oso gaizki pasatzen duela Euskal Herrira bueltatzen denean. Nahiz eta euskaraz hitz egin, Europako euskaldunek bera amerikarra delako ez dutela begi onez ikusten sentitzen omen du. Bere gizona Kaliforniara artzain gisa etorri zen hamasei urte zituenean. Berak ere ez du batere gogoko Euskal Herrira joatea.

Shoshone Mike idaztearen arrazoi bat Dayton Hyde-ren The Last Free Man (1973) (Azken Gizon Askea) irakurtzean sentitu zenuen haserrea izan zen. Hydek bere liburua ez du fikziotzat jotzen, eta dio oso posible dela euskaldunek Shoshone Mike indiarraren alabak iraindu izana. Beretzat, indiarrek hiru abeltzain euskaldunak hiltzea, beraz, justifikatuta legoke. Zuk zer deritzozu?


Nire ustez Dayton Hydek hori asmatu egin zuen. Ez du inongo oinarririk aurkezten susmo hori justifikatzeko. Gainera, uste dut ez lukeela adorerik izango abeltzain anglo-saxoi bati buruz horrelako oinarri gabeko espekulaziorik egiteko.

Robert Laxalt idazlea ere Shoshone Miken istorioaren inguruan idatzi nahian zebilen. Zer esan zuen zure liburua irakurtzerakoan?


Laxaltek bidalitako eskutitz batean esan zidan gaiaren inguruan idaztea nahi zuenez nire nobela irakurtzea atzeratu zuela. Badakit elkarrizketa batzuk ere zuzendu zituena dokumental bat egiteko. Nire nobela irakurri zuenean asko goretsi zuen. “Emozionatu egin ninduen” izan ziren bere hitzak. Laxaltek ondo hitz egin zuen nire nobelaren inguruan.

The Temptations of St. Ed & Brother S eleberrian Amerikako euskaldunekin lotura handia duten bi kontzeptu nabarmentzen dira: desertua eta erlijioa. Halere, zuk ezaugarri hauek beste ikuspuntu batetik aurkeztu dituzu. Azaldu dezakezu hau?


Zuk diozun bezala, eleberriak ez ditu estereotipo gisa aurkeztu nahi euskaldunek desertu eta erlijioarekin duten harremana. Eleberriak ez du artzainik aurkezten Nevadako desertuan eta erlijio katolikoaren ikuspuntua ez da konbentzionala. Nire euskal-amerikar monjeak ordena erlijioso berri bat asmatzen du; are gehiago, esango nuke beste euskaldun baten adibide berritzailea jarraitzen duela, Loiolako San Ignaziorena, alegia.

Zure eleberrietan euskaldunak, indiarrak, anglo-saxoiak eta mexikarrak daude. Gai ekologiko, soziokultural, politiko eta psikologikoak ere lantzen dituzu. Ikuspuntu eta arraza hauen guztien elkarjartzeak mendebaldea espazio multikultural bezala aurkeztu nahi al dute? Lurralde anitz eta ondorioz konplexua, non euskaldunek zati bat osatzen duten?


Zuk deskribatzen duzun konplexutasun horrek oso ondo laburtzen du nire esperientzia gaur egungo mendebalde modernoan. Euskaldunen esperientzia ez da bakarra mendebaldean eta ez dago isolatua.

Zer deritzozu zure eleberriak Western Berri bezala definituz gero? Mendebaldeko historia kontserbadore eta tradizionala ukatzen ez duen fikzio gisa ulertuz, non helburua ez da gehiengoak kontatutako historia suntsitzea, baizik eta osatzea, horrela gutxiengoak espazioa eta ahotsa izan dezan.



Zure Western Berri definizioa gogo onez ikusten dut nire liburuak deskribatzeko. Nahiz eta Mendebalde Zaharreko mitoa apurtzen saiatzen naizen, ez dut mendebalde zaharrago baten historia ukatzen edo baztertzen. Nire lehenengo eleberrian, Shoshone Mike-en, pertsonaia nagusia ez da artzaina, bere aita baizik. Modu horretan adierazi nahi dut euskaldunak herri-kulturan sarri nola izan diren irudikatuak, baina, euskal-amerikarren inguruan baztertu izan diren alderdiak aztertzeko aukera ere zabaltzen dut. Nire eleberri guztietan mendebaldeko gai zaharrei buruzko hausnarketa egiteko modu berriak aurkezten ditut, adibidez, goardien biolentzia edo eta justikatutako eta onartutako biolentzia. Aldi berean, mendebaldeko fikzio tradizionalean, hau da, Western tradizionalean baztertutako gaiak aztertzen saiatzen naiz. Amerikar mendebaldeko minorien aktibismo politikoa da gai hauen arteko bat, Indiarrena, mexikar-amerikarrena, eta euskal-amerikarrena, bai gizon eta emakumeen ikuspegitik.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal diaspora
Izaskun Barber de Carlos. Jaiotzez folklorikoa
“Guk bizi dugun bezala bizi dute nafartasuna Argentinan”

Euskal kulturaren transmisioarekin jarraitzeko, eta euskal nortasunaz hausnartzeko Argentinako nafar etxeetara bidaiatu dute Ortzadar Euskal Folklore Elkarteko kideek, eta bizitakoa Nafar Haziak dokumentalean jaso dute. Bertan izan da Izaskun Barber de Carlos (Iruñea,... [+]


Steve Mendibe. 'Basque’ bezain euskaldun
"Amerikarra eta euskal herritarra naiz, baina, bihotzez, euskalduna"

Udatiarrak alde eginik da Ea. Bakean. Halaxe gustatzen zaio Steve Mendibe Aroztegiri, euskaraz bizi den herria, udakoek dakarten gaztelania arrotza gabe. Kalifornian jaioa, Boisen bizi, amerikarra bezainbat da euskalduna. Bi nazionalitateak ditu, bi erroldak... bihotz bat.


2023-07-21 | Euskal Irratiak
Euskal diasporako 37 gazte Euskal Herrian izan dira azken asteetan

Euskal jatorriko 37 gazte estatubatuar Euskal Herria ezagutzen eta euskara ikasten aritu dira uda hastapenean.

 


2022-02-21 | Euskal Irratiak
San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu

San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu asteburu huntan.


Marcela Inda. Argentinar euskaldun peto-petoa
"Euskara da nire lekua, arraina uretan bezala nago bertan"

Argentinatik etorri ikaslea da Lazkaoko Maizpide euskaltegian. Harekin batera heldu hamaika ikasleek bi hilabete egin eta itzuli ziren beren herrialdeetara. Harrigarriki, bertan dugu oraindik mailarik handieneko ikaslea, askok baino hobeki dantzatzen duela euskaraz mingaina... [+]


Eguneraketa berriak daude