Negutegi efektua gainean dugu

  • Azken hilabeteotan, nazioarteko agendan leku nagusia klima aldaketak hartu du. Zenbaiten arabera, fenomeno horrek arazo larriak sor litzake uztetan, turismoan eta baita gizakion biziraupenean ere, batik bat Europako hegoaldean. Gauzak horrela, nazioarteko erakunde, mundu osoko gobernu eta talde ekologistak prest daude borrokan hasteko. Hala ere, aurreikuspen katastrofiko horiek hainbesterainokoak ez direla pentsatzen duenik ere badago. Horien ustez, aurreikuspenak nuklearren aldeko lobbyen aitzakiak besterik ez dira energia mota horren erabilerari bultzada berria emateko.

    Munduko gobernu guztiak arduratuta daude klima aldaketak planetan izango dituen ondorioekin. Azken hilabeteotan, gainera, laztu egin dira gai honen inguruko eztabaidak. Alde batetik, planeta gaur egun berotzen den bezala berotuz jarraituz gero hondamendi larria iragartzen dutenak daude eta, bestetik, ohartarazpen eta aurreikuspen horietan ezkutuko beste arrazoiak ikusten dituztenak; esate baterako, energia nuklearrari bultzada berria eman nahi izatea.
Esako urtegia
Jagoba Manterola
Klima aldaketaren ondorioei buruzko kezkaren erakusgarri, Europako Batzordeak egin eta joan den urtarrilean jendaurrean jarritako txostenaren edukia bildu dugu. 1990. urteko mailarekin alderatuta, 2020. urterako gutxienez %20 gas kutsagarri gutxiago isurtzea proposatu du Batzordeak. Orain arte mahai gainean jarritako helburu handizaleena da, Bruselak egindako analisien emaitzek erakutsitako egoera dramatikoa saihesteko aplikatu nahi dena. Zentzu horretan, txosten horrek adierazten du klima aldaketak eragin suntsitzailea izango duela Europako hegoaldean, bereziki uztetan eta turismoan.
 
Europako Batzordearen agiriarekin batera datozen datu zientifikoek diote NASAren zenbakien arabera 2005. urtea izan dela orain arte erregistratutako beroena eta historiako 10 urterik beroenak 90eko hamarkadakoak izan zirela.
 
Eragin izugarriak

Europako Batzordearen Ikerketa Zentroak gauzatutako txostena(Peseta Ikerketa delakoa) satelite bidezko irudiei eta datu bilketa zientifiko berrienei esker egin ahal izan da. Txostenak erakusten duenez, klima aldaketak hainbat ondorio ekarriko ditu inguruaren arabera. “Klima aldaketaren eraginak ziur asko desberdinak izango dira leku batzuetan eta besteetan”. Europako zenbait eskualdek izugarri sufrituko dute. Europako hegoaldean, adibidez, klima aldaketak laboreen emankortasuna gutxitu du, beroak eragindako heriotzak gehituko ditu eta uda garaiko turismoari ondorio kaltegarriak eragingo dizkio. Honakoak ditugu Batzordearen txostenak iragarritako beste zenbait ondorio: ibaiek gainezka egingo dute, uholde handiak egongo dira, animalia espezieen migrazio masiboak gertatuko dira, eta ekonomian ere kalte handiak izango dira.
 
“Klima aldaketaren eraginez, mende honetan erabat alda liteke udaz daukagun ideia. Baldintza ezin hobeak dauzkan lekua, orain Mediterraneo inguruan kokatzen dena –hondartza turismoarentzat bereziki–, iparralderantz mugituko da, agian Itsaso Baltikora edo Ipar itsasora”, aipatutako agiriaren arabera. Alabaina, txostenak ondoren zehazten du turismoaren exodoa handiagoa edo txikiagoa izatea enpresek edo udatiarrek oporrak denboraldiz kanpo, udaberrian adibidez, antolatzeko daukaten gaitasunaren araberakoa izango dela. Kontuan izan behar da uda Mediterraneoko kostetan pasatzen duten turisten joan-etorria dela planetako handiena. Turismo hori urtean 100 milioi pertsona ingurukoa da. Horietatik erdiak Espainiako Estatuko kostetara joaten dira, eta 100.000 milioi euro gastatzen dituzte oporraldian. Aurreikuspenak betetzen badira, begi bistakoa da Mediterraneoko herrialdeek ondorio ekonomiko kaltegarriak jasan beharko dituztela.
 
Peseta txostenak iragarpen horiek egiteko oinarritzat hartu du da mende honen bukaera aldera karbono dioxidoaren isurketak biderkatu edota hirukoiztu egingo direla maila preindustrialei dagokienez. Kalkuluen arabera, uztak %22,4 murriztuko dira Europako hegoaldean. Zergatik? Txostenaren erantzuna: planetaren berokuntzaren ondorioz laboreen hazkuntza aldia laburragoa izango delako. Europar kontinentearen iparraldean, ordea, izozteak laburragoak izango direnez, uztak %70 ugarituko dira.

Hildako gehiago

Europako txostenak adierazten duenez, klima aldaketaren ondorioak gizakion biziraupenera ere iritsiko dira. Bero-boladek, gainera, hilkortasuna areagotuko dute hilabete beroetan, eta uholdeak edo ekaitzak bezalako muturreko fenomeno meteorologikoekin zerikusia duten istripuak gehitu egingo dira. Bitxia badirudi ere, EBren txostena arazoa kuantifikatzen ausartu da, eta bi egoera erakusten ditu, bata arina eta muturrekoa bestea. Ikerketa horren arabera, hondamendi egoerarik larrienean, hau da, 2071tik aurrera tenperatura urtean hiru gradu igoz gero, EBn urtero 86.000 pertsona gehiago hilko dira. Egoera arinenean, aldiz, planeta 2,2 gradu bakarrik berotzeko neurriak bete eta neurri horiek funtzionatuz gero, hildakoen kopurua 36.000 inguruan ibiliko litzateke.
 
Ondorioak arintzeko neurriak

Europako Batzordeak zenbait neurri proposatzen ditu CO2aren isurketen ondorioz gertatzen ari den planetaren berotzea geldiarazteko; esate baterako: energia berriztagarriak sustatzea, kontsumoa gutxitzea eta karbono maila txikiak isurtzea ahalbidetzen duten teknologia berriak bultzatzea. Energia nuklearraren erabilera ere ez du baztertzen. Horren “abantailak” goraipatu ditu eta eztabaida berriz piztu du behintzat.
 
CO2 isurketak gutxitzeko politikaren baitan, EBk bi helburu ditu: nazioarte mailari begira, berotegi efektua sorrarazten duten herrialde garatuen gas isurketak 2020rako %30 murriztearen alde dago. Gainontzeko herrialde garatuak ere helburu horrekin bat etorri eta konprometitzeko ekimena da, baina Txina eta India aurka daude. Hogeita zazpiek osatzen duten Europarentzat, 2020rako CO2aren isurketak gutxienez %20 murriztea da EBren proposamena.
 
Baina nolako kostu ekonomikoa dauka klima aldaketaren ondorioak arintzeko horrelako neurriak hartzeak? Neurriz kanpoko kostua izan behar du, izan ere Europako agiria ez baita ausartzen zehaztasunak ematen. Hala ere, “urtean milaka milioi euroko” kopurua zenbatesten du XXI. mendearen bigarren erdirako. Financial Timesen datuen arabera, kopuruak 10.000 milioi eurokoak izan litezke egoerarik onenean, eta 40.000 milioi eurotik gorakoak egoerarik muturrenekoenean.

Gas kutsagarrien isurketen murrizketa eskasa

Nazioarteko talde ekologistak ez daude ados Europako Batzordearen proposamenarekin, haientzat ez baita nahikoa 2020rako gas isurketak %20 murriztea. Greenpeace eta World Wildlife Found/Adena (WWF) nazioarteko mugimenduak berehala agertu dira Europako Batzordeak proposatutako zenbaki eta helburuen aurka. Kutsagarriak diren edo berotegi efektua sorrarazten duten gasen isurketa 2020rako %20 murriztea neurri eskasa iruditzen zaie. Isurketak ehuneko hori gutxitzea “oso txiki eta xumetzat” jotzen dute, eta murrizketak %30ekoak izan daitezela eskatu dute. Greenpeace-rentzat, Europar Batasunak “bere planteamenduekin traizio egiten die EBko etorkizuneko belaunaldietako herritarrei, eta klima aldaketaren aurrean erakutsi dugun ahuleziaren ondarea utziko diegu gure ondorengoei”. WWF-k “epeltzat” jo ditu proposatutako neurri energetikoak.
EAErako plana
 
Halaber, EAEko agintariak ere konturatu dira klima aldaketak ondorioak dituela gure lurraldean, eta horri aurre egiteko plana egiten ari dira. Maiatza alderako prest eduki nahi dute zirriborroa. Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak duela urtebete Klima Aldaketaren Euskal Bulegoa sortu zuen. Ihobe-ko zuzendaritzaz ere arduratzen den Xabier Caño da koordinatzailea, eta bulego berri hau da klima aldaketari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzaren politikak koordinatzen ari dena. Dagoeneko egin dute egoeraren diagnostikoa. Bigarren fasea, berotegi efektua sorrarazten duten gas isurketen 2012ra arteko eszenatokia prestatzea izango da, isurketa horiek baitira klima aldaketaren eragile nagusiak. Hirugarren fasean, berriz, klima aldaketaren ondorioz kaltetutako sektore bakoitzerako helburuak eta neurriak identifikatuko dira. Laugarren fasea 2007-2012 epean plana martxan jartzea izango da. Pil-pilean dagoen eztabaidak luze jarraituko duela argi dago beraz.
Xabier Caño, Klima Aldaketaren Euskal Bulegoko koordinatzailea: «Gobernuetan ez ginen kontziente aldaketa klimatikoak ekar zitzakeen ondorioez»

Aspalditik dago kezka aldaketa klimatikoagatik. Orduan zergatik ez du lehenago sortu Eusko Jaurlaritzak bulego hau?


Eusko Jaurlaritzan eta estatu mailako beste gobernuetan ez ginen kontziente aldaketa klimatikoak ekar zitzakeen ondorioez. Hala ere, ondorio horien kontrako politikak aspaldi jarri genituen martxan eta hori izan da bulegoa eratzearen arrazoia, bulegoaren zeregina da politika horiek koordinatzea.

Hainbaten ustez aldaketa klimatikoaren gaia energia nuklearraren inguruko eztabaida berpizteko erabiltzen ari dira...


Ezin daiteke saldu energia nuklearra aldaketa klimatikoaren soluzio bezala. Energia nuklearra baztertu behar dugu, baina ez aldaketa klimatikoagatik, baizik eta energia nuklearrak berak dakartzan arazoengatik.

Aldaketa klimatikoari aurre egiteko plana egiten ari zarete eta besteak beste neurriak hartuko dituzue etxetik sortzen ditugun CO2 isurketak murriztu eta kontsumo ohiturak aldatzeko. Baina industriari nola eragingo dio planak?


Plana azaroan martxan jartzea pentsatzen dugu. Bakoitzak bere erantzukizuna du. Kontuan izan behar da industriak %28 murriztu dituela bere isurketak, horrek esan nahi du zerbait egin dutela. Administraziotik lan egin dezakegu, dirua jarri eta plangintzak landu, baina azkenean aldaketa klimatikoaz hitz egiten dugunean gizarte garapen modu bati buruz ari gara eta hiritarrak bere pentsamoldea ez badu aldatzen, ez dugu ezer egingo. Ez da industriaren konpromisoa bakarrik behar, edo hiritarrena, edo administrazioarena... Guztion konpromisoa behar da.

Baina planak neurri berezirik hartuko du industriari dagokionez?


Aldaketa klimatikoaren aurrean neurri gehien hartu dituena industria izan da. Europako arau gehienek industriari bakarrik eragin diote eta urtero beraien CO2 isurketak murrizteko esfortzua egin behar dute eta horretan jarraitu behar lukete.

CO2 gehien isurtzen dutenak zentral termikoak dira eta Eusko Jaurlaritzak askotan hitz egin du horiek ixteko beharraz. Nola egin hori?


Guk ez dugu eskumenik, zentral termiko hauei baimena ematen diena Estatuko administrazioa baita. Guretzako aldaketa klimatikoari aurre egiteko zentral termikoak murriztea guztiz beharrezkoa da. Ziklo konbinatuko zentralak martxan jartzen baditugu, horrek esan nahi du energia nahiko produzituko dugula eta beste zentralak ez direla beharrezkoak izango...

Harremanetan zaudete Madrilekin?


Noski, baina azkenean Madrilgo Ministerioak bere plangintza du Estatu mailan eta oraindik ez du esan noiz itxiko dituen zentral horiek. Harremanetan bagaude, baina oraindik ez dugu galdera horri buruzko erantzunik.

Zuhaitzak aldatu dituzue Nairobin konpentsazio bezala. Zilegi ote da “karbono merkatu” horretan sartzea?


Merkatu horretan guk ere ez dugu konpetentziarik. Hala ere, aldaketa klimatikoak efektu globala du eta merkatu honen ideia da Brasilen sortzen dituzun isurketak hemen konpentsatu ditzakezula, adibidez. Lortu behar duguna da hemengo enpresak munduko beste lekuetara joan daitezela berrikuntza teknologikoen bidetik murriztapenak lortzeko isurketa horietan.
 
 
http://www.argia.eus/argia-astekaria helbidean, elkarrizketaren bideoa ikusgai.

Azkenak
analisia |
National Geographic gutxiago, Kropotkin gehiago

Eskatutako kafea zerbitzatu zain nago tabernan, telebistan baleen inguruko dokumentala: “Arrak borrokan ari dira emea nork estaliko, borroka gordina eta arriskutsua, irabazle bakarra izango duena”. Soinu banda epikoak indartzen du ustezko gudaren intentsitatea... [+]


Amurrioko Correoseko postariek grebari eutsiko diote, enpresako zuzendaritzaren proposamena nahikoa ez dela iritzita

Langileek azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari enpresaren proposamena ez dela konponbidea eta, horren ondorioz, hirugarren greba egunari eutsiko diote. 


2025-06-09 | Mattin Jauregi
Erleen dantza: Naturaren hizkuntza ahaztezina

Lurraren historian espezie askok komunikazio konplexuak garatu dituzte, baina gutxik dute erleen dantzaren pareko kode sofistikatua. Erle langileek elikagai-iturrien kokapena adierazteko erabiltzen duten dantza ez da soilik naturaren mirari bat, baita zientziaren begietatik... [+]


Sorbeltza
Lo airean egiten duena

Askorentzat uda soinuaren egilea da hegazti hori eta, seguruenik, hau dela eta mila izen ditu Euskal Herrian. Hauetako batzuek bere ‘txrriiii-txrrriiii-txrriii’ kantu deigarriari egiten diote erreferentzia: txirritxori, zirringilo, irrigo edo kirrilo, adibidez. Beste... [+]


2025-06-09 | Jakoba Errekondo
Gaitz erdi eta lotsa oneko nekazariak

Natura aspaldi deuseztatu genuen. Hori da gure kultura, natura deuseztatzea. Oinarrian, nekazaritzaren kultura, goldearen kultura, kultibatzea, berezko natura deuseztatzea da. Guk nahi ditugun mozkinak eta etekinak jezteko moduko “natura” dugu gurean.


2025-06-09 | Garazi Zabaleta
Basotxoa
Nafarroako ekoizle eta artisauen azoka berria Iruñeko Basotxoan

Ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko zuzeneko harremanak sustatzeko asmoz azoka berria jarri du martxan Iruñeko Udalak, INTIA-Reyno Gourmetekin, Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarekin (NNPEK), Elikagai Artisauen Elkartearekin eta Bizilurrekin... [+]


2025-06-07 | ARGIA
Euskara hutsezko plaza bete dute Ziburuko Azokan

1.000 euskaltzale eta kulturazale baino gehiago giro goxoan ibili dira Ziburuko liburu eta disko azokan, eta larunbat goiz eta arratsaldez gozatu dute hitzaldi, kontzertu eta liburu aurkezpenez. 33 argitaletxe eta 10 diskoetxeren lanak ezagutzeko eta erosteko aukera probestu... [+]


EAEko euskaltegietan A2 mailan matrikulatzea oraingoaren laurdena kostako da

Datorren ikasturtetik aurrera, euskaltegietan A2 mailan matrikulatzen direnek orain arte bezala 310 euro ordaindu beharrean, 70 euro ordainduko dituzte. Maila gaindituz gero, ordaindutakoa itzuliko zaie ikasleei. 


Guardia Zibilak “hemendik fan egiteko” eskatuko dute ekainaren 14an Oñatin

Kuartela herrixantzat lelopean indar okupatzaileek Euskal Herritik irten behar dutela aldarrikatzen du Fan Hemendik taldeak.
 


Gure haurrak ere badira ekimenak mobilizazioa egingo du ekainaren 12an, Gasteizen

Rafah-ra doan nazioarteko martxarekin bat eginez, Gasteizen mobilizatzera deitu du plataformak, baita ikasgeletan ere. Palestinar haurrekiko elkartasun argazkiak ateratzeko eskatu du.


Bake Bideak eta Bakegileak bide amaierara iritsi dira

Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia 2011n egin zen Donostian eta ondoren sortu zen Bake Bideak, Ipar Euskal Herritik bake prozesua sustatzeko. Bakegileen zeregina ETA armagabetzeko ekinbide zibila antolatzea izan zen. Orain, desegingo direla iragarri dute bi ekimenek.


2025-06-06 | Gedar
EAEko kartzelariak greba egitera deitu ditu ELAk

Espetxeetako funtzionarioek lanuzte partzial bat egingo dute ekainaren 9tik 15era bitartean.


Eguneraketa berriak daude