Getxoko Udalean bi trebatzaile euskara afinatzen


2007ko otsailaren 11n
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Gozategi anaien kantuan bezala, badakizkite nor-nori-nork, baldintza eta subjuntiboa. Hala ere, administrazioko langileentzat, zeniezadake dotore bat eraikitzen jakitea ez da beti lanean euskaraz aritzeko bermea; inprimaki ofizialetako euskarak, maiz, aditz korapilotsuak baino are misterio ilunagoak gordetzen ditu bere baitan. Horretaz jabeturik, Bizkaian, udal batzuek langileak kontratatu dituzte, euren funtzionarioei misterio horiek argitzen lagundu diezaieten. Getxo da aitzindarietako bat, eta hara jo dugu guk euskara trebatzaileen zereginaz galdezka.

«Euskara munduan, trebatzaileak 90eko hamarkada hasieran sortu ziren gutxi gorabehera», diosku Jabi Aranguena udal euskara teknikariak. Haien zeregina erraz azaltzen da: langilea euskaraz lan egiteko gaitzea eta motibatzea. «Euskaltegira ez doazen eta maila jakin bat daukaten langile guztiak dira trebagaiak», gehitu du Aranguenak, «baina guk lehentasun batzuk ezarri ditugu».

Irizpide nagusia, zer esanik ez, jende aurreko lanpostua edukitzea da. «Bestalde, argi geneukan, hasiera-hasieratik, zegokien hizkuntza eskakizuna beteta zeukatenekin arituko ginela», dio Nerea Laskibar trebatzaileak. Laskibar 2004tik ari da Getxon beste lankide batekin batera, eta dagoeneko 52 beharginekin egin dituzte trebatze saioak. «Banakako saioak dira gehienetan. Astean behin ordu eta erdiz elkartzen gara langilearekin, haren lantokian beti. Euskaltegitik irten eta gero lanera itzultzen direnerako baliabideak ematen dizkiegu, administrazioak hizkera berezia daukala jakinda».

Alazne Galdospinek Getxoko Hiritarrentzako Arreta Zerbitzuan dauka lantokia, eta azken hilabeteetan trebatzailea eduki du aldamenean ostegunero. «Orain hamar urte hasi nintzen Udaletxean lanean -diosku-, artean euskalduntze planik ez zegoela. Baina nik banekien euskaraz ordurako, udal euskaltegian ikasita. Trebatzailearekin egin nuen lehenbiziko lana inprimaki guztiak egokitzea izan zen. Batik bat hori egiten dugu. Ahozkoa ez hainbeste».

Nerea Laskibarrek agertu duenez, «lehenik eta behin pertsonak aukeratzen ditugu, gero beraiekin hitz egin eta, prest badaude, lanpostuan dituzten beharrak aztertzen ditugu, horren araberako baliabideak emateko». Terminologiari dagokionez, esaterako, langileari azaldu egiten zaio zer nolako tresnak dituen eskura. Gehienetan, interneten gaur egun topa daitekeen hiztegi mordoa, orokorrak zein espezifikoak. Baina terminologia «bost minutuan» gainditzen den oztopoa da, Laskibarren iritziz.


Langileen beldurrak uxatzen

Jabi Aranguenaren esanetan, administrazio hizkera egokia erabiltzea ez da hiztegi kontu hutsa: «Langilea hizkera modernoa erabiltzeko gai izatea nahi dugu. Hau da, ulerterraza, argia, estetika ere pixka bat zaintzen duena... ez da terminologia bakarrik». Kontuak kontu, langileen arazorik handiena, Nerea Laskibarren ustez, beldurra da. Esaldi batean ergatiboa ipini behar den ez jakitea, alegia. «Halako zalantza txikiak nahikoa dira euskararenganako jarrera uzkurtzeko. Horregatik, oso garrantzitsua da motibazioa». Alazne Galdospinentzat, esaterako, trebatze saioak bultzada ederra izan dira: «Hitz egiteko erraztasuna eman didate, oraindik kostatzen zaidan arren».

Getxoko Udaleko Euskalduntze Plangintzaren helburuetako bat, izan ere, langileen hizkuntza ohiturak aldatzea da. Diotenez, behin baino gehiagotan gertatu zaie, langile batengana lehenengo aldiz joanda, aldameneko lankidea orduantxe konturatzea urtetan alboan eduki duena euskalduna dela. Lankideen arteko komunikazio-hizkuntza aldatzeko, erabilera taldeak antolatu dituzte, gehienetan trebatze saioetan aritu diren langilez osatutakoak. Horrez gain, aholkularitza eta zuzenketa zerbitzua sortu dute -dagoeneko trebatzailerik gabe molda daitezkeen langileentzat-, eta bide batez udalaren euskara irizpideak ezartzen eta inprimakietako hizkuntza normalizatzen dabiltza.


Ez ei dago zabalduegia Bizkaian

Leku gutxitan egiten omen da trebakuntza Getxon egiten den modura. «Eta udaletxe handitan baino ez, Bizkaian behintzat», nabaritu du Jabi Aranguenak. Harritzekoa, orain hamabost urte inguru jaiotako ekimena izaki. 1989koa da, hain zuzen, ALET -Administrazioko Langileak Euskaraz Trebatzeko- programa, HAEE-IVAP eta HABEk sortutakoa. «Denbora luzez ez da trebakuntza landu -dio Aranguenak-; kontuan hartu Bizkaian, behinik behin, langile euskaldun gutxi dagoela administrazioan. Azkeneko urteetako zeregin nagusia euskara zerbitzuak egonkortzea izan da, eta uste dut orain hasiko dela trebakuntza indar hartzen». Laskibarrek, berriz, aitortu digu ez duela Getxokoa bezalako ekimen asko ezagutzen: «Toki batzuetan trebakuntza esaten zaie, baina gramatikari buruzko zalantzak argitzea besterik ez da». Azkenean, nor-nori-nork ere ez omen dakigu uste genuen bezain ondo.

Musika ere bai
Getxoko euskara trebatzaileen zeregina ez dagokio administrazio-hizkuntzari soilik. Izaskun Lekue, udal musika eskolako irakaslea, iaz hasi zen trebatze-saioak egiten, hiru urtez euskaltegian jardun eta gero. «Liberatuta egon ostean eskolak euskaraz ematen hasi nintzen, baina arazoak neuzkan musika-terminologiarekin». Hala, Nerea Laskibar trebatzailearen laguntzaz ekin zion hutsune hori betetzeari. «Zorte handia izan dut -azaldu du Lekuek-, Nereak musika dakielako. Hala ez balitz, ezin izango genuke ezer egin, oso hizkera espezializatua delako, oso teknikoa».

Laskibarren gidaritzaz, Lekuek aspaldidanik zekizkien musika-hizkuntzari buruzko teoria-lanak itzuli zituen. «Horietan ia termino guztiak daude, garrantzitsuenak behintzat bai. Dagoeneko 200-300 inguru euskaratu ditugu. Eta orain hobeto moldatzen naiz eskola emateko. Trebatze-saioek ziurtasuna eman didate». Getxoko Euskara Zerbitzuak adierazi digunez, musika eskolako hainbat irakaslek lan horren berri izan dute, eta baita parte hartzeko gogoa agertu ere. Hortaz, aurten bost irakaslerekin arituko dira. Bestalde, musika-hizkuntzatik falta zaizkien hitzak euskaratu eta tresnen izenekin hasiko dira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Getxo
Hamabost migratzaile bizi ziren kanpaleku bat hustu du Getxoko Udalak

Algortako Larrañazubi inguruan dago kanpalekua, eta Getxoko Udaltzainek hori husteari ekin diote ostegun goizean. Alkateak adierazi du han bizi ziren pertsonen "segurtasuna" bermatzeko eta "ingurune natural hori zaintzeko" desegin dutela. Getxoko EH Bilduren... [+]


Subflubiala Ez! plataformak kanpaldia egingo du Leioan asteburuan

Kanpaldiaren helburua "osasuna eta ingurumena arriskuan jartzen dituen eta etorkizuna hipotekatzen duen proiektu jasanezina" geldiaraztea da.


Getxoko Udalak EH Bildu zigortu du Palestinari elkartasuna adierazteko mural bat egiteagatik

Getxoko EH Bilduk jakitera eman duenez, Udalak isun ekonomikoa ezarri dio, 2024ko azaroaren 29an, Palestinar Herriarekiko Elkartasunerako Nazioarteko Egunean, Villamonteko eskaileretan Palestinaren bandera marrazteagatik. Udal-zerbitzuek horma-irudia egin eta hiru egunera... [+]


“Udalak onartu duen HAPOaren ondorioz, Kabia egoera ezegonkorrean dago”

Kabia gune okupatuaren 19. urteurrena ospatzeko jarduerak egingo dituzte gaurtik domekara bitartean, apirilaren 24tik 26ra. Bi hamarkada betetzear dagoen gune autogestionatu honek hainbat gorabehera izan ditu bere ibilbidean, eta, Udala bultzatzen ari den Hiria Antolatzeko Plan... [+]


Itsasadarreko tunelaren obretarako leherketak legeztatzearen aurka mobilizatuko da ostiral honetan ‘Subflubiala Ez!’

Giza-katea antolatu du Subflubiala ez! plataformak eta hitzordua Artaza-Romo Institutuan jarri du gaurko 18:00etan. Bizkaiko Foru Aldundiak Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena (IIA) aldatzea du helburu eta horrelakorik ez du onartzen plataformak.


2024-11-27 | Leire Ibar
Ertzaintzak komisarian jipoitu zuen emakume arrazializatuaren kasua itxi dute prokuradoreak helegitea aurkeztea “ahaztu” eta gero

2018ko maiatzean Getxoko Ertzaintzaren komisarian jipoitu zuten Silvia emakume migratu eta arrazializatua, bidegabeki atxilotu ostean. Epaiketan zigor arinak ezarri zizkioten ertzain bati, baina emakumea ere zigortu zuten desobedientzia leporatuta. Silviak Espainiako Epaitegi... [+]


2024-10-23 | Leire Ibar
Getxoko udaltzain berrien erdiak soilik jakin beharko du euskaraz

Getxoko Udalak udaltzainen hamar lanpostu berri sortzea adostu du EAJ, PSE-EE eta PP alderdiek hitzartutako aurrekontuaren barruan. Hamar lanpostuetatik euskararen B2 maila bostek soilik egiaztatu beharko dutela adierazi du Udalak.


2024-10-17 | Hiruka .eus
Lan-esplotazioa eta sexu-erasoak egotzita atxilotutako pertsonen taberna margotu dute, Getxon

Hainbat emakume-langile esplotatu eta horiei sexualki eraso egin dieten jabeen taberna pinturaz margotu zuten ezezagunek domeka gauean Getxoko Areeta auzoan. Pinturaz gainera, aldarri bat ere margotu zuten ondoko horman: "Erasoen aurrean klase batasuna".


Itzalari begira

MOOR KRAD

Nork: Ertza konpainiak.
Noiz: urriaren 3an.
Non: Getxoko Muxikebarri aretoan.

---------------------------------------------

Bi urte atzera izan nuen Moor Krad obraren berri; hain zuzen, Ertza konpainiako kideek dantza pieza sortu eta estreinatu zuten... [+]


2024-10-01 | Gedar
Pertsona magrebtarrak jazartzera bultzatu du Getxoko Udaltzaingoak

 Hainbat poliziak aitortu dutenez, gazte magrebtarrak erreprimitzeko eskatu izan die udaltzain buruak. Algortako 'Ez Irentsi Arrazakeriaren Amua' plataformak udan salatu zuen gora egin dutela "magrebtarren aurkako jazarpen polizialak eta kontrolak",... [+]


2024-09-18 | ARGIA
Getxo eta Sestao ur azpitik lotu nahi dituen makroproiektua bertan behera uztea eskatzeko kanpaldia egingo dute

Bilboko itsasadarraren bi aldeak ur azpitik lotu gura dituen tunela egiteko asmoa du Bizkaiko Foru Aldundiak, baina makroproiektuaren kalteak eta gastatuko den dirutza kritikatzen ditu Subflubiala Ez plataformak. Kanpaldia deitu dute asteburu honetarako, proiektua bertan behera... [+]


2024-07-23 | Gedar
Ia 100 pertsona migrante bizi izan dira Berango eta Getxo arteko baso batean

Iazko urritik eraiki dituzte hainbat kokaleku jatorri magrebtarreko ia 100 lagunek. Poliziak duela hainbat aste jaso zuen haiek basotik botatzeko agindua.


Itsasadarraren azpiko tunelaren proiektua geldiarazteko manifestazioa egin dute Getxon

Zapatuan, ehunka herritarrek parte hartu zuten Bizkaiko Foru Aldundiak itsasadarraren azpian egin gura duen tunelaren proiektua geldiarazteko exijitzeko manifestazioan. Subflubiala Ez plataformako deitzaileek 500 parte-hartzaile inguru zenbatu zituzten Getxoko Itzubaltzeta/Romoko... [+]


Eguneraketa berriak daude