Gozategi anaien kantuan bezala, badakizkite nor-nori-nork, baldintza eta subjuntiboa. Hala ere, administrazioko langileentzat, zeniezadake dotore bat eraikitzen jakitea ez da beti lanean euskaraz aritzeko bermea; inprimaki ofizialetako euskarak, maiz, aditz korapilotsuak baino are misterio ilunagoak gordetzen ditu bere baitan. Horretaz jabeturik, Bizkaian, udal batzuek langileak kontratatu dituzte, euren funtzionarioei misterio horiek argitzen lagundu diezaieten. Getxo da aitzindarietako bat, eta hara jo dugu guk euskara trebatzaileen zereginaz galdezka.
«Euskara munduan, trebatzaileak 90eko hamarkada hasieran sortu ziren gutxi gorabehera», diosku Jabi Aranguena udal euskara teknikariak. Haien zeregina erraz azaltzen da: langilea euskaraz lan egiteko gaitzea eta motibatzea. «Euskaltegira ez doazen eta maila jakin bat daukaten langile guztiak dira trebagaiak», gehitu du Aranguenak, «baina guk lehentasun batzuk ezarri ditugu».
Irizpide nagusia, zer esanik ez, jende aurreko lanpostua edukitzea da. «Bestalde, argi geneukan, hasiera-hasieratik, zegokien hizkuntza eskakizuna beteta zeukatenekin arituko ginela», dio Nerea Laskibar trebatzaileak. Laskibar 2004tik ari da Getxon beste lankide batekin batera, eta dagoeneko 52 beharginekin egin dituzte trebatze saioak. «Banakako saioak dira gehienetan. Astean behin ordu eta erdiz elkartzen gara langilearekin, haren lantokian beti. Euskaltegitik irten eta gero lanera itzultzen direnerako baliabideak ematen dizkiegu, administrazioak hizkera berezia daukala jakinda».
Alazne Galdospinek Getxoko Hiritarrentzako Arreta Zerbitzuan dauka lantokia, eta azken hilabeteetan trebatzailea eduki du aldamenean ostegunero. «Orain hamar urte hasi nintzen Udaletxean lanean -diosku-, artean euskalduntze planik ez zegoela. Baina nik banekien euskaraz ordurako, udal euskaltegian ikasita. Trebatzailearekin egin nuen lehenbiziko lana inprimaki guztiak egokitzea izan zen. Batik bat hori egiten dugu. Ahozkoa ez hainbeste».
Nerea Laskibarrek agertu duenez, «lehenik eta behin pertsonak aukeratzen ditugu, gero beraiekin hitz egin eta, prest badaude, lanpostuan dituzten beharrak aztertzen ditugu, horren araberako baliabideak emateko». Terminologiari dagokionez, esaterako, langileari azaldu egiten zaio zer nolako tresnak dituen eskura. Gehienetan, interneten gaur egun topa daitekeen hiztegi mordoa, orokorrak zein espezifikoak. Baina terminologia «bost minutuan» gainditzen den oztopoa da, Laskibarren iritziz.
Langileen beldurrak uxatzen
Jabi Aranguenaren esanetan, administrazio hizkera egokia erabiltzea ez da hiztegi kontu hutsa: «Langilea hizkera modernoa erabiltzeko gai izatea nahi dugu. Hau da, ulerterraza, argia, estetika ere pixka bat zaintzen duena... ez da terminologia bakarrik». Kontuak kontu, langileen arazorik handiena, Nerea Laskibarren ustez, beldurra da. Esaldi batean ergatiboa ipini behar den ez jakitea, alegia. «Halako zalantza txikiak nahikoa dira euskararenganako jarrera uzkurtzeko. Horregatik, oso garrantzitsua da motibazioa». Alazne Galdospinentzat, esaterako, trebatze saioak bultzada ederra izan dira: «Hitz egiteko erraztasuna eman didate, oraindik kostatzen zaidan arren».
Getxoko Udaleko Euskalduntze Plangintzaren helburuetako bat, izan ere, langileen hizkuntza ohiturak aldatzea da. Diotenez, behin baino gehiagotan gertatu zaie, langile batengana lehenengo aldiz joanda, aldameneko lankidea orduantxe konturatzea urtetan alboan eduki duena euskalduna dela. Lankideen arteko komunikazio-hizkuntza aldatzeko, erabilera taldeak antolatu dituzte, gehienetan trebatze saioetan aritu diren langilez osatutakoak. Horrez gain, aholkularitza eta zuzenketa zerbitzua sortu dute -dagoeneko trebatzailerik gabe molda daitezkeen langileentzat-, eta bide batez udalaren euskara irizpideak ezartzen eta inprimakietako hizkuntza normalizatzen dabiltza.
Ez ei dago zabalduegia Bizkaian
Leku gutxitan egiten omen da trebakuntza Getxon egiten den modura. «Eta udaletxe handitan baino ez, Bizkaian behintzat», nabaritu du Jabi Aranguenak. Harritzekoa, orain hamabost urte inguru jaiotako ekimena izaki. 1989koa da, hain zuzen, ALET -Administrazioko Langileak Euskaraz Trebatzeko- programa, HAEE-IVAP eta HABEk sortutakoa. «Denbora luzez ez da trebakuntza landu -dio Aranguenak-; kontuan hartu Bizkaian, behinik behin, langile euskaldun gutxi dagoela administrazioan. Azkeneko urteetako zeregin nagusia euskara zerbitzuak egonkortzea izan da, eta uste dut orain hasiko dela trebakuntza indar hartzen». Laskibarrek, berriz, aitortu digu ez duela Getxokoa bezalako ekimen asko ezagutzen: «Toki batzuetan trebakuntza esaten zaie, baina gramatikari buruzko zalantzak argitzea besterik ez da». Azkenean, nor-nori-nork ere ez omen dakigu uste genuen bezain ondo.