Julen Arzuaga: «Atxilotuen inkomunikazioa oso erabilgarria zaie epaileei»

  • Torturaren gaia ez da samurra, ezta berau prebenitzeko lanean ari diren gizataldeen izaera ezagutzea ere. Nazioarteko Torturaren Kontrako Munduko Erakundeak (TKME) argitaratu berri duen liburuxka eskaini digu: «Nazioarteko instituzio esanguratsuenek behin eta berriz eskaini ohi dituzte torturak amaitzeko gomendioak...». Torturaren praktika ez da munduan desagertu horregatik.

2007ko urtarrilaren 07an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

«Behatokia euskal herritarren giza eskubideak behatzen dituen ekimena da, estatuek urratzen dituzten eskubideak ezagutarazten ditu nazioartean», diosku Julen Arzuagak. Torturaren Kontrako Munduko Erakundeko (TKME) -280 azpierakundek osatua- zuzendari Eric Sotasek tortura prebenitzeko txostena ekarri du berriki Euskal Herrira. Txostenean atxilotuen inkomunikazioa bukatzea, torturak ikertzea, presoen sakabanaketa amaitzea, torturatzaile kondenatuei indultuak ez ematea, eta inpunitatea eragoztea gomendatu dizkio Espainiako Estatuari. Eric Sotasen etorrera, Baltasar Garzonen proposamena -atxilotuen inkomunikazioa grabatzea- eta Torturaren Aurkako Taldeak (TAT) Elorrion burututako batzarra hartu ditugu hizpide torturaz jarduteko.

Har dezagun abiapuntuan tortura jasandako hainbat pertsonek Elorrion, abenduan, burutu zuten batzarra.
Azken hilabetetan torturaren aurkako borroka birkokatu beharra ikusi dugu. Tortura kasu zehatzak -eta une zehatzetan- jasan dituztenez arduratu gara orain arte, torturatua bere egoera sala zezan lagundu dugu. Orain artekoa jarduera oso teknikoa izan da. Aurrerantzean torturatuek fronte sozialean biltzearen eta inplikatzearen beharra ikusi dute. Torturatuek euren existentzia ikusarazi behar dute, une politiko honetan «hemen gaude» esan behar dute euren sufrimendua ahaztu ez dadin eta torturatuak izanaren errekonozimendua lortzeko. Elorrioko Arriolako batzarrean premisa eta xede horiek jaso dira.

Eric Sotasek urrats baikortzat jo du Garzonen -atxilotuen inkomunikazioa grabatzeko- proposamena. Nola baloratu duzu Eric Sotasen agerraldia?
Nazioarteko erakundeetako kideek lerro lodietan deskribatu ohi dute errealitatea. Torturaren gaian, kasurako, urrats bat ematen denean, errealitatea testuinguruz kanpo geratzeko arriskua dago. Garzonen ekimenarekin ere hori gerta liteke. Eric Sotasen etorrera eta Garzonen ekimena denbora berean izatea kasualitatea edo kalkulatua izan den, ezin dugu jakin. Guk Eric Sotasen hitzak ontzat jotzen ditugu. Nazioarteko Erakundeek eskatzen duten neurrietako bat hori bada, TKMEk publikoki urrats bezala azaldu behar du. Guk agerraldian inkomunikazioarekin amaitzeko borondate politikoa behar dela esan dugu, baita ezagutzen dugun testuingurua azaldu ere, Garzonen ibilbidea barne.

Non kokatu behar da Garzonen proposamena?
Inkomunikazioaren aurkako bere diskurtsoa ez da berria, batzuetan presioaren balbula ireki behar du protagonismoa bereganatzeko, epaile aurrerakoia agertu nahi izan du beti. Praktikak bestela erakusten du ordea: 200 torturatu baino gehiago pasa dira bere aurretik, jasandakoa azaldu diote, baita aztarna fisikoak argi eta garbi erakutsi ere. Horrelakoetan, epaileak balizko delitu baten berri duenean ikertu behar du edo eskuduntza duen epaileari kasua eman. Garzonek ez du horrelakorik inoiz egin ordea. Harrigarria da, ezta? Begi-bistakoa da: Garzoni ez zaio torturarekin amaitzea interesatzen. Inkomunikazioa oso erabilgarria zaie epaileei. Epaileen hitzetan, torturapean ateratako deklarazioak ez omen dira erabilgarriak, eurek ikerketa zientifikoaren alde egiten dutela diote. Zein da Garzonen ikerketa zientifikoa? Praktikan torturapean lortutako deklarazioak baliatzen ditu.

Zerbait aldatu da, itxuraz.
Garzonek nazioarteko erakundeetatik presio moduko bat sentitu du nonbait eta egoera berriaren aurrean bere burua birkokatu nahi du, neurri hauek jarriz ohiko protagonismoari etekina atera nahi dio, baina berak badaki borondate politikorik gabeko neurriak ez direla efikazak izango.

Barne Ministerioak sistemak jartzeko neurriak hartzeko agindua eman dio poliziari, eta poliziak aldiz «baliabideak ez dituela» esan du.
Aurten bi aldiz proposatu da Espainiako Kongresuan inkomunikazioaren legea bertan behera uztea, eta bietan, PPk zein PSOEk -terrorismoaren kontrako borrokan lagungarri delakoan- babestu dute atxiloketa sistema hau. Gobernuaren borondate eza begi-bistakoa da. Guk Garzonen prebentziorako borondatea zalantzan jartzen dugu, baita Estatuak ez duela tortura erradikatzeko inolako asmorik adierazi ere. Neurri horiek ezin dira epaile baten erabaki soila izan, ez Garzonenak ez beste inorenak. Tortura erradikatzeko Estatuak borondate politikoa erakutsi behar du, Espainiako Estatuak ez du heldutasunik nazioarteko organismoek ezartzen dituzten gomendioak eta bitartekoak praktikan jartzeko.

Bien bitartean, Torturaren Prebentziorako Koordinakundearen Protokoloa zabaldu da. Azaldu iezaguzu berau.
Nazio Batuen Erakundeak (NBE) torturaren prebentziorako sortu du Protokoloa, bi berrikuntza ditu: batetik, NBEek sortutako lanabes izatea, azpi-batzorde bat daukana, nazioarteko adituek osatua. Bestetik, estatu bakoitzean berau berronesten duen batzordea diseinatu behar da. Batzordeak komisaldegietan sartu ahal izateko ahalmena izan behar du, torturatzen ote den konprobatzeko ardura, alegia. Protokoloa «monitoreoa» egiteko bitartekoa da. Koordinakundean, besteak beste, TAT, Etxerat eta Behatokia ari gara. Estatu bakoitzean Protokoloa gauzatzeko modua lantzen ari gara. Protokoloa ondo aztertzea eta erabiltzea gakoa izango da tortura prebenitzeko.

Espainiako Gobernuaren autismoa eta iruzurra salatu ditu Koordinakundeak dagoeneko.
Bai. Protokoloa diseinatzen eta garatzen hasi besterik ez gara egin, eta Gobernuak ez du Protokolo txostena gizarte zibilarekin ez Koordinakundea osatzen dugun talde eta erakundeekin kontrastatu nahi. Esaterako, Amnistia Internazionalarekin (AI) ere ez dute kontrastatu. Espainiako Estatuak Herri Defendatzailearen bulegoari -Enrique Mugica Herzog buru duela- eman dio Protokoloa kudeatzeko ardura. Hori guretzat efikazia eta independentzia printzipioen kontra joatea da. Mugica Herzogen izaera eta bulegoa nola kontrolatzen duen ezagutzen dugu. Berak kudeatu behar badu tresna hori, ziur gaude Protokoloak ez duela ezer emango.

Ba al duzue datu objektiborik hori salatzeko?
Mugica Herzogen bulegoak landu duen 1.700 orriko txostenean hiru aldiz azaltzen da tortura hitza. Behin, Torturaren Prebentziorako Komitea eta Torturaren Prebentziorako Elkartearekin bildu dela esateko. Beste behin, Levante aldean operatzen duten mafiako kide batzuek bere biktimak torturatzen dituztela esateko. Tortura hitza ez du Estatuko funtzionarioen praktikarekin behin ere lotzen. Instituzio horrek tortura prebenitzeko duen borondatea begi-bistakoa da.

Protokoloa nazioarteko azpibatzordeak kudeatuko du. Gobernuak halaber, Leopoldo Torres Boursault batzorde honen buru izendatu du berriki.
Mugica Herzogen lanarekin kritikoak izateko arrazoiak ditugu eta Torres Boursaulten izendapenarekin ere bai. Torres Boursault GAL auziko fiskala izan zen, ikerketa zailtzen eta oztopatzen saiatu zen. Kasuan inplikatutako hainbat pertsona deklaratzera deitzea errefusatu zuen, GALen parte hartu zuten froga garbiak zituelarik. Navajas deritzan txostena bere ardurapean zela «galdu» zen, Intxaurrondoko kuartelaren eta narkotrafikoaren arteko lotura frogatzen zuen txostena. Torres Boursaultek historia beltza dauka, bere izendapena torturaren aurka dabiltzan taldeen bizkarrera egin da. Protokoloaren kudeaketa taxutzen baino Espainiako Estatua iruzurretan ari da, tortura prebenitzeko urratsak eman beharrean torturaren praktika ezkutatzen du. Nazioartean burua garbi agertzeko itxurak egiten ditu, hemen, berriz, komisaldegietako estoldak zabaldu -eta usteldua aireratu- beharrean, ixten ditu.

Bake eta normalizazioa delako garaion aldatzen ote dira torturaren praktikak?
Giza eskubideen defendatzaileok momentu politikoen araberako balorazioa egitea baino, egitateen balorazioa egiten dugu, datuekin lan egiten dugu. Datuak datu, uneon tortura kasuak gutxitu dira. Egoerak laguntzen duen? Bai. Baina, kontuz, batzuek giza eskubideen errespetua -tortura edo presoen egoera adibidez- negoziaketa mahai edo elkarrizketa prozesu batekin lotu nahi dute. Guk giza eskubideen babesak egoera politikoaren gaindi egon behar duela diogu, ez dela loturarik izan behar, edozein dela egoera politikoa eskubideak errespetatu behar direla. Nazioarteko organismoen printzipioen arabera, estatuak ezin du argudiatu egoera gatazkatsuaren existentzia eskubideen urraketa justifikatzeko.

Gatazkak eragindako biktimen erreparatzea aipatzen da uneon. Torturatuen egoera erreparatzeko kontzientzia nola ikusten duzu?
Gai korapilatsua da, torturatuek berauek ez dutelako beren burua erabateko biktimatzat jotzen. «Terrorismoaren biktimak» bezala ezagunak direnen sasi-jarrerekin konparatzea saihestu nahi dute torturatuek, «biktima» hitzarengandik ihes egiten dute. Torturatuak kaltetuak sentitzen dira, estatuen bortizkeriaren kaltetuak ere badirelako. Gatazka bizi duten beste herrialdeetan berebiziko lekua eman zaie torturaren biktimei. Hemen ere, torturatuek lekua eta errekonozimendua bereganatzea urrats garrantzizkoa litzateke.

«Ebazpenari erabilera egokia ematea oso inportantea da»

«Nazioartean kategoria batzuk finkatu dira torturatuen aldarrikapenak zehazterakoan: lehena, aitortza. Bigarrena, errehabilitazioa eta erreparatzea. Hirugarrena: tortura ez errepikatzearen ziurtatzea. Kategoria hauek gatazka guztietan onetsi dira, gatazkak konpondu aldera. Hemen ere torturatuak kategoria horiek hasi dira bere egiten eta euren alde borrokatzen. Zentzu horretan, Eusko Legebiltzarrak atera duen legez besteko proposamena aitortzaren kategoriatzat hartu behar da. Ebazpenari dimentsio eta erabilera egokia ematea oso inportantea da orain: epaileek, hedabideek nahiz herritarrek ezagutu behar dute Legebiltzarrak erabaki duena. Ebazpena Unai Romano torturatuaren kasuaren eraginez gauzatu da bereziki, auziak torturaren aurkako sentiberatasuna handitu du Legebiltzarrean nahiz gizartean. Ebazpenak eskaera hauek egiten ditu: lehena, Espainiako Estatuak torturaren praktika dagoela errekonozitzea. Bigarrena, torturapean lortutako frogak eta hauen gainean muntatutako epaiketak ezabatzea. Eta hirugarrenik, inkomunikazioa eta Entzutegi Nazionala bertan behera uztea. Unai Romanoren eta Gasteizko beste lagunen epaiketa hasi zen, baina epaileentzako patata beroa zen antza, une politiko honetan ez zaio 'komeni' horren bortitza eta agerikoa den kasua agerraraztea. Kasua atzeratzeko jukutriak erabili dituzte. Noski, Entzutegi Nazionalari ez zaio interesatzen torturaren osagarri hain nabaria duen kasua epaitzea».


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
Sarek eta Etxeratek mobilizazioak egin dituzte Hego Euskal Herriko 11 hondartzatan

Urtero legez, hitzordua izan dute igandean Sare eta Etxerat elkarteek Hego Euskal Herriko 11 hondartzatan. Euskal preso, iheslari eta deportatuak etxeratzearen aldeko aldarriak egin dituzte. 


Agur esan du Hatortxu Rockek, baina segida izango du abenduan: Aske jaialdia

Lau egunez Lakuntza milaka lagunez bete du Hatortxu Rockek. Aurtengo edizioak presoen aldeko jaialdiaren bideari amaiera eman dio. Hala ere, abenduak 27rako jaialdi berria iragarri dute: Aske.


Jesus Maria Gomez Ezkerro preso iruindarra aske geratu da zigor osoa beteta

Jesus Maria Gomez Ezkerro 'Txutxo', 2001eko urtarrilean atxilotu zuten, 2021ean hirugarren gradua ezarri zioten, eta 2023ko otsailean baldintzapeko askatasuna eman zioten. 24 urte geroago aske geratu da. 


“Herriak erabaki du Hatortxu Rock 30 aldiz egitea”

26 urtez euskal preso eta iheslariak etxeratzeko aldarria oholtza gainera eraman ondoren, Hatortxu Rock jaialdiak bere azken edizioa egingo du ostegunetik igandera bitartean, Lakuntzan (Nafarroa). Jaialdian bildutako dirua preso sein senideentzat dispertsioak zekarren zama... [+]


2025-07-21 | ARGIA
Ongietorrien auziko akordioak “borrokaren zilegitasuna” ezbaian jartzen duela salatu dute zenbait presok eta preso ohik

"Euskal Herriaren jazarpena elikatzen du Euskal Herriaren bakearen bidean egindako akordiotzat saldu duten honek", adierazi dute larunbatean Arrasaten eginiko prentsa agerraldian. 


Txetxu Barrios Atarrabiako presoa baldintzapeko askatasunean geratu da

Kartzelan 27 urte egon eta gero askatasunean geratu dela iragarri du Etxerat elkarteak.


2025-06-12 | Gedar
2022tik hona, gutxienez 68 preso izan dituzte uhalekin loturik EAEko espetxeetan

Eusko Jaurlaritzak 2022an eskuratu zuen Zaballako (Araba), Basauriko (Bizkaia) eta Martuteneko (Gipuzkoa) kartzelen gaineko eskumena, eta ordutik uhalen edo eskuburdinen bidez loturik izan dituzten pertsonen inguruko datu batzuk eman ditu Maria Jesus San Jose (PSE-EE) sailburuak... [+]


Iruñeko espetxeko presoek tratu txarrak, birgizarteratzeko baliabide falta eta generoaren araberako desorekak sufritzen dituztela dio Salhaketak

Nafarroako espetxean dauden pertsonen bizi baldintzak aztertu ditu elkarteak. Ondorioztatu du Nafarroako Gobernua kartzelaren kudeaketaz arduratu beharko litzatekeela.


2025-06-05 | ARGIA
Sorzabalen absoluzioari helegitea jarri dio fiskalak, eta bere kontrako epaiketa errepikatzea eskatu du

Espainiako Auzitegi Goreneko Fiskaltzak, Iratxe Sorzabal atxiloturik egon zenean "tratu gizagabeak" eman zizkiotela aitortzen duen epaia baliogabetzea eskatu du, eta berriz epaitu dezatela nahi du, 1995ean Irunen jarritako lehergailu baten harira.


2025-05-23 | Gedar
Preso politikoei harrerak egitea debekatzen saiatuko dira berriz Espainiako Estatuan

PPk Senatuan proposatu du, gainera, euskal preso politikoek damua erakutsi behar izateko xantaia areagotzea.


40 minutu Iratxerekin

Historikoa izan da, Monarkia Espainiarreko epaitegi batek honako ebazpen hau onartu du: "Iratxe Sorzabal zaintzeaz arduratzen ziren funtzionarioek elektrodoak aplikatu zizkioten deklaratzera behartzeko, eta horrek zera dakar, haren oinarrizko giza eskubideak nabarmen... [+]


Ekainak 7an Amnistia Egunera batzeko deia luzatu du Askek

Antolakunde "antierrepresiboak" ekainaren 7an Amnistia Eguna antolatu du Senperen. Eguna aldarriz josteko, egun osoko egitaraua antolatu dute. Nazioarteko beste erakunde batzuekin eta Aroztegiko Komitearekin mahai inguruak antolatu dituzte. 


Sarek ‘Puzzlea osatu arte’ ekimena antolatu du, asteburuan 29 herri zeharkatuko dituena

Ekimena larunbatean abiatuko da, Lesakatik, eta igandean amaituko da, Iruñean. Behin betiko konponbidea eskatzeko eta oraindik etxerako bidea egiteko duten presoen eskubideak aldarrikatzeko, orotara 544 kilometro egingo dituzte. Ekimena aurkezteko agerraldia... [+]


Ernairen ekitaldia zelatatuko du Auzitegi Nazionalak

UPNk jarritako salaketa bati erantzunez hartu du erabakia auzitegiak. Apirilaren 17an gazte topagunearen baitan Berriozarren antolatutako "Kurdistan eta Euskal Herriko preso politikoen" aldeko ekitaldia da UPNk bertan behera utzi nahi izan duena "terrorismoaren... [+]


Eguneraketa berriak daude