Urdeibai


2006ko urriaren 15ean
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Andimendi hegoaldeko kristoren artadia ez da bakarra. Artea ederki zabaldua da Euskal Herri osoan. Quercus generoa nahaste zalea da eta leinuko espezieen artean bereiztea erraza ez den hibrido ugari sortzen da. Bi barietate edo aldaera nagusi ezagutzen dira hemen: hosto luzexka duen Quercus ilex L. ssp. Ilex eta hosto borobil antzekoa duen Quercus ilex L. ssp. Rotundifolia. Lehena Atlantikoko isurian zabaldua da, multzo koskor batzuk (Urdaibai, Mutriku...) eta toki jakin batzuetan paisaian sakabanatutako ale bakanak. Hosto borobila duena Mediterraneoko isurikoa da, baso itzelak ditugu lur bero eta lehor hauetan. Gazteleraz encina eta carrasca izenez bereizten dituzte. Euskaraz denei artea deitzen zaie baina beste izen batzuk ere erabiltzen dira: karraska, gaztelerazko izen beretik hartua. Abarra ere deitzen zaio, arte honen abarrak, adarrak, iduria edo ikatz ttikia egiteko eta ogi-labeak berotzeko erabili izan dira urtetan eta urtetan, gazteleraz arte honi abarra deitzen dionik ere ezagutzen dut. Eskurtze izena bere fruitutik etorriko zaio, noski, ezkur-ezkurtze.

Bi arteok ezkurrean ere badute aldea. Hegoaldekoak ale handixeagoak ematen ditu eta iparraldekoenak baino mami gozoagoa dute. Azienda beltzarentzako jaten ederra da eta atzera urte asko egin beharrik gabe geure burua ere, urde moduan, ezkur jaten harrapatuko dugu. Abuztuan hosto zaharrak, kolorerik mudatu ere egin gabe, bota ditu eta orain udazkenaren bihotzeko haizeteetan ezkur jasak izango dira artadietan. Bildu eta gaztaina, intxaur, hur, sagar eta abarrekin batera jaso eta neguan txigortuta edo ehotu eta ogi eginda jan. Fruituaren emana ugaritzeko arteak hagatu edo zartakatu egiten ziren eta hala eta guztiz ere antzu antzera jarraitzen zuenari zaputza deitzen zitzaion.

Ikusteko modukoak dira Deierri bailarako Eraulgo hiru hankako artea eta Atxarreko gainetik Urdaibaiko artadi latzak.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...