Hibridoaren kemena


2006ko irailaren 10ean
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ikusgarriak daude oraintxe artasoroak. Uda urtsu honek beltz kolore ederra eman die artalandareei, are gehiago babarruna lagun dutenei, hauek lurrean pilatzen duten nitrogenoak hostajeari aparteko kemena eransten baitio. Adi ikusi artasoroak. Adi eta ikasi. Artalandare guziak kolore berekoak, garaiera berekoak, eite berekoak, batera loratuak... baldin badira elkarren kopia diren landare hibridoz osatutako artasoro bat izango da. Aldiz, ezaugarri hauetan landaretik landarera alde nabarmenik baldin bada artabarietate desberdinen kabi da soroa.

Lagun batekin etxeko soroari begira, hibrido dontsuen gaia mihira. Gai hauetan ohikoa denez mihia miztotu. Bideko begi miatzaileei etxeko bordako ikusmira kentzeko irrikan da adiskidea. Mendian izaki, hesi zuzen hiritarra baino, basotxo batez eraikitako estalki bati aproposagoko ustea eman genion. Zuhaixkak eta zuhaitzak, hosto iraunkorrekoak eta biluzten direnak, zabalak eta luzeak... Itxura naturaleko nahasketa. Nahaste-borrastea borobiltzeko azkar eta garai haziko den zuhaitz bat aukeratu behar eta Leilandgo sasi altzifrea begiz jo (x Cupressocyparis leylandii). Hesietan ugaria da konifero hibrido hau. Izenaren aurreko ixak adierazten duenez, bi espezie arteko hibridoa da, Cupressus macrocarpa eta Chamaecyparis nootkatensis. Bien batzetik dator genero hibridoaren izen berria eta leylandii berriz 1925ean Galesen hibrido hau bazenaz jabetu zen C.J. Leylanden omenez. Landareen familiatan urrun samarreko bi generoen arteko hibridoa izaki, kemen handiko landarea da sasi altzifre hau, ia edozein lurretan eta girotan sasoiko hazten da.

Hibrido edo nahasketaren kemen hau nola garatzen den zehatz-mehatz ez dakigu, baina izaki desberdin samarren nahasketa sexualak sortzen duen bultzada dela jakina da. Nahasketa honetatik datozen lehen belaunaldikoek aurreko zituzten aita-ama biak baino hazkunde handiagoa izango dute: garaiago, hosto handiago, lore gehiago... Geuk garatu nahi dugun ia ezaugarri oro landu dezakegu hibridazioarekin. Kemen honi esker, behingoz, handia eta makala ez doaz batera.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...