Net Hurbil: Klima aldatzeagatik etxean jende berria hartu behar duzu

  • Non babestuko dira klimaren aldaketak beren herrietatik ihes egitera behartuko dituen errefuxiatuak? Itsasoaren maila igotzearen eta lur asko idortzearen ondorioz, kalkulatzen da milioika jendek alde egin beharko dutela beren bizilekuetatik. Aukera bat, herrialde aurreratuetan onartzea litzateke.

2006ko ekainaren 25ean
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Klima aldarazi duten aberatsek ez al dituzte beren etxean hartu behar itsasoaren uretatik ihesi mugituko diren herritarrak? Aukera hori oso kaltegarritzat jo dute ekologista batzuek. Horrela sortu da kalapita mingotsa AEBetako ekologisten artean, The New Scientist astekariak plazaratu berria duenez. Ingurumenaren babesaren alde 750.000 herritar biltzen dituen Sierra Club elkartean jende sail batek proposatu du astakeria litzatekeela AEBetako biztanleria jende gehiagoz handitzea: yanki batek bost mexikarrek adina eta Indiako 21 pertsonak adina karbono dioxido sortzen duelako. Klubeko tendentzia horretakoek diote AEBetako demografiak munduko ingurumena arriskuan ipintzen duela, eta horregatik emigrazioa geldiarazi egin behar dela. Ez dute Sierra Clubaren barruan proposamena aurrera atera, baina hedatuta dagoen iritzi baten adierazgarri izan da.

Antzekoak entzuten dira munduko beste muturretan ere. South Australia Museum-eko zuzendaria da Tim Flannery ekologista, eta beldur da klimaren aldaketak Itsaso Barean desagertaraziko dituen uharteetatik jende asko etorriko zaiela Australiara. «Gurean hartzen baditugu, iheslari horiek ere Australiako jendeok daukagun bizimaila nahiko dute eta orain beren jaioterrietan sortzen duten negutegi efektuko gas kopurua baino askoz gehiago sortuko dute orduan. Honek klima aldaketa are gehiago okertuko du».

Flanneryk ez du ezer berririk asmatu esan duenean klima aldaketari aurre egiteko modua herri garatuetako biztanleok negutegi eragina duten gas gutxiago sortzea dela. Hori horrela da, baina gero eta gehiago dira uste dutenak herrialde aberatsenek energia fosilen kontsumoa asko motelduko balute ere -eta hori gertatzea ez da erraza izango- jadanik klimak nozitu dituen kalteengatik ezingo dela saihestu milioika errefuxiatu bizileku bila ibiltzea. Eta non egingo diete ongietorria itsasoak beren lurrak kendu dizkien edo baserriak basamortu bihurtu zaizkien jende gaixo horiei?

Nature aldizkarian Sujatha Byravan eta Chella Rajan irakasle indiarrek -batak Cambridgetik eta besteak Bostondik- proposatu dute honela banatzea klimagatiko errefuxiatuak: munduan gehien kutsatzen dutenetan hartu ditzatela, herrialde garatu bakoitzak kutsatzen duenaren arabera. «Gaur asko aipatzen da klimaren aldaketa, batik bat kutsadura jaregiteen inguruan. Uste dugu ordua iritsi dela kutsaketa eta bere ondorioak lotu eta gure kalkuluetan justizia ere sartzeko». Byravan eta Rajanen aburua nagusituko balitz, Amerikako Estatu Batuek, adibidez, errefuxiatuen %30 hartu beharko lukete bere lurretan, munduko kutsadura osoaren %30 sortzen dutelako. Euskaldunoi ere egokituko zaigu razioa, zalantzarik gabe.

Zenbat eta nongoak izango ote dira errefuxiatu horiek? New Scientistek Southampton-eko (Britainia Handia) unibertsitateko Robert Nicholls-i galdetu dio. Honek esan dienez, 2020 eta 2100 urteen artean, hazkunde demografikoa nolakoa gertatu, garapen ekonomikoak zein bide egin eta eguraldiaren aldaketa zein larritasunekoa suertatu, urtero 100.000 eta 100 milioi arteko pertsona kopuruak egingo du ihes jaioterritik klima dela-eta.

Kopuru handiak. Klimaren aldaketak batik bat Asia eta Afrikako eskualde oso jendetsuak kolpatuko ditu, horietakoak izango dira beren lurrak itsasoak harrapatzen ikusiko dituzten pertsonen %80. Are arrisku gorriagoan daude Karibean, Ozeano Barean eta Indikoan uhartez osatutako estatuak. Gauzak gertatu arte ez ditugu zehatz jakingo iheslarien kopuruak, baina mehatxupean dauden herritarren emigrazio eskubideak lehenagotik arautzea proposatu dute Byravan eta Rajan irakasleek. «Ez dadila gertatu halako batean milioika boat people beren herrietatik partitzen ikustea, lehorreratzeko zoko baten bila».

Ura pasata, kalte-ordainak

Ihes egitera behartutako jende horien banaketa kutsaduraren erruaren proportzioan antolatzeak, hala ere, badu arazo bat. Sorterritik ateratako askok baliteke uko egitea beren herrietatik urrun joateari. New Scientist hori New Economics Foundation-eko ikerlari batek aipatu dio. Gaur egun gertatzen diren migrazioetan ikusten denez, gerra edo arazo politikoengatik ihesi doazen herritarrak normalean inguruko lekuetara joaten dira, ezagunak edo familiartekoak han aurkitu ditzaketelako. Alegia, gaur herrialde aberatsotan beldur handia dugu lurralde txiroetatik errefuxiatuak trumilka etorriko zaizkigulakoan, baina munduan ihesi dabiltzan milioietatik oso gutxi iristen dira mendebalde garatura ate joka.

Iritzi horri erantzun dakioke ikusi beharko litzatekeela ea Afganistandik edo Iraketik ihesi joandako familiei abioiez Ameriketara edo Europara etortzeko aukera eskaini balitzaie zer egingo zuketen. Zeren eta pentsatzekoa izango da errefuxiatu kuotak onartzeak esan beharko lukeela horiek guregana ekartzeko azpiegiturak ere guk pagatzea. Dena dela, ikerlariek uste dute klima aldaketaren ondorioak larriago bilakatzen diren heinean, esate baterako, Bangladesheko errefuxiatuak ez direla gureganaino iritsiko, Indiara pasako direla. Indiak hartuko lituzke inguruko uharteetako iheslari asko ere. Pentsatze hutsa zer gerta daitekeen Indian, halako jendetza izugarria gainera datorkion egunean...

Errefuxiatu uholdeen ikaraz bizi diren beste bi herrialde Zeelanda Berria eta Australia dira. Haietara hurbilduko baitira Ozeano Bareak irentsiko dituen uharteetako biztanleak. Tuvaluk, adibidez, jadanik hitzartuta dauka Zeelanda Berriarekin bere uharteak desagertzen direnerako 9.000 herritarrentzako bizileku baimena. Bitxikeria moduan, aipatzen dute Toaripi Lauti Tuvaluko lehen ministroak hitz eman duela urak estaltzen baditu Tuvaluko uharteak, haiekin hondoratuko dela bera. Ministro bati sinesteko handi samarra da, baina.

Duela gutxi Donostian egindako klima aldaketari buruzko biltzar batean, han elkartutako adituek erakunde publikoei proposatu zieten kostaldean lurrak erreserbatzeko, hondartza eta itsas-hegi osoaren itxura aldatzera doalako. Hori hala aipatzen bada Europa aberatsean, pentsa zein buruhauste izango dituzten itsasoaren azaletik sudurra doi-doi erakusten duten irla urrunetan. Arazo juridikoak ere ez dira faltako, herrialde osoak desagertuko dira eta. Aditu batzuk hasi dira dena galduko duten herritarrei dagozkien kalte-ordainez hizketan. Kalte-ordainak kobratu beharko lituzkete -kaltetuek- dirutan, klimaren aldaketari aurre egiteko teknologian eta emigrazio eskubideetan.

«Baina -bukatu du artikulua Anna Gosline-k New Scientisten- klimaren aldaketak leku txarrean harrapatuko dituen jendeek ez dute etsi nahi. 'Maurizio uhartea eta gure bioaniztasuna babestea mundu guztiaren buruhaustea beharko luke izan', dio Jagdish Koonjul-ek, diplomatiko mauriziotarra bera eta uhartez osatutako herrialdeen aliantzako burua. 'Zertarako izango ditugu kalte-ordainak dena galdutakoan?'».

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.

2004an uholde handiak izan ziren Bangladeshen; irudiko afixa AEBetan ari diren ikasle bengalarrek kaltetuei laguntzeko antolatutako kanpainari dagokio. Adituen ustez Bangladesh izango da munduko herrialderik kaltetuenetako bat klimaren aldaketagatiko aurreikuspen gogorrak betetzen badira. Bangladesheko lurrazalaren erdia ez dago itsasoaren maila baino 2 metro gorago; Dacca hiriburua bera bost metrora dago. Horregatik, irudiok gero eta maizago ikusiko ditugu: goikoan errefuxiatuak ageri dira janaria banatzen duten ilaran jarrita; erdikoan ama-semeak leporaino putzuan batetik bestera ontzietan ur garbia daramatela; behekoan Dacca hiriburua dager, 13 milioi biztanleko hiriburua, uholdeak harrapatuta. Populazioan munduko zortzigarren herrialdea da Bangladesh, 142 milioi biztanlerekin, kilometro koadroko 1.000. Horietako milioi askok klima aldaketaren eraginez Indiara jo beharko dute bizileku bila.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Larrialdi klimatikoa
Bizkaiko Golkoa ia bi aldiz azkarrago ari da berotzen munduko batez bestekoa baino

Naturklima fundazioak kaleratutako Itsasoko eta kostako txostena-k argitara eman ditu klima aldaketa euskal kostaldean izaten ari den ondorioak: Bizkaiko Golkoko uren tenperatuta 0,22 gradu igo da hamarkada bakoitzean, 1981tik 2023ra, munduko uren tenperaturen batez besteko... [+]


Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat hondartza desagertzeko arriskuan daude

Gaztetape (Getaria) eta Muriola (Barrika) hondartzak 2050. urterako desager daitezke Greenpeaceren txostenaren arabera. Itzurun (Zumaia), Karraspio (Mendexa), Isuntza (Lekeitio) eta Azkorri (Getxo) hondartzek hedaduraren erdia gal dezakete.


2025-07-09 | Itxaro Borda
“Azpian lur hotza”

Azken asteko sapa lehergarri egunetan gure zereginen egitarauak aldatu beharrean aurkitu gara. Freskura erlatibo batek seietan atera gaitu ohetik, gosaldu eta lan gehienak bederatzietarako plegatu ditugu eta hamarretan jalgi gara oinezko ibilaldia egitera. Eta ez ginen bakarrak... [+]


2025-07-03 | Nicolas Goñi
Pakistan energia trantsizioan zegoen, erregai fosilen eta kriptotxanponen interesak tartean sartu arte

Prekaritate global hirukoitza pairatzen dute Pakistanen, klimak, energia gabeziak eta finantza publiko arazoak elkarrekin eragindakoak, bakoitzak bertze bien kalteak areagotzen dituela. Halere, arazoaz jabetu dira bertako agintariak eta bideratu dituzte aldaketak, nahiz eta... [+]


Erregistratutako ekainik beroena izan da aurtengoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

2003ko udarekin batera, 1970etik beroena izan da aurtengoa. Europar Batasuneko "Copernicus" behategiak larrialdi klimatikoa dela-eta bero boladak "maizago" egongo direla dio, eta aurtengo ekainean bere ondorioak izan ditu: ehunka pertsona hil dira Europan.


2100. urtean herritarren %60 urak har ditzakeen eremuan biziko dira Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera

Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.


Iluntasunean argi, argi etorkizunean

Lurreko bi heren baino gehiago ura da; ur horretatik %96, ozeanoetako ur gazia. Eguzki izpiak ozeanoetako lehen 200 metroko sakonerara heltzen dira, eta bertan bizi dira munduko arrantza industriak ustiatzen dituen espezie ia guztiak. Aitzitik, zientziak gehiago erreparatu izan... [+]


2025-05-23 | Elhuyar
Ipar globaleko konpainia gutxi batzuk dira baliabide naturalen erauzketarekin lotutako gatazken arduradun nagusiak

Ehun konpainia multinazional baino ez daude baliabide naturalen erauzketarekin lotutako gatazka guztien % 20aren atzean, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak egin duen ikerketa baten arabera. Ikerketak agerian utzi du iparralde globaleko herrialdeetako konpainiak baliabideez... [+]


2025-05-21 | Nicolas Goñi
Banku handiek klima aldaketan inbertitzen dute, baina ez da konponbidea sustatzeko

Berria izateari utzi dio: beroketa globalak bi graduak gaindituko ditu, eta gainditze horrek ondorio oso garestiak ditu. Klimaren gaia tabu bilakatzen ari den testuinguru berri  honetan, banketxe handiek ez dute horri buruz komunikatzen, baina arazoaz ongi jabetu dira eta... [+]


2025-05-16 | Elhuyar
Europako hiriak huts egiten ari dira klima-aldaketarako egokitzapenetan

Klima-aldaketari buruzko BC3 ikerketa-zentroak baieztatu duenez, Europako hiriak atzera geratzen ari dira klima-aldaketari egokitzeko neurrietan. Hain zuzen, nazioarteko beste zentro batzuekin batera egindako ikerketan frogatu dute egokitzapen klimatikoko planen ia % 70k ez... [+]


2025-05-14 | Jesús Rodríguez
Kolapsoaren entsegu bat

Apirilaren 28ko gauean Bartzelonako Badal Ramblako terrazak gainezka zeuden; hoztu gabeko garagardoak zerbitzatzen ziren, baina jendeak zoriontsu zirudien. “Munduaren amaierak iritsi behar badu, pozik harrapa gaitzala”, esaten zidan auzokide batek. Hamar ordu baino... [+]


Turiel: “Bilatu daitezke arrazoi teknikoak, baina itzalaldia prezioen sistema perbertsoak eragin zuen”

Antonio Turiel fisikari eta CSICeko ikerlariak aspaldiko urteetan ez bezala bete zuen Hernaniko Florida auzoko San Jose Langilearen eliza asteazkenean. Zientoka lagun elkartu ziren Urumeako Mendiak Bizirik taldeak antolatuta Trantsizio energetikoaren mugak izeneko bere hitzaldia... [+]


2025-04-30 | Nicolas Goñi
India erdialdean, idortze globalari aurre egiteko laborarien eta ikertzaileen elkarlana

Klima aldaketaren eraginez, munduko lurralde gero eta gehiago idortzen ari dira, milioika pertsonaren jarduera eta bizimoduak kolokan ezarririk. Fenomeno horren frontean dago India erdialdeko Maharashtra estatua, non klimaren berotzeari eta lehortzeari metatu zaizkien oihan... [+]


Eguneraketa berriak daude