Kontalarien menturak


2006ko martxoaren 26an
"Ipuina nire barren-barrenean dagoen zerbait da, noizean behin, bere formak eta irudi bitxiak kanporatzen dituena. Batzuetan umorearen forma hartzen du, eta bestetan beldurrarena edota samurtasunarena. Kontalariok hitzen bidez biziarazten dugun zerbait da ipuina", diosku Itziar Zubizarretak. "Nirea sinpleagoa da, errenteriarrok donostiarrak baino sinpleagoak gara" dio Joxemari Carrerek. "Jakina gu donostiarrok elegantegoak gara", Itziarrek. "Orain, serioski: Ipuina formatu batean emandako adierazpena da. Batzuek pintura edo musikaren bidez adierazten dute eta guk ipuinaren bidez. Hortik aurrerako azalpena konplikatuagoa da. Alegia, bakoitzak berau nola sentitzen duen eta beste". Koldo Ameztoi hazpandarra horrela mintzo zaigu: "Niretzat ipuina nahas-mahas izan daiteke, kontalariok olerkigintza, irudiak eta zinema daramatzagu buruan eta istorioak kontatzeko moldea asmatzen dugu, kontalariok nahas-mahas, saltsa gisako bat apailatzen dugu".


Horra nola jalgitzen den ipuina beren baitatik edota nola loditzen den saltsa beren barnean...
I. Zubizarreta. Nik ipuina kanpotik jasotzen badut ere, nire-nirea egiten dut, ipuinari azken puntua ematen diot. Bestela ipuina deskribatu egingo nuke, ipuina nire baitatik bizi eta helarazi behar dut. Alegia, hau zer den edo han zer gertatu den konta nezake, baina hori ez da ipuina kontatzea.

K. Ameztoi. Garai batean, astean behin kontatzen nuen ipuin bat irratian, eta ipuina azaletik kontatzen nuela ohartu nintzen laster, ipuinak mamia eta arima falta zituela. Ikuskizunetan berriz, ipuina geureganatzen dugu, gure ikuspegia eta erritmoa barneratu eta gure arima ematen diogu. Ipuina landu ahala berpiztu behar baitugu, testuan dauden irudiei bizia ematea... hori da kontatzea.

J. M. Carrere. Bai horixe! Gurea ondo kopiatzearen edo imitatzearen artea da (Irriak).

Ipuina sutondotik aldendu omen zen, kontatua izatetik idatzia izatera pasa omen zen...
J. M. Carrere. Bai eta ez. Mintzatzen jarraitzen dugu, ez gara idatzizko kultura soil batera pasa. Idazten ikasi dugu baina ahozko kultura bizia dugu. Jakina, garai batean ahoz egiten zen gauza asko orain paperera pasatzen da. Antzina ahozkotasunaren garrantzia baztertu zen, alfabetizazioari garrantzia gehiegi eman zitzaion, hau da, alfabetizatua kulturaduntzat jo zen, alfabetizatu gabea berriz ezikasitzat. Idazten ez jakitea ezjakina izatea da nonbait, eta istorio horiek idatzi dituztenak pertsona kultoak ziren nonbait. Uste hori gailendu da, ahozkotasuna ez da galdu, prestigioa galdu da beharbada eta gu prestigioa berreskuratu nahian ari gara.

I. Zubizarreta: Ahozko eremuak aldatu egin dira. Ipuinak tradizionalki erabili duen etxe bazterreko eremua, sutondoa, hori zeharo aldatu da, hobera edo okerrera egin duen ez dakit esaten, baina aldatu egin dela bai. Lehenagoko tradizioa guregana idatziz etorri zen, gure garaikook kultur haustura izugarria eduki dugu euskararekiko eta euskal tradizioarekiko.

J. M. Carrere. Hizkuntza aipatuta, elebidunok Euskal Herrian bi mundu bizi izan ditugu, alfabetizatua eta alfabetizatu gabekoa. Bigarren hau euskal mundua da, euskal kultura belarritik heldu zaigu eta erdal mundua batez ere idatzizkotik.

K. Ameztoi. Nire kasuan bietara ere jaso ditut ipuina nola gure historia.

Ipuinak kontatu ahala aldatzen doazela diote. Ekitaldi berean eraldatzen da amiñi bat eta ekitaldiz ekitaldi are gehiago aldatuz doa... Diotenez, kontatzeak beste izari bat ematen dio ipuinari, istorioa eraldatu ahala ideiak pilatzen eta berritzen doaz. Ahozko diskurtsoek nahiz idatzitakoek antza handia badute ere ezberdinak dira. Ipuina idazteak zailtasunak dakartza, bereziki berau entzuleari helarazteko bada. Ipuinaren kontakizuna arte bilakatzen da.
I. Zubizarreta: Nik ez dut ipuina inoiz idazten.

J.M. Carrere. Nik ez dut pazientziarik.

K. Ameztoi. Nik batzuk idazten ditut beste batzuk ez... Gogoan daramatzat gehienak.

Sutondoko edo supazter usaina gorde dute kontalariek baina...
J. M. Carrere. Nire su-txokoa butanoaren ondokoa izan da (Kar, kar...). Garai batean izango zen halako zerbait, supazterrekoa ez da guztiz mitoa, ezagutu duen jendea izan badago, baina mitoa bihurtzeko nahia izaten da.

K. Ameztoi. Jendearen buruan badago holako zerbait: txokoa, supazterra, sutondoa. Ondo dago bai txoko bero bat jendearekin harreman goxoa izateko. Zenbait txokotan antolatzaileek sua pizten digute, «publikoa sutondoan ezarriko dugu eta ni bestaldean...» esaten diet nik, guk publikoa su eta bero atxiki behar baitugu (Kar, kar...).
Egun, ipuin kontalaria eszenatoki batean aritzen da. Aldaketa horrek hala edo nola eragin izan du ipuinaren kontaketan. Eszenatokiaren estetikak badu bere munta. Ezaugarri hauek hobestea edota ezestea ere komeni da zenbaitetan.

I. Zubizarreta. Nik distantzia oso motzean kontatzen dut ipuina, eskoletako geletan adibidez edo liburutegietan. Espazio txikietan nik umeak ukitu egiten ditut. Mikrofonorik gabe betiere; bestelako emanaldiak ez ditut egiten.

J. M. Carrere. Nik uste espazioak duela garrantzia gutxiena. Garrantzia duena hauxe da: kontaketa nola hartzen den, zein garrantzia ematen zaion... Itziarrek hurbilekoa azpimarratu du, ondo, Koldo eszenatokia gehiago lantzen duela dakit, ondo. Baina hori antolatzaileen kontua izan behar luke. Hau da, ipuina kontatzeko txoko hau edo beste nahi dugun galdetu beharko ligukete. Kontalariari leku egokia zein den galdetu behar zaio, kontalariak esan dezan. Ipuin kontaketek dantzaldi edo antzerki baten mailako garrantzia hartu beharko lukete antolatzaileentzat. Antzerkia egiteari adina garrantzia eman behar zaio ipuinaren kontaketari berau antolatzean, eta batzuetan «honekin nahikoa duzue» entzuten dugu. Kontzeptu estetikoa leku batetik bestera aldatzen da, baita ipuina ere. Beraz, kontalariak ikuskizunaren arabera muntatuko du espazioa.


Koldok eszenatokia gehiago lantzen duela erran du Joxe Marik. Ikastetxeko gela eta liburutegietatik haratago joanez zenbaitetan: antzokira nola telebistako platora.
K. Ameztoi: Teknikoki gauza politak egiten dira ere platoetan, hurbiltasuna lortzen da kameraren bitartez. Teknika berriak daude eta ausartu beharra dago hauekin ere. Parisen egindako agerraldiren batean bizi izan dut egoera hori, kamera ondo eramana zen, nire burua pantailan ikusten nuen aldi berean... Baina guk kontatzean teknika ahazten dugu, guk irudimena lantzen eta helarazten saiatu behar dugu, jendeak hori sentitu behar du. Efektuak ere bai, baina trabarik egin gabe.

Antzerkiaren jokoak ipuinaren adierazkortasunean garrantzia bizia dauka, ipuinlariak eta antzezleak bat egiten dute kontalaritzan.
I. Zubizarreta Bitarteko bera erabiltzen dugu aktoreek nahiz ipuin kontalariek. Instrumentu bera dugu, gu baikara instrumentu edo tresna. Gero, formatuak ez dira berdinak antzerkian eta ipuin kontalaritzan...

J. M. Carrere. Kontalariok horrelako eztabaidak izaten ditugu. Irakasleren batek eztabaida hori antzua dela esan dit inoiz. Orduak eta egunak pasa ditzakegu gauza bakoitza definitu ahal izateko. Antzerkia eta kontaketa zehaztuta ere, bakoitzak bere definizioa dauka. Finean, eszenatoki gainean burutzen dugun adierazmoldea da kontalaritza. Italian ez dizute eztabaida gauzatzen utziko ipuinaren tradizioa dela-eta. Artearen komedia dela tarteko, bi generoak, antzerkia eta kontalaritza oso hurbil daude. Dario Fo aktoreak egiten duena asko hurbiltzen da kontaketara. Erdi Aroan kokatutako istorioa bada, demagun, jendearengana iristeko moldea berreskuratzen du Fok. Ikusleak edo entzuleak badaki aurrean kontalaria edo aktorea duen.

K. Ameztoi. Baiki. Antzerkilari izateak laguntzen gaitu ipuingintzan, apainduran, irudiak sortzen. Baina berezi behar dira, norbait antzerkilaria izan daiteke baina kontalaria izateko gaitasunik ez. Gurea beste mundu bat da, kontalariak hitzen bitartez mundu bat sortu behar du.

I. Zubizarreta. Keinu eta mugimenduen bitartez, ez dagoena irudikatzen dugu.

Kontatzeko espazio eta leku ezberdinak daude. Eta horietan badago ipuin kontalariaren jarduna baldintzatzen duena...
J. M. Carrere. Pentsa! Ni tabernan aritzen naiz eta gauza asko ikusten dut: bat-batean aitzur galantarekin sartzen dena, zu ipuina kontatzen ahalegintzen zaren bitartean hizketan dagoena. Halaber, azken hauek isiltzen saiatzen den bitartean trabatzen zaituena edo zure euskara zuzentzen hasten den eroa ere badago.

K. Ameztoi. Ni saiatzen naiz horrelako egoeretan ez kausitzen (Irriak). Publikoaren artean badago denetarik, niri ametsetan gertatzen zaizkit larritasun egoerak: hau ahantzi dudala, beste hori falta zaidala, ez dakit nor mintzo dela...

Eta, bidez bide eta ekinaren ekinez, ipuina moldatu behar hori ere badago.
I. Zubizarreta. Bai, bai, bai... Bukaera adibidez. Nik ez badut unea gustukoa, bada luzatzen edo mozten dut. Liburutegietan aritzen naizenean nire arerioa espazio txikia da... gainera, dudan genioarekin »«Nik ere badut!» dio Joxemarik». Haurrek mingain puntan duten guztia kanporatzen dute, eta denetarik dago: antolatutako taldeak, eskola bateko haurrak... Beti badaude pare bat bere kontuak eta txalapartak ateratzen dituztenak. Hasieran ezin nuen nire ezina agertu, hori izan da nire arerio nagusia. Nire desafioa distantzia hartzen ikastea izan da, umeak nireganatzea, partaide bihurtzea eta gustura bukatzea.

K. Ameztoi. Isiltasuna lortzea izugarria da, lan handia, ume txikiak isiltzeko gakoa isiltasuna erdiestea da, isilik egotea, tente eta tinko, eta berriz hasi...

I. Zubizarreta. Ni lehenago sartzen naiz eszenara, espazioaren jabe egin, eta orduan, haiek sartzen diren heinean, bakoitzarekin, isil-isilik hizketan hasten naiz: "zu eseri hor eta zu beste leku horretan..." Ni hor naizela adieraziz, modu hori errito bihurtzen da, errito landua... Ondoren ipuina hasten naiz kontatzen, haiek kontatzen ari naizela ia konturatu gabe.

J. M. Carrere. Kontua komunikazioa lantzea da eta horretarako egoera egokia bilatu behar da, ezberdina da antzoki batean egon, terraza batean, taberna edo liburutegi batean. Garrantzitsua da adieraztea zu hor zaudela, isilik edo keinuz "nire txanda iritsi da" adieraziz.

Kontalaria betiere, bakardadean bada ere...
K. Ameztoi. Kontalariak badu ere askatasuna »publiko txintxoa bada, Joxe Marik erran bezala (irriak)». Ohitzen gara, ofizioa da gurea. Magia ikuskizuna da, askatasuna helarazten duena. Ipuinak dauzkagu, baina publikoa nolakoa den asmatu behar dugu aldian-aldian. Gertakari bat tarteko ipuina moztu behar bada, moztu, eta erritmoa azkartu behar bada, azkartu. Bakarrik izanagatik askatasun horrek indartzen gaitu.

J. M. Carrere. Lagun batek esaten dit toreroak baino adore handiagoa dugula. Antzerkian aritua naiz eta ipuina kontatzeko unean inpresio handiena jendearen gertutasuna da, antzerkian urrunago duzu jendea. Fokoak tarteko, telebistan bezala-edo, distantzian zaude. Ipuina kontatzean ez dago laugarren pareta, ez du balio zure baitarako bakarrik kontatzeak, publikoari kontatu behar diozu, antzerkian zure baitan egon zaitezke une batez edo bestez, publikoa ignoratuz, kontalaritzan ez. Agertokira atera eta jende guztia zuri begira egote horrek inpresionatzen nau oraindik ere.

I. Zubizarreta. Eta beharrik badela hori, zirrara alegia. Kontalaria izatea askatasunaren ordaina da.

Kritika
Saioan parte hartu duen jendearen aldetik badago erantzun zuzena, baina kritikarik ez; ez antzerki edo literatur obra bat kritikatzen den bezala behintzat. Gu ez gara inor. Inor gutxi.

Ez osperik ez kritikarik
Ez dago horrelakorik, Joxemariren lagun horrek toreatzaile gisa hartzen bagaitu ere. Bravo esan ordez, eskerrik asko esaten digu
jendeak orain. Errekonozimendu gisako zerbait da. Ongi da.

Kontalarien lan gutxietsia

Gaztelaniazko "Vivir del cuento" esaldiaren konnotazioa aipatu diegu hiru kontalarioi: "Ni marxista naizen aldetik, tinko diot: gu ez gara horrelakoak, ez gara inoren kontura bizitzearen aldekoak", diosku Carrerek. Ameztoik hauxe berriz: «Nik ez dut ulertzen espresioa». Zubizarretak, berriz: »Hara, bestea, nik ere ez...» (Irriak). Segidan baina, serioago jardun dute egungo kontalarien lan egoeraz:

Joxemari Carrere. Lana nola dagoen baino, niretzat kontua da berau nola antolatuta dagoen. Azpiegiturarik ez dago. Liburutegiak baliatzen dira gure lanerako, eta ez dakit zergatik kontatu behar diren ipuinak liburutegietan eta ez Kultur etxeetan edo antzoki batean. Tira, badakit zergatik den: literaturarekin lotzen delako. Baina zergatik ez da antzerkia liburutegietan jokatzen, bertan antzerki liburuak badaude?
Ipuina lotuegia da haur munduari, dirua hortik ateratzen da-eta. Liburutegi gehiegitan antolatzen da. Zabor bilketa dagoen bezala, bada kontaketa zerbitzua. Gu kontalariok oso sinpatikoak gara haurrekin, gurasoak kafe orduan haurrengandik libratzen ditugulako. Horregatik egiten duguna gutxiesten ote den nago, eta guk geuk horren kontra egin behar dugu, ezin dugu edozein baldintzatan lanean aritu. Merkataritza guneen adibidea aipatuko dut. Beti dago dioena: "zer ondo ipuin kontalaria hemen". Bada, Merkataritza guneetan aritzen garenean gure buruaren aurka ari gara, baldintza duinak edo gutxienekoak betetzen ez dituzten esparruan aritzea onartzen baitugu. Jakina, ezin dugu pentsatu ere beti baldintza onenean edo nahiko genukeen tokian arituko garenik, baina guk garrantzirik ematen ez badiogu ez dio beste inork emango. Gure lanaren gainean gogoeta egin behar dugu. Jendeak "ipuina haurrentzat kontatzea? Erraza da hori» pentsatzen du. Bada, ez. Helduentzat errazagoa da haurrentzat kontatzea baino. Beste mundu bat irudikatu behar dugu haurrentzat. Gure burua zaindu behar dugu, beraz. Gure kriterioak ezarri behar ditugu gure lanean. Eta liburutegiko teknikariek gurea musika edo antzerki saioa balitz bezala hartu behar dute, garrantzia emanez eta egiten dugunaren ezagutza gutxieneko bat izanez.

Koldo Ameztoi. Euskal Herrian azpiegitura gutxi dago euskaraz, baita frantsesez ere. Frantziako Estatuan barrena eta munduan gaindi ibiltzen naiz eta molde gehiago daude; kanpoan asteburuan aritzen naiz gehienbat. Frantzia aldean liburutegietatik landa onartuagoa dago hemen baino: gizarte eremu askotan eta berezko eszenatokietan, ikastetxetan hala nola presondegietan ere sarri aritzen gara. Frantzian usatuagoak gaude kontalaria eta musikaria elkarren ondoan ikusten, arte modu ezberdinak uztartzen dira, Euskal Herrian ez dugu esparru hori muntatua. Euskal Herrian ipuina euskarari eta liburutegiari sobera lotua da. Ez da ikusten taula gainean agerraldi eta arte gisan horren onartua. Frantsesez aritzen naiz gehiago orain, garai batean ez bezala. Iparraldean ere bai, etsigarria da baina egoeraren isla da. Garai batean ipuinak euskaraz nituen gogoan eta frantsesez kontatzen nituen, gerora konturatu naiz, behar nituela bereizi, baita beste gisa batez idatzi ere. Alabaina, bi hizkuntzen arteko aberastasuna lortu dut, batetik bestera ekartze hori polita da. Elkar aberasten dute eta gero ipuinak bere bidea hartzen du. Euskal Herriko kultura ezagutu gabe, ipuin batzuk ezin dira kontatu frantsesera itzultze soilarekin eta alderantziz. Hegoaldean ere aritzen naiz, baina ez askotan.

Itziar Zubizarreta. Ipuin kontalaritzan lantzen ari den azken burutazioa irakurketa kanpaina antolatzea da eta horren barne ipuin kontaketa, ipuina kontatzeagatik haur asko eta asko »honela artikulatzen da ideia» irakurketara hurbiltzen omen dira. Eta hori faltsua da. Demagun egia dela, bada, gu erabiltzen gaituzte haur txikiak entretenitzeko. Zoritxarrez horiek ez dute irakurketa zereginarekin loturarik, gurea sari modukoa da haurrentzat. Kontalaria kontratatzen dute eta primeran dago haurrentzat, gurea ondo pasatzearekin lotzen da. Liburutegietara hurbiltzen diren haurrek bospasei urte dituzte, zazpi gehienez. Adibidez, Ray Buenok ipuin kontaketa zoragarria eskaini du azken urte honetan, Beldurraren aretoa ekitaldiaren inguruan. Ray kontalari oso ona da, baina jende gutxi hurbildu da. Horrenbeste kanpaina eginda ere, zure buruari galdetzen diozu: «Ba al du funtsik egiten dugun horrek. Itxura baino ez ote?».

Ospea
Ospea eta ospela elkarren ondoan doaz gurean. Badago gauza bitxi bat, inork ez dakiela gurekin zer egin... Kontalaria interesgarria da, baina ez gaituzte ezagutzen, ez gaituzte entzun edo ikusi, edo oso gutxitan. Antzerki mundukoek edo idazleek ere ez gaituzte entzuten arrazoi sinple batengatik, helduentzako emanaldi gutxi antolatzen delako. Hori bai, sinpatikoak gara.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude