Fermin Iraolagoitia: «Ez dakigu pertsona izaten»


2021eko uztailaren 19an
Hitz egin dezagun zure bidea markatu duen pertsona baten gainean. Zure lehenengo maistra: amama...
Denetik erakutsi zidan. Gu, orduan, zazpi-zortzi urterekin hasten ginen eskolara, eta hara orduko nik banekien matematika guztia, algebra ere bai zerbait, eta irakurtzen, kantetan... musean ere bai! Benetako jakituna zen.

Amamak nola zekien hainbeste?
Jaiotzez. Etxebarrikoa zen, ez zen mendikoa, eta kalea beti kale! Gero, kaleko eta baserriko jakituriak elkartu zituen eta neba-arreba guztientzako etxeko andereñoa izan zen. Maria Jaio zuen izena. Bera izan zen nire benetako maistra. Badakit nik ondo hori. Gainera, gure baserrian aurretik egon zen beste gizon bat bertsolari izan zena: Ebaristo Iriondo, eta haren bertso-paperak eta liburuxkak irakurtzen zituen amamak... Gehien bat Santa Ageda bertsoak, Txirritarenak, Markesaren alaba eta hau eta beste... Horrekin batera, etxe inguruan beti izaten zen zerbait, errima batzuekin, ez bertsolari ginelako, baina bai ukitu hori genuelako. Gure euskaltzaletasuna, gure euskal garra, han sortu zen. Etxeko indarrak, eta gero jarraitu duen kemen horrek, pilo bat lagundu dit bizitzan zehar, bai fraidetzan jarraitzeko eta bai euskararen alde mila lan egiteko...

Erlijio-kontuak ere amamak erakutsi zizkizun?
Baita! Aita-amek ere bai, baina irakurgai asuntoan-eta amama zen jakituna. Maiatzeko loreak eta! Guztiek ez zuten suerte hori, etxean horrelako maistra edukitzea.

"Maiatzeko loreak"?
Maiatzean egiten diren errezo batzuk dira maiatzeko loreak. Nahiz ipurtargi batekin, edo kandela batekin, farola batekin edo karburoarekin argi egin, iluntzetan, hartu maiatzeko loreetako liburu bat eta irakurri egin behar izaten ziren zati batzuk. Arrosarioa errezatzea balitz legez zen, beste gehigarri batekin. Liburutik txatal bat irakurtzea zen kontua, eta hortik aparte agur maria batzuk errezatzea, baina hile guztian.

Nola izan zen fraide joatea? Zein da zure istorio-historia?
Ni bosgarrena nintzen etxean. Aurretik neukan anaia zaharrago bat ez zen seminariora joan, baina hurrengoa bai. Nire kasuan, ni ez nintzen joan anaia joan zelako edo ez zelako. Nik zera sentitzen nuen, ez ginela etxean kabitzen. Baserrian, nahiko justu denontzat! bai jateko, bai bizi izateko... Ni, esate baterako, aita eta ama Saratzu-barrin utzi, amama eta anaia hartu eta Baltzolara, beste baserrira joan nintzen, segi! Zergatik? Batean baino gehiagotan, itaun egiten diot neure buruari: "eta zergatik bestaldeko baserrira?". Nik uste dut ez ginela kabitzen etxe barruan. Niri gurasoek ez zidaten esan "hara joan zaitez!" ez, ez, neuk aukeratu nuen.

Baltzola baserrian ere ez zinen konforme zu...
Hamaika urte nituen Baltzolara joan nintzenean, baina han ere ez nintzen betetzen. Lehenagotik, beste senide batzuekin oporraldiak pasa nituen Algortan, eta han, tranbiarekin, batean batari inkatu eta bestean besteari, eta holako alprojakeria batzuk egin... bada, pilo bat ikusi eta ikasi nuen.

Algortatik etxera, eta?
Etxera etorri eta esaten nuen "hemen, etxean, gerora zer? Han, kalean, jendea beste modu batera janzten da, beste modu batera bizi da". Nik uste dut han hurran beste zer edo zer eduki bagenu, hara joango nintzela, baina ez zegoen! Orduan seminarioa besterik ez zegoen inora ikasten joateko! Markinan gaur egun dagoen eskola laborala edo egon bazen, hara joango nintzen ikasten. Fraidetzako bokazioa edo zera hori esaten da! Nik osaba fraide bat baneukan, baina osabagana ni ez nintzen joaten ea fraide joango ote nintzen; ez, ez, ea madari batzuk edo zer edo zer batzen nituen joaten nintzen... "Bokazioa" esaten da, "holako txispa bat!"... Edo beste hura jausi zen moduan, zaldiak behera bota... ezta pentsatu ere!

Eta gazte-gazte, pasiotar...
Gabiriara, hamabi urterekin. Etxe zaharra zen, baina frontoia zegoen gutxienez! frontoi bat! Lagun pilo bat eta! Askotan umeek etxera eskapatu nahi izaten zuten; nik ez nuen eduki tentazio txikienik ere! Ez. Gabiriatik Angostora zen bidea, baina gu, suertez, Deustura joan ginen, eta Deustutik, oraindik beste suerte bat, Eubara, hona etorri nintzen orain dela berrogeita hamar urte. Hona etorri zen lehenengo taldekoa izan nintzen. Hemendik, orduan bai, Angostora, nobiziatua egitera. Handik Tafallara Filosofia egiteko, eta Urretxura, han zegoen eta Teologia ikasteko gure zentroa.

1955-56an etorri zineten hona...
Etorri ginen, baina asko ez gara geratzen... Jesus Mari Iturrioz zen nagusia, Legorretakoa, orain arte probintzial izandakoa eta orain Urretxun dagoena. Beste batzuk, Goenaga bat, «giputxe», eta beste banaka batzuk... Askorik ez gara geratzen, ez.

Zer giro zegoen hemen? Badakigu 60ko hamarkadaren bukaera aldera euskarazko aldizkariak egiten ari zirela fraide-etxe guztietan: pasiotarrak, agustindarrak, frantziskotarrak...
Nire lehenengo euskal maisua Koldo Sarasola izan zen, Urretxun bizi da oraindik. Paradigma guztiak, bertsoak egiten eta, hemen hasi ginen. Ni gogoratzen naiz oraindino, hemengo agur egitean bertso batzuk zelan kantatu genituen. Eta gero, aldizkari bat ere berehala sortu zela hemen.

Laiaketan?
Ez, Laiaketan Urretxun sortu zuten, hemen Bidez izeneko aldizkaritxo bat, txiki-txikia, egiten zen. Laiaketan beste moduko zer bat zen: Laiaketan hartan oso artikulu sakonak idazten genituen guk.

Mugimendua leku guztietan. Gerra ostea ahazteko guraria, atzera bizi nahia? Zer zen orduan?
Izan ere, hainbesteko zapaltzea zegoen! Herriko eskoletan ere maisu erdaldunak genituen. Etxera joan eta dena euskaraz zen. Bazegoen halako kontraste izugarri bat, eta berez sortzen zen premia hori. Horretan gu suertetsuak izan gara, ze gure irakasle guztiak hemengoak izan dira... Teologia egiten ari ginenean egin zen Vatikanoko Kontzilioa eta berehala hasi ginen gu hango dekretuak eta dokumentuak euskaratzen. Aurretik Filosofian, Tafallan geundenean, bai kantatu, bai idatzi, guk euskaraz egiten genuen. Zergatik? Etxean askatasun hori geneukalako; komentuan, esan nahi dut. Baina lehenengo labekada hori, nik neuk, etxetik daukat.

Komentuan babesten zintuzten, hala ere.
Komentuan guk, zorionez, suerte handia izan dugu. Irakasleak babesten bazaitu, etxeko nagusiak ere babestu egiten zaitu. Eta babes horrekin tenplau ibiltzen zara, tenplau! Gurean probintzialak ere euskaldunak izaten ziren beti, eta alde horretatik ere babesa! Latinez ikasten genuen Filosofia, latinez Teologia, latinez dena, baina euskaraz barra-barra egiten genuen alde guztietan.

Zer aurkituko genuke garai hartako aldizkarietara jo eta zure idazlanak irakurriko bagenitu? Artzai izan banintz, Atseden-leku, Egarri, Gaixorik...
Jazoeraren arabera... Uste dut Artzai izan banintz eta Atseden-leku, adibidez, orduko aita santua gogoan hartuta idatzi nituela. Joan XXIII.a niretzat aita santu bat aberatsa izan zen, herrikoia, gizatiarra... zentzun horretakoa. Ondorengoak ez dira izan holakoak. Orain ere olerki bat egingo banu, edo bertso batzuk idatziko banitu, nahiago dut Joan XXIII.ari idatzi beste inori baino.

Idaztea gustatu izan zaizu?
Nik ez dut askorik idatzi. Oso gutxi. Pentsatu gehiago egin dut, idatzi baino. Ez naiz horretara emanda bizi izan. Beharbada, oraindik denbora badago, igual hasiko gara zerbait idazten. Nork jakin oraindino idatziko badut edo ez badut.

Ez duzula askorik idatzi diozu, baina zortzi liburu ere idatzi dituzu umeentzat...
Bai, baina horrek badu azalpena. Nire bizitza kultura-hari bati, hezkuntza-hari bati lotuta dago, joan den hogeita bost-hogeita hamar urtean. Lauaxeta Ikastola sortu, Ibaizabal sortu, IKA sortu... Sortu bai, baina gero horiek jantzi egin behar dira. "Zergatik sortu dituzu, eta zertarako?", galdetzen didate. Nik beti ingurua premian ikusi dut, beharrizan batean, eta beharrizan horri erantzuten saiatu naiz ni. Lauaxeta Ikastola zertarako sortu nuen? Izugarrizko ahalegina egin behar zen, berrehun eta berrogeita hamar ume ziren orduan; handik hamar urtera 1.500! Eta ehun irakasle baino gehiago! Premia ikusten nuelako egin nuen. Hura egin eta ondoren, beste aldi bat etorri zen, testuliburuak egitea.

Ibaizabal argitaletxea...
Lehenengo, erlijio libururik ez zegoen, hemen sortutakorik ez... Bada, hor sartu nintzen. Sartu, eta berehala egin genituen zortzi liburu, erlijioa euskaraz lantzeko... Hor ere neu izan nintzen arduradun, sortzaile, eratzaile... Gehien bat ni eragile izaten naiz. Nik eragin eta bestek zertu. Horrela sortu da Ibaizabal osoa. Nik beste alternatiba bat nahi nuen Euskal Herrian eta sortu egin dugu! Kosta egin zaigu, baina azken urteetan 2.500 liburu atera ditugu euskaraz! Zero urtetik hasi eta 18 urtera arte. Orain beste premia batzuk ikusten ditut. Aspaldi baten, beste ideia bat sartu zitzaidan. Hemen inguruan baserri bat geneukan, eta hirugarren adinekoentzako egoitza bat egitea asmatu genuen.

Hogeita bost urteko lana azaldu didazu hiru minutuan, galdera egiteko aukerarik gabe...
Ez dakit nondik abiatu naizen ere, zein galdera egin didazun... Liburu batzuk idatzi nituela edo...

Horixe.
Ni ez naiz idazteari emanda bizi izan, ez dut trankilidaderik eduki idazteko. Nik zera egin dut, inguru hau eratu, eraberritu, eta derrigorrezkoa izan dena sortu, edo sortzen lagundu eta bideak asmatu. Horretarako izan da Lauaxeta Ikastola, horretarako izan da Ibaizabal argitaletxea, horretarako izan da egoitza... baina dena dago lotuta.

Erraz ematen du horrela esanda.
Adi egonez gero, berez eskatzen du. 2.000 lagunetik gora dabil hemen egunero. Herri bat da hau. Autobusa eskatu diogu udalari, eta uste dut datorren urtean edo izango dugula. Baina zer behar da hemen? Gizartean falta dena! Gaur egunean daukagun arazorik handienetarik bat da, bai familian, bai hezkuntzan, bai denean, nortasun falta. Ez dakigu norbera izaten, pertsona izaten ez dakigu. Hori da erakutsi nahi nukeena, edo behintzat, ahalegin batzuk egin hori erakusteko.

Etenak izan ziren, garai batean, behintzat, euskalkiaren eta batuaren defendatzaileen artean...
Bai, baina hori ez da gertatu euskaran bakarrik. Egon da erlijioan, egon da familian... egon da maila guztietan. Zuk esaten baduzu halako egin behar duzula, nik lehenengo berba "ez!". Horrela gabiltza! Nigatik batek baino gehiagok bizkaitar burugogorra eta hau eta hura naizela esan izan du, baina egundo ez dut diskutitu nik hori. Entzun bai, esan bai, baina nik egin dudana izan da, egin. Ni bizkaieraz erakusten hasi nintzen ikastolan. Zergatik? Bizkaieraz hitz egiten zuen jendea zetorrelako hona. Ume haiei zer erakutsi behar nien nik lehenengo momentuan? Batua?... Batua?

(...)
Nik bizkaiera ikasi nuen etxean, baina Urretxun estudiante egon nintzen eta han goitik, elizako han goitik, gipuzkeraz egiten nuen. Gure maisuek, orduan, paradigmak erakusten zizkiguten, bizkaieraz alde batetik, eta gipuzkeraz bestetik. Hori jakinez gero batuera oso erraza da, oso-oso erraza. Guk dena ikasten genuen, ez ginen diskutitzen ibiltzen, ez. Ni ez naiz pedagogoa, baina beti esan dut, bai umeei eta bai gurasoei begira: "Bizkaieraz egiten baduzue, utziozu! etorriko da gero momentua batuera sartzeko". Guk hori egin dugu! Hemen lehen EGB zen, hura bukatutakoan hasten ginen batueraz; baina lehenengo bizkaiera ikasita. Zer pasatu da Ibaizabalekin. Lehenengo bizkaieraz ateratzen hasi ginen. Zergatik? Inork ateratzen ez zuelako. Gero guk txikientzako bizkaieraz egiten segitu dugu. Noiz arte? Hori herriak esango du. Batzen den arte edo. Baina bitartean zertan ibili behar dugu borrokan? Merezi du?

Uste dut jende askok ez zuela ontzat ematen zuen bidea: bizkaiera oinarri, batua gero...
Askok ez, baina beste askok bai.

Kontra handiak izan dituzue?
Ez dakit. Nik ez dut diskusio handirik eduki. Ni bakar-bakarrik gogoratzen naiz behin, telebistan, ikastolen federaziokoak eta tartean zirela, eta nik bizkaiera batuera legez defendatzen nuela: euskara!

Nortasun agiria
Fermin Iraolagoitia Mendibe, Aita Fermin (Markina-Etxebarria, 1940). Fraide pasiotarra. Filosofia eta Teologia ikasketak egin eta Eubako komentuan bizi izan da joan deneko 50 urtean. Euskaraz egiteko libertatea izan zuen pasiotarretan eta hainbat bertso, olerki eta testu ondu ditu, barruko deia eta kanpoko premiak uztartuz. Aldian aldiko beharrizanei erantzunez jardun du bizitza osoan, etorkizunari begira beti ere. Horren ondorio da Eubako pasiotarren komentuaren harrien gainean eraikitakoa: komentu zen lekuan herri oso bat da gaur egun. Bertan dira Lauaxeta Ikastola, Ibaizabal argitaletxea, Orue Fundazioaren erresidentzia, auditorio ireki berria eta beste. Enperadoreak obratu du miraria. Fermin Iraolagoitia du izena, Aita Fermin.

Etsenplu ematen
«Ez zaituzte obeditzen, kapitainak etsenplu ematen ez badu, bera eredugarri eta erakargarri ez bada. Nik beti nahi izan dut, bai ikastolan eta bai denean, zentzun demokratiko batean jardutea. Horregatik ez nuen larridurarik eduki orain dela hogeita bost urte gaur egun Lauaxeta Ikastola den zentroaren titularitatea gurasoen eskuetan uzteko. Kontuz, aldeko aholkurik ez nuen eduki, laikoen aldetik izan ezik! Ez eliza, ez kongregazio, ez bestelako! Dena zen beldurra. Nire estiloa zera izan da, jendea motibatzeko, neure burua kapitain jarri, lidertzan, aurrelari... Baina egiteko agindu baino, egiten lagundu diot jendeari. Hor dago sekretua».

Ezin kabitu etxean!
"Markina eta Elgoibar artean, mugan dago gure etxea, Saratzu-barri baserria, Kalamu mendiaren ondoan, Arratetik berehala. Ni txiripaz naiz bizkaitarra, muga-mugako naiz eta! Gure bizitza, umetan, bai Markinara, bai Elgoibarrera eta bai Eibarrera begira izan zen. Oinez ibiltzen ginen hiru herrietara; perretxikotan, askotan, Arrateko pagadietan zehar. Mendian behera bidezidor asko zegoen. Hala ere, kilometro batzuk ere egiten genituen hiru herri horietara joateko, baina ume denboran dozena erdi kilometro ez da ezer. Gero, beste baserri bat ere eduki genuen, Saratzutik bostehun bat metrora: Baltzola. Ezin kabitu etxean! Pilo bat ginen: aita-amak, amama eta gu, bederatzi neba-arrebak. Aitaita ez nuen ezagutu, baina amama bai. Amama izan zen nire benetako maistra!".

Omenaldia
"Omenaldia? Ze omenaldi, gero! Nik 'Aita Ferminen liburuaren aurkezpena' jarri dut afixan. Hemen irakasle batzuk hainbat denbora eduki ditut esanez: ‘Zu!, zer edo zer idatzi behar duzu!’. Zer edo zer idatzi? Nik, idatzi? Nik Euba honetan daukat ‘idatzita’, nahi baduzu ikusi. Hala ere, poupourri bat egin dugu denon artean, liburua osatzeko. Bertan, guk egin dugun ibilbidea dago, hortxe agertu da hemengo erretratua, paperean. Baina elkarrizketa honetan landu ditugun puntu horiexek dira, ez besterik: familia, niretzako ardatza; beste familia, pasiotarra; Lauaxeta, Ibaizabal, egoitza; eta etorkizunera begira, dena zabalik. Omenaldia? Bada omenaldia, eta ez da. Eta bada. Azken batean, lanean zeurekin dabiltzan lagun batzuekin elkartzea. Bizikizunerako horixe da inportanteena".


Azkenak
Euskara eskakizunak defendatuz Pasaiako Udalak aurkeztutako helegitea atzera bota du epaitegiak

2023an B1 maila eskatu zuen udalak kale garbitzailea posturako, baina horren kontrako epaiak eman zituten Donostiako Administrazioarekiko Auzien 2. eta 3. zenbakiko epaitegiek. Epai horien aurkako helegiteak atzera bota dituzte orain. Hizkuntza eskubideen urraketei... [+]


Zenbat Gara elkarteari eta Kanaldude telebistari emango dizkiete aurtengo Elkar sariak

Ibilbideari saria jasoko du Zenbat Gara-k, eta Proiektuari saria Kanaldude telebistak. Sari banaketa ekainaren 3an izango da, Bilboko Kafe Antzokian.


2025-05-14 | Elhuyar
Industriaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko sistema berri bat garatu du Ekopolek

Ekopol ikerketa-taldeko Jon Iñaki Sasia Santos, Gorka Bueno Mendieta eta Iker Etxano Gandariasbeitia kideek Amalur EIS ingurumen-informazioko sistema aurkeztu dute. Egileek azaldu dutenez, sistema horrek ingurumen-inpaktuak kalkulatzen ditu, Kutsatzaileen Isuri eta... [+]


Pepi Arrospide: “Batzuetan pentsatzen dugu ongi egoteko gimnasiora joan behar dela, baina euskal dantzak hori dena ematen dizu”

Biteri Kultur Etxean egin dugu zita Pepi Arrospiderekin (Hernani, 1952). Izaskun Auzmendirekin (Arribe, 1964) agertu da, biak San Joan konpartsako kideak. Telefonoa. Auzmendirena da, hizketan hasi da, baina Arrospide adi-adi dago. Ia sartu da telefonora bera ere. Segituan... [+]


Harrizko igitaiak, brontzezko mailuak

Azkenaldian liburu batekin gozatzen aritu naiz. Oso denbora laburrean bi aldiz irakurri dut; lehendabizikoan gozamen hutsez eta bigarrengoan arkatza eskuan. Rodrigo Villalobos arkeologo espainolaren Hoces de piedra, martillos de bronce lanak historiaurreko gizartea arakatzea du... [+]


Aroztegiako auzipetuen aldeko manifestua
Aroztegiako auzipetuen absoluzioa eta desobedientzia zibila aldarrikatu dituzte

Euskal Herriko hainbat arlotako 196 pertsona ezagunek Aroztegiako auzipetuen aldeko manifestua aurkeztu dute Iruñean astearte goizean. Errepresioa eta Aroztegiako proiektuak ordezkatzen duen garapen eredua salatu dituzte. Astelehenean hasiko den epaiketa salatzeko ekintzak... [+]


2025-05-13 | ARGIA
Aurelia Arkotxa omenduko du aurtengoan Ziburuko Azokak

Ekainaren 7an izango da Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarrekin antolatzen duten Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka. Seigarren edizio honetan Aurelia Arkotxa izango da omendua eta egitarau oparoa ezagutzera eman dute prentsaurrekoan. Ziburuko Azokaren uhina inguruko... [+]


Urduñako espetxe frankistan hildako beste sei gorpuzki identifikatu dituzte

Espainiako lau pertsonaren gorpuak identifikatu dituzte. Urduñako desobiratze lanak 2024ko abenduak amaitu ziren eta guztira 93 pertsonaren gorputzak berreskuratu zituzten. Aurkikuntza berriekin, hamazazpi pertsona dira jada identifikatu dituztenak.


Sexu erasoak egiteagatik zigortu dute Gerard Depardieu aktorea, baina ez da kartzelara joan beharko

Hemezortzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio epaitegiak, baina ez du zigorra bete beharko. Azken hamarkadan, dozenatik gora emakumek salatu dute aktore frantziarraren sexu erasoen biktima izan direla. 2021ean Les volets verts filmaren grabaketan eraso ziela salatu zuten bi... [+]


Larragorriko zentral eolikoa eraikitzeko baimena eman du Eusko Jaurlaritzak eta proiektua gelditzeko eskumena Laudio, Amurrio eta Orozkoko udalen eskuetan geratu da

Green Capital Development enpresak bi urte izango ditu proiektua egikaritzeko, baina aurretik jarduera edota obra udal baimenak eskuratu beharko ditu.


Hamar egun pantailarik gabe: erronka abiatu dute 2.500 haur eta gaztek

“Pantailak utzi erronka” hasi dute, maiatzaren 13tik 22ra, Ipar Euskal Herriko 25 eskolak eta 2.445 haurrek. “Hasi aitzin, beldurra dute gazteek, ez direlakoan desafioa betetzera helduko. Gero, indar kolektiboak hartzen du gain”.


Pakistan eta India su-etena luzatzeko bildu dira, baina Modik ez du baztertu eraso gehiago egitea

AEBen bitartekaritzarekin larunbatean adostutako su-etenak badirudi bi aldeen arteko tentsioa murriztu duela. Halere, Narendra Modi presidenteak ohartarazi du Indiak ez dituela ekintza militarrak amaitu, baizik eta "eten tarte baterako". Islamabadeko eta New Delhiko... [+]


Aldatu Gidoia: “EITB ordezkapen linguistikoan eta asimilazio kulturalean sakontzen duen tresna bilakatu da”

Aldatu Gidoiaren iritziz, EITB "sortze helburuetatik aldendu" da, eta "urgentziazko demokratizazio prozesu bat" eskatu du, zuzendaritza taldearen hautaketa prozesutik hasita.


Aldak etxebizitza bat okupatu du Bidarten “operazio espekulatiboa” salatzeko

Elkarteak salatu du okupatutako etxebizitza 1.615.000 euroan erosi zela 2021ean, eta egun 2.980.000 euroAn saltzen dela. Okupazioak iraun bitartean, espekulazioak sortzen dituen arazoez mintzatu dira etxeko egongelan. Balkoian Espekulazioa: biztanleentzat etxebizitzarik ez... [+]


Eguneraketa berriak daude