ARGIA.eus

2022ko ekainaren 27a

J. Ignazio Ansorena, musikaria eta pailazoa: «Una canción que es muy bonita y me sale muy bien»

2005eko urriaren 23a

Gure izeba Anparitok kontatu izan digu joandako mendeko hirurogeiko hamarkadan Zarautzera joan zela koruarekin jaialdi batean parte hartzera. Eta hartan geroago oso famatu den euskal kantautore batek -oraindik erdaraz kantatzen zuen gaztetxoak- honela aurkeztu omen zuen bere abesti bat:

- Ahora voy a cantar una canción que es muy bonita y me sale muy bien.

Gaztetxoaren inozokeria alde batera utzita, erdaraz aritzea ez zen soilik kantari horren kontua. Famatu ziren euskal kantautore gehienak ere -garai hortakoxeak- erdaraz abiatu ziren.

Ez zen erraza garaitsu hartan asmatzea kantari horiek nora iritsiko ziren edo nolako eragina izango zuten euskal kulturan. Egun ere non eta nola ibiliko garen euskaldunok hogei urte barru, kultura aldetik, asmatu nahi izatea erokeria litzateke. Egin dezagun bada eroarena.

* * *

Etorkizuna iragartzeko eguneko datuak ere ondo interpretatzen asmatu behar da. Lan benetan zaila. Gure ezinak eta nahiak errealitatearekin korapilatu eta nahastu egiten baitira, zein hari dabiltzan aske eta nola josi litezkeen ez dezagun ondo bereizi. Adibidea:

Zinema aretoan sartu den heldu koadrilak ikusi du bikote gaztea bertan. Neska eta mutil ederrak, sasoi onekoak. Baina harrituta geratu dira. Erdi erdian kokatu dira, arto krispeta zorro eta freskagarri ontzi bana eskuetan, aingerutxoen tankeran, filmea ikusteko asmotan. Koadrilako lotsagabeenak honela bota die:

- Ai, oraingo gazteak! Gure garaietan azken ilaran jarriko ginen eta filme osoa zirritan pasako genuen!- Neskak berehala erantzun dio, mutilaren begiradaren onespenaz:

- Badakizu, siestatik gatoz, jo berriak, eta nekatuta gaude. Sentitzen dugu zuen desioak ez betetzea.

Garaiko datuak ondo interpretatzeaz gainera, bideak jarri behar dira asmatutako hori egiazta dadin. Komeni diren ekintzak abiatu... eta itxaron. Horregatik deitzen zaio itxaropena etorkizunaren asmaketa-eraikuntza lan txukunari.

* * *

Kultura batez ere horixe da: sexu harremanak noiz, nola eta norekin; jateko ohiturak; lagunartekoak; jaiak ospatzeko moduak; eguna partitzeko aukerak; lanari ekitekoak; arazoak konpontzeko usadioak; bizitzari eta heriotzari nola erantzun era kolektiboan; etxeak eta auzoak antolatzeko gisak; hizkuntzan gorderik dauden logika eta sikologia egiturak... Horixe eta gehiago da kultura. Gu, konturatu gabe ere, talde bihurtzen gaituen arau trinko eta isil ugarien egitura.

Kultur molde bakoitzak bere erako emaitza artistikoak sortzen ditu: liburuak, eskulturak, margoak, doinuak, dantzak, tradizioak... Nolako moldea halako emaitza.

Hogei urte barru euskal kulturarik izango ote den galdetu beharko diegu geure buruei. Baita izatea merezi ote duen ere. Nik bi galdereei baiezkoa ematen diet.

* * *

Egun ere, askok sinistu arazi nahi digute euskal kulturarik ez dagoela eta ez duela izatea merezi. Hitz eder eta modernoez janzten dute diskurtsoa: mestizaia, solidaritatea, mugak gainditzea... Hori dena ahazten zaie, baina, Frantziako edo Espainiako kulturaz ari badira. Tankera horretako intelektual profesional ugari daude bazterretan. Soldata joriez ordainduta, postu ofizial batean ez denean, Fundazio miragarri batean. Artikuluak eta hitzaldiak, oso prezio onean banatuko dituzte aukera ematen zaien guztietan. Eta askotan ematen zaie, ematen zaienez. Zabaltzen den mezu sasintelektuala: euskalduntasuna azaleko geruza fin bat besterik ez da, samurtasun momentuetan bihotza hunkitzeko xehetasun bakarren batzuk... Garrantzi eskaseko kontuetarako utz daitekeen etxeko amantala bezalakoa. Francoren berbera da, Formación de Espíritu Nacional liburuetan ikasarazten ziguten hura.

Aipatutako honi begiratzen diogunean, gaur eguneko euskaltzale askok ezkortasunerako joera izaten dugu. Hainbeste lan egin eta gero hau? Bestela ere begira genezake.

Joandakoan, ikasle ohi batekin topatu nintzen. Idazlea da, erdaraz idazten du eta, berak ezetz esango badu ere, euskararekiko errezelo handia izan du txiki txikitatik. Errezeloa baino gehiago ere bai nire ustez. Dena ilun ikusten zuen, bere ikuspuntutik, gure artean zer eginik ez zuela, alde egin beharko zuela Euskal Herritik laster batean, elebakarra eta ez abertzalea zelako. Hemen, bere hitzetan, abertzale eta euskaltzale izan beharra dago, bestela zer eginik ez: "Lo reconozco, habéis vencido". Honela esaten zidan, etsita eta amorrazioz beteta.

Euskaltzaleoi ez zaigu horren argi agertzen garaipena. Bi aldiz begiratu beharko dugu. Ondo legoke.

* * *

Hogei urte barru herri pobre eta aberatsen arteko borroka ez dakit nola egongo den. Gu, oraingoz eta ekonomiari begiratuta, aberatsen artean gaude. Nahi genuke herri pobreak bizi duten miseriatik aldentzea. Borondate onekoak omen gara euskaldunok eta solidario samarrak. Datua zehatza da. Noraino ordea? Prest gaude limosna emateko eta laguntzeko. Hortik aurrera... Hala ere, egoerak berak aldatzera behartuko gaitu. Hasi gara pobretasun maila horiek nora daramaten ikusten. Sokatik ezin da gehiago tira, puskatuko ez bada. Euskaldunok mundu antolaketa berri baten sorkuntzan eragile izan behar dugu. Leku eta maila ezinhobean gaude horretarako. Handiegiak ez garenak, komunikatzen bagara, erraldoiak behartzeko adina indar badugu. Edurne Zuriren ipuinean horixe ematen zen aditzera: zazpi ipotxek, ondo elkar hartuta, sorgin gaizto boteretsuak baino indar handiagoa egin dezaketela. Batez ere printze gazte liraina bere alde jartzea lortzen badute.

Hogei urte barru, zortzi deitura euskaldun dituztenak orain baino dexente gutxiago izango dira. Eta zortzi euskal abizendun asko azal beltzekoak izango dira, edo txinatar arrazakoak. Arraza nahasketak muturra azaldu besterik ez du egin gure artean. Hogei urte barru agian lehendakari beltza izango dugu. EAJkoa noski, baina beltza. Hortxe dugu erronka gogorren eta kilikagarrienetakoa: kanpotik datozenei, etorri direnei eta etorriko direnei, euskal kulturaren ederra senti araztea, bertan integratzeko irrika sortzea. Eta lemari astindutxo bat eman beharko zaio euskalgintzan. Haurren arloak ez du interes handirik pizten gure guru koadrila zabalean. Etorkizuneko asegurua da, ordea. Hobe dugu ondo zaintzea eta urteroko poliza garaiz ordaintzea

Hogei urte barru, gaurko gazteak helduak izango dira. Euskaraz jakingo dute gehienek. Egingo ote duten eta beren seme-alabei euskara gogo onez transmititzeko nekea hartuko ote duten zaila da asmatzea. Euskal produktu kulturalik kontsumituko ote duten ere ez zait guztiz garbi begitantzen. Zer izango da? Belarria jarri eta konturatuko zarete inoiz ez bezala entzuten dela gure hirietan euskara, bikote gazte asko beren artean euskaraz. Gure zahar askori pasatakoa berriro gerta ez dadin ahalegina denon artean egin beharko dugu: umetan euskaraz egin, gaztetan ere bai, etxeko txokoan zerbait mantendu... Lan eta bizitza errealaren mundura ateratzerakoan, haatik, erdararen maleta hartu eta euskararen zorroa amaren etxean ahaztuta geratu.

Gaurko gazteei Franco nor zen galdetuta, kostatzen da fundamentuzko erantzuna aurkitzea. Hogei urte barruko gazteei ETA zer zen galdetuta, berdintsu kostako zaigu taxuzko erantzunik topatzea.

Hogei urte barru ez dut uste etxe barneko politikak hainbesteko indarra izango duenik eguneroko bizitzan. Azken bolada luzean, gure politikak dena busti du, kulturan eta euskal kulturan bereziki neurriz kanpoko garrantzia izan du. Beti ehizerako prest, eskopeta eskuan geunden. Noski, aurretik pasatzen zen guztiari eperra zelakoan tiro egiten genion. Itxaropena daukat egoera pixkanaka aldatuko dela. Ikasiko dugula basoko edertasun guztiak gozatzen eta gehienez ere ehiza fotografikoa egingo dugula. Eta kultura modu horiek politika ere kutsatuko dutela.

Hogei urte barru, ekologia guztiz integratuko da, halabeharrez, eguneroko kulturan. Eta azken urteetan egindako akats inozo asko zuzentzea izango da eginkizunik handiena. Arkitekturarena, esaterako, modan jarri diren etxetxo abobatuak zein garesti ateratzen zaizkion inguruari konturatuko gara. Baita herri eta hirietako festen modu basati eta etxekaltea bestela antolatu beharraz ere. Konpartitzea hitz abstraktoa baino gehiago dela ikusiko da eta trukea (autoarena, bizikletarena, oporretako etxea...) jardun normala izango da, munduak ez duelako hainbesterako ematen.

Hogei urte barru, hainbat gehiegikeria sozial baretuko dira eta apurtxo bat neurrian jarri. Zaratarena esaterako. Tabakoarekin gertatu den bezala, orain zaratarekin hainbeste sufritu arazten diguten beraiek, erdi gortuta daudela konturatuko dira. Arazo fisikoak izaten hasiko dira, administrazioari garesti aterako zaio. Eta orain duten utzikeria arbuiatuz, zarataren kontrako borroka histerikoa hasiko dutela uste dut. Isiltasunaren aldarrikapenaren aroa etorriko da. Iupi!

Kirolak eta Musikak ordezkatu dute azken urteotan erlijioaren masa mugimendu alderdia. Biltzarre Eukaristiko, Gau adorazioa eta segizioen ordez, Kontzertuak, Musika maratoiak, Gau pasa masiboak eta Carlinhos Braun. Pertsonak ez baikara norbanakoen muga estuetan amaitzen. Pertsona bakoitzak besteekin lotzen duen alderdi bat dauka, talde sena, eta horrek adierazpenak behar ditu, momentu batzuetan agertu egin behar du, pertsonak eta taldeak lehertuko ez bagara. Alderdi horrek jarraituko duela uste dut, gutxi batzuetan erlijioarekin lotuta, oraintsu bezala, eta besteetan jaien, musikaren eta kirolaren inguruan. Hala ere, beste guztietan bezala egoerak aginduta, kontu guztietan neurriz jokatu beharra (baita neurrian ere) nagusituko da. Eta oraingo ohiko gehiegikeria antiekologiko asko baztertu egingo dira, tartekako leherketa zoro eta beharrezkoen mesedetan.

Hogei urte barru, aldiz, izpiritualitatearen alorrean ezusteko aldaketak agertuko dira. Erlijioak -gure artean Eliza Katolikoak bereziki- azken urteotako kontu txatxu asko baztertuko ditu, halabeharrez honek ere. Sexuarekin zerikusia duten kontu gehienei arreta kenduko die (homosexualen onarpena, dibortzioa, antisorgailuak, emakumeak apaiztea, apaizak ezkontzea...) eta benetako ekumenismoaren urrats sendoak ematen hasiko da. Izpiritualitatea erlijioa baino garrantzitsuagoa izango da.

Heriotza ondo kokatzen ikasi beharko dugu ordurako. Bizitzak heriotzarik gabe ez du zentzurik. Eta gure garaiak hain eroak izan direnez, egia borobil horri ihes egin nahi izan diote. Hogei urte barru, aipatutako hari guztiak mugituta egongo dira eta heriotzaren aurreko jarrera kulturalak ere bai. Heriotzari aurre egiteko molde modernoak sortzen hasiko dira, artista, intelektual eta komunikadore askoren lanaren eraginez noski. Eta gaur egungo beldur inozoak zabaldutako jarrera fribolo edo kikilduen ordez (abortoa, eutanasia...), misterioari men egiteko eta pertsonen duintasuna uztartzeko kultur egiturak sortuko dira.

Azken hogei urteotan, konturatuko zineten, sortzaile gutxi agertu da euskal kulturaren plazan. Zerrendagileak, administratzaileak eta kudeatzaileak erruz. Sorkuntzan orain dela berrogei urte jarritako soka beretik ari gara tiraka. Baina aldatu egingo da, ziur. Hala beharrez, oraingo sokatiratzaile gehienak jateari utzita egongo garelako. Hogei urte barru beste sortzaile belaunaldia izango da Euskal Herrian. Gure kezkak barregarriak irudituko zaizkie. Niri ere dagoeneko hala iruditzen zaizkit, egia esanda. Hemen dago agian gakoa. Gauza izango al gara, gure kulturan, hari fin baina sendo gisan umorea trabatzeko? Hogei urte barru, gertatzen dena gertatzen dela, barre egingo al dugu euskaldunok negar baino gehiago? Nik baietz uste dut eta hori lortzeko eginkizunean jarduten naiz eta jardungo. Gure elkarteak bazkide gehiago behar ditu. Animatu.

Bide hortatik ere beste zerbait bilatu beharko: masari eragingo dion zerbait. Elite euskalduna badugu. Ez da nahikoa elitearekin. Elitea behar dugu, benetakoa eta ustezkoa (zer egingo diogu ba?). Baina lider jatorrak ere bai. Nola proposatu eta ulertarazi koletibitateari bestela bide baikor, mamitsu, atsegin, erakargarri, eraginkor eta errazak.

Euskalgintzan oraingoak neke garaiak direla esango nuke. Azken berrogei urteotan hainbeste lan egin da... Nekeak ez du batzuetan goizeko eguzkia ikusten uzten, edo eguerdiko epela gozatzen. Euskaraz dena da zailagoa... itxuraz. Beti gurditik tiraka, noizbait bertan jarrita nahi genuke. Autoz balitz hobeto. Erdaraz gainera bide zabalak dituzte, autopistak. Eta euskaraz astopistak.

Ez da egia hori, azaleko irudipena besterik ez. Han ere txakurrak ortozik. Etxe guztietan laratza beltz. Helburu txiki asko bete ditu euskalgintzak, baita horren txikiak ez direnak ere. Baina aldeko haizearen falta somatzen dugu. Inertzia gure alde jarri behar horretarako. Noiz iritsiko da sari berezi hori? Kamarotetik atera eta ontzia gozo eta aurrera ziur doala ikusi, itsasoa pozik zeharkatzen, belak haizez beteta.

* * *

Eginbehar gehienak bete ditugu. Bultzada txiki falta da eta inertzia gure alde jarriko da. Oraindik ez da egia nire ikasle ohiak esaten zuena. Ez dugu irabazi. Hogei urte falta dira. Eta hogei urte barru beste hogei faltako dira noski.

Orduan, inertzia alde izateak ematen duen ziurtasunak lagunduta, beste hogei urte barru alegia, oso abesti polita kantatuko dugu euskaldunok... eta ondo ondo aterako zaigu.


Azkenak
2022-06-27 | ARGIA
Euskal LGTBI+ Behatokiak eskatu du lege integral bat eratzeko EAEn

Eusko Legebiltzarrari eta EAEko LGTBI+ elkarteei proposatu die elkarrekin mahai bat osatu eta legea egiteko. Helburua da kolektiboko pertsonen eskubideek “estalki” bat izatea eta diskriminaziotik babestea, besteak beste.


2022-06-27 | ARGIA
Afrikako Batasunak ikerketa eskatu du Melillan hil diren 23 migratzaileei buruz

Melillako hesian gutxienez 23 pertsonaren heriotzak “berehala” ikertzeko eskatu dute. Moussa Faki Mahamat Afrikako Batasuneko presidentea “hunkituta eta kezkatuta” agertu da Afrikako migratzaileei ematen zaien indarkeriagatik eta tratu umilgarriagatik.


2022-06-27 | ARGIA
Kote Cabezudo argazkilariari 28 urteko kartzela zigorra jarri diote

Sexu izaerako hainbat delitugatik zigortu dute donostiarra: sexu abusuak, bortxaketa, haur pornografia eta modeloei iruzur egitea egotzi diote. 116.000 euroko kalte ordaina eman beharko die erasan zituen emakumeei.


Irakurrienak
ASTEKARIA
2005eko urriaren 23a
Azken albisteak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude