Ihesi: Itsasoari begira


2005eko irailaren 04an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hondarribiko portu zaharrean egin dugu hitzordua, herriko lekurik urrunenean. Duela urte gutxi batzuez geroztik, Hondarribiak kirol portua du hondartza ondoan, baina kai zaharra da oraindik ere arrantzaleen itsasontzi koloretsuak eta udako bero sargoriari aurre egiteko hondarribiar gehien erakartzen dituen portua. Ondoan, mendian gora egiten duen bidea segituan topatu dugu. Aldapan San Telmo gaztelua dago, XVI. mendean Bidasoako sarrera itsaslapurrengandik babesteko eraikia. Horregatik, «piraten gaztelua» izenarekin ezagunagoa da herrian. Berehala, Higerreko lurmuturrera iritsi gara eta zabaldegi horretako begiratokietatik begiztatu daitezkeen paisaiez gozatu dugu. Asturiaga kala, Amuaitz harkaitza edo Auspondiko itsaslabarrak, esaterako, bertatik ondo asko ikus daitezke. Hala ere, Higerreko itsasargia da lurmuturreko protagonista, ezbairik gabe.

Kalaz inguraturik

Zabaldegi bukaeran, ur-hondakinen araztegia eskuinera utzi eta Jaizkibel mendia gibeletik zeharkatzen duen bidezidor estua hartu dugu. Bidezidorra zuhaitzez inguratuta dago txangoaren zati handi batean, baina argigune ugari ere izan ditugu ibilbidean zehar. Halakoetan, itsasoa bere osotasunean azaltzen da eta olatuak mendi magalean nola puskatzen diren ikus daiteke. Gainera, nahi izanez gero, bide nagusitik eskuinera eta beherantz urruntzen diren bidexketako bat har dezake ibiltariak, itsasertzera hurbiltzeko. Manarranas eta Kornutz kalak bisitatzea, adibidez, aukera polita izan daiteke. Ezagunena, ordea, El Molino izeneko kala izango da, ziurrenik. Handi samarra izanik, lagun ugari jaitsi ohi da uda partean eguzkia hartzera. Ia ez du belarrik eta arrokaz beteta dago, baita uretan ere. Horregatik, uretan sartzeko ere oinetakoak erabiltzea da gomendagarriena.

Guk ez dugu kaletara jaisteko betarik hartu eta bidean aurrera jarraitu dugu. Ibilbideak ez du aldapa gogorrik eta ez da batere astuna egiten. Txango atsegina da, ia sumatu gabe gorantz egiten duena. Ibilbidearen amaierara iristear gaudela, mendiko bidezidorra asfaltatutako bide bihurtu da. Ingurua, hala ere, ez da gehiegi aldatu. Eskuinera itsasoa dugu; behealdean, olatuen astinduak jasaten dituzten haitzak; eta albo banatan, landaretza oparoa. Zuhaitzak sailkatuta daude eta txartelak ipini dizkiete, ale bakoitzaren ezaugarriei buruzko argigarriekin. Bihurgunea igaro eta zelaigunea topatu dugu bat-batean. Jolastokia eta iturria ditu eta ur tragoa ondo etorri zaigu. Geldiunearen ostean, ibilbideari ekin diogu berriro ere. Segituan, aldapa pare bat igo ondoren, Guadalupeko zelaira iritsi gara.

Guadalupe

Dudarik gabe, hondarribiarren lekurik maitatuenetakoa da Guadalupe. Bi artzainek Ama Birjina Beltzaren irudia topatu zuten bertan eta aurkitutako leku berean herriak santutegia eraiki zuen XVI. mendean. Santutegia 1638ko erasoan suntsitu zuten eta ostera berreraiki ere bai. Egun, Guadalupeko elizan jarraitzen du Hondarribiko zaindari den Ama Birjinaren irudiak. Eliza aurrean, begiratoki funtzioa betetzen duen plaza dago. Txingudiko Badia osoa ikusteko aukerarik onenetakoa eskaini digu lekuak.

Elizatik metro gutxira, berriz, Guadalupeko gotorlekua dugu. 1890ean egin zuten eta primeran kontserbatu da, 1980ko hamarkada arte erabili baitzuten. Gotorlekua poligonala da, babesteko lubanarro edo zulo batek inguratzen du eta gune estaliak eta irekiak ditu. Barnean, galeria ilunak eta lur azpiko tunelak daude; guda garaietara itzuliko bagina bezala da. Bisita egitea merezi du.

Benetan merezi duena elizaren eta gotorlekuaren artean dagoen kantinara gerturatzea da. Guk, behintzat, hala egin dugu. Txistorra pintxoak eta botila sagardoa eskatu eta hamaiketako ederra hartu dugu zelaian etzanda. Auto ugari dago aparkatuta. Hainbatek nahiago du Guadalupera kotxez igo eta hortik Jaizkibelgo paradore zaharrera oinez abiatu. Horretarako, kantinaren eskuineko bidea hartu behar da: Guk egindakoa baino ibilbide aldapatsuagoa da, baina tontorretik inguruko mendi guztiak ikus daitezke.

Gure txangoarekin jarraituz, hamaiketakoa bukatu eta itzulerako bideari ekin diogu. Guadalupera ekarri gaituen bidezidorra hartu beharrean, ordea, ondoko errepidea aukeratu dugu, barnealderago dagoena, gotorlekuaren alboan. Bide hau asfaltatua dago bukaeraraino eta aurrekoa baino zabalagoa da. Gainera, Jaizkibelgo gibeleko hegalaren beste ikuspegi bat eman digu. Bihurgune ugariko bidea da eta Higerreko itsasargirainoko jaitsiera pixkanaka egiten du, aldapa nabarmenik gabe. Ingurunea oso berdea den arren, bide alboan apenas dagoen zuhaitzik. Zoritxarrez. Euskal Herrian hainbatetan gertatu ohi den moduan, zerua minutu gutxitan estali da eta euria hasi du. Inguruko baserriren batean aterpe hartu ahal izan dugu, baina zirimiria erraz jasango dugulakoan, amaieraraino euripean jarraitzea erabaki dugu azkenean.

Antso Handiaren omenez

Itzulera hasi eta minutu gutxira, burdinazko monumentu bat begiztatu dugu; urruti dago oraindik eta txiki ageri da, baina erraz ikusi dugu, muino baten gainean baitago. Hondarribiko kaitik, hondartzatik eta beste hainbat puntutatik Jaizkibel aldera begiratuz gero ere, erraz ikus daiteke. Bere tontorrean dagoela, eskulturak betidanik hor egon dela dirudi. Baina urtebete pasatxo baino ez da ipini zutela, Antso III.a Handiaren omenez. Izan ere, Antso Iruñeko errege koroatu zutenetik mila urte igaro zirela ospatzeko bere omenezko eskultura lehiaketa antolatu zuten iaz Hondarribian. Eta hala, Euskaldunen Jauna bezala ere ezaguna izan zen erregearen monumentua iazko maiatza bukaeran inauguratu zuten.

Gerturatu ahala, Antso III.a Handiaren Talaia izeneko monumentua argiago ikusi ahal izan dugu. Zazpi eta zortzi metroko bi xaflez dago osatua eta bi xaflak lotuz, atea sinbolizatu nahi duen irudia dago erdian. Juan Jose eta Virginia Aranguren anai-arreba donostiarrek diseinatu dute itsasora begira dagoen eskultura. Bideak muinoa inguratzen du eta beraz, zeharkatu ahala monumentua hainbat ikuspegitatik begiratu daiteke. Bertaratzea ere ez da zaila, baina guk aurrera jarraitu dugu, zirimiria dela-eta.

Itsasargirainoko zatian, ez dugu berezitasun gehiago aurkitu. Hori bai, ia bukaera aldera, Hondarribiko portuko ikuspegi ederra eskaini digu bideak. Laino artean, Hondarribiko hondartza, herria, Irun eta Hendaia ere ikusi ahal izan ditugu. Txingudiko Badia izan arren, hemendik begiztatu dugun paisaiak ez dirudi Guadalupek eskaini digun bera.

Atertzen hasi du Higerreko lurmuturrera iritsi garenean. Hala ere, bertan dagoen taberna-jatetxera sartu gara eta bazkaltzeko aprobetxatu dugu. Ondoren, zuzenean porturaino, hau da, abiapunturaino, eramango gaituen aldapa jaistea baino ez zaigu faltako. Behin kai zaharrera iritsita, berau bisitatzea ere gomendatzen diogu bidaiariari, udan batez ere. Arrantzale giroak eta itsasontzien joan-etorriek bizilagun ugari erakarri ohi badute ere, lasai egoteko leku aparta da. Bestalde, proposatutako txangoa bizikletan egin dezake gustuko duenak. Guadaluperanzko bidezidorrean errepide zati gutxi aurkitu dugun arren, lurra ez da bereziki malkartsua, ez dago ibilbidea oztopatzen duen sasi edo landaretzarik eta txirrindularitza maite duenarentzat aukera polita da.

Buelta bat herrian zehar
Hondarribia, Lezo eta Pasaia dira Jaizkibel mendiarekin muga egiten duten herriak. Gure txangorako lehenengotik abiatzea eta bertan bukatzea aukeratu dugu eta, bide batez, herria bera bisitatzeko aprobetxa daiteke. Hondarribiko Alde Zaharra, esaterako, osorik monumentu izendatu dute eta bertako aberastasun artistiko eta arkitektonikoa handia da. Besteak beste, azpimarratzekoak dira Santa Maria Atea, harresi ikusgarriak, Udaletxe barrokoa, Jasokundearen parrokia, Zuloaga Etxea, Casadevante jauregi errenazentista, Rameri Jauretxea, Fraxkueneko Murrua, Karlos V.a enperadorearen gaztelua, Arma plaza edo Gipuzkoako plaza. Hainbeste monumentu eta eraikin garrantzitsuren artean, ordea, giro herrikoia da nagusi eta tabernaz taberna poteatzeko leku aproposa da.

Arrantzale kutsuko gunea bisitatu nahi badugu, berriz, Marina auzoa da gomendagarriena. San Pedro, Santiago eta Madalen kaleetako arrantzaleen etxe tipikoek kolore biziko fatxadak eta lorez betetako balkoiak dituzte eta irudi ederra eskaintzen diote bisitariari. Gainera, mota guztietako pintxoak aurki daitezke bertako tabernetan, San Pedro kalean batik bat. Arrantzaleen Kofradia ere Marina auzoan dago: urtero, Santiago egunean, Kutxaren Eskaintza ospatzen da bertan. Neska gazte batek kutxa buru gainean jarri eta biraka hasten da. Tradizioaren arabera, hainbat eta bira gehiago eman, orduan eta hobea izango da arrantza denboraldia. Azkenik, itsasertzera gerturatu nahi duenak Butron pasealekua edo kai-muturra ditu paseatzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoa
Itsaso zakar bat eta bi ahots poetiko

Xak eta Ekiza

Non: Ondargain txiringitoan (Deba)
Noiz: abuztuaren 27an.

-------------------------------------------------------

Euri langarraren eta lanbro-lainoen artean pasatu dugu Gipuzkoako muga, kostaldean zehar doan errepidetik itsaso zakarrari beha. Bandera... [+]


“Inoizko euskal zinemarik indartsuena” izango da 73. Zinemaldian

Astelehenean jakinaraziko dituzte ordutegiak, eta hilaren 14an, igandean, jarriko dituzte salgai lehen egunetako sarrerak. 254 film egongo dira ikusgai, 56 herrialdetakoak.


Etxebizitzaren prezioa berriz igo da Donostian: 5.869 euro balio du orain metro koadroak

Maximo historiko berri bat ezarri du Donostiako etxebizitzaren prezioak: 5.869 euro metro koadroko, batez beste. Hori da Higiezinen Jabetzako Artekarien Gipuzkoako Elkargo Ofizialak aurkeztu berri duen txosteneko ondorioetako bat; txostenak 2025eko bigarren hiruhilekoko... [+]


Espiritualtasun ukitu bat

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Kursaal Zikloa. Gewandhausorchester Leipzig.
Zuzendaria: Andris Nelsons. Donostiako Orfeoia.
Koru zuzendaria: Esteban Urzelai.
Bakarlariak: Julia Kleiter (sopranoa), Christian Gerhaher (baritonoa).
Egitaraua: Mendelssohn eta Brahmsen lanak.[+]


Maila altua

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Gewandhausorchester Leipzig.
Zuzendaria: Andris Nelsons.
Bakarlaria: Isabelle Faust (biolina).
Egitaraua: Pärt, Dvorak eta Sibeliusen lanak.
Lekua: Kursaal Auditorioa.
Data: abuztuaren... [+]


2025-08-25 | ARGIA
Dani Larrea euskaltzalea hil da, Emun kooperatibaren sortzailea

Gaixoaldi baten ondorioz, 65 urterekin hil da Daniel Larrea Mendizabal. 


Jose Manuel Gorospe zendu da, Euskadiko Filmategiko sortzaileetako bat

Jose Manuel Gorospe Meagas aktore eta kultur ekoizle donostiarra zendu da, 81 urterekin, Madrilen. Bizitza osoa antzerkiarekin eta ikus-entzunezkoen munduarekin era batera edo bestera lotuta pasatu zuen Gorospek, eta, besteak beste, Euskadiko Filmategiaren sortzaileetako bat... [+]


2025-08-21 | Gedar
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte

Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.


Denon lepotik barre egin dute beste behin ere Donostiako Piratek

Eta, honekin bai, honekin amaitu da Donostiako Aste Nagusia! Piratei aste bete motz geratzen zaiela eta, egun bat gehitzen diote Aste Nagusiari. Aurten hogeigarren urtez jarraian egin dute Irrikitaldia. 


Urkulluk gogorarazi du Txikik eta Otaegik errespetua merezi dutela biktima aitortuak direlako

Iñigo Urkullu lehendakari ohiak adierazi du Txiki eta Otaegi Eusko Jaurlaritzak aitortutako biktimak direla, eta hala "errespetua" merezi dutela. Haien biktima izaera ezin dela zalantzan jarri azpimarratu du.


Alberto Alonso (Gogora): “Txiki eta Otaegi ez dira erreferente; indarkeria, beldurra eta terrorea erabili zuten”

Aurten Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela 50 urteko beteko direnean, Alonsok adierazi du ETAko bi kideek ez zutela nahi Franco osteko gizarte demokratiko bat: "Diktaduraren aurka borrokatzen ziren, baina diktadurak erabilitako tresna berberekin".


Txikik eta Otaegik Zarauzko Udalaren aitortza behar dutela aldarrikatu du Sortuk

Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenaren harira jarritako olana kendu du Zarauzko Udalak. Sortuk salatu du udalak, EAJ eta PSE-EEk osatuta, "zaborra izango balitz bezala" tratatu zuela olana. Zenbait herritarrek berreskuratu eta Azken Portuko plazan ireki dute.


HAMABI URTEZ ETXEA EZKUTALEKU
“Zorte asko ukan dugu, eta bizitza interesgarria”

Marijo Louis paristarra da sortzez, 1977an heldu zen Miarritzera Euskal Herriko borrokek erakarrita. Josetxo Otegi zizurkildarrak 1983an pasa zuen muga Gipuzkoatik Lapurdira, Poliziatik ihesi. AEK-ko irakasle eta ikasle zirela ezagutu zuten elkar. 1986an, GALen atentatuen,... [+]


Getariako Salbatore jaietan emakume baten aurkako “eraso larri” bat salatu, eta egitaraua bertan behera utzi dute

Getariako txosnagunean eta Aian egin dute elkarretaratze isila. Jai batzordeak txosnak itxi zituen.


Eguneraketa berriak daude