Marie Darrieusecq: «Liburu gehienak alferrikakoak dira»


2005eko maiatzaren 15an
Euskara omen zen zure ama hizkuntza.
Ama hizkuntza, zentzu hertsian. Euskara baita ene amaren mintzaira, ene amatxirena, ene birramatxirena... baina ene mintzaira ez da. Etxean anitz entzun nuen, ttipia nintzelarik ama euskaraz mintzo zitzaidan, pentsatzen dut konprenitzera iritsi nintzela, baina ni ez naiz sekula mintzatu. Gainera, erranen nuke, bortizki ukatu nuela bi urte nituelarik. Ene aitaren eraginez gehienik, aita euskalduna izanik ez zen euskaraz mintzo, eta beraz, arrazoi politikoengatik izan zen nolazpait errateko. Azkenean, bidea gibelera egin behar izan dut, berrikasteko bidea korritu, eta bi urtez aritu izan naiz euskara ikasten, baina Parisen aski zaila egiten zait, eta utzia dut.

Eta Basusarriko haurtzaroko oroitzapena nolakoa duzu?
Aski oroitzapen ilunak ditut. Ez naiz nehoiz biziki ongi sentitu herrixka horretan. Bakarra nintzen elizara joaten ez zena, katiximara joaten ez zena. Bakarra, ene lagun hoberenarekin. Eta horregatik pixka bat baztertuak ginen, marjinatuak. Bestalde, biziki ikasle ona nintzen, klaseko lehena, eta horrek, edozein delarik ere herrixka, berdin baztertzen zaitu. Beraz, bi arrazoi horiengatik, uste dut, jendeak norbait erdi ero, eta aldi berean pixka bat handi haize bezala ikusten ninduela. Horrelako nahasketa bitxi bat. Eta berdin gelditu da, orain ere, hogeita hamasei urte ditut, baina uste dut berdin segitzen dudala, eta baztertua bezala naiz herrixka horretan.

Baztertu ez zintuena etxean zenuten liburutegia izan zen. Familiako liburutegian murgildu zinen irakurketara.
Bai. Ene gurasoek biek irakurtzen zuten. Ene aita teknikaria zen, baina bazuen literaturarako gustua, ez dakit ongi zergatik. Faulkner-en irakurle handia zen, ni ez bezala. Eta ene amak gehiago irakurtzen zituen poliziakoak. Biziki liburutegi anitza zen, aberatsa. Hoberenetik eta txarrenetik bazen. Eta nik eskutara erortzen zitzaidana leitu nuen, orotarik funtsean.

Sei urterako zure pasioa omen zen idaztea. Nola sartu zitzaizun arra hain goizik?
Haur guziek dute halako sorkuntzako aktibitate bat. Enea idaztea zen, obsesio bat bezala nuen, pasioa, beti idatzi eta idatzi. Eta pentsatzen dut ez dela harritzekoa sei urterekin idazten hastea, zeren eta marrazten ahal nuen, kantatzen ahal nuen, haur guztiek egiten dute horrelako zerbait. Baina ni gehien harritzen nauena da, zergatik segitu nuen idazten, zergatik ez nuen utzi nerabezaroan, bertze haur guziek bezala.

Noiz erran zenion zure buruari, «ni idazlea naiz»?
Idazle izatea ene ttipitako ametsa zen, baina biziki goizik ohartu nintzen normalki ezin dela idaztetik bizi, beraz bi soluzio pentsatu nituen: kazetari, edo irakasle. Alta, dena aldatu zitzaidan, Ahardikeriakekin, publikatua izan nintzelarik. Orduan ulertu nuen zinez idazlea nintzela. Lehenago, beti pentsatzen ahal nuen, ero bat nintzela. Baziren egunak egiazki sinesten nuenak ene idazle izaeran, eta baziren bertze batzuk erdi etsia egoten nintzenak. Hori gertatzen zaie publikatuak ez diren guziei. Beraz, publikatua izan nintzelarik, dena aldatu zitzaidan. Eta aldaketa horri esker bilakatu zitzaidan idaztea ofizio, eta ez eritasun. Bestela, uste dut goiz ala berant depresio batean eroriko nintzela.

Bost liburu izan zenituen lehenik inongo editorialek ez zizkizunak publikatu. Nola bizi da nahi eta ezin hori? Nondik bildu indarra berriz idazten hasteko?
Baziren etsipen uneak, bereziki garai bat izan nuen ene buruari galdetzen niona: «Nola egin behar da? Zer idatzi behar dut?». Baina, gezurra iduri badu ere, enetzat biziki positiboak izan ziren editorialen erantzunak. Sorgina, ene lehen liburua, Edition de minuit, eta Gallimard-era igorri nuen. Eta bi editorialetatik biziki erantzun luzeak jaso nituen, azalduz zergatik ez zituzten hartzen esku izkribuak, baina animoak emanez, ongi zela, segitu behar nuela idazten. Nik uste nuen horrelako erantzunak denei bidaltzen zizkietela, baina denborarekin jabetu nintzen erantzun haiek bereziak zirela, eta serioski ari zitzaizkidala. Handik landa, Edition de minuit-eko editoreak, Jerome Lindonek, nolazpait errateko Parisen edizioen aita saindua denak, esku izkribu guztietan igortzen zizkidan animo hitzak, animatzen ninduen. Baina ez zidan nehoiz publikatzen!

Publikatu gabe noiz arte segituko zenuen idazten?
Bo, banuen denbora, hogeita sei urte baizik ez nituen Ahardikeriak atera zelarik, eta ene buruari berrogei urte arteko epea emana nion publikatua izateko. Ez dakit zer gertatuko zitzaidan berrogei urterekin oraindik ez bazidaten deus publikatu.

Ahardikeriak idaztea bukatu zenuelarik zerbait handi idatzi zenuela ohartu zinen?
Ez publikatzeko modukoa izateko beldurra nuen. Baina zorionez, sei edizio etxetara igorri, eta aste batez lauk baiezkoa eman zidaten. Izugarria zen, bizitza salbatu zidan, ez nuen irakasle izan beharrik ukanen, idaztetik bakarrik bizitzen ahalko nintzen. Ene betiko ametsa zen. Ondorio txarrak ere utzi zizkidan, jelosia batzuk, lagunak galdu, baina bon, aldaketa, bortitza izanik ere, zorionekoa izan zen.

Zertan zen Ahardikeriak zure lehengo liburuak baino hobea?
Jerome Lindonek erakutsi zidan, bereziki lehen liburuetan, bertute berezia behar dela. Liburua zabaltzen duzularik, edozein lekutan zabaldurik ere, jakin behar duzu liburu hori dela eta ez bertze bat. Ene lehengo liburuek estiloz aldatzeko akatsa zuten, ahotsez aldatzekoa. Ahotsa, liburuan mintzo den ahotsaren zentzuan. Ahardikeriak idazteko, sei hilabete ameskeriatan iragan nituen, eta liburuko lehen esaldia idaztea lortu nuen, biziki ahots koherente bat aditu nuelarik.

Beraz, ez da egia sei astetan idatzi zenuela...
Sei astetan pausatu nuen paperean, baina hori baino lehen ameskeria fase bat izan zen. Ameskeria, erran nahi da, ez dudala deus egiten, Parisen ibiltzen naiz, ene ohean etzaten naiz, edo sukaldean ari naiz, eta uzten dut liburua jiten, eraikitzen. Biziki ohar guti hartzen ditut, baina beti dut burua nobelan. Indarrik egin gabe. Berez jiten zait.

Ameskeria, papereratzea... Zenbat fasetan zatitzen duzu liburu bat idaztea?
Liburu baten idazteko hiru fase badira. Hiru fase eta bi urte guti gorabehera. Bada ameskeria fase bat, zenbait hilabete irauten duena. Hor atzematen ditut liburua gidatuko duten ahotsak, edo ahotsa. Ameskeriaren ondotik, momentu batez, lehen esaldia entzuten dut. Eta lehen esaldi hori da motorrean giltza sartzea. Handik landa bera aitzinatzen da. Eta joanean-joanean, sinpleki azken esaldira iristen naiz, entzuten dut azken esaldia, lehen esaldia entzun nuen bezala. Erran nahi du harrapatu nahi nuen guztia, bildu nahi nuen guztia, jasoa dudala. Eta orduan hasten naiz berriz irakurtzen. Berrirakurpenaren faseak, bertze faseek bezain bat irauten du. Sei, zazpi, zortzi aldiz arrairakurtzen dut liburua, etapa bakoitzean zuzenketa ezberdinak eginez. Gertatzen ahal zait esaldi berdina hogeita hamar aldiz irakurtzea, edo bi oren hitz baten gainean iragatea. Hori da ene ofizioa.

Beraz ez duzu planorik egiten?
Ez, ez dut sekula planorik. Bi motatako idazleak badira: badira idazleak planoak egiten dituztenak, Georges Perec bezala, eta badira idazleak lumaren atzetik joaten direnak, Sthendal bezala. Nik biziki maite dut Perec, baina gehiago naiz Sthendal bezalakoa. Eta biziki arriskutsua da planorik ez izate hori, gertatu izan baitzait liburuak botatzea, bi aldiz. Ez zelako gehiago koherentziarik, bukaeran ez nintzelako ene zangoen gainean erortzen.

Mintza gaitezen Ahardikeriakez. Bizitza sozialak horretara eramanik, emakume baten ahardi bihurtzea kontatzen duzu. Zenbat aldiz konparatu zaituzte Kafkarekin?
Bi milioi aldiz, kar kar kar.

Georges Orwellen mundu bat ere usaintzen da.
Bai noski, biziki orwelldarra da. Kafkak baino gehiago eragin zuen nigan Orwellen Animalien baserriak.

Liburua izugarri saldu zen, eta orotariko kritikak jaso zituen, aldekoak bezala aurkakoak. Nola hartzen zenituen kritikak?
Ez nituen entzuten, hain fite zihoan dena. Eta jendeak hainbeste zozokeria kontatu ditu. Gisa guztiz, liburuaren itzulpenei esker, fite, bidaiatzen hasi nintzen, eta horrek anitz lagundu nau, Frantziatik kanpo bainintzen usu.

Hainbeste zozokeria kontatu dira?
Bai. Adibidez liburu pornografikoa dela erraten duen kritika lerro guztia tronpatzen da. Ez da egia, ez da liburu pornografiko bat, ahotsa ez baita pornografikoa. Emakume gazte horren inozentziak egiten du erraten duen guztia ezin dela pornografikoa izan. Eta gainera, biziki eszena guti badira pornoak. Beti dira bere begiradaz deformatuak. Idazten ahal nuen liburu pornografiko bat, ez dut deus horren aurka, baina ez zen preseski liburu hori. Beraz hor bada akats bat. Eta bertze huts handia izan da, feministek erran dutelarik liburu misogino bat dela. Ez naiz batere ados. Enetzat liburu anbiguo bat da, ez dut uste mezu konkretu bat duenik, baina mezu bat baldin badu, deus baino gehiago da feminista.

Erraten duzu Ahardikeriakekin ezagutu duzula idazle izatearen alderik onena eta alderik txarrena. Zein da txarrena?
Komunikabideen bortizkeria, irain eskutitzak, barnean komuneko papera dakarten gutunazalak, gauza ikaragarriak! Dena gorde dut gainera, atzematen dudalako lekukotasun soziologiko bat dela. Baina bon, nik ez dut nehoiz hori biziki serioski hartu, belarri batetik sartu eta bertzetik atera. Banuen inkontzientzia modu bat. Nik nahi nuena idaztea zen.

Eta egunero kritikarien ahotan, salmentak etengabe goraka... Ez da munduaren erdigune bilakatzeko arriskurik? Norbere buruari garrantzia gehiegi emateko arriskurik?
Bai. Baina, dena den, sekula ez diogu garrantzia aski ematen gure buruari. Gainera idazle izateko pixka bat megalomanoa izan behar da. Biziki lanbide bakartia da, eta anitz sinetsi behar da, zuk ez baduzu sinesten ez baitu nehork sinetsiko zuretzat. Beraz batzuetan, idazleak, aski hurbil gara megalomaniatik. Idazle guztiak dira pixka bat horrelakoak.

Nori zuzentzen zara idazten duzularik?
Ni irakurlearen inteligentziari zuzentzen naiz, ez ditut aisiarako liburuak idazten. Irakurleak plazera ere atzematen ahal badu hobe, baina lehen-lehenik bere inteligentziari zuzentzen naiz, bere sentsazioei, bere estetikari. Burmuinean begi berri batzuk irekitzen ahal banizkio, ongi izanen litzateke.

Zure liburuak aski ezberdinak dira, bai ahotsez, bai estiloz. Zergatik hainbeste aldaketa?
Beti saiatzen naiz, idazten ez dakidan liburua idazten. Bestela aspertuko nintzateke. Horregatik izan zen POL edizio etxea hautu ona. Bertze edizio etxeek galdeginen zidaten Ahardikeriaken antzeko bertze liburu batzuk idazteko, Ahardikeriak 2, Ahardikeriak 3. Baina ezin dut nik hori berriz egin, sobera aspertuko nintzateke. Aldi oro hasten naiz nola idatzi ez dakidan liburu bat idazten, nola sartu ez dakidana, ez dakidana zein forma atzeman... Horrek motibatzen nau. Eta hilabeteak pasatzen ditut, hilabeteak ameskeriatan.

Zure liburu bakoitza ez ote da hizkuntza berri bat sortzea bezalakoa?
Ene helburua da entseatzea jendeak mundua ikus dezan bertze behin, begi berri batzuekin. Errutinaren gainean indar bat egin dezan, klitxeen gainean. Nehoiz erraten ez diren hitzak erran nahi ditut, tabuak direnak, gizarteak edo familia batek isilean pasatzen duen guztia. Beraz, horretarako erremintak izanen diren esaldien beharra dut, erreminta ahalik eta berrienak. Beti hizkuntza berritasunera behartu behar dut. Biziki zaila da, iristen ez dudan helmuga bat, baina hor dut helburua. Ez naiz erraztasunaren aldekoa, erraztasunean lo hartzen baita, eta lelokeriak pentsatzen hasi. Badugu eskubidea irakurleei indar bat galdegin behar zaien liburuak idazteko. Baina aldi berean ez dut gogorik hermetikotasunean erortzeko, ulertezina izateko. Entseatzen naiz oreka ona atzematen.

Eta mundua ikusteko begi berri batzuk eskaintzen ez dituen liburuak, merezi du?
Ez. Liburu gehienak alferrikakoak dira. Bereziki egun, gero eta gehiago publikatzen denean, liburuen gehiengoa zinez ezdeusa da. Beharrik, badira bakar batzuk onak hala ere.

Liburu bat hartzen duzularik eskutan zer eskatzen diozu bada?
Erranak taxua izan dezala, taxua. Hori segidan sentitzen da, baden idazkerarik edo ez den. Gero, kontatzen duen istorioa, azken batean ez da hain garrantzitsua, erranean taxua baldin bada, sekulako zentzua hartuko du bere istorioak, ez bada taxurik, botatzekoa da. Idazketarekin arazoa da, hitzak denonak direnez, denek uste dutela idatz dezaketela. Baina sekulako ezberdintasuna bada erratearen eta idaztearen artean. Eskulturekin, nehork ez du erraten: «Te, bihar eskultura bat egiten hasiko naiz», inpresioa dugulako badela teknika bat. Hitzekin berdin gertatzen da. Lehenik bada teknika bat, norberak bakarrik eraikitzen duena, bakarrik ikasten dena, biziki emeki.

Bada sormenaren inguruko teoria bat zera dioena: sormenaren gailurra hogeita hamahiru urterekin edo hasten da, eta bost urte inguru irauten ditu. Hortik landa, sormena bide batean egituratzen eta sakontzen joaten da. Zer diozu?
Inpresioa dut baietz. Segur aski, berrogei urte izanen ditudalarik idatziko ditut ene libururik onenak. Oraino ikasten ari naiz. Inpresioa dut hobetzen ari naizela, emeki, zerbait sinpleago eta sakonagorantz, zerbait aldi berean konplexuago eta ez hain konplikaturantz.

Zer ari zara ikasten, elkarrizketak egiten?
Bai, hori ere bai. Ene lehen liburuetan ez da elkarrizketarik, sinpleki, ez nekizkielako idazten. Orain ausartzen naiz gero eta elkarrizketa gehiago sartzen, eta adibidez, egun batez nahiko nuke antzerki obra bat idatzi. Horretarako elkarrizketak ongi egiten ikasi behar dut.

Beraz orain arte nobelak idatzi badituzu ere, bertze jeneroak probatu nahi dituzu?
Bai, nahiko nuke antzerkia idatzi. Poesiara agian egun batez jinen naiz, baina enetzat ez da hainbeste ezberdintasunik nobela eta poesiaren artean, biziki zailak dira ezberdintzen. Ene liburuetako bat, Le mal de mer, kasik poema bat da. Zer da poema bat? Zer da nobela bat? Ez dakit. Antzerkia bai, aski definitua da. Eta badut gogoa hori entseatzeko.

Jeneroez ari gareno, zuk errana da: «Idazkerak ez du sexurik».
Ez dut pentsatzen literaturak sexurik duenik, arriskutsuegia litzateke emakumezkoentzat sexu bat duela erratea. Ghetto literario bat sortzea litzateke eta gorroto dut hori. Marguerite Durasek ez zuen sexurik idazten zuelarik, Nathalie Sarrautek ere ez. Gertatzen ahal dira gauza sotil batzuk gizonezko batek edo emakumezko batek idazten duelarik, baina sotilegia da horrela hitz egiteko. Eta, adibidez, Balzacek liburu bat idatzi zuen, Les mémoires de deux jeunes mariés, eta sinestezina da, iduri luke emakumezko batek idatzia dela. Bularra ematea deskribatzen du, bularra ematearen sentsazioak. Beraz, irudimenak dena dezake, irudikatzen ahal da gizon baten larruan, emakumezko baten larruan, martiztar baten larruan, edo txerri baten larruan. Irudimenak, idazketak eta estiloak dena dezakete. Baina ongi informatua izan behar da. Dena jaso behar da, mustuka batek bezala bildu; eta gero hustu, baina forma egokia atzemanik.

Zuk frantsesez idazten duzu. Gabriel Garcia Marquezek erran zuen frantsesa hizkuntza hila dela.
Biziki maite dut Gabriel Garcia Marquezen probokazioa. Frantsesak hain dira harro haien hizkuntzaz, haien patrimonioaz, ez dela gaizki hori erratea, on egiten die, munduan arrakokatzen ditu. Munduko hiru hizkuntza handiak, ingelesa, gaztelera, eta txinera dira, eta gero frantsesa. Eta frantsesak ez dira beharbada horretaz ohartzen. Egia da frantsesa literarioki prestigiodun hizkuntzatzat hartua dela, baina latina ere prestigiodun hizkuntza zen literarioki, beraz ez dakit sobera zein den frantsesaren etorkizuna.

Euskara hizkuntza hila dela ere erran izan da...
Frantsesak jasan dezakeena eta euskarak jasaten duena ez da batere mehatxu berdina, euskararena anitzez zuzenagoa da, errealagoa. Bon, frantsesak duen mehatxua ere erlatiboki erreala da, baina frantsesak beti iraunen du Frantzian, Frantzia estatu bat baita. Hori da euskararen arazoa.

Euskal literatura segitzen duzu?
Biziki guti. Hasier Etxeberriaren bidez zerbait. Bernardo Atxaga ezagutzen nuen aspalditik, baina bestela Hasier Etxeberriak ezagutarazi dizkit Harkaitz Cano, Ixiar Rozas...

Joseba Sarrionandia?
Ah bai, Sarrionandia ere bai, adoratzen dut. Baditu poema batzuk zoragarriak. Gazteleraz irakurri ohi dut, baina ene helburuetako bat da noizbait euskara aski ongi jakitea horiek denak leitu ahal izateko. Zoritxarrez, urrun naiz oraino. Aldiz, aski badakit, ondoan bi testuak ditudalarik, euskarazkoa eta frantsesezkoa, biak konparatzeko. Eta ene buruari errateko, «hara, agian ez nuen hori horrela itzuliko».

Le Pays, abuztuan aterako duzun liburuaz, aurrera ezazu zerbait.
Liburu horren oinarrian galdera batzuk badira: «Zer da herri bat? Herri bat existitzen ahal da estaturik gabe? Hizkuntza batek bizirauten ahal du estaturik gabe? Herria hizkuntza ote da?». Horrelako galderak dira, euskaldun guztiek pausatzen dituztenak funtsean. Bistan da Euskal Herritik inspiratua dela, baina ez da Euskal Herririk aurkitzen, ez naizelako idaztera iristen errealitateari kolatuegia naizelarik. Beti urrundu behar naiz, urrunduz heltzen naiz hobeki mintzatzera. Eta istorioaz zer erran? Badira mamu batzuk, bada itsasoa... Biziki maite dut, biziki orekatua atzematen dut.

Noizbait euskaraz idazten ikusten duzu zure burua?
Ez. Ez naiz sekula helduko, zailegia da. Baina egun batez nahiko nuke, eta buruan atxikitzen dut, euskarazko poesia frantsesera itzultzea gazteleratik pasa gabe, zuzenean euskaratik frantsesera. Biziki itzulpen guti badira euskaratik frantsesera, normalki gazteleratik pasatzen dira. Eta espero dut iristea aski euskara mailara itzuli ahal izateko.

Nortasun agiria
Marie Darrieusecq Basusarrin (Lapurdin) jaio zen 1969ko urtarrilaren 3an. Herriko eskolan hasi zituen ikasketak, eta baxo literarioa pasa ondotik hypokhâgne prestakuntza jaso zuen bi urtez Bordelen. Pariseko Ecole Normale Supérieure-n egin zituen Letra ikasketak, eta ordurako Le Monden idazle gazteen saria irabazia zuen (1988). 1996an atera zuen bere lehen eleberria, Truismes izenekoa (Ahardikeriak), eta best-seller bat izan zen. 1.000.000 bat ale saltzeaz gain, hogeita hamar hizkuntza baino gehiagotara itzulia izan da. Geroztik, beste bost eleberri ditu idatziak: Naissance des fantômes (1998), Le mal de mer (1999), Bref séjour chez les vivants (2001), Le Bébé (2002), eta White (2003). Abuztu hondarrean ateratzekoa du hurrengoa, Le Pays. Bi aldiz ezkondua da, eta bi haurren ama da.

Idaztea, Zen ariketa
«Idaztean ezin naiz hor izan. Ahantzi behar dut ene senarra, ene haurrak, ene pertsonalitatea, ene psikologia, ene egoera zibila, hustasun batean sartu, eta munduaren eta mundukoen oihartzun bihurtzen naiz, ia ene psikologiarik gabe. Meditazioan sartzea bezala da. Burua hustu, eta orrian sartzen naiz, mintzatzen duen ahotsean, pertsonaien irudimenean, aktore lan bat ere bada».

Sariak? Zertarako?
«Nik nehoiz saririk ez ukanak anitz erraten du Frantziako sarien sistemari buruz. Zinez sariak ematen dituzte jende bati... Baina hala ere, egun ez nioke sariari txisturik botako, egun sari bat banu, biziki pozik nintzateke sosa ukanen nukeelako, kar kar kar. Aldiz, Ahardikeriaken garaian ez nuen sos beharrik. Saria sosa bakarrik da, bestela ez du inongo interesik, inongo zentzurik».

Galderei erantzun
«Ene ameskerien oinarrian izaten ahal dira galdera handiak, hitzen definizioa xerkatzen duten bideak. Adibidez, zer da ume bat galdegin nionetik ene buruari, liburu oso bat zabaldu zitzaidan. Eta hortik jalgi zen Le Bébé. Edo zer da olatu bat? Hori zen Mal de mer idazteko ene buruari egin nion galdera. Liburu bat ongi saltzen delarik, adibidez, Le Bébé, erran nahi du, hunkitu duela publiko bat, deitzen dena publiko popularra. Jende anitzi interesatzen zitzaion galdera bat pausatzen nuen. Aldiz, galdetzen dudalarik ene buruari, ‘zer da herri bat?’ jende gutiago interesatuko da, segur da. Baina nik ez dut hauturik, ez dut nik erabakitzen zer galdera pausatu ene buruari. Ez naiz pentsatzen hasten, ‘ea, zein galderak salduko luke gero liburua anitz?’. Hori eginen banu hila nintzateke idazle bezala».


ASTEKARIA
2005eko maiatzaren 15a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude