Francisco Letamendia: «Ibarretxe Planaren funtsa guztiz baztertzea kataklismoa litzateke»


2021eko uztailaren 27an

Francoren diktaduratik demokraziara bidea luzea izaki, trantsizioa hitza bizirik dago euskal politikagintzan. Espainiako Estatuaren bukatu gabeko trantsizioa, bigarren trantsiziotzat jotzen da gurean. Trantsizioaz bere aburua eman digu Francisco Letamendiak: «Nik lehen trantsizioan gaudela esango nuke. Euskal Herrian »edo behinik behin Hegoaldean eta EAEn» ez da benetako trantsiziorik izan. Uneon, benetako trantsizioa gauzatzeko pausoak ematen ari garela dirudi». Trantsizioak trantsizio, Lizarra-Garaziko Akordio historikoa hartu dugu elkarrizketaren abiapuntu.

Zer aldatu da Akordio haren garaitik gaur egunera euskal politikan?
Hainbat aspektutan hobera eta bestetan okerrera egin dugu. Okerrera, eszeptizismoa handitu delako, Akordio hark itxaropen handiak sorrarazi zituen. Bidez bide, Aznarren jokamoldeek arrasto sakonak utzi dituzte: hainbat sektore politiko eta sozial legez kanpo utzi dituzte, egunkariak itxi... Badira aspektu baikorrak hala ere: abertzaletasun instituzionala, ezker abertzalea eta sozialismo baskista deritzonaren diskurtsoak hurbiltzen ari dira oraingo marko juridiko-politikoa gainditu aldera. Bake prozesua garatzeko beharra gobernagarritasunaren arazoari gailentzen ari zaio. Apirilaren 17ko hauteskundeen emaitzek horretara behartu ditu indar politikoak.

Nola baloratzen duzu ibilbide horretan Anoetako Proposamena?
Ezker abertzalearen »zehazkiago Batasunaren» diskurtsoan eraldaketa itzela izan da. Ipar Irlandako bake prozesua bideratu zuen diskurtsoaren ildoan sartu da: indar eta alde guztien arteko adostasunaren printzipioa onartu du: Irlandako Unionistak eta Errepublikarrak hemen Konstituzionalistak eta Abertzaleak lirateke. Anoetako Proposamenean hori jasotzen da. Garai batean berriz, akordioa ezker abertzalearen eskutik soilik pasa behar zela zioen, ETAren eskutik barne. Orain, akordio politikoa eta bake akordioa bereizi dira. Dena den, bake prozesua abiatzeko, ezker abertzalearen jokabide asko heldu eta garatu beharrean daude. Ezker abertzaleak bere jarrerak Anoetako planteamenduetara egokitu behar ditu: batetik, alderdien egoitzen aurkako erasoak desagertu behar dira, bestetik barne sektarismoa gainditu behar du. Ezker abertzaleak Aralar ezker abertzalekoa dela edota alderdietan antolatuta ez gauden sektore sozial asko onartu behar ditu bere baitan.

Bestalde, Ibarretxe Plana zertan da hauteskundeen ostean?
Ibarretxe Plana oso eraginkorra izan da euskal politikan eta Estatuan. Hauteskundeen aurretik ahultzen hasi zen eta hauteskundeetan hori berretsi da. Plana testu elitista eta arautua da nolabait, gizartearen hainbat sektore zibilen eskaerei muzin egiten diena. Jakina, EAJ-EA koalizioak gehiengo osoa lortu izan balu horrela geratuko zen neurri batean, baina orain birnegoziatu beharko du. Dena den, planaren bizkarrezurra »lurraldeari buruzko aipamena eta euskal herriak erabakitzeko ahalmena» ez da ahuldu, aitzitik, indartu da.

PSOE eta PSE-EE egoerari aiduru daude.
PSOEk hipoteka historikoak ditu, hala Alderdien Legea nola Terrorismoaren Aurkako Ituna deritzana. Hala ere, PSE-EEk hauteskundeetan erabilitako diskurtsoan konstituzionalismo mota bat ekarri du bere aldera. Alegia, konturatu da oraingo marko-juridikoaren ereduak ez duela balio »berea Gebara-Lopezen eredua izaki». Aldi berean, Zapaterok bake prozesuari berealdiko garrantzia eman dio. Telesforo Monzonen hitzak gailendu dira nolabait, "Kanpaien errepikaz hitz egiteko sakristauarengana joan behar da". Eta horrek negoziazio mahaia eskatzen du.

Egoera honen aurrean EAJ ere badago, Ibarretxe lider duelarik. Baina EAJk bi arima omen ditu.
EAJn bi arima daude eta indar politiko guztietan, baita PPn ere. EAJren arimak aipatu dira, baina azken emaitzen ostean EAJk oso erreakzio baikorra izan du, bake prozesuari garrantzi handia eman dio. Maila horretan EAJren arimak batuak ikusten ditut, bestelakoa da gobernagarritasunaren gaia. Hau arazo bihurtzen bada, batetik EAJ eta PSEren arteko aliantza nahia ager daiteke, eta bestetik, EAJ-EA eta EHAKren arteko aliantza. EAEko hautesleek oso aukera azkarra egin dute ordea, frontismoaren aukera deuseztatu dute neurri batean. EAJ eta PSE-EEren arteko aliantza baten kostuak izugarriak lirateke. Ibarretxe Planaren funtsa erabat baztertzea kataklismoa litzateke. Eta bestetik Lizarra-Garaziren Akordio antzeko akordioa ez da posible. Hasteko, ezker abertzalea ez da horretarako prest.

Bake prozesua gauzatzeko alderdien arteko mahaia eratzea ikusten al duzu?
Bai, baina ez ziurtasunez. Nire adinerako eszeptikoa bihurtzen zara. Gauza bat da zer nahi duzun eta beste bat zer izan daitekeen. Alegia, mahaia eratu daiteke, baina tren moduko hori deskarrilatu daiteke, bai Estatuaren bai ezker abertzalearen okerreko eraginez »zehazkiago ETAren jarrera dela medio». Alabaina, inoiz baino oinarri sendoagoak eta esplizituagoak ikusten ditut mahaia antolatzeko eta arestian aipatu hiru diskurtsoak elkarganatzeko.

ETAk uneon egoera politikoaz egin dezakeen irakurketa iradoki zenezake?
Ez. Besterik gabe, ETAk Anoetako Proposamena babesten duela konstatatzen dut. Jarrera horrek Irlandan bezalako irtenbidea ekar lezake. Alegia, alderdi politikoek politikari buruzko gaiak negoziatu eta ETA eta Estatuaren arteko bere bukaera bideratzea eta konpontzea. Baina horiek desioak dira. Alderdi politikoez badakigu, baina ETAz inork ez daki deus.


Ezker abertzalearen aukera nagusia EHAK izaki, zer igarri dezakezu orain?
Galdera tentu handiz erantzun behar da, PPk eta Estatuko fiskal nagusiak legez kanpo utzi behar dela baitiote, Batasuna eta EHAK bera direlako. Orduan, eman dezagun bi alderdi ezberdinak direla. Baina, tira, begi-bistan dago: Batasunak EHAK sostengatzen du eta honen bozak haienak dira. Lidergo politikoak ez dira inprobisatzen. Funtsean eta finean EHAK-k Batasunaren normalizazioa edo legalizazioa bilatzen du eta hori lortuko balitz bide onean egongo ginateke.

EHAK legez kanpo ikusten duzu?
Hori Estatuaren esku dago. Testuinguru honetan PSOEko Gobernuak ez dirudi hori nahi duenik. Baina PPk presionatzen jarraituko du, bere helburua berriz ere Moncloan sartzea baita, eta PSOE ere lehia horretan sartzen bada... Gaur ez dut EHAK legez kanpo ikusten, baina bihar batek daki.

EAEko gobernagarritasuna hizpide orain.
Aurreikuspenak egitea arriskutsua da, lerdoarena egitea. Nik egingarriena aurreko Hirukoa ikusten dut, eta ez aukera hori desio dudalako. Hala ere, aukera hori oso ahula izan zen eta orain are ahulagoa izango da. Zein beste aukera dago ordea? Patxi Lopez Ajuria Enean PPk babestuta? PPk ez du ere begi onez ikusten Gebara-Lopez Proiektua. Gainera, oposizioak oztopatuko lioke aurrera egiten. Bestelako aukerak Ajuria Enea edo Lizarra-Garaziko Akordioen ildoan dira, ezta? Eta..?

... eta Hiruko Gobernua EHAK-k emandako sostenguaz?
Hori, neurri batean, PSOEren esku dago. Uneon, bake prozesuak gobernagarritasunari aurrea hartu dio. Bi arazoak ezin dira bereizi, elkarren ondoan doaz, gutxiengoz osatutako gobernu batek egonkortasuna izango du, baldin bake prozesuan kontsentsua lortzen badu, bestela ezin izango du gobernatu.

Lehendakaria Ibarretxe berriz ere?
Ibarretxe lehendakari ez balitz EAJn krisi itzela izango litzateke. Krisia Ajuria Eneako edo Lizarra-Garaziko ildoak garaituko litzatekeelako litzateke. Ez dut bata ez bestea ikusten.

Azkenik, PPren rolak ere badu munta.
Bai. Baina PPk ez du euskal politikarako alternatibarik, arazoa Estatuaren ikuspuntutik «konpondu» nahi du. PPk Moncloara iritsi nahi du berriz ere, eta horretarako modu bakarra PSOEk garatu dezakeen bake prozesua puskatzea da. PSOE bake prozesuan sartzen bada eta Tony Blairrek Irlandan egindako bidea burutzen badu, hiru legealdirako gobernua berma lezake. Alabaina, bake prozesua hasi eta atzeraezinezko puntu batera iritsiko balitz, prozesuak berak PP ere behartu lezake sartzera. Euskal Herrian behintzat, PPren bozemaileek hori eskatzen diote-eta. Bake prozesua ez da hasi oraindik, eskema marrazten ari da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Juan Jose Ibarretxe
2021-06-01 | Axier Lopez
AEBetako inteligentzia zerbitzuek “terrorismoaren aurkako formakuntza” eman zioten Ertzaintzari Ibarretxeren garaian

2004an Ertzaintzak "antiterrorismoari buruzko formakuntza" jaso zuen AEBetako funtzionarioen eskutik, AEBetako Estatu Departamentuak desklasifikatu duen dokumentu batean agertzen denez. José María Aznarren gobernuak AEBetako nazioarteko politikei eta... [+]


Mas eta Ibarretxeren artean, Elorrieta falta zen Kursaalean

Artur Mas eta Juan Jose Ibarretxe. Bi lehendakari, bi ibilbide, amets bat: herrien erabaki eskubidea. Kataluniakoa nola doan azaldu zuen Masek, hemengorako bere klabeak Ibarretxek. Eta atzoko Kursaalen Joxe Elorrietaren izpiritua falta zen.


2017-02-22 | ARGIA
[ZUZENEAN] Ibarretxe eta Masen arteko hitzaldia

Kataluniako prozesua eta erabakitzeko eskubidea hizpide izango dute gaur arratsaldean Juan Jose Ibarretxe lehendakariak eta Artur Mas Kataluniako presidenteak Donostiako Kursaalen. Hitzaldiaren leku guzti beteta dagoenez, 19:00etatik aurrera zuzenean jarraitzeko aukera izango da... [+]


Sarek biktima anitzak elkartuko ditu bake eta bizikidetza jardunaldien baitan Gasteizen

“Giza eskubideak, Konponbidea, Bakea” jardunaldiak aurkeztu ditu Sarek. Azaroaren 28tik 30era bitartean Gasteizen egingo diren hiru mahai-inguruz osaturik egongo dira. “Bizikidetza, ezberdinekiko errespetua, elkarrizketa eta ekintza iraunkorra jendartearen... [+]


Eguneraketa berriak daude