Juan Jose Ibarretxe: «Subjektua, lurraldetasuna, erabakitzeko eskubidea eta ituna, horra klabeak»


2005eko uztailaren 10an

Hauteskundeen ondoren garai politiko berri bat irudikatu da. Zer animorekin heltzen dio lehendakariak garai honi?
Benetako aldaketa ez da oraingoa izan, 2001ean hasi zen aldaketa. Apirileko hauteskunde hauen ondorengo egoera beste etapa bat da, zaila baina aldi berean aukeraz betea. Ezinezkoa da gizartean dauden aurreikuspenak zapuztea. Bakea eta normalizazio politikorako akordioa lortzea da lehentasun politikoa eta gero, jakina, hor da baita ere gobernagarritasuna. Energiaz beteta nago, hemen aritzeko ezinbestekoa da hori.

Euskadiko Erkidegoaren Estatutu Politikoa [Ibarretxe Plana] alboratua geratu bide da. Etorkizunean zertarako balio behar du ekimen horrek?
Etorkizunerako dugun aktibo politikorik handiena da, eta bakarra oraingoz. Legebiltzarrean ekimen horrek erdietsitako 39 boto baino sostengu handiagoa duen egitasmo bat lortzen bada, bikain. Gaurkoz hori da duguna eta legealdi honetan ere oso garrantzitsua izango da.

Onartutako erreforma horretatik zer jorra daiteke PSE-EEk onartzeko modukoa?
Demokrazia onartzen bada, onartu behar da orain arte Legebiltzarrak onartu duena. Hortik aurrera, esku artean dauzkagun tresna guztiak baliatu behar ditugu normalizazio politikorako akordioa lortzeko. Apaltasun osoz, baina ekimen horretan baditugu akordio politikorako behar ditugun zume guztiak.

Zure abizenaz ezagutzen den plana EAJ-EAren ardatza izan zen hauteskundeetan eta koalizioak ez zituen emaitza onak lortu. Ba al duzu halako porrot sentipenik?
Esperotakoa baino eserleku gutxiago atera ditugu, baina hauteskundeak guk irabazi genituen eta, beraz, guri dagokigu lidergo politikoa, bai normalizazio akordioa bideratzeko bai Gobernua eratzeko. Guk ezin dugu ezer inposatu, besteekin hitz egin eta, kasuan kasu, itunak lortu behar ditugu. Baina azken urteotan PPk eta PSE-EEk ez dute gurekin hitz egin nahi izan eta orain jarrera hori aldatzea espero dut. Gorteetara joan nintzenean garbi esan nuen, lehen hitzak izan ziren eta euskaraz: "Euskadik eta euskaldunok gure etorkizuna erabakitzeko gaitasuna izan behar dugu". Horrek izan behar du alderdi guztien arteko elkarrizketen ardatza.

Baina Estatutuaren erreforma hauteskundeen ardatz gisa aurkeztu eta esperotako emaitzak ez lortzeko zerbaitetan egingo zen akats.
Begira, guk irabazi egin genituen hauteskundeak. Iragan legealdian bigarren alderdiak baino 14 eserleku gehiago genituen eta orain 11 gehiago. Azken lau urteotan Gobernuak etekin asko ekarri dizkio euskal gizarteari eta datozen lau urteetan ere hala izatea espero dut.

Estatutuaren erreforma proposamena eta joan den legealdiko gure jarrera oso garrantzitsuak izan dira besteak mugiarazteko. Gu prest gaude besteekin hitz egiteko eta akordioa gauzatzeko. Posible da PSE-EErekin edo EHAKrekin gobernu akordioa lortzea, baina horretarako aldez aurretik normalizazio politikorako ituna egin behar da, bestela ezinezkoa da.

Zapateroren jarrera ospetsuaz asko hitz egin izan da, baina indarrez ikusten al duzu halako prozesu batek eskatzen dituen oztopo guztiak gainditzeko?
Bere jarrera bakarrik ez, denon jarrera da klabea prozesu honek aurrera egin dezan. Baina jarreraz gain, mahaiaren gainean behar dena jartzeko eta arriskatzeko ausardia politikoa behar dugu. Komunikabideetan gehiegi hitz egiten dugu bakeaz eta normalizazio politikoaz, eta diskrezio handiagoa behar dugula uste dut. Hitzetatik ekintzetara pasatu behar da.

Kongresuak ETArekin hitz egiteko emandako baimena garrantzi handikotzat jo zen.
Hori, azken finean, kontzeptu bat berreskuratzea besterik ez da izan, hau da, biolentziaren amaiera elkarrizketaren bidez egin behar dela. Hori Ajuria Eneko Itunean bazegoen jada. Berreskuratzea positiboa da, baina gehiago egin behar da, hori bai, pausoz pauso, dena batera ezin da egin eta.

Alderdien mahaia dela eta, Ramon Jauregik iradoki du halakorik ez dela behar eta prozesua Eusko Legebiltzarrean eraman behar dela.
Ez dut uste hori denik eztabaida, niri berdin zait han edo hemen hitz egitea. Baina norbaitek uste al du Batasunekoekin hitz egin gabe lor daitekeela normalizazio politikorik? Hori nola egin, noiz, zer motako mahaian… bigarren mailako kontuak dira, garrantzitsuena elkarrizketari heltzea da: batzuetan izango da bi alderen artekoa eta hurrengoan askoren artekoa. Orain garrantzitsuena ez da mahai bat eratzea, kontzeptuak eta harremanak lantzea baizik: zer da normalizazio politikoa lortzea? Zeri buruz hitz egin behar da, zein epe dauzkagu… Denon artean hitz egin behar dugu, baita Batasunarekin ere. Ni hitz egiten ari naiz Batasunarekin eta segituko dut hitz egiten, hori ezinbestekoa da eta.

«Erabakitzeko eskubidea eta paktatzeko beharra» diozu. Erabaki zer eta nork? Negoziatu zer eta noraino?
Onartzen dugu Euskal Herria kulturalki eta hizkuntza aldetik hor dagoela? Onartzen al dugu Euskal Herria subjektu politikoa dela? Erabakitzerako orduan zeintzuk dira erabaki esparruak? Nafarroa, Iparraldea... lurraldetasunari buruz hitz egin behar da. Topatu behar dira erabakitzeko formulak eta gero ituna egin, ituna baldin badago inork ezin izango duelako bere kabuz apurtu edo aldatu. Legebiltzarrean onartutako formula batek hitz egiten du horiei buruz, hitz egin dezagun beste formula batzuei buruz ere.

Estatutuaren erreformatik behera, beraz, ezin da jo.
Subjektu politikoa, lurraldetasuna, erabakitzeko gaitasuna eta ituna, argi eta garbi esan behar dugu horiei buruz hitz egin behar dela, ezin dugu inor engainatu.

Negoziatzeko behar horrek izan dezake beto ahalmenik bere baitan, zeren eta bi parte baldin badira, batek negoziatu nahi ez badu betoa jartzen ari da.
Hori da orain arte gertatu dena, azken lau urteetan horrela atera dugu gure proposamena. Argi eta garbi esan nuen Madrilen Eusko Legebiltzarrak onartutako proiektua zela eta Madrilera negoziatzeko ekarri genuela, ezinezkoa zela proposamenari ezezkoa ematea negoziazio saiorik egin gabe. Etapa berri honetan alderdien posizioa desberdina da, akordiorako aukera dugula uste dut eta une hau baliatu behar dugu. Belaunaldi honetarako azken aukera izango da.

Jende asko ari da pairatzen gatazka bortitzaren ondorioak: ETAren mehatxupean daudenak, presoen eskubideak zapaltzen dira, hauen senideen egoera… Keinuen ordua da.
Hala izatea espero dut. Giza eskubideen edozein urraketa salatu behar da. Nik sarri esaten dut giza eskubideekin ezin dela sakelako telefonoekin bezala gertatu, hau da, giza eskubideetan ezin daiteke egon estaldurarik gabeko eremurik. Denen sufrimendua onartu behar da. Deliturik gogorrenak eginda ere, presoen eskubideak aintzat hartu behar dira. Eta presoen eskubideen urraketa edo ilegalizazioa salatzen bada, gero ezin da justifikatu norbait hiltzea hori gatazkaren ondorio dela esanez. Izatez, presoena ere gatazkaren ondorio da. Berradiskidetze prozesu horretan lan handia dugu egiteko.

Xabier Arzalluzek dio zu lehendakari zaren bitartean bera lasai dagoela.
Hori esaten du Xabierrek? Lagun mina dut eta. [Barre algara artean dio hori lehendakariak].

Bigarren aldea ere badu Arzalluzen esaldiak. EAJko egungo zuzendaritzarekiko mesfidantza iradokitzen du.
Ez dakit, ez dakit... gero gerokoak. Momentuz Xabier ez dago betoaz hitz egin dutenen artean, ezta? Beraz, momentuz arriskurik ez. [Txantxa giroan jarraitzen du lehendakariak]. Alde batetik pentsatzen dut Xabierrek niri babesa eman nahi didala [seriotasun osoa berreskuratu du], baina ni alderdiaren eta koalizio baten ordezkari naiz eta konfiantza osoa dut alderdian eta koalizio horretan.

«Euskal gizartearen ongizateari eusteko ezinbestekoa da AHTren proiektu hau»

Munduaz aritzean garapen sostengarriaz aritu zara, baina hau oso kontzeptu malgua da eta erabiltzen da proiektu askori modu duinean ateak zabaltzeko. Euskal Herrira etorrita, hastekoak dira abiadura handiko trenaren lanak eta jende askok pentsatuko du: "Lehendakaria ari da sostengarritasunaz, baina horrek ez dirudi oso sostengarria".
Hori informazio falta da. Abiadura handiko trena oso garrantzitsua da garapen iraunkorra lortu eta egunero milaka kamioi gure errepideetatik kanpo jartzeko. Bene-benetan, proiektu hori oso garrantzitsua da gizarte orekatua eta garapen sostengarria bultzatzeko.

Luze joko luke horren gainean aritzeak, beraz, bi xehetasun besterik ez: AHTk auto gutxi aterako ditu errepideetatik eta kamioiak milaka batzuk atera ditzake, baina Euskadi-Akitania plataforma logistikoak erakarrita, beste milaka etor daitezke euskal errepideetara.
Une honetan errepideak ia itota daude eta kamioiak errepideetatik ateratzeko ezinbestekoa da garraio publikoa erabiltzea. Kiotoko konpromisoa betetzeko funtsezkoa da garraio politikan neurriak hartzea, eta horretarako trena ezinbestekoa.

Trena bai, zalantza barik, baina abiadura handiko trena izan behar du ezinbestean?
Hemen egingo den trena ez da 300 km/h-ko abiaduran joango, berez prestakuntza bereziko trena izango da, 200 km/h-ko abiadura edo txikiagoa izango duena, pertsonak eta merkantziak eramateko egokitua. Euskal gizartearen ongizateari eusteko ezinbestekoa da proiektu hau.

«Ezin da nazioarteko orden berria gudaz eta indarkeriaz eratu»

Globalizazioa gero eta hedatuago, liberalismoa gero eta basatiago. Munduaren zati txiki bat gero eta aberatsago, beste zati handi bat gero eta txiroago. Ez dirudi hori denik garapen eredurik egokiena, baina hori da etengabe handitzen ari dena.
Alde batetik mundua injustua da eta hori aldatzeko lan egin behar dugu. Pobreziaz gain, gainera, ezin dira arazo politikoak gerraren bidez konpondu, hori ezinezkoa da. Badira borrokatu behar ditugun bi esamolde. Bata Munduko Bankuaren esaera zaharra da: "Zer axola du pertsonak gaizki izatea ekonomia ondo badoa"; bestea da "bakea nahi baduzu, gerra egin ezazu". Hori ikusi dugu Irakeko gerrarekin, gerra eta indarrarekin konpontzen direla arazoak eta hori ezinezkoa da.
Ekonomia eta merkataritzari dagokionez berdin. Mundu honetan 6.000 milioi pertsona bizi gara eta horietatik 4.500 milioi eguneko bi dolar edo gutxiagorekin bizi dira. Gu ez gara horien artean, eta eredu hori sostengaezina da.

Ekonomiaren hazkundea molde honetan egiten bada datozen belaunaldiek jai izango dute mundu honekin, edo oso egoera kaskarrean biziko dira.
Horregatik garapenak aurpegia eta begiak izan behar ditu, hau da, garapen humanoa izan behar du. Horregatik gu kontzeptu berri baten militante gara: garapen sostengarriaren militanteak gara. Gurea herri txiki bat izan arren, guk asko egin dezakegu mundu injustu hau aldatzeko. Hori da nire jarrera. Gaur egun funtsezko lau kontzepturen aldeko borroka egin behar da: garapen sostengarria, emakume eta gizonen arteko berdintasuna, pobreziaren aurkako borroka eta identitatea. Ez da egia mundu globalizatu honetan denok ingelesez edo gazteleraz egin behar dugunik, bakoitzak duen nortasuna defenditu behar dugu. Posible da kultura unibertsala onartzea, baina hor gure ekarpena eginez.

Irakeko gerra aipatu duzu lehentxeago. Jende askori ematen dio beldurra Bushen diskurtsoak. Zuri?
Bere garaian Kofi Anani bidali genion gutun bat esanez, Aznarrek gerra sostengatzen bazuen ere, euskal gizartea ez zegoela ados erabaki horrekin. XXI. mendean ezin da nazioarteko orden berria gudaz eta indarkeriaz eratu.

«Euskaraz bizitzea izan da nire bizitzan izan dudan gauzarik politena»

Euskaldun berri bati baino gehiagori entzun izan diot euskaraz bizitzeak -ez euskara ikasteak bakarrik- inguratzen duenarekiko pertzepzioa aldatzen duela. Gertatu al zaizu zuri halakorik?
Ez dakit, hori bakoitzak bere modura biziko du. Nire eskarmentua euskararekin mundiala izan da, oso polita.

Hain zaila da euskara ikastea?
Ez naiz objektiboa horretan. Zerbait egiteko maitasuna klabea da eta nik maite dut euskara. Niretzat ez da zaila izan. Nire bizitzaren lehenengo zatian ezinezkoa izan zen euskaraz hitz egitea: etxean, eskolan, institutuan, unibertsitatean... beti erdaraz aritu nintzen. Unibertsitateko azken kurtsoan bost ikaslek Euskalduntzen 1 liburu haietako batekin ekin genion sekulako ilusioarekin, baina enpresa munduan hasi eta ez nuen aurrerapenik izan. Gero berrogeitaka urterekin heldu nion berriz eta hasieran pentsatzen nuen adin horrekin ezin izango nuela beste hizkuntza bat ikasi. Jakina, konturatu naiz ez dela horrela eta klabea maitasuna dela...

Maitasuna eta kargua?
Ez, maitasuna da klabea. Karguan hasi aurretik hasi nintzen euskara berriz ikasten. Bestetik, niretzat ezinezkoa zen edo oso zaila lehendakari izatea eta euskaraz ez jakitea. Lehendakari izateko garrantzitsua da euskara, baina niretzat politena eta garrantzitsuena euskara familian erabiltzea izan da. Alaba nagusiak 20 urte ditu dagoeneko eta lehenengo 16-17 urteetan gazteleraz hitz egin dugu eta azken urtetan euskaraz. Badakizu zer den hori niretzat! Sentimenduez ere euskaraz hitz egiten dugu jada eta hori sekulako aldaketa kulturala da. Euskaraz bizitzea izan da nire bizitzan izan dudan gauzarik politena edo politenetakoa.

Gernikako Estatutuak baditu 25 urte jada eta, hala ere, oraindik badira gauza harrigarriak euskararen eremuan. Eusko Legebiltzarrera sarri joan naiz elkarrizketak-eta egitera, eta askotan lehen kontaktua duzun pertsona, sarrerako ertzaina, erdaraz zuzentzen da zuregana. Gaur Lehendakaritzara sartu naizenean ere berdin gertatu zait. Sinbolikoki gogorra da.
Asko egin dugu, baina egia da, asko daukagu egiteko eta bidea luzea da. Baina duela 30 urte geneukan egoerak eta egungoak ez dute zerikusirik, zorionez.

Bai, zalantza barik, baina esaten ari naizena da ea horren leku sinbolikoetan kontu gehiago ez ote litzatekeen izan behar.
Segurtasun kontuetan ez dakit, baina Lehendakaritzan euskaraz bizi gara neurri handi batean eta Gobernuan eta sailburu batzuen artean euskaraz hitz egiten dugu. Nik hemen euskaraz hitz egiten dut egun osoan eta zuk ere ez duzu izango inolako zailtasunik hemen euskaraz hitz egiteko.

Euskararen itzalen artean da erabileran aurreratzeko dagoen zailtasuna. Erabileraren sustapenean oinarrituko da datozen urteetako erronka. Prest al da Jaurlaritza jauzi handi horri behar bezala ekiteko, aurrekontu, eredugarritasun, elkarlan eta abar luzean?
Euskararen Aholku Batzordean egina dago hausnarketa hori. Argi dugu helburua euskara kaleratzea dela. Duela 25 urte kopuruaren apustua egin zen, trantsizio garaiko elebitasun kopurua oso txikia baitzen -%13-14- eta oraingoa %33-34koa da. Orain helburu kualitatiboak ditugu: batetik, kalean, kirolean, lanean, administrazio publikoan… denean erabiltzea; bestetik, kalitatean eragitea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Juan Jose Ibarretxe
2021-06-01 | Axier Lopez
AEBetako inteligentzia zerbitzuek "terrorismoaren aurkako formakuntza" eman zioten Ertzaintzari Ibarretxeren garaian

2004an Ertzaintzak "antiterrorismoari buruzko formakuntza" jaso zuen AEBetako funtzionarioen eskutik, AEBetako Estatu Departamentuak desklasifikatu duen dokumentu batean agertzen denez. José María Aznarren gobernuak AEBetako nazioarteko politikei eta... [+]


Mas eta Ibarretxeren artean, Elorrieta falta zen Kursaalean

Artur Mas eta Juan Jose Ibarretxe. Bi lehendakari, bi ibilbide, amets bat: herrien erabaki eskubidea. Kataluniakoa nola doan azaldu zuen Masek, hemengorako bere klabeak Ibarretxek. Eta atzoko Kursaalen Joxe Elorrietaren izpiritua falta zen.


2017-02-22 | ARGIA
[ZUZENEAN] Ibarretxe eta Masen arteko hitzaldia

Kataluniako prozesua eta erabakitzeko eskubidea hizpide izango dute gaur arratsaldean Juan Jose Ibarretxe lehendakariak eta Artur Mas Kataluniako presidenteak Donostiako Kursaalen. Hitzaldiaren leku guzti beteta dagoenez, 19:00etatik aurrera zuzenean jarraitzeko aukera izango da... [+]


Sarek biktima anitzak elkartuko ditu bake eta bizikidetza jardunaldien baitan Gasteizen

“Giza eskubideak, Konponbidea, Bakea” jardunaldiak aurkeztu ditu Sarek. Azaroaren 28tik 30era bitartean Gasteizen egingo diren hiru mahai-inguruz osaturik egongo dira. “Bizikidetza, ezberdinekiko errespetua, elkarrizketa eta ekintza iraunkorra jendartearen... [+]


Eguneraketa berriak daude