Lemoiz, Leitzaran...

Joan den mendearen bigarren erdian Euskal Herrian azpiegitura erraldoien eragina nabaritzen hasi ginen. Paisaien aldaketak garbi ikus daitezke orduko argazkiak oraingo egoerarekin alderatuz. Errepideak, aintzirak, ubideak, merkatal eremuak, kaiak dira, besteak beste, esandakoaren adibide. Azpiegitura erraldoi horiek egiteko erabilitako teknikak eta teknologiak asko aldatu dira urte hauetan eta gainera orain egiten diren azpiegiturek eta orain hamar urte egiten zirenek antzekotasun gutxi dute alderdi guztien ikuspegitik begiratuz.
Azpiegitura erraldoiekin batera gizakiaren kezka hazi da; kezka lurraren orografia eta atmosferaren aldaketa azkarrak eragin ditzakeen ondorioei buruzkoa eta kezka giza harremanen aldaketen ingurukoa. Lemoizko asmo nuklearren inguruan gertatutakoa, gertatzen ari ziren aldaketa bortitzen aurkako lehen errebeldia-zeinu erraldoia izan zen euskal gizartearen partetik. Lemoizen ez zen zentralik ezarri, baina paradoxikoa baldin bada ere, egun dugun elektrizitatearen zati handi bat zentral nuklearretatik dator "globalizazioaren" eraginez.
Lemoizkoa ez bezala Leitzarango autobidea egin zen, egin beharreko txikizioak asumitu baitzituen euskal gizarteak eta orduko herri mugimenduak eta administrazio publikoak ituna sinatzeko gai izan ziren.
Lemoiz eta Leitzaran aipatu baditut euskal errebeldiaren ikur gisa, beste errebeldia gune asko izan dira Euskal Herrian, mendiko pisten, ibaien kutsaduren, hainbat lantegiren ixurien, eta abarren inguruan. "Garapena"rekiko euskal gizartea gizarte sentibera da, beraz, zaila izango da azpiegitura erraldoi bat ezartzea aurretik ez badira gizarteko eragile gehienen ideiak sintonian jartzen. Badira une honetan gizarte eragileen arteko sintonia ez duten hainbat azpiegitura erraldoi; Itoiz, abiadura handiko trena, errauskailuak, Pasaiako kaia eta Zornotzako zentrala dira esandakoaren adibide.
Enpresetan ere, etenik gabe gertatzen dira eztabaidak proiektu berrien inguruan. Batzuk ausartagoak dira, besteak aldaketen aurrean zuhurtasuna adierazten dute, badira berrikuntzen artean beti beldur direnak; egoera hauetan hartzen diren erabakiak oso desberdinak dira, baina gero eta gehiago kontuan hartzen dira giza taldearen eboluzio bateratua ahalbidetzen dituen erabakiak.
Euskal gizarteak aldaketa erraldoien aurrean duen sentiberatasuna administrazio publikoan ere nabaritzen da, gero eta erabaki gehiago hartzen baitira ingurumena zaintzeko ildoan edota "garapen jasangarriaren" inguruan adibidez. Pentsatu nahi dut aipatu erabaki hauek euskal gizartearekin sintonian eta ez uneko estrategia politikoei buruz hartzen direla, hala ere, azken urte hauetan, egin nahi diren azpiegitura erraldoien inguruan ikusi ditudan hainbat jarrerak harritu nau. Lemoiz eraiki nahi zeneko argudioak etorri zaizkit burura; teknikoki ez dago arriskurik, laborategietako frogek garbi adierazten dute sistemek akatsik ez dutela, euskal gizarteak atzean geratzeko arriskua du, eta abar, maiz entzun ditut azken aldi honetan. Teknikoki orain hogeita bost urte baino hobeto gaude eta laborategietan gauzak ziurtasun handiagoz adieraz daitezke, baina euskal gizartearentzat hori kezka bat baino ez da, kezka nagusiek orain hogeita bost urtekoeok segitzen dute izaten, hau da, ez al gara ari aldaketa larriegiak eragiten Lurrean eta gizartean?
Zientzia eta teknika ezin ditugu erabili gizakiari dagozkion erabakiak ordezkatzeko, erabaki horiek osatzeko baizik. Gainera ez dugu ahaztu behar aurrerapen zientifikoen azpian beti dagoela ziurgabetasunaren printzipioa, hau da, "lortutako teknologia honek ezagunak diren egoera hauetarako balio du". Gizartea egoera horiek baino zerbait konplexuagoa da eta konplexutasun horri aurre egiteko bide bakarra, malgutasuna, negoziazioa eta solidaritatea dira.


ASTEKARIA
2004ko abenduaren 26a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lemoizko zentral nuklearra
2023-06-02 | Hala Bedi
Waldo, Eguzki
"Gladys bezalakoei esker, gaur egun ez dugu nuklearrekin arazo larri bat Euskal Herrian"

"Larunbatean Gladys gogoratu eta borrokan jarraitzeko gogoak ditugula ospatzeko bilduko gara", adierazi dute antolatzaileek.

 


2022-10-24 | ARGIA
Lemoizko zentralean sartu eta “trantsizio ekologiko justua” aldarrikatu du Sortuk

Militante batzuk zentral nuklearrera sartu dira, eta bi pankarta zintzilikatu dituzte: greenwashig-aren aurkakoa eta energiaren “trantsizio ekologiko justua”ren aldekoa. Sortuk neoliberalismoari egotzi dizkio egungo krisiak, eta premiazkotzat jo du “180 graduko... [+]


Lemoiz eta Superphénix gelditu!

Bilbo, 1977ko uztailaren 14a. 200.000 pertsona bildu ziren Lemoizeko zentral nuklearraren proiektua geldiarazi zezaten eskatzeko. Bi aste geroago Europa osotik joandako 60.000 lagun bildu ziren Frantziako Estatuko Creys-Malvillen abian jarritako Superphénix erreaktorearen... [+]


Gladysen memoria, bizi-bizirik 43 urte geroago

Aurten ere Gladys del Estal omendu dute Donostian, Eguzkik eta Gladys Gogoan kolektiboak antolatutako ekitaldian. 43 urte pasatu dira guardia zibil batek Tuteran tiro bat buruan jota hil zuenetik, energia nuklearraren eta Bardeako tiro poligonoaren kontrako mobilizazio baten... [+]


Eguneraketa berriak daude