Copyleft: Kultura zabaltzen

  • Jabego intelektualaren aurkako erasoen eta hura babesteko neurrien inguruko eztabaidek gero eta oihartzun handiagoa dute. Batzuk, egile eskubideen defentsan oinarrituz, sormen lanei copyright lizentziak ezartzearen alde agertzen diren bitartean, gero eta lagun gehiagok egiten du eredu eskuzabalagoen aldeko hautua.

2004ko azaroaren 07an
Aurrerapen teknologikoek (digitalizazioak bereziki) eta Internetek sormen lanak kopiatu, zabaldu eta trukatzeko bideak izugarri erraztu dituzte. Autore eta erabiltzaile ugari gustura agertu da ezagutza elkarren artean banatzeko aukerak zabaldu direlako, baina hori mehatxu moduan ikusten duenik ere badago. Bigarren multzo honetakoek jabetza intelektualak gero eta eraso gehiago jasaten dituela diote eta egile eskubideen defentsa aitzakia moduan jarriz, kontsumitzaileen eskubideak mugatzen dituzten neurrien alde egiten dute. Autoreen eskubideak babesteko moduetako bat sormen lanei copyright lizentzia ezaguna ezartzea da.

Askoren ustez, ordea, copyrightak ez ditu egileen eskubideak defendatzen, multinazional handienak baizik. Diotenez, kultura partekatzeko ondasuna da, ez mugak jarri behar zaizkion produktua. Copyrightak hori egiten omen du: bakar batzuen poltsikoak bete eta kulturara hurbiltzeko ateak itxi. Hori dela-eta, gero eta obra gehiagok daramate copyleft lizentzia. Izenak berak eta logoak (ezkerrerantz begira dagoen 'C' bat da) argi erakusten dute zuzenean egiten duela talka copyrightarekin. Arte Librearen Lizentziak (copyleft) hark babesten duen edozein obra kopiatu, zabaldu eta aldatzeko askatasun osoa eskaintzen du. Copyrightak erabiltzaileei hainbat muga ezartzen dizkio eta copyleftak horiek ezabatu nahi ditu, obra ahalik eta jende gehienarengana heltzea eta hura aberastea baita bere helburua. Nahi duen orok obra originalaren gainean aldaketak egin eta bertsio berri hori zabal dezake. Hirugarren erabiltzaile batek, era berean, bigarren bertsioa aldatzeko aukera du. Copyleft lizentziaren izaerak horretan datza: merkatuaren ekonomia arautzen duten legeetatik kanpo dauden obra artistikoak babestu eta bultzatzea. Babestu diogu, copyleftak egile eskubideak onartu eta babestu egiten dituelako. Copyleftak ez du esan nahi guztia libre denik. Egileak erabakitzen du bere obra zein neurriraino kopiatu, zabaldu eta aldatu ahal izango duten besteek. Erabaki hori hartzean, autoreak Creative Commons erakundeak osaturiko copyleft lizentzien zerrenda erabili ohi du laguntza gisa.

Kopiatu eta zabaltzea libre

Creative Commons (CC) irabazi asmorik gabeko elkartea da (creativecommons.org). Lawrence Lessig Standfordeko Unibertsitateko zuzenbide katedradunak sortu zuen. Besteak beste, bere obrak libreki kopiatuak eta zabalduak izatea nahi duen autoreari babes legala ematen dioten copyleft lizentziak garatu ditu. CC zeinuak, egileak bere eskubideei eutsi arren, erabilera batzuetarako baimena ematen duela adierazten du. Autoreak erabaki dezake bere lanak zertarako eta nola erabili daitezkeen. Guk, Creative Commons erakundeak eginiko zerrendan oinarrituta, hiru copyleft lizentzia aipatuko ditugu, konbinazioak gehiago izan daitezkeen arren:

-Eskuduntza lizentzia: Irekiena da. Obra originalaren egilearen izena aipatuz gero, obra hori nahi bezala kopiatu, aldatu eta zabal daiteke. Lizentziak no comercial abizena badarama, nahi bezala erabili eta zabal daiteke, baina soilik irabazi asmorik ez dagoenean.
-Aldaketarik onartzen ez duen lizentzia: Lana kopiatu eta zabaltzea baimentzen du, baina ez hura aldatzea.
-Share alike lizentzia: aldaketak eginez gero, bertsio berriek obra originalaren lizentzia bera izan behar dute.

Bestalde, obra originalaren egileak aukeraturiko lizentzia edozein izanik ere, badira derrigorrez errespetatu beharreko baldintza batzuk. Esaterako, obra originalaren egilea nor den eta hura non eskura daitekeen beti aipatu behar da eta copyleft lizentzia daraman obra batean ezin dira lizentzia desberdina (copyrighta, adibidez) duten elementuak sartu.

Motorsex taldea eredu

Euskal Herrian bada bere lanak copyleft lizentziarekin kaleratu duenik. Horietako bat Bilboko Motorsex musika taldea da. Motorsex lau lagunek osatzen dute: MCD taldean aritutako Joaquin, Bernard eta Nikok eta Mubles eta Distrito Suicidan aritutako Koldok. Eskarmentu handiko laukotea, hortaz. MCD taldeak Internetez doan jaitsi daitekeen disko bat (Imbecil.com) kaleratu zuen eta arrakasta itzela lortu zuen. Niko Fuzz Motorsexeko baxu joleak esan digunez, diskoa oraindik ere jende dezentek jaisten du doan saretik eta horrek zabaldutako bideak etorkizunik baduela erakusten du. Dena den, Nikok adierazi digunez, Imbecil.com lanaren kasuan arazoak izan zituzten SGAErekin, elkarte horretako kide zaren momentutik ezin baitituzu zure kantuak nahi bezala erabili. Arazo horiek saihesteko, Motorsex izena eta copyleft lizentziarekin kaleratutako zuzeneko diskoa (www.motorsex.info webgunean doan eskura daiteke) ez dituzte inon erregistratu eta SGAEk ezin die ezertxo ere erreklamatu. Hala ere, egile bezala eskubide batzuk badituztela dio Nikok. "Jendeak uste du copyleftarekin dena libre dela, baina eskubide batzuk bermatzen ditu. Adibidez, zuk gauza bat dohainik jaisteko aukera emanez gero, autorearekin harremanetan jarri ezean inork ezin du horrekin negoziorik egin", esan digu.

Motorsex taldea ere Creative Commons erakundearen lizentzietan oinarritu da. Lizentzia hauek Espainiako Estatuko legedira egokiturik daude eta edozein arazoren aurrean babes legala jasotzeko aukera eskaintzen dute. Nikok aipatu digunez, hainbat copyleft lizentzia dago, baina oinarrian guztiek filosofia bera dute: banaketa librea da. Nikok "jabego intelektualaren aurkako borrokaren baitan" txertatzen du hartu duten erabakia. Bere hitzetan, "sistema guztiz burgesa da, pertsona batzuei izugarri ondo bizitzeko aukera ematen die eta bitartean besteok zer jasoko dugun ez dakigula egon behar dugu". Motorsexeko baxu joleak copyleftaren babespean lan egitearen arazo nagusia "frankotiradore" moduan aritu behar izatea dela adierazi digu, "lan guztia zuk egin behar baituzu". Dena den, etorkizuna hori omen da. Nikoren ustez, gaur egungo musika industriaren ereduak porrot egingo du. "Diskoetxeek ez dizute ezer eskaintzen, ezta guri ere. Talde askok diskoaren grabazioa ordaindu behar izaten dute eta trukean egunkarian iragarki bat eta banaketa besterik ez dute bermatuta. Horrek ez du ziurtatzen zure diskoa saldu edo hedabideetan ikusi eta entzungo denik. Industriaren parte bilakatzen bazara, ia ez duzu etekinik lortuko eta betikoen poltsikoak beteko dituzu", diosku Nikok.

Gainera, copyleftak eboluzionatzeko askoz eredu errealagoa eskaintzen duela uste du Motorsex taldeko kideak, bakoitzak bere ekarpena egin eta sormen lana aberastu baitezake. Azken finean, hori ei da gizateriak orokorrean eta rock and rolak konkretuki egiten dutena: "Kantuak ez dituzu inspirazio jainkotiarrak harrapatzen zaituelako sortzen, hainbat talde eredu moduan hartu eta horien abestiei gauza berriak erantsi dizkiozulako baizik".

Erabiltzaile batzuk
Traficantes de sueños argitaletxea
www.nodo50.org/ts/news.htm
Argitaratzen dituen liburuek ohar hau daramate: "Testu hau kopiatu, zabaldu, erakutsi eta interpretatu daiteke". Madrileko argitaletxearen helburua ohiko argitaletxeez gain beste alternatiba bat sortzea eta ekoizpen kulturalaren industriaren aurka egitea da.

Acuarela argitaletxea
acuareladiscos.com
Acuarela Madrilgo argitaletxeak ere bere liburu batzuei copyleft lizentzia ezarri die. Amador Fernandez copyleft mugimenduaren sortzaile eta argitaletxeko kidearen hitzetan "copyleftaren alde egitea erabaki politiko eta etikoa da". Salmentei dagokienez, copyleft lizentzia daramaten liburuak ez direla gutxiago saltzen ziurtatu du. Adibide moduan Wu Ming kolektibo italiarrak kaleratutako Q nobela jartzen du. Internetetik doan jaitsi daitekeen arren, 200.000 kopia saldu dira jada. Fernandezek dioenez, copyleftaren helburua ez da autoreari kalte egitea, haren obra ahalik eta gehien hedatzea baizik.

Lamundial.net
www.lamundial.net
Bartzelonako laukote funkyak euren abestiak Interneten jarri dituzte eskuragarri eta nahi duenak horiek kopiatu, zabaldu eta bertsioak egin ditzake. Hori bai, inork ezin ditu kantuok helburu komertzialekin erabili.

Sorrera
Copyleft mugimendua 80ko hamarkada amaieran sortu zen software librearen inguruko programatzaileen artean. Eurak dira, era berean, Linux sistema eragilearen gurasoak. Lizentzia hau 2000. urtean Parisen eginiko Copyleft Attitude topaketetan sortu zen. Arte Librearen Lizentzia Internet eta software librearen esparruan sortu den arren, mota guztietako obrak babes ditzake: koadroak, nobelak, eskulturak, kantuak, bideoak, web guneak eta abar.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Egile eskubideak
Egile eskubideak alkoholetan

Paris, 1847ko martxoa. Gau batez, Café des Ambassadeurs lokal ezagunean musika zuzenean jotzen ari ziren, beste hainbatetan bezala. Entzuleen artean Ernest Bourget, Paul Henrion eta Victor Parizot zeuden, hirurak musikariak, beren sormen lanaz bizitzeko borrokan ari... [+]


Toribio Altzaga, Dorothy Parker, Winnie-the-Pooh... Hauek dira 2022an jabetza publikora pasa diren egile eta obra batzuk

Sorkuntza-lanen jabetzak zeresana eman ohi du haien egileak hil ondoren ere, baina beti iristen da hildako artistaren oinordekoekin ika-mikak amaitzen diren momentua: egile-eskubideak iraungi eta obra jabetza publikora pasatzen den momentua. Herrialde bakoitzean hori gertatzeko... [+]


2021-11-21 | Diana Franco
Teknologia
Zentsura algoritmikoaren garapena

Azaro hasieran 24/2021 errege dekretua atera zen, Europako Merkatu Digital Bakarreko egileen eskubideei lotua. Ez naiz legeetan aditua, beraz gai hau nire hizkuntzan eta ulermen gaitasunetara itzuli dut eta zenbait hausnarketa partekatu nahi ditut zuekin.


ETBren "Musika gaua" programaren bidez egile eskubideetan iruzurra egin ote zen ikertzen ari da Auzitegi Nazionala

Espainiako Auzitegi Nazionala EITB ikertzen ari da musikarien egile eskubideekin lotutako iruzurra dela-eta. Beste hamahiru telebista kate ere jo-puntuan ditu Ismael Moreno epaileak hasitako ikerketak.


Europako Parlamentuak egile-eskubideak zorrotzago babesteko urratsa eman du

Parlamentuak onartutako lege proposamena Batzordeak eta Kontseiluak onartu behar dute aurrera atera dadin.


Eguneraketa berriak daude