Euskal Herriaren historiako grebarik luzeena

  • Caballitoko langileek, ia urtebeteko grebarekin, marka guztiak hautsi dituzte. Orain arte greba egunen errekorra Euskal Herrian Etxeberriko Laminaciones de Bandas Bizkaiko Labe Garaiak taldeko enpresak zuen, bertako langileak 6 hilabetetik gorako greba egin baitzuten, 1966ko urritik 1967ko martxora bitarte.

Caballitoren greba 2003ko urriaren 30ean hasi zen, Jundizeko poligono industrialean birkokatzeak ekarriko zituen 25 eszedenteen aurka eta konbenioaren negoziaketaren alde egiteko. Enpresa honen plantilla osoa 240 pertsonakoa da. Bere enpresa komitea ELAko 4 ordezkarik, LABeko batek, ESKko batek, UGTko batek, LSB-USOko batek eta UTLko beste batek »Union de Trabajadores Libertarios, CGTko eszisio batetik sortua» osatzen dute.

Lanpostuak murriztea eta konbenioaren negoziaketa

Caballito multinazional alemana Jundizeko Poligonoko fabrika berrira mugitzen ari zen dagoeneko 2003ko urrian. Poligonoa Udaleko lurretan dago eta fabrika berrian zuzendaritzak 42 milioi euroko inbertsioa egina du. Azken bost urtetan, mozkin garbiak 18 milioi inguruan ibili dira. Urtero mozkin hauek lortu arren, multinazional alemanak planta berriko eraberritze teknologikoak 25 pertsonako soberakina sortu duela dio. Langileek ez zuten hori onartu eta euren proposamenak mahaigaineratu zituzten, baina enpresako zuzendaritzak behin eta berriro errefusatu ditu proposamen hauek. Zuzendaritzak, dena den, plantilla soberakina erabili du konbenio kolektiboa behetik negoziatzeko.

Horrela, multinazional alemanak lehen eskaintza mahai gainean ipini zuen: 6 urteko konbenioa, soldata izoztuekin lehenengo urterako eta hurrengoetarako KPI gehituta. Hainbat negoziazioren ondoren, soldata igoera %2an ezarri zen lehen bi urtetarako, gainontzekoetarako KPI mantenduz, eta lanaldia 24 ordu murriztea 6 urtetan banatuta. Enpresak, gainera bere plantilla osoa mantentzeko baldintzak ipini ditu: konbenio eskaintza onartzea eta Jundizeko inbertsio teknologikoak sortuko duen ekoizpen berri osoa saltzea »14 milioi disko urratzaile lortu beharreko bezero berrientzat». Langileek, aldiz, 2 urterako konbenioa eskatu zuten, 2003 eta 2004rako, bi urte horietarako %5eko soldata igoerarekin eta txanda desberdinen lanaldia murriztuta, 35 orduko lanastera iristeko helburuarekin. Gainera enpresari berme idatzia eskatzen dio lanpostuen galera saihesteko.

Deslokalizazioaren xantaia

Enpresak lan plataforma negoziatzeari uko egin dio eta politika "errepresiboa" darama aurrera, ustez "pikete bortitzetan" esku hartutako bi langile kaleratuz. Gainera, grebaren lehen hilabetearen ondoren, multinazionalaren zuzendaritzak ekoizpenaren zati baten deslokalizazioarekin xantaia egin zien gatazkarekin jarraituz gero. Zuzendaritzak gutun bat bidali zion langile bakoitzari, grebarekin jarraituz gero, euren ekoizpenak egiteko Asia edo Ekialdeko Europako enpresak kontratatzeko aukera zegoela jakinaraziz. Dakigula, greban horrenbeste hilabate egin ondoren, xantaia ez dute oraindik aurrera eraman eta langileek tinko jarraitzen dute.

Hilabete luzez aritu dira Caballitoko langileak greban eta mobilizazioetan eta gainontzeko enpresa arabarrek eta beste esparru batzuek ere ekintza solidarioak eraman dituzte aurrera. Bitartean, multinazionalaren zuzendaritzak larderiaz jokatu du eta bere planteamenduak ez ditu alatu. Are okerrago, hirugarren baten bitartekaritzari »Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak bete zezakeena» uko egin dio. Gauzak horrela, enpresa eta langileen arteko negoziaketetan aldaketarik ez bada eta kanpoko bitartekaritzarik onartzen ez bada, langileei greban jarraitzea besterik ez zaie geratzen. Noiz arte?

Azkenik, Gasteizen kokatutako multinazionalaren plantila guztia greban ez dagoela gogoan izan behar da. Langileen eta sindikatuen batasuna greba erabakitzeko orduan hautsi zen. Langileen zati bat, 109 inguru enpresaren arabera, ez dago greban eta hauetatik gehienek multinazionalak UGTrekin lortutako akordioa onartu zuten. Enpresa komiteak dituen 9 ordezkari sindikaletatik bat baino ez du UGTk.

1903ko meatzari bizkaitarren grebatik gaur arte
Langile klaseak, historian zehar, beti izan du bere esku mobilizazioen eta grebaren arma bere errebindikazioak lortzeko. Batzuetan helburuak lortu izan dira, beste batzuetan ez, baina langileak beti eutsi dio bere duintasunari patronalaren eta kapitalismoak hartu dituen forma ezberdinen aurrean. Benetan eraginkorra izan zen 1903an meatzari bizkaitarrek abian jarritako greba: Bizkaian gerra egoera deklaratzea ekari zuen. Eskaera sinplea zen meatzariena: erosketak nahi zuten tokian egin ahal izatea, ez patroiek agindutako kantinetan; eta astea bukatzean ordainduak izatea eta ez 50 egunean behin. Borroka 1903ko abuztuaren 14an hasi zen eta urte bereko urriaren 31a arte iraun zuen. Euren errebindikazioak 1904ko urtarrilaren 1etik aurrera onartu ziren.

Ordutik hona Euskal Herrian hainbat greba egin dira eta hemen denbora gehien iraun eta pertsona gehien ukitu zituztenak aipatuko ditugu. Guztietan izendatzaile komunak konbenioen negoziaketa eta enpleguen defentsa izan dira. Zalantzarik gabe, grebarik erreferentzialena iraupenari dagokionez, 1966-67an Bizkaiko Labe Garaien barruan zen Bandas de Echevarriko langileena izan zen; sei hilabetetik gora egin zituzten greban. Michelin Gipuzkoan eta Gasteizen 1971n, Firestone 1975ean, Tarabusi 1976-77an dira beste adibide batzuk. Bada euskal langile mugimenduaren beste une historiko bat, bere borroka metodoengatik eta ondorioengatik (besteak beste, 5 hildako) erreferentziala izan zena. 1976ko urtarrila eta martxoa bitarteko greba mugimenduak hainbat enpresa arabar hartu zituen: Forjas Alavesas, Mevosa, Aranzabal, Gabilondo, Ugo, Apellaniz, Orbegozo, Cablenor, Talleres Velasco eta abar. Zaramagako elizan asanblada orokorra burutzen ari zirela, bost langile hil zituen Espainiako poliziak, Fraga eta Martin Villaren agindupean, eliza gaseztatu eta hartu zutenean.

Mecanica de la Peña, BW, AHV, Euskalduna, La Naval, Nervacero, Magefesa, Olarra, Echevarria, Galletas Artiach, Bizkaiko eraikuntza sektorea... azken bi hamarkadatan mugarri garrantzitsuak izan dira soldata eta enpleguen defentsarako borroka eta grebatan. Itxuraz lasaiak izan diren urte batzuen ondoren, azken bi urte hauetan, 2003 eta 2004ean, berriro lan gatazka berri eta luzeak izan dira. Urtebeteko greba beteko duen Caballitoz eta 9 hilabetetik gora bete ditzuten Basauriko garbiketako langileez gain, Gipuzkoako erikuntzako langileek, Landabengo Volkswagenekoek edo garraiolari autonomoek emaitza ezberdineko greba luzeak egin dituzte. Aurrera begira, aipaturiko Basauriko garbiketako langileen grebaz gain, Gasteizko haur eskoletako hezitzaileen grebak hautsak harro ditzakeela aurreikusten da.

Azkenik, ezin aipatu gabe utzi EHUko irakasle kaleratuek 12 urtetik gora daramatzatela Leioako campusean egunero pankarta eskutan. 1992ko martxoaren 31n izan ziren kaleratuak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Industrializazioa
Ia denak du prezioa

Filadelfia (AEB), 1838ko uztailaren 11. John Wanamaker jaio zen, gerora marketinaren alorrean eragin handia izango zuen enpresaria. Koinatuarekin batera hasi zen merkataritza eremuan lanean, 22 urte zituela. Biek denda bat ireki zuten orduan; eta negozioa pixkanaka hazten joan... [+]


Henry Forden utopia, besteen distopia

Amazonia, 1928. Ford automobil konpainiak Fordlandia izeneko herria eraiki zuen oihanean, Amazonasen ibaiadar Tapajosen ertzean.


Industrializazioak loa aldatu zigun

Londres, XVII. mendea. Hiriko artxiboetako dokumentu kriminaletan loari buruzko hainbat erreferentzia jaso zituzten; “lehen loaldia” eta “bigarren loaldia” aipatzen zituzten, baita tarteko esna-aldian egiten zutena deskribatu ere.


Ibilbide geologikoak (IV)
Bodovalle: burdinazko zuloa arrezifea zenean

Geologia hitza etzun eta milioika urtetan sortutako paisaiak irudikatzen ditugu sarritan. Baina gizakiak urte gutxitan egindakoak ere asko dira, eta Meatzaldea da horren adibide bikaina.


400 urteko lurrun makina eta aire girotu nafarrak

Jeronimo Aiantz Gendulaingo margolari, kosmografo eta militarrak XVI. mendean meatzeetako ur filtrazioak konpontzeko lurrun makina asmatu zuen.


Eguneraketa berriak daude