Doinu ilunak musikaren munduan

  • Datuetan ez dira guztiz ados jartzen baina musika industriako profesionalek argi daukate urtetik urtera disko salmentak urrituz doazela. Krisia sakona da, azpiegitura guztia ukitu du eta inork ez du ukatzen. Sektoreak etorkizun beltza ikusten du, baina multinazionalen negar planten ordez, industria suspertzeko ekimen berritzaileei ekitea nahiago dutela diote Euskal Herriko diskoetxeek. Azken finean, musika ere egungo merkatuaren erritmo frenetikoaren atzaparretan erori da, kontsumitzaileen ohiturak erabat aldatu dira eta ohitura horietara egokitu beharrean aurkitu dira profesionalak. Bizirauteko lehia hasia da dagoeneko musikaren arlo guztietan.
«Musika kalkitate berarekin 18 eurotan edo 3 eurotan izanda, denok ahal den eta diru gutxien gastatuko dugu", dio Aiora Renteria Zea Mays taldeko abeslariak. Datuek ere hori frogatzen dute, diskoen salmenta urtero %20-30 artean jaisten baita Euskal Herrian. Jendea teknologia berriek ahalbideratu dituzten pirateriaz eta kopiez baliatzen da geroz eta gehiago. Gaur egun, abestiak inoiz baino kalitate hobeagoarekin eta inoiz baino merkeago kopiatzeko aukera dago eta musika kontsumitzeko modua azkar asko aldatu da. "Lehen magia antzeko zerbait zegoen diskoa erosi eta entzuteko ekintzan", azaltzen du Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko kide Jose Felix Azkaratek, "baina egun, kontsumo errazerako produktu bilakatu da musika". Gainontzeko euskal diskoetxeak ados daude. Gazteek, musika kontsumitzaile handienek, aisialdiko kontsumorako produktuen bonbardaketa jasaten dute, kontsumismoaren zurrunbiloan ez zaie musika erosteko dirurik gelditzen eta ez dute gainera erosteko asmorik, doan lortu dezaketela badakitelako.

Horri, musikaren arloan oso industria gaztea dugula gehitu behar zaio Euskal Herrian. Industria diskografikoak 100 urte baino gehiago ditu munduan, gure industria fonografiko profesionala 30 urtekoa den bitartean, eta lehenengo 10 urteak amateurrak izan ziren gainera. Horrez gain, musikaren industria oso desegituratuta egon da betidanik hemen eta bakoitza bere kabuz ibili da orain arte.

Krisialdi garaian, merkatu lokaletan lehiatzen direnek bizirauteko erraztasun handiagoak dituztela diote azterketek, baina diskoetxeetan ez dute hain garbi ikusten. Azkarate, esaterako, Euskal Herriko merkatu txikiaz kexatzen da: "Katalunian taldeek gutxienez 5.000 kopia saltzen dituzte eta hemen 2.000ra iritsi ohi dira, disko baten ekoizpena ahalbidetzeko gutxieneko salmenta kopurura. Biztanle gutxi gara eta gure merkatu xumean jaitsiera txikiena ere argi gorria pizteko modukoa da". Gainera, produkzio handia dugu hemen eta beharbada hainbeste produkturentzako adina eskaririk ez dagoela diote diskoetxeetakoek. Krisiaren eraginez, hurrengo urteetan merkatua nolabait "garbitu" daiteke, benetan onak direnak bakarrik geratuz.

Euskal Herriko industriak izan ditzakeen berezitasunak albo batera utziz, krisialdiak musikaren azpiegiturari eta hainbat esparruri eragin dio. Euskarri fisikoarekin lan egiten dutenak dira kaltetuenak: dendak, banatzaileak eta diskoetxeak. Aldiz, inkestek diote musikaren kontsumoak gora egin duela, inoiz baino eskuragarriago delako eta musikari buruzko aldizkariek, adibidez, salmenta handitu dute. Dudarik gabe, dendak dira okerren pasatzen ari direnak: denda txiki gehienak, musikan espezializatuak, desagertu egin dira. Eskualde handi bakoitzeko pare bat merkatal gune handi baino ez dira geratu eta leku horietan askotan zaleak ez du nahi duena aurkitzen, etekina atera ahal izateko gehienetan disko salduenak bakarrik baitaude. Horrek alternatiboagoa den musika Internet bidez eskuratzera bultzatzen ditu kontsumitzaileak.

Diskoetxeen panorama ere ez da batere ona. Disko salmenta jaisteak etekinen eta ekoizpenaren beherakada dakar kasu onenetan. Beste batzuetan, konpainia txiki eta ahulenek itxi egin behar izan dute. Orokorrean, Euskal Herriko diskoetxeek galera handiak jasaten dituzte, geroz eta zailagoa da diru sarrerekin diskoen ekoizpena amortizatzea. "Multinazional batek herrialde bateko planta itxi, jendea bota eta dirua irabazten jarraitu dezake beste herrialde bateko egoitzan, guk ezin dugu hori egin", dio Gor Diskoak diskoetxeko zuzendari Marino Goñik. Jose Felix Azkaraterentzat ere, negar gehien enpresa handiek egiten dute, "baina krisia eurek bortxatu dute neurri batean. Sony diskoetxeak, esaterako, plantak egiten ditu, baina kopiagailu asko berak eginak dira. Txikioi tokatzen zaigu egokitzea eta irudimena erabiliz aurrera egitea".

Noski, enpresen galerek zuzenean taldeei eragiten diete, inbertsioak txikiagoak direlako eta apustu berriak, eskasagoak. Disko bat grabatzeko baliabideak urriagoak dira eta beraz, geroz eta gehiago dira diskoa autoekoitzi eta autofinantzatu beharrean aurkitzen direnak. Asko zabaldu den fenomenoa da: taldeek masterra (orijinala) ordaintzen dute eta diskoetxeak promozioaz arduratzen dira. Teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerei esker, hainbatek etxean estudio txikiak ipini ditu eta CD bat ekoizteko gauza da. "Baina grabazio horiek ez dute inolaz ere estudioko kalitate maila", gaineratzen du Metak diskoetxeko Iñigo Martinezek. Kalitatearen jaitsieraz mintzo da baita ere Aiora Renteria: "Disko asko maketaren soinuarekin ateratzen dira, normala da, estudio batek egunean 450 euro balio ditu eta grabaketa ahal den lekuan egin behar da. Baina Euskal Herrian ghetto bat eratuko da horrela jarraituz gero, inoiz ez dugu izango kanpoan hedatzeko aukerarik". Taldeek dirua lortzea ere zaila ikusten du Zea Mayseko abeslariak: "Taldeak eta diskoetxeak dirua jartzen dute, baina lehenengo diskoetxeak berreskuratzen du dirua eta gero taldeak. Bestalde, editorialak abestien egile eskubideen %20 hartzen du gutxienez, kanta bat bera ere egin gabe". Eta hor ez da bukatzen musikariaren kalbarioa, merkatuaren lege zorrotzen eta erritmo bizkorren baitan bizirautea ez baita erraza. Elkarreko zuzendari Anjel Baldesen hitzetan, "kate bat da: artistak diskoa egiten du, irabazten du, baina salmenta horiekin urte pare batez biziko da gehienez. Kontzertuak eman behar ditu eta fakturatu nahi badu handik bi urtera beste disko bat egitera behartuko du merkatuak; presentzia ezinbestekoa da iraun ahal izateko". Euskal taldeek, gainera, oztopo gehiago dituztela ziurtatzen du Baldesek. Musika oso homogeneizatuta dago egun eta euskal produktuak geroz eta gutxiago kontsumitzen dira. "Musika kontsumitzaile handia da Euskal Herria", dio, "eta beraz, multinazionalen eta atzerriko talde handien helburu da, Katalunia edo Madril bezala; musika bonbardaketa handia bizi dugu hemen". Globalizazioaren legeak inposatu dira munduan, baita musikan ere: handiak geroz eta handiagoak dira eta txikiak geroz eta txikiagoak. "Euskaldunek gauza pila bat kontsumitzen dituzte orain eta ezin da ziurtatu euskal produktuak kontsumituko dituztenik. Jende askok normalizazioa deitzen dio horri, niretzako gurea pobretzea da".

Garesti?

Internet eta teknologia berriak dira ondorio horien guztien errudunak, baina oinarrian arrazoia ekonomikoa da. Hain garestiak al dira diskoak? Marino Goñik ziurtatzen du krisialdia dagoenetik geroz eta merkeagoak direla. Iritziak era askotarikoak dira baina orokorrean Iñigo Martinezen pentsaera diskoetxeen filosofiaren isla da: "Diru asko da, baina ez da garestia: jende askok jaten du hortik eta kontuan izan behar da". Garestia den bakarra musikak dirudiela kexatzen da Martinez: "Nola da posible betirako duzun disko bat 14-15 eurogatik garestia dela esatea eta jendea futbol partida bat ikusteagatik 50 euro ordaintzeko prest egotea? Inork ez du hori baldintzatzen, bigarren kasuan ez dagoelako euro bateko kopia egiteko aukerarik". Gainera, frogak egin izan dituzte eta diskoa 16 nahiz 15 eurotan atera arren, gutxi gorabehera berdin saldu dutela ikusi izan dute. Agian prezioa asko jaitsiz gero sumatuko litzateke, "baina ezin dugu hori egin, kostuak ez liratekeelako irabaziekin berdinduko". Neurri batean, jendearengan kontzientzia aldatu beharko litzatekeela iruditzen zaio Metakeko kideari. Zoritxarrez, multinazionalen erruz gizarteak diskoetxeei buruz duen irudia oso kaltetua dagoela uste du, "musikarien lapurtzat" hartzen dituztela. Diskoetxe independenteen mundua, ordea, beste bat dela dio: "Orokorrean oso xumea da eta musikarenganako zaletasuna da honetan aritzeko arrazoi nagusia". Metakek diskoen etekina taldearekin erdibana banatzen du eta horrekin bigarren diskoa grabatzeko lehen harria jartzen ari dira. "Jendea horretaz jabetu beharko litzateke: ordaintzen dutenarekin azkenean ez da disko berririk egongo, edo askoz gutxiago egongo dira, edo oso kalitate txarrekoak". Musikarengatik zergatik ordaindu behar den azaltzen duen atala du Metak diskoetxeak bere web orrian.

Askorentzat, dena den, ekonomia ez da krisialdiaren arrazoi bakarra eta musikak krisi artistikoa ere bizi duela uste dute. Euskal Herriko diskoetxeek erruaren beraien zatia aitortzen dute: industria orokorrean kontserbatzaileagoa bihurtu da, baina oraindik ere orijinaltasunaren aldeko apustua egiteko prest daude. Hori bai, esku batekin arriskua neurtzen dute eta bestearekin ekonomia, oreka bilatuz. Errudunak errudun, egun ugari dirapop kutsuko abesti klonatuak eta duela urte batzuk hainbat taldek finkatutako estiloen bideak behin eta berriz errepikatzen dituzten taldeak. Azkaraterentzat, talde asko dago duela 15-20 urtetako gauza berdinak egiten. Martinezentzat berriz, musikariek proposatzeko baino, ezintasun gehiago dago publikoaren aldetik apustu berriak entzuteko. Goñik uste du pop musikaren bideak agortuta daudela eta musikak berpizteko 60ko hamarkadan edo 77. urtean eman ziren iraultzak bezalako mugimendua behar duela. Baldes ere iritzi berekoa da: sorkuntza krisia dagoela dio, distiratsu direnak tantaka datozela eta harritzen duen taldeak bereganatzen duela benetan entzuleria. "Proiektu interesgarri horietan dena eman behar da, hor egin behar da benetako apustua, berritzailea ez dena iragankorra delako". Bestalde, euskal musika historikoki lirikan gehiegi oinarritu dela uste du Baldesek. Hori ez omen da ona, musikak bere «komunikazio abstraktua behar duelako, berezkoa, eta alferrik bilatu diezaiokegulako hitzezko interpretazio konkretu bat". Gure hizkuntza normalizatua ez dagoelako musikariak letrei garrantzi gehiegi ematen diela dio, "baina herriak ez dio hitzei garrantziarik ematen, mezu musikala hartzen du kontuan". Azken finean, musikaren krisia gure hizkuntzaren eta kulturaren krisiarekin nahasten dela uste du Elkarreko zuzendariak.

Euskal musikarientzat berriz, ez dago imajinazio faltarik. Euskal Herrian musika oso pertsonala eta kalitate handikoa sortzen da Jabier Muguruza musikariaren iritziz. Oskorri taldeko abeslari Natxo de Felipek urte dezente daramatza musikan, garai desberdinak bizi izan ditu eta oraindik ere gauza onak egiten direla dio: "Egungoak baino une gloriosoagoak egon direla? Baietz uste dut, baina hala ere ez nuke esango euskal kantuaren osasuna txarra denik, euskal kulturaren beste arloetakoa baino hobea da".

Irtenbideen bila

"Gu ez gaitu salmentetan jaitsi den %30 horrek larritu behar, erosten duen beste %70ean jarri behar dugu ardura". Anjel Baldesen hitzok diskoetxeen jarrera baikorra erakusten dute: arazoen aurrean kikildu beharrean, negozio formula aldatu eta irudimena zorroztu du euskal industriak. Horregatik, egun, diskoa ekoiztetik haratago doa diskoetxeen lana. Management edo promozio lana, adibidez, enpresen artean oso zabaldua dagoen joera da. Taldeak ezagutzera emateko hamaika bide jorratzen dituzte; kontzertuak eta festak antolatzea dira errentagarrienetakoak. Azkaratek kontatzen du jendea kontzertuan gustura baldin badago bestela apalean geratuko litzatekeen CDz betetako kaxa bat saldu daitekeela. Zuzeneko mundua, dena den, berezia da. Besteak beste, festak edo ospakizunak direla, jendea musika doan entzutera ohitu da Euskal Herrian eta bertako musika entzuteko ordaindu behar izatea kosta egiten zaio. Aldi berean, kanpoko taldeak entzutera joateko dirutza ordaintzea normaltzat hartzen da.

Hainbat diskoetxe bitartekaririk gabe zuzeneko banaketa egiten hasi da, prezioak jaitsi ahal izateko. Eta denek etsaiarengana jo dute etsaia euren aldera ekartzeko. Hala, Internet tresna baliagarria bihurtu da taldeak ezagutzera emateko. Zaleei disko bat argitaratu dela jakinaraztea garesti ateratzen zaie diskoetxeei, batez ere geografikoki urruntzen garen neurrian. Internet, ordea, mundu guztiko jendeari taldeen inguruko nahi adina informazio helarazteko baliabide ezin hobea suertatu da. Gainera, jendearekin harremanetan jartzeko aukera ematen du. Orain arte, bi bitartekari zeuden diskoetxearen eta zaleen artean, baina egun zuzenean entzulea ezagutu dezakete. Salmenta zuzena eta merkeagoa ere ahalbideratu du Internetek, saretik musika legalki jaitsi nahi dutenentzat. Metakek, adibidez, udaz geroztik bere katalogoko kantuak mp3 formatuan erosteko aukera eskaintzen du diskoetxeko web gunean.

Hemengo industriaren merkatu naturala Euskal Herria dela badakiten arren, kanpoko merkatuetara begira ere jarri dira dagoeneko diskoetxeak. Euskal musika hizkuntza arrotzean kanpoan ezagutzera ematea zaila da, baina batzuk gehiago eta beste batzuk gutxiago, etekinak ateratzen ari dira atzerrian eta kontuan hartu beharreko emaitzak dira. Beste herrialdeetako banatzaileei, bira zabalagoei eta ondo antolatutako kanpainei esker bide berri bat irekitzen ari dira gure mugetatik kanpora. Errentagarritasun aldetik ezinbestekoa ez den arren, euskal musika hedatzeko garrantzitsua da gainera. Aukera horri eutsi behar zaiola uste du Natxo de Felipek: "Gure zilborrari begira ez dugu zer eginik, egiten dugun lana kanpoan ezagutaraztea funtsezkoa da guretzat. Munduan asko dira gu bezala daudenak eta horiekin guztiekin egitura eraikitzea beharrezkoa da industriarentzat".

Musika DVDetan eman den hazkundea aprobetxatzea edo singleen negozioa indartzea industriari aurkeztu zaizkion beste alternatiba batzuk dira. Horiek guztiak oinarri bera dute, diskoetxeen esanetan: kalitatea. Industriarekiko sinesgarritasuna mantentzeko, zerbitzu anitzeko disko landuagoak eskaintzea da modua, etengabeko berrikuntza bilatuz.

Zuhurtasuna eta irudimen handia beharko dutela badakite musikaren profesionalek. Etorkizuna beltz dator eta batzuk bidean geratuko omen dira, baina egoera berrietara egokitzen joateko prest daude. Azken finean, musikaren mundua etengabe aldatzen ari da kontrolatzen ez dugun etorkizun baterantz baina aurreikuspen ezkorrenetan jarrita ere zaila da melodiarik gabeko mundua irudikatzea. Zailagoa, agian, doinu berriak sortzeko prest dauden musikaririk gabeko mundua. "Mila gauza gerta daitezke oraindik", dio Aiora Renteriak, "nork daki, baina guk beti musika erabiliko dugu terapia moduan, mundua ulertzeko. Musikariak gara".

Natxo de Felipe: «Euskaltasuna krisian dago»
"Zoritxarrez, industria indartsuek maneiatzen dute dena, krisi honen atzean industria ahaltsuenaren esku beltza ez ote dagoen ere kontuan hartu beharko litzateke. Merkatuaren krisialditik beti aberatsenek lortzen dute etekina hainbat etxe txiki eta independente lurperatuz (...) Uste dut euskal mundua galduta dabilela, euskaltasunaren krisiaz ari naiz: gure etorkizunaren inguruan galdera handiak planteatu ditugu eta krisi horren barnean denak gaude sarturik. Hala ere, euskal musikak indar sortzailea duela iruditzen zait".

Javier Muguruza: «Euskal kantautorea desagertu egingo da»
"Gizartean ez dugu apenas presentziarik. Horri buelta eman behar diogu. Derrigorrezkoa da horretarako erdal irrati eta telebistetan gure presentzia indartzea. Jendeari esan beharko zaio euskal kantagintza mantentzea neurri handi batean euren ardura dela. Programatzaile franko oso eroso bizi da hemen, bestalde, eta gurea kultur minorizatua dela ezin da hain erraz ahaztu. Daramagun bidetik, hemendik urte batzuetara euskal kantautorea behintzat desagertu egingo dela uste dut".

Boometik krisialdira
Hamarkada pare bat baino igaro ez diren arren, urruti geratu dira 80ko hamarkadan musikak bizi izan zituen garai itzelak. Gizartearen mugimendu zabalago baten baitan, aldarrikapenez betetako letrak eta doinuak Euskal Herri osoan barna barreiatu ziren eta musikak bere boom partikularra izan zuen. Pixkanaka, melodiak despolitizatu eta esparru berriak zehaztu dira, hastapenetan zegoen euskal industria merkatuaren joko arriskutsuan barneratu da eta egungo egoera korapilatsura iritsi gara. Euskaldunok, oraindik ere, erritmo kañeroak oso gustuko ditugula ondorioztatzen dute diskoetxeetako salmentek. Baina egungo eskaintza zabalak ate berriak ireki ditu: popak eta new metalak indarra hartu dute, kantautoreen irudia finkatua dago jada eta atzerriko musika lehiakide gogorra da egun. Hala ere, Euskal Herriko musikak bere bilakaeran beste lurralde askotan baino aukera gehiago izan dituela uste du Natxo de Felipek: "Katalunian, esaterako, hastapenetan guk baino industria indartsuagoa zuten, baina urteekin higatzen joan zen eta hemen beti gauza handiak egin izan dira. Diskoetxeek estilo berezien alde apustu egin dute, kalitate oneko gauzak egin ahal izan dira eta egiten jarraitu ahal izango dugu".

Aiora Renteria: «Taldeek ez dute dirurik irabazten»
"Gure eskuetan dagoen guztia egiten dugu gure musika zabaltzeko eta argi gelditu dadila normalean taldeek ez dutela dirurik irabazten. Taldeek gure musika defendatzen dugu, gure erraietatik atera dena; diskoetxeek euren lana defendatzen dute, etxera janaria eraman behar dutelako. Badakigu euskal musika krisian dagoela, ezin dugu hori baztertu, baina uste dugu une aproposa dela kalitate oneko musika egiteko. Ahaztu ditzagun salmentak eta egin dezagun egiten dakiguna: musika. Lan egin eta fedea izan, besterik ez zaigu gelditzen".

Elkartuta, indartsuago
Euskal Herriko diskoetxeen artean betidanik harreman ona egon bada ere, inoiz ez dutela sektore kontzientziarik izan aitortzen dute. Industria indibidualista izan da orain arte eta elkartuta zer irabazi badutela konturatzeko balio izan die gutxienez krisialdiak. Hala, aurten Euskal Herriko Diskoetxeen Elkartea (EHDE) sortu dute, batetik informazioa elkarbanatzeko eta bestetik gainontzeko erakundeen aurrean indar handiagoa izateko. Hainbat bilera egin dute dagoeneko eta Eusko Jaurlaritzarekin eta EITBrekin harremanetan jarri dira, besteak beste. EHDEko zuzendari Anjel Baldesen esanetan, irrati eta batez ere telebista publikoak ez du hemen gertatzen denari buruz informatzen. Kanpoko "eredu txatxuak" kopiatzen ditu eta publikoaren gehiengoak ez dauka euskal kulturaren (kasu honetan musikaren) nondik norakoen berri. EITB Euskal Herriko kulturaren isla izan dadin presio egiteari ekin dio elkarteak.
Espainiako eta Euskal Herriko musikari ia denen egile eskubideak kudeatzen dituen SGAEren aurrean ere botere gehiago lortu nahi dute bat eginik. Izan ere, Euskal Herria periferia da Madrilentzat eta irabaziak banatzeko garaian galtzen ateratzen dira hemen. Gainera, SGAEk atzerrian Espainiako musika tipikoena promozionatzen du, ez euskal musika. Beraz, egile eskubideak kudeatzeko hemengo errealitatera egokituago egongo litzatekeen euskal elkartea sortzeak ideia ona dirudi. Musikariek eman beharreko urratsa da hori eta krisialdiak elkartzera bultzatuko ote dituen ikusi beharko da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Diskoak
2022-11-27 | Iker Barandiaran
Bizi(g)arria

Harritu nau –zentzu onean– proiektu berri honek. Adiera edo zentzu asko ditu hitzak eta Bergaran Aitor Aldanondok harri baten inguruan sortutako honek baditu hainbat. Urteetan hartutakoa –bizitakoa– nolabait atera nahi izan du lan honetan.

Ibilbide... [+]


2022-11-20 | Xalba Ramirez
Zintzo izatearen fantasia

Eñaut Elorrietaren inguruko dokumental bat egin zutela-eta, Tabakalerara gonbidatu ninduten orain bizpahiru aste. Gustuz hartu nuen lagunarteko estreinaldirako gonbita, baina zinema aretora hurbiltzean jende asko hasi nintzen topatzen; hor Paul eta Itziar, hor Sarri, hor... [+]


2022-11-06 | Iker Barandiaran
Katuek baino ertz gehiago

Batzuetan elementu asko elkartu behar dira aurreikusi ez duzun emaitza bat ateratzeko. Hori gertatu da nolabait Gernika eta Bermeo artean sortutako Feline taldearekin. Primeros Auxilios punk taldeko Iñaki Baini-k etxean elektronikarekin jolasteari ekin eta maketa batzuk... [+]


2022-10-30 | Xalba Ramirez
Gustuko lautadan nekerik ez

"Hemen, errebelazio bat bezala, espazioa eta denbora argiago ikusten dira". Miren Narbaiza bueltan da berriz, eta eskerrak. Eszenak eman duen kantugilerik berezienetako bat da Narbaiza. Kanta berriak nola gobernatzen dituen ikustea besterik ez dago.

Zeren, sortzaile... [+]


2022-10-16 | Iker Barandiaran
Bi altxor eta sorleku bakarra: Buenawixta

Asko poztu nintzen Artza anaiek diskoetxe berria abiaraztearekin bat Barrakos-en maketa –non erosiko nuen, Boga tabernan?– berreskuratu eta biniloan ateratzeko asmoa zutela jakitean. Izan ere, aipatutako maketa –1990koa– gure musika historian oharkabean... [+]


Eguneraketa berriak daude