Sorgin ehiza Euskal Herrian: Salaketen ezkutuko interesak

Sorginei buruzko mitoak ugari dira eta Euskal Herriko bazter guztietan jasoak daude gainera. Baina mito hauek ez dira guganaino sortu ziren bezala iritsi, mendeen poderioz eraldatuz joan dira. Zeinek ez du ezagutzen zaldi zuri baten gainean amari ihes egin zion alaba sorginaren istorioa? Edo "bagarela, ez garela, hamalau mila garela" esanaz, gau ilunean azaldu ziren sorgin horiena? Mito hauek beste jeinuei dagozkien mitoekin nahasten dira »jentilak, lamiak edo Marirekin» eta kristautasunaren sinbologia bereganatu dute kasu askotan.

"Sorgin" hitzaren esanahia latineko sors (patu, zorte) eta "gin" atzizkia bateratzetik datorrela diote batzuk. Baina ezin daiteke ziur esan euskal hitza denik, Leon eta Asturiasen sorginei "jorguina" deitzen diete eta Bartzelonan bada herri bat Vallgorgina deiturikoa eta, zaharrenek, bertan sorginak bizi omen zirela esaten dute. Dudarik ez dagoena zera da, sorginek badutela antzinako sineskerekin zerikusirik eta Elizak mende batzuk beranduago sineskera hauetatik ere edan zuela, komeni zitzaien sorginen irudia sortzeko.

Malleus Maleficarum: Ehizaren hasiera

Europan, Erdi Aroan zehar ez zen sorginkeri auzi handirik eman, baina XV. mende bukaeran sorginkeria eta deabrukeriaren inguruko hainbat lan idatzi zen, horietan garrantzitsuena Malleus Maleficarum izenekoa, 1486an Kramer eta Sprenger dominikarrek egina; bertan, sorginek deabruarekin itun bat egin zutela eta deabrua gurtzeko akelarreak edo "sabbat"ak »Europan izen horrekin ezagutzen ziren» egiten zituztela esaten zuten. Idazlan honek sekulako eragina izan zuen Europan eta 1486 eta 1669 urteen artean 30.000 ale banatu ziren.

Garai horretatik aurrera sorginen kontrako auziak izugarri ugaritu ziren eta gero eta pertsona gehiago auziperatu zituzten prozesu bakoitzeko, horrela, ustezko milaka sorgin erre zituzten. Prozesuek ez zuten eskualde guztietan berdin eragin, baina ñabardura batzuk salbu, salaketa eta auziperatze guztiek antza handia izan zuten. Aditu askoren ustez, sorgin ehiza lehertzeak zerikusi handia zuen Aro Modernoa hastearekin batera sortu ziren gatazka erlijioso eta sozialekin; XVI. mendean erreforma protestantea eratu zen eta horrekin batera kontra-erreforma katolikoa, gainera krisi ekonomikoek eragindako nekazal matxinadak ugaritu egin ziren eta sorgin ehiza, ezegonkortasun horri erantzuteko modu bat izan zen.

Euskaldunak, harrapakin errazak

Euskal Herria guztiz katolikoa eta fededuna zen arren, europarrentzat herri bitxia ere bazen, hizkuntza ezezagun baten iturri eta antzinako ohitura edo sineskeren arrasto ugari mantentzen zituena, gainera; beraz, fedearen eta arrasto paganoen arteko konbinaketa horrek, euskaldunak sorgin ehizarako harrapakin bikain bihurtu zituen.

«Sorguiña» hitza, idatzizko dokumentu batean lehenengoz 1415. urtean azaldu zen; Iruñeko bi emakume "sorguina erbolera et faytillera" izatea salatuta zigortu zituzten. Urte batzuk beranduago, 1466an, Gipuzkoako Probintziaren ordezkaritza batek Gaztelako Enrike IV. erregearengana jo zuen, herrialde guztia sorginez beteta omen zegoela eta horren kontra egiteko botere gehiago eskatzera. XVI. mendea hastearekin batera Euskal Herrian zenbait sorginkeri kasu salatu ziren, horietako bat Anboto inguruan zeuden ustezko sorgin batzuen aurka izan zen. Jakina da lurralde hori hainbat mito eta sineskeriren sorleku izan dela betidanik, Anbotoko Damari buruzkoak, esaterako. Beste kasu bat 1507koa dugu. Iturri batzuen arabera, urte horretan Logroñoko Auzitegiak 30 bat euskaldun erre zituen sorgin izatea egotzita. 1527an Inkisizioak berriro ere gogor jo zuen, eta Nafarroako Pirinioetan eta Durango aldean inkisidore zenbaiten bisitak jaso zituzten.

Bizkaiko Zeberion 1555 eta 1558 artean sorturiko prozesua benetan harrigarria izan zen, sorginkeria salaketak bizilagunen kontra nola erabiltzen ziren oso ongi ikusten baita bertan. Katalintxe Gesalakoa izeneko zortzi urteko neskatxa batek Hereinoza etxeko senide guztiak salatu zituen, Petralanda izeneko lekuan deabrua gurtzen zutela esanez; salaketa honek bestea ekarri zuen eta hark hurrengoa, bi sendien arteko borroka latza agerian utziz. Kasua agintari zibilen esku geratu zen, hogeita bat pertsona auziperatu zituzten eta askok torturak jasan behar izan zituzten, baina ez zuten inor hiltzera zigortu.

XVIII. mendeko prozesuak

Dudarik gabe, Euskal Herriko sorgin ehiza kasurik ezagunenak XVII. mende hasieran Lapurdin eta Zugarramurdin eman zirenak dira. Iparraldeak mende mingotsa pasa behar izan zuen, lehenik espainiar eta frantziarren arteko borrokak pairatu zituen eta gero erlijio gerren erdi-erdian aurkitu zen. XVII. mendea hasterakoan, familien arteko gatazkak puri-purian zeuden eta horren haritik sorginkeria salaketak hasi ziren; protagonista nagusiak Donibane Lohitzuneko agintariak eta Urruñako Urtubia familia izan ziren, baina aktore nagusi bihurtu zena Pierre de Lancre epailea izan zen.

De Lancre Bordelen jaio zen eta bertako jesuiten eskolan ibili zen, oso fededuna zen eta legeak oso ongi ezagutzen zituen. Askoren ustez, barruan frustrazio handia zeraman gizona zen. 1609an Frantziako Enrike IV.ak Lapurdiko sorginkeri kasuak aztertzera bidali zuenean, epaileak euskaldunen eta bertoko emakumeen kontrako jarrera gogorra erakutsi zuen. Euskaldunen hizkuntzak, ohiturak eta bizilekuak deabru eta sorginentzako oso egokiak zirela zioen; Azkaineko plazan, Larrungo zelaietan edo Hendaiako itsasertzean akelarreak burutzen omen ziren eta bertara haurrak eramaten zituzten. De Lancrek ehunka lagun prozesatu zituen, jendeak mugaz bestaldera ihes egin zuen eta arrantzaleak Ternuatik etorritakoan, matxinadak hasi ziren. De Lancrek zenbait apaiz ere hil zituen eta, azkenean, Baionako apezpikuak esku hartu zuen, erregeri gehiegikeria horiekin amaitzeko eskatuz. Urte bereko azaroan De Lancrek Lapurdi utzi zuen, baina nahi adina egin ez zuelako penatuta joan zen, ehunka pertsona sutan erre eta gero.

Urtebete beranduago, Logroñon sona handiko beste prozesu bati hasiera eman zitzaion. Zugarramurdi eta inguruko herrietan agintari zibilek hainbat sorginkeria kasu epaitu zituzten; Inkisizioak, hortaz jabetuta eta bere egitekoa zena aldarrikatzeko, Juan Valle Alvarado inkisidorea bidali zuen bertara. Honek, 300 bat pertsona inplikatu zituen, Zugarramurdiko kobetatik gertu zegoen Akelarre izeneko lekuan deabrua gurtzeko bilerak egiten zituztela esanez eta soroetan nahiz animalietan kalteak eragin eta ekaitzak sortzea egotziz. Horietatik 40 Logroñora eraman zituzten, bertako epaimahaiaren aurrean deklaratzeko. Epaimahaikide zen Salazar y Frias lizentziatuak istorio horiek guztiak sinetsi ez zituen arren, beste epaimahaikideek dena ontzat hartu zuten eta 12 pertsona hiltzera kondenatu zituzten »batzuk torturak hil zituen». Ezagunenak, akelarreko erregina omen zen Graziana Barrenetxekoa, bere senar Mikel Goiburu edo Maria Zozaiakoa dira.

Prozesu hauen ostean beste batzuk egin ziren arren, sorginkeri salaketak gutxituz joan ziren, izan ere, Inkisizioa ohartuta zegoen salaketa horien atzean sorgin kontuak baino, beste interes jakin batzuk zeudela. Nafarroako mendialdean, Hondarribian eta Balmasedan gerora izandako prozesuetan ez zen inor kondenatu eta kasu batzuetan, salatzailea bera izan zen Inkisizioak zigortu zuena. XVII. mendea bukatzearekin batera bukatu ziren Euskal Herrian ustezko sorginen kontrako auziak, baina sorginen istorioek gaur egun arte iraun dute.

Avellanedaren ibiliak Nafarroako bihotzean
Euskal Herriak pairatu zuen lehen sorginkeria prozesu handiena 1527an izan zen, nahiz eta hau ez zen Zugarramurdi edo Lapurdiko prozesuak bezain ezaguna izan. Urte horretan Pirinioetako mendien artean dauden Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkari bailarek, Avellaneda inkisidore famatuaren bisita jasan behar izan zuten. Iruñean, bederatzi eta hamaika urtetako bi neskatxa, sorginak zirela esanaz azaldu zirenean hasi zen guztia; neskatxa hauek beste sorginak zein ziren jakiteko ahalmena omen zuten eta Avellaneda inkisidoreak, iruindar hauek hartuta, hilabete askotako bidaia egin zuen Nafarroako bihotzera. Guztira 450 bat pertsona sartu zituzten tartean. Sorgin bilkuratan parte hartzea, tximinietatik akelarreetara hegan joatea, ukenduak emanez desagertzea eta horrelako hamaika kontu egotzi zieten pertsona hauei guztiei eta beraien herrietan edo Iruñean bertan erretako gizagaixoak asko izan ziren.

Bada Avellanedak 1527an burutu zuen ekintza honetan azpi-interesik ikusten duenik. Izan ere, jakina da urte horietan gatazka odoltsu bat gauzatu zela Nafarroan, Karlos I-ak, Fernando Katolikoak hasitako Nafar Erreinuaren konkista burutu zuen, baina konkista honek oposizio latza izan zuen, baita Pirinioetako bailaretan ere. 1515ean Pedro Nafarroakoa mariskalak Erronkariko Izaban babesa aurkitu zuen eta 1521ean Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkarin bertan, altxamendu saiakera zenbait burutu ziren Nafarroako kausaren alde. Beraz, aditu askok » horien artean Caro Barojak» Nafarroako erregearen aldeko ziren bailara hauetako agramondarrak Avellanedaren erasoen jomuga bihurtu zirela diote, sorginkeria aitzakia harturik.


ASTEKARIA
2004ko uztailaren 11
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#2
Zigor Olabarria Oleaga
#3
Estitxu Eizagirre
#4
Gorka Bereziartua
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pertsekuzioa eta bazterkeria soziala
Chinatown: zokoratuak eta zukutuak

Txina, 1417 urte inguruan. Zheng He almiranteak, Ming dinastiako enperadoreen soldatapeko esploratzaileak esan zuen posible zela “mundu osoa ibiltzea Txinatik irten gabe”. Ordurako Indiako Ozeanoan, Itsaso Gorrian eta Asiako hego-ekialdean zabaltzen hasia zen kolonia... [+]


Markus Rediker
"Esklabotzaren indarkeria funtsezkoa izan zen kapitalismoaren gorakadan"

Marcus Rediker historialari estatubatuarrak kapitalismoaren aurkako erresistentzien hasiera arakatu du, marinelen eta pirateriaren historiara iritsi arte.


Ander Berrojalbiz. Heretikoz, sorginez, Elurzuriz
"Gizartea ezin da ulertu gizakiaren parte magiko sobrenatural hori gabe"

Akelarre saiakera argitaratu zuen 2021ean, eta, iaz, berriz, perla urregorrizko bat: Elurzuriren hiru heriotzak. Grimm anaien ipuin ezaguna berridatzi zuen, eskuizkriburik zaharrena abiapuntu harturik, Grezia zaharreraino joanez, eta Elurzuriren istorioko zenbait elementuri... [+]


Esklabo, sultan eta gurutzaden garaile

Kairo, 1250eko maiatzaren 2a. Shajar Al-Durr Egiptoko sultan izendatu zuten. Ez zen emakumezko lehen sultana izan; urte batzuk lehenago, 1236an, Raziak Delhiko sultan kargua hartu zuen. Baina esklabo izatetik agintari gorena izatea lortu zuen lehena izan zen.


2023-08-04 | Cira Crespo
Ipuina
Pedro Ruiz de Egino hil da -'Nerium Oleander'-

Hala Pedro Ruiz de Eginoren hilketa nola hemen agertzen diren beste lekukotza batzuk dokumentuetan jasotako gertaera historikoak dira. Izen bat bera ere ez da asmatua.


Eguneraketa berriak daude