Alasate-Mondlagon


2004ko ekainaren 06an

Euskal Herriak badu zer esportatu: ideiak. Aspaldi baten, militarrak eta abadeak ziren erbestera igortzen genituenak. Lehenengoak lurraldea baketu eta bigarrenei lekua egiteko: bakea, eta benetako fedea eroaten zieten bide zuzena aurkitu beharra zutela jakin ere ez zekiten lagunei.

Esku zabalak gara euskaldunak, eta horren adibide berri baten berri izan berri dugu. Berri ona zabaltzeaz gainera, ekonomia garapena ziurtatzera ere joango gara behartsuz beteriko herrialde urrunetara. Kooperatibak zabalduko ditugu, munduan barrena.

Lagun on batek jakitera eman zidanez, Arrasateko kooperatibismoaren lehenengo ezaugarrietako bat, garrantzitsuena beharbada, besteekiko konpromisoa izan zen. Batez ere besteen, kaltetuenen, txiroenen bizi baldintzak hobetzeko ekin zioten kooperatiben bideari. Hain da horrela, ezen lehenengo kooperatiba antolatu baino lehenago ere, erkidego-konpromisoa landu egin zuten, Arrasateko arlo sozialeko hainbat esparrutan lanean jardunez. Ez zuten arlo ekonomikoan jarduteko presarik: gauza bakoitza bere unean. Lehenengo, jendea kooperatibismoa ulertzeko eta onartzeko gertatu, eta gero ekin enpresak antolatzeari.

Arrasate eta inguruan ekin zioten kooperatibak sortzeari, funtsezko beste ezaugarri bat zutela: aberastasuna sortu, eta irabaziak bertan gera zitezela segurtatu. Ez edozein modutan geratzeko, jakina: kooperatibisten ustean, aberastasuna ahalik eta lagun gehienen artean banatu behar da, eskualde guztiaren onerako izan dadin.

Horretarako, langileek euren burua antolatu behar zutela ikusi zuten, eta horren bila joan ziren: enpresa-kontzeptu berritzailea izan zen, kooperatibismoarekin batera eraginkortasuna ere bilatzen zutelako: aberastasuna banatzeko, lehenengo sortu egin behar zen. Guztiaren oinarrian, kontzeptu zehatz eta lausoa: justizia. Horrexen bila abiatu ziren hasierako kooperatibistak: jarduera ekonomikoa helburu etiko baten morroi.

Urteotako ibilaldiak argi-ilunak izan ditu -norenak ez?- eta oinarrizko planteamenduetan artez dabiltzala dioenik ere bada: aberastasuna sortzen dute, eta aberastasun hori askoren artean -ohiko enpresetan baino gehiagoren artean esan beharko litzateke, beharbada- banatzen dute kooperatibek. Arlorik arlo hedatuz joan dira, eta Euskal Herritik irtetea ere otu zaie, negozioa kanpoan ere finkatu behar zelakoan. »Are gehiago, Euskal Herria ere internazionalizatu egin dute, city eta center moduko kontzeptu erabat moderno eta berritzaileei eskerrak». Gero eta langile gehiago izan ditu MCCk, horietako asko mugagabeko kontratuarekin, eta enplegu-sorreran bestelako enpresek baino ahalegin sendoagoa egin dute. Horretaz aparte, sosak: azkeneko urteko emaitzak onak izan dira. Irabaziez egin behar da berba, ez galerez.

Esan liteke, beraz, Euskal Herria txiki geratu zaigula, laneko harreman justuagoak bilatzen ditugunoi: hemen, gure etxean egin behar zena edo egin zitekeena eginda dago; argi utzi dugu kooperatibismoak balio duena, aberastasuna sortzeko eta banatzeko gaitasuna duena, eta etorkizuneko merkatu globalizatuan ere bere lekutxoa irabaziko duela erakutsi behar dugu orain.

Orain, fagol, ilizal eta enpalauak Txinara doaz, ez behargin edo lehengai merkeagoen bila: hara doaz, aberastasuna sortu, eta bertan uztera, ahalik eta lagun gehienen artean utzi ere. Hara doaz, langileei euren burua antolatzeko aukera ematera; aspaldiko Arrasaten legez, arrakala sozialak edonon daudela ere gainditzera. Mundua beste era batera antola daitekeela pentsatzen dugun euskaldun guztion izenean: eskelik asko, mondlagon colporacion!


ASTEKARIA
2004ko ekainaren 06a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude