Pirateria eta egile eskubideak: egile eta hartzaileen eskubideak borrokan

  • Teknologiak aldaketa nabarmenak eragin ditu. Guztia 0 eta 1 bihurtzean, informazioaren metaketa inoiz baino errazagoa da. Gu geu ere informazio bihurtu gara, dela kode genetikoaren eraginez, dela kanpo irudia digitalizatuz. Musika eta zinema ere informazio digitala dira eta gainera, inoiz baino errazagoa bihurtu da datu digital horiek elkarren artean banatu eta kopiatzea. Internet, P2P programak, ordenagailuko CD grabagailuak eta beste hainbat asmakuntzek horretarako aukera eskaintzen dute. Ondorioz, sormen kutsua duen edozeren gainean egile eskubideak eskatzen dira, ideia eta asmakizunei, kontsumo gizartetik eratorritako etekinak ateratzeko asmoz eta gizarteak duen altxor garrantzitsu bat, ideiak, babesteko helburuz.

2004ko apirilaren 25an
Azkenaldian "copyright", "copyleft", "P2P", edo "egile eskubideak" bezalako hitzak aski ezagunak egin zaizkigu. Idazle, kazetari eta kritikoek lerro asko idatzi dituzte jabetza intelektualaren inguruan. Atxiloketak eta epaiketak ere izan dira (Espainian iaz 8.000 polizia operazio egin ziren) eta diskoetxe eta zinema produktoreen izua nabaria da, oso agerian dagoen krisi baten aurrean. Edozein motako informazioa kopiatzen da, baina batik bat musika, film eta software informatikoak eragin du eztabaida gehien. Datu eta estatistika ugari igorri dira gai honen inguruan, beldurgarri eta apokaliptikoak batzuk eta kritikoak eta baikorragoak besteak.

Europako hainbat diputatuk sinatutako agiri batean esaten denez, Europan pirateriak 17.000 lanpostu suntsitzen ditu urtero. Beste iturri batzuen arabera, EAEn iaz Internetetik 12 milioi abesti edo film ilegal jaitsi ziren. Hollywoodek bere aldetik, P2P programen bidez trukatutako filmek urte batean 3.000 milioi dolarreko galera eragin dutela uste du. SGAEren arabera, musikaren pirateriaren bolumena dendetan saldutako diskoen kopuruaren parekoa da. Informa Media Erresuma Batuko aholkularitzak eginiko ikerketa baten emaitzen arabera, 2008. urtean pirateriak diskoetxeei 4.700 milioi eurotako galerak ekarriko dizkie eta Ya.com-ek duela gutxi eginiko inkestan parte hartu zutenetatik %53,19 modu legalean artxiboak jaisteko prest agertu ziren, baldin eta horrek produktuaren kalitatea bermatzen bazuen, eta inkesta berean, hamarretik bederatzi CD eta DVDei jarri zaien kanonaren alde agertu ziren.

Baina zergatik hainbeste iskanbila? Zer dira egile eskubideak? Zertarako daude? Internetek al du guztiaren errua? P2P programek agian? Eta are eta garrantzitsuagoa dena, kontsumitzaileongan zer eragin du honek guztiak? Zer nolako etorkizunera garamatza? Galdera gehiegi dira eta irakurleari bere iritzia osatzeko testuingurua eman beharrean gaude. Hala, hori guztia azaltzeko, legea bera ulertzetik hasi beharko ginateke.

Egile eskubideen nondik norakoak


Egile eskubideak sorkuntza artistikoak babesteko eta autoreei beren lanagatik diru ordain bat emateko sortu ziren, duela bost edo sei mende. Antzina ez zegoen sortzailerik, Altamira edo Lascaux kobetako marrazkiak esaterako, kolektibo baten lanaren emaitza bezala ulertzen ditugu, ez autore jakin baten sorkuntza gisa. XV. mendean ordea, Gutenberg-en inprentak iraultza ekarri zuen bizitzaren arlo askotara, besteak beste, legearen esparrura. Gauzak horrela, liburuen idazleek nolabaiteko etekina atera nahi zuten egindako lanagatik, ikusten baitzuten bestela beste batzuek egingo zutela beren kontura, liburuak inprimatzeaz eta zabaltzeaz arduratzen zirenek, alegia. Hala, obraren egiletasuna aitortzea garrantzitsua bihurtu zen eta pixkanaka-pixkanaka bi kultura nagusi sortu ziren: Bata "copyright"aren kultura eta bestea egile eskubideena. Lehena common law deritzona aplikatzen duten herrialdeetan ematen da, Erresuma Batuan, AEBetan, Australian eta oro har Commonwealth (www.thecommonwealth.org/) osatzen duten herrialdeetan. Bigarrena berriz, civil law deritzona erabiltzen duten lurraldeetan dago sustraiturik, Europa kontinentaleko herrialdeetan, Latinoamerikan eta Afrika frankofonoa osatzen duten guneetan. Aipatu bi kulturen artean badira lege aldetik oso nabariak diren desberdintasunak, baina funtsean biek egileak babesten dituzte, nahiz eta egiletasun hori aitortzerako orduan desberdintasunak dauden bien artean.

Eskubide horiek historikoki garai berrietara moldatzen joan dira, hasierako mamia mantenduz. Gaur egun ordea, teknologia etengabe aurrera doan urte hauetan, legea garai berrietara moldatu beharra inoiz baino beharrezkoagoa bihurtu da. Zergatik? Gutenberg-en inprentak kopiatzeko gaitasuna ekarri zuen, baita fotokopiagailuak ere, irratiak eta telebistak berriz, sorkuntza desberdinak publikoki komunikatzeko ahalmena zutela erakutsi ziguten, baina Internet kopiatzeko munduko makinarik onena, handiena eta bikainena da! Hala, jabetza intelektuala inoiz baino erasotuagoa sentitzen da eta aldi berean, ezagutza elkarren artean banatzeko eta handitzeko aukerak ere mugagabeak bihurtzen dira. Bi jarrera horien, hau da, egile eskubideak defendatzen dituztenen eta informazioa kopiatu eta elkarren artean partekatu nahi dutenen arteko iritzi eta jarreren arteko aldeak hutsune sakon eta handia ireki du. Tartean berriz, interes filosofikoak eta nola ez, ekonomikoak geratzen dira.

Interes ekonomiko horiek ez dira bakarrik autoreenak, baizik eta neurri handi batean horien eta kontsumitzaileen artean eraiki diren gainontzeko bitartekariena: diskoetxeak, filmen produkzio-etxeak eta SGAE bezalako sortzaileen elkarteak, esaterako.

Egile eskubideen eremua garai berrietara ekarri behar horretan, 1996an nazioarteko hainbat ordezkarik Jabetza Intelektualaren Mundu Erakundearen (OMPIren) baitan egindako batzar batean, bi tratatu onartu zituzten: TODA eta TOIEF. Horren ondorio gisa, AEBetan, 1998an "Digital Millenium Copyright Act" izenez ezagutzen dena onartu zen. Europan berriz, bi arteztarau onartu dira orain arte, merkataritza elektronikoari buruzkoa bata (2000. urtean) eta informazioaren gizarteko egile eskubideei buruzkoa bestea (2001. urtean). Orain Europako herrialdeek aipatu arteztarau horietara egokitu behar dituzte euren legeak. Frantzian Jabetza Intelektualaren Legea jada onartua dago. Espainiaren kasuan berriz, 1996. urteko Jabetza Intelektualaren legea berritzeko aurreproiektua aurkeztu zen 2002ko azaroan eta oraindik bere horretan jarraitzen du, behin-betiko onarpenik jaso gabe. Ez ditugu hemen aurreproiektu horrek ekarriko lituzkeen aldaketak azalduko, horrek beste erreportaje baterako ematen baitu, baina iskanbilak ekarri dituela eta etorkizunean ere segur aski liskarrak ekarriko dituela esango dugu. SGAE adibidez, ez dago batere gustura, besteak beste, lege berriak Espainiako Gobernuak izendatutako batzorde bat osatzea suposatuko lukeelako. Batzorde horrek alderdi desberdinen arteko negoziazioetan konpondu ezinak sortuko balira, sormen lanen prezioak finkatuko lituzke. SGAE ez dago batere ados eta batzorde horrekin 15 urtetan 11.000 milioi galduko lituzkeela estimatu du.

P2P programak


Musika eta filmak eskuratzeko modu desberdinak daude. Batzuk legalak eta besteak ilegalak edo ez hain legalak. Bigarren multzokoen artean arrakasta handiena dutenak P2P programak dira. Kazaa, eMule, Morpheus, Grokster eta jada desagertutako Napster dira horietako batzuk. Internet bidezko doako trukaketa sistema horien berezitasuna zera da, erabiltzailea nick edo ezizen bat erabiliz konektatzen dela eta nahi duen abesti edo filma munduko edozein txokotan dagoen beste erabiltzaile baten ordenagailutik berera kopiatzen duela. Gainera, gero eta hedatuagoa dagoen banda zabalak (ADSL edo kable bidezko konexioa) horretarako gero eta erraztasun gehiago ematen ditu. Duela urte batzuk ia pentsaezina zen film oso bat deskargatzea, denbora asko behar baitzen horretarako. Gaur egun ordea, egun bat edo bitan eskura daiteke.

Ikuspuntu legaletik abiatuta, batzuk Internetetik musika edo filmak jaistea ez dela delitua argudiatzen dute, baldin eta erabilera pertsonalerako egiten bada. Egile eskubideez babesturiko materiala P2P sarera igotzen badugu ordea, delitua egiten ariko ginateke, hori komunikazio publikoa egitea baita eta eskubide hori autoreak edo bitartekariren batek izan ohi du, diskoetxeek edo filmen produkzio-etxeek, esaterako. Espainian oraingoz indarrean dagoen Jabetza Intelektualaren Legearen 31. artikuluak garbi adierazten du erabilera pertsonalerako egiten den kopia pribatuak ez duela egilearen baimenik behar. Hala ere, lehen esan bezala, legea garai berrietara moldatu nahian ari da, motel-motel, eta bitartean gizarteak askoz ere abiadura handiagoa darama. Beraz, oraingoz legeari bai, baina batik bat jurisprudentziari erreparatu behar diogu. Hau da, auzitegi desberdinek gai hauekiko ematen dituzten epaiei.

P2P programen aurkako ekintzak


P2P programen aurkari nagusienak, hasiera-hasieratik, musikaren eta zinemaren industria izan dira. P2P programen aurkako ekintzen aurrekaria 1999ko urtarrilean koka genezake. Orduan, Universal , BMI , EMI, Sony eta Warner diskoetxeak biltzen dituen AEBetako Industria Diskografikoaren Elkarteak, RIAAk MyMP3 zerbitzuaren aurka egin zuen. Zerbitzu horrek lehenago bezeroak erosi zuen CDko abestiak on line entzuteko aukera ematen zuen. Horretarako egile eskubideak zituzten abestien datu base bat zuen, baina MP3.com enpresak ez zuen abesti horiengatik ezer ordaindu. Salaketen ondorioz, hasieran doakoa zen zerbitzu hura kobratzen hasi behar izan zuten.

MyMP3.com ordea, ez zen P2P programa bat. Bai ordea, Napster famatua. Hala, 1999ko abenduaren 7an azken horren txanda heldu zen. Orduan ere RIAA izan zen salaketa aurkeztu zuena. Napsterrek, MP3.com zerbitzuak ez bezala, ez zuen abestiz beteriko datu base bat. Aitzitik, erabiltzaileen arteko komunikaziorako bidea zela argudiatu zuten salaketaren aurka aritu ziren abokatuek. Hala ere, Napsterrek zerbitzari zentral bat zuen eta ondorioz, erabiltzaileek ekintza ilegal bat egin zezaten bideak jartzeaz salatu zuten (contributory infrigment). Doako Napsterrek bere ateak itxi behar izan zituen.

Bestalde, RIAA 1997. urtetik hasia zen jada unibertsitateen gainean presioa egiten, konturatu baitzen MP3 formatuko fitxategi kopuru handiak kopiatzen eta trukatzen zirela bertan. Presio horien ondorioz, Kaliforniako", Northwesterngo, Harvardeko, Indianako eta beste hainbat lekutako unibertsitateek Napster zerbitzurako sarrera blokeatu zuten. Unibertsitateen gaineko arreta mantenduz joan da gaur egunera arte eta unibertsitateko agintariak beraiek dira neurriak hartzen dituztenak, ekintza ilegalak egin ez daitezen. EHUko unibertsitatean esaterako, musika eta filmak ez trukatzeko dagozkion portuak blokeatzen dira eta egunero sarearen analisiak egiten dira. Ahots kritiko ugarik diote unibertsitateen gaineko presioa oso estrategia neurtua dela. Hau da, erabiltzaile handien kopurua gutxitzea bilatzen duela. Ekonomialarien metafora bat erabiliz, merkatua arratoiz eta elefantez osaturik dago. Nahikoa da azken horien aktibitatea kontrolatzea ordena jartzeko.

Hala ere, unibertsitate guztien jarrera ez da berdina izan. Maineko (AEB) Unibertsitatean adibidez, musika, bideoak, testuak eta programaziorako kodeak libreki trukatzeko The Pool izeneko proiektua garatu dute. Swarthmore eta Harvardeko unibertsitateak ere partekatzeko kulturan oinarritutako berezko proiektuak osatu dituzte.

Baina egile eskubideen zaintzan aritzen direnen begirada zabalak ez du mugarik eta unibertsitateen ondoren, P2P programen erabiltzaileei iritsi zaie ordua.

Iaz AEBetako auzitegi batek P2P programak -Morpheus eta Grokster esaterako- ez direla ilegalak ebatzi zuen, ez baitute musika metatzen eta Napsterrek ez bezala, ez dute zerbitzari zentralik. Hau da, zerbitzu deszentralizatuak dira. Horren aurrean RIAAk zuzenean erabiltzaileak salatzea erabaki zuen. Hala, joan den irailaz geroztik 500 erabiltzaile baino gehiago izan dira salatuak AEBetan. Europan berriz, Espainia izan zen lehen herrialdea horrelako salaketak aurkezten. Multimedia sektoreko 38 enpresa inguruk P2P programen 4.000 erabiltzaile inguru salatu zituzten.

Horrelako erasoak artxibo gehien kopiatzen dituztenen aurka egiten dituztela esaten dute erabiltzaileek Interneteko hainbat forotan, bai baitakite sare horietan egon ohi den edukien %90 erabiltzaileen %10ak jartzen dutela.

Baina salaketa aurkezterako orduan, salatzaileek normalean erabiltzaileen nick edo ezizena bakarrik aurkez dezakete, beste daturik ez baitute eta horregatik sarera sarbidea ematen duten enpresei erabiltzaile horien nortasuna ahalbidetzeko eskatzen diete. AEBetako apelazio auzitegi batek ordea, Interneteko sarbidea ematen duen Verizon enpresaren alde egin berri du, horrela bere bezeroen datuak sekretuan mantentzea ahalbidetuz.

Askoren aburuz, pribatutasunaren aurkako ekintzatzat jo daitekeen arren, P2P programen erabiltzaileentzat aski ezaguna da diskoetxeek eta pirateriaren aurka egiten dutenek IP zenbakiak atzemateko saiakerak eta miaketak egiten dituztela. Erabiltzaile batek bere nick edo ezizena edozein unetan alda dezake, baina bere IP zenbakia ezagututa, nahikoa da Interneteko sarbidea ematen duen enpresarengana joatea eta egun eta ordu jakin batean IP zenbaki hori zuen erabiltzailearen datuak eskatzea, baldin eta horretarako epailearen baimena baldin badu.

Horren aurrean P2P programen erabiltzaileak jada prestatuak egon ohi dira eta doakoak diren programak erabiltzen dituzte IP zenbaki horien miaketa oztopatzeko. Programa horien artean oso ezaguna bihurtu den bat, PeerGuardian edo zakur zaintzailea da.

Bestalde, egile eskubideei egiten zaien erasoaz gain, P2P sare askotan programa "espioiak" ("spyware" izenez ezagutuak) egon ohi dira, erabiltzailearen nabigazio ohiturak eta bestelako datuak biltzeko helburuz. Horregatik oso garrantzitsua da kutsatutako aplikazioak zein diren jakitea. Kazaaren doako bertsioa adibidez, kutsatua dago, eMule aldiz, ez.

Musikaren ondoren filmak


Lehen aipatu dugun moduan gero eta azkarragoak diren konexioei esker, gaur egun nahiko zabaldua dago musika ez ezik, Internetetik filmak ere jaisteko joera. DIVX konpresio maila handia ahalbidetzen duen formatuak ere eragin handia izan du horretan, gaur egun posible baita film oso bat CD batean sartzea eta ordenagailuan edo zenbait DVD erreproduzitzailetan ikustea. Testuinguru honen haritik, oraindik film oso bat jaisteko egun bat behar den arren (abesti bat jaistea 5-15 minutuko kontua den bitartean), zenbait aurreikuspenen arabera, egunero 350.000 edo 400.000 film trukatzen dira P2P sareen bidez.

Filmen produkzio-etxeak, diskoetxeekin zer gertatu den ikusita, askoz ere tentu handiagoz dabiltza. Hala ere, ezin dituzte filtrazioak saihestu. Sarritan filmak zine aretoetan estreinatu aurretik sarean topa daitezke, hori gertatu zen esaterako "Spyderman edo "Hulk" filmekin, zenbait adibide ematearren. Duela gutxi berriz, ospatu berri diren Oscar sarietarako izendatutako bi film kopiatuak eta sarean jarriak izan ziren, "Something's gotta give" eta "The last samurai". AEBetako Zinematografia Akademiak botoemaileei kopiak igortzen dizkie, eta, antza denez, akademiako kide bat izan zen filmak pirateatzeko aukera sortzearen erruduna. Ikerketa baten arabera, zinemaren industrian lan egiten dutenek ematen dituzte ezkutuan film piraten %77. Bestalde, komunikabideentzat eskaintzen diren emanaldietan (filmaren estreinaldiaren aurretik) norbaitek bideokamera bat erabiliz filma grabatzea eta ondoren sarera igotzea ere oso ohikoa da. Produkzio-etxeak horrelakorik gerta ez dadin neurriak hartzen ari dira, zenbait kasutan aretoetara sartzerakoan jendearen poltsiko eta poltsak arakatuz edo/eta areto barruan iluntasunean ikustea ahalbidetzen duten binokularrak dituzten zaintzaileak jarriz. Beste kasu batzutan film arrakastatsuak moztuta jartzen dituzte sarean edo okerrak diren bertsioak igotzen dituzte, horrela filmaren bila dabilena etsiarazteko. Produkzio-etxeak izugarrizko segurtasun bunkerrak diruditela dioenik ere bada, eta guztia kopia digitalak babesteko, egile eskubideak defendatzeko eta nola ez, enpresaren mozkinak bermatzeko.

Hainbat istilu sortu dituen kanona

Egile eskubideak defendatu asmoz, ekintza desberdinak eraman dira aurrera. Batzuk jada aipatu ditugu, P2P programen erabiltzaileen aurkako salaketak, zinema aretoetara sartzeko kontrolak eta abar. Hala ere, ekintza horien artean ezagunena eta agian istilu gehien sortu dituena CD eta DVDei jarri zaien kanona izan da.

Joan den irailaren 1ean indarrean sartu zen ASIMELEC (CD ekoizle eta inportatzaile enpresak) eta egile eskubideak gestionatzen dituzten sei erakundek (AIE, AISGE, EGEDA, DAMA, SGAE eta CEDRO) sinatutako akordioa. Akordio horren arabera, grabatzeko balio duten CDei eta DVDei kanon bat ezarri zaie, egile eskubideei egiten zaien kaltea orekatzeko. Zehazki produktu horiek orain %35 inguru garestiago dira.

Kanon horrek erreakzio ugari eragin ditu. Besteak beste, prezio igoeraren aurka agertu diren erakunde edo mugimenduetako batzuk Sincanon eta Internauten Elkartea izan dira. Bestalde, Javier de la Cueva abokatuak joan den urteko abuztuan akordio horren aurka egin zuen eta Abokatuen Kontseilu Orokorrak "zuzenbidean lanean aritzen diren profesionalentzat baldintza bereziak ezartzeko" eskatu zuen. De la Cuevaren esanetan, "Jabetza intelektualari buruzko legearen arabera, kopiatu daitezkeen objektuen irabazien zati bat egile eta editoreentzat izango da. 1965ean onartu zen eskubide hori, eta garai hartan, kopiak gorde ahal izateko euskarri gutxi zeuden. Egun, ordea, euskarri digitaletan denetarik gordetzen dugu. Beraz, lehen justua zena egun ez da hala. Legezkoa da, baina ez justua".

Hain zuzen ere, Espainian eta ondorioz EAEn indarrean dagoen Jabetza Intelektualaren 31. artikuluak dioenaren arabera, edonork obra baten kopia pribatua egiteko eskubidea dauka, egileari inolako baimenik eskatu gabe. Horren ordainetan, 25. artikuluak dio egileek kopia pribatu horiengatik ordainsari bakar eta bidezkoa jasotzeko eskubidea daukatela. Hala, legeak kopiatzeko balio duten makinak ekoizten dituzten enpresek beren produktuek kopiatzeko duten gaitasunaren araberakoa den kopurua ordaindu behar dutela dio. Azken finean, ordaintzen duena kontsumitzailea da.

Artikulu horri jarraiki, orain arteko fotokopiagailuek eta kaseteko zinta analogikoek ere bazuten kanona. Eduardo Bautista, SGAEko presidentearen aburuz, "merkatal gune batean erosten dugunean, besteek lapurtzen dutena ordaintzen ari gara. Produktu baten merkatuko prezioak merkaturatze arriskuak daramatza inplizituki. Ez bagenu jakingo produktuak kanona daramala, besterik gabe erosiko genuke. Hemen Business Software Alliancek (BSA) gidatutako kanpaina bat egon da".

CD eta DVDen gaineko kanonaren aurkariek ordea, zera argudiatzen dute, euskarri digital horietan ez direla bakarrik abestiak eta filmak grabatzen, mota guztietako datuak ere grabatzen direla eta ez dela bidezkoa gutxi batzuengatik guztiok ordaintzea. Gainera, Internauten Elkarteak dio kontsumitzailea bi aldiz ari dela kanona ordaintzen, bata grabaketa ahalbidetzen duen aparailu digitalarengatik eta bestea CD edo DVDarengatik. Ahots kritikoak ez dira kikiltzen eta SGAE eta antzerako elkarteek galtzeari utzi ez, baizik eta dirua irabaziko dutela argudiatzen dute. Duela gutxi kaleratutako datuen arabera, EGEDAk, ikusentzunezko ekoizleak biltzen dituen elkarteak, urte batean zazpi milioi euro jasoko ditu DVDen gaineko kanonari esker. SGAEk berriz, 2004an ia bost milioi euroko irabazia lortuko duela diote. Baina autoreek kanon horren zati txiki-txiki bat baino ez dute ikusiko, 0,17 eurotatik 0,07 izango dira autoreentzat. Gainera, zati hori sortzaileen elkarteko bazkide diren guztien artean banatu behar da (SGAEren kasuan 66.000 inguru dira gaur egun). Horrez gain, Jabetza Intelektualaren 154. artikuluaren arabera, autoreek beren lanen erabileraren araberako diru kopurua kobratu behar dute. Horregatik sortzaileen elkarteek tarteka komunikabideetan azterketak egiten dituzte, zein autorek saltzen duten gehien jakiteko. Horregatik, bazkideen zati handi batek ez du kanona usaindu ere egingo.

Arrazoi guzti horiek direla medio, kanonaren aurkako kanpaina indartsua hasi zuten Internauten Elkartekoek eta Sincanon mugimendukoek. Besteak beste, hainbat web guneetan kanonaren atzaparretatik nola ihes egin eta nola protestatu azaltzen dute xehetasun guztiekin.

CD eta DVDen ondoren, ordenagailuen gainean ere kanona ezarriko zela zabaldu zen, baina SGAEk gezurtatu egin zuen. Internetera sartzeko ere kanona ezarriko dutela diote zenbait zurrumurruk, baina oraindik horiek esamesak baino ez dira.

Baina kanonaz gain, pirateriari aurre egiteko beste ekintza eta aldarrikapen batzuk ere eraman dira aurrera. Batzuk film eta musikaren gaineko BEZa txikiagoa izan dadila eskatzen dute. Ahots kritikoek diote neurri horrekin diskoetxeak izango liratekeela probetxua aterako luketenak, ez kontsumitzaileak, abesti eta filmen prezioa ez luketelako beheratuko. Bestalde, pirateriari aurre egiteko neurrien artean, beste batzuk denda txiki zein handietan prezio berdinak manten daitezela aldarrikatu dute. Kontzertuetako birak DVD formatuan saltzen ere hasi dira diskoetxeak, publikoa irudiekin erakarri asmoz. Ekimen horrekin bat egin dute esaterako, Madonna edo Robbie Williams bezalako abeslariak, baita U2 edo Ska-p bezalako taldeak ere. Gure artean berriz,
Azpijokoa izan da diskoetxe batzuk erabiltzen hasi diren beste neurri bat.
The New York Times egunkariak kaleratutako informazioaren arabera, diskoetxe handiak software enpresa txikiak finantzatzen ari dira, pirateatutako abestiak Internetetik jaisten dituzten erabiltzaileen ordenagailu eta konexioak saboteatzeko sistemak gara ditzaten.

Kopiatzea oztopatzen duten sistemak


Garapen teknologikoak pirateriaren aurkako asmakizunak ere ekarri ditu. Datuak bakarrik grabatzea ahalbidetzen duen CDa aipa dezakegu alde batetik, CD-DO izenez ezagutua, eta 48 ordutan erabilgarri izateari uzten dion DVDa aurki dezakegu bestetik, Flexplay Technologies enpresak EZ-D izenez bataiatua. Etorkizunean azken horrek DVDen alokairuaren merkatua erabat aldatuko duela diote adituek, filmak ez baitira itzuli beharko, 48 ordutan erabiltezinak izango baitira. Azkenik, kopiak egitea oztopatzen duten sistemak ere garatu dituzte eta hain zuzen ere, sistema horiei dagokionez sortu dira kritika gehien. "Nola da posible, alde batetik kopia pribatuaren kaltea orekatzeko kanon bat ordaintzen egotea eta aldi berean kopia horiek egitea oztopatzen duten sistemak egotea?, diote hainbatek. Pablo Hernandez, SGAEko arduradun juridikoaren aburuz, "Europako arteztarauak bateragarri egiten ditu kopia pribatuarengatik aplikatzen den ordainsaria eta berau oztopatzen duten sistemak. Kopiak oztopatzen dituzten sistemak unibertsalak eta eraginkorrak balira, ordainsari orekatzaileak ez luke zentzurik izango, ez bailitzateke kopia pribaturik egongo. Baina badaude".

Baina kopiak egitea oztopatzen duten sistemak baldin badaude, zergatik egiten dira kopia ilegalak? Sistema horiek apurtzen dituzten programak daudelako, horien artean ezagunena DeCSS izenekoa da. Baina, 2004ko urriaren 1ean Espainian eta ondorioz EAEn indarrean sartzen den kode penal berriaren arabera, DeCSS programa izatea edo Interneteko lekuren batean zintzilikatzea delitua izango da. Agustin Gonzalez abokatuaren aburuz, Jabetza Intelektualaren lege berriak zehaztu beharko du kopiak oztopatzen dituzten sistemen eta kopia pribatuaren arteko erlazioa. Oraingoz, kode penalak hutsune asko utzi ditu argitu gabe eta horien gainean jurisprudentziak erabaki beharko du.

Kontraekintzak: CC eta Copyleft


Baina hiritar arruntak ere ez dira atzean geratu eta diskoetxe eta zinema produkzio etxeen ekintzen aurrean, kontraekintzak antolatu dituzte. Adibidez, www.sendthemback.org web gunearen bitartez MP3 musika artxiboak beren jabeei itzultzeko kanpaina bat jarri zuten martxan. "Diskoetxeek musika lapurtu dugula badiote, zergatik ez itzuli?", galdetzen dute ekimen honen sustatzaileek. Ekintza desberdinen artean, kopiatutako MP3 artxiboak e-posta bidez RIIAri bidaltzea proposatzen dute. Internetetik musika jaitsi duten guztiek hori egingo balute, elkartearen zerbitzaria guztiz kolapsatuko litzateke.

Nahiko entzutetsua izan den beste ekimen bat "CD Crossing" deritzona da. Kanona duen CD batean jatorrizko disko bat kopiatzean datza eta ondoren, kanonaren inguruko informazioa ematen duen eta CD hori ez dela pirata argudiatzen duen mezu batekin batera, leku publiko batean uztea. CDa ikusten duen hurrengoari entzuteko edo kopiatzeko gonbitea egiten zaio, berriro ere leku publiko batean utzi dezala eskatuz. Horrela, Internauten Elkarteak gai honekiko duen jarrera ezagutarazi nahi die guztiei.

Baina segur aski kontraekintzarik filosofikoena "copyleft"aren kontzeptuarena izango da. "Copyleft" hitzak autorearenak diren eskubideak hirugarren batzuei uztea esan nahi du. Baina, nahiz eta gure kulturan, hau da egile eskubideen kulturan, asko zabaldu den termino bat izan, Javier Diaz Noci EHUko irakasleak azpimarratzen duenez, batik bat lehen aipatutako "common law" edo "copyright"aren kulturan sortutako behar bati erantzuten dio "Copyleft"ak. AEBetan adibidez, enpresa batek eskubide moralak izan ditzake. Egile eskubideen kulturan hori ez da gertatzen, eskubide moralak autorearenak baitira eta lizentzia bidez hirugarren batzuei igorri dakizkiokeen eskubideak, eskubide patrimonialak dira (adibidez eskubide patrimonialak dira obra erreproduzitzeko edo komunikazio publikoa egiteko eskubidea). Horregatik dio Diaz Nocik "copyright"aren kulturan "copyleft" kontzeptua asmatzeko beharra sentitu dutela. "Hau da, haien obra enpresaren agintepetik atera, askatu edo, eta haiekin nahi dutena" egiteko. Guk tradizio anglosaxoitik datorkigun kontzeptua onartu dugu, "kontuan izan gabe gure tradizio juridikoa oso ezberdina dela", dio EHUko irakasleak.

Ildo honetatik AEBetako Creative Commons enpresak egile eskubideekin arazorik sortu ez dadin testuinguru digitalerako pentsatutako lizentzia batzuk ematen ditu, "copyleft"aren filosofiari jarraiki. Lizentzia hori erabiltzen duten autoreek beren lana erabilia, kopiatua, erreproduzitua, zabaldua eta eraldatua izateko baimena ematen dute. Gainera, autoreak hiru aukeren artean hauta dezake: Bere lanaren egiletasuna aitortzea nahi duen edo ez, helburu komertzialekin erabilia izan daitekeen edo ez eta aldaketak onartzen dituen edo ez. "Sarea gutizian baino maitasunean oinarrituz funtzionatzen" duela dioen baieztapenean oinarrituz, Francis Pisani ziberkazetariak "El País" egunkariko zutabe batean zioen Creative Commons-en helburua plazerraren eta diruaren etikak bateragarri egitea dela, erlazio hori zer neurritan izan behar duen erabakitzeko ahalmena autorearen eskutan utziz.

Azken finean, Negroponteren terminoak erabiliz, atomoen garaitik biten garaira pasa gara eta horrek derrigorrezkoa bihurtzen du egokitzapena. Hasteko, juridikoki aldaketa horrek suposatzen duena ongi ulertu eta islatu behar da paperetan. Gainera, aldaketa horrek presa dauka, legearen erritmoa eta teknologiak daramana ez baitoaz inondik inora parean. Jabetza intelektuala arriskuan egon daiteke eta horrekin batera baita gizartearen sorkuntzarako gaitasuna eta ezagutza bera ere. Baina norbanakoaren pribatutasun eskubidea ere kolokan egon daiteke eta guztion artean neurria hartzen ez badiogu, Pedro de las Heras Quirós eta Jesus M. González Barahonak, software librearen inguruan dabiltzan bi autorek, artikulu batean 2010. urterako aurreikusten duten etorkizuna datorkigu gainera, uneoro munduko aparailu bakoitzak erreproduzitzen dituen soinu eta irudiak kontrolatuko dituen mundua, hain zuzen ere.

Musika eta filmak eskuratzeko moduak

Nahiz eta orain arte P2P programei buruz aritu garen, badira musika eta filmak eskuratzeko beste modu batzuk ere.

Zer aukera ditugu bada, gure gustuko film edo abestia eskuratu nahi badugu?

CD grabagailu bat erabiliz, norbaitek utzitako CD originala (edo jatorrizkoaren kopia) grabatu dezakegu. Kasu horretan erabilera pertsonalerako kopia pribatu bat egiten ari garela argudiatu dezakegu legearen aurrean.

P2P sareetara konektatuz. Luze hitz egin dugu gai honen inguruan eta lege aldetik nahasketa handia dagoen arren, esan dezakegu jaisten den materiala erabilera pertsonalerako kopia pribatu bat dela argudiatzen bada, legearen eremuaren barnean kokatuko ginatekeela. Aldiz, material hori sarera igotzen badugu, beste edozeinek eskuratzeko moduan, orduan jabetza intelektualaren aurkako delitua egiten ariko ginateke. Gehienetan ordea, P2P sareen erabiltzaileek bi ekintzak egiten dituzte, horixe baita sare horien aberastasuna, hain zuzen ere.

"Top manta". Kaleko saltzaileei pirateatutako CDak edo DVDak erostea, dendatan baino merkeagoa baita. Hauxe da egile eskubideen aurkako ekintza ilegalenik garbiena. Saltzaileak artisten kontura irabaziak lortzen dituzte eta hori jabetza intelektualaren legeak ez du onartzen inondik inora ere. Hala ere, kasu honetan legearen aurrean erantzun behar duena saltzailea da, ez eroslea, nahiz eta teknikoki azken hori ere erruduna den, produktu piratak erosten ari zenaren jakitun zela frogatzen bada.

Abesti edo filmak Interneten erostea. Orain arte diskoetxe eta filmen produkzio-etxeei egin zaien kritika nagusi bat horixe izan da, garai berrietara ez direla egokitu eta pirateriaren aurka beren indar guztiak xahutu ordez, teknologia berriak erabiliz, salmentara zuzendutako estrategia berriak garatu behar dituztela. Iritzi kritiko horiei erantzunez, hasiak dira zenbait diskoetxe eta produkzio etxe ahalegin horretan. Hala, eredu desberdinak hasi dira garatzen.

Dendetara joanez: Duela gutxi arte jende gehienak dendetara jotzen zuen, musika eta filmak erostera edo alokatzera.

Eredu legalak

Nazioartera begiratzen badugu, Pro-music.org, Music Match, BuyMusic, Rhapsody, emusic.com, MusicNet.com, Napster berria, Movielink edo Apple-en iTunes bezalako zerbitzuak aurkituko ditugu. Guztiek oso merke eskaintzen dituzte beren produktuak. Esaterako, iTunes-ek 0,79-1,20 dolar bitartean eskaintzen ditu abestiak eta 9,99 dolarretan album osoak. iTunes-ek eskaintzen duen zerbitzua "kartara" da, hau da, norberak nahi duena aukeratzen du.

Beste eredu batzuk harpidetzatan oinarritzen dira. eMusic-ek adibidez, hilean 9,99 dolar kobratzen ditu eta horren truke bezeroak 40 abesti deskargatzeko aukera du. Hilean 14.99 dolar ordainduz berriz, 65 abesti jaitsi daitezke.

Bada beste eredu bat ere, streaming-arena. Hau da, materiala sarean zuzenean entzuteko/ikusteko aukera eskaintzen duena. Eredu hau Rhapsodyk erabiltzen du (RealNetworks enpresaren zerbitzua). Bezeroak hilean kopuru bat ordaintzen du eta nahi adina abesti entzun ditzake. Musika saretik jaistea nahi badu, gehiago ordaindu behar du, normalean abestiko dolar bat.

Eredu legal horiek ematen dituzten datuak ez dira batere txarrak eta zenbait adituk zinema eta musikaren etorkizuna baikorra izango dela baieztatzen dute. iTunesek sortu eta lehen zazpi hilabetetan 20 milioi abesti saldu zituen eta joan den urrian Rhapsodyk 250.000 harpide zituen.

Askoren ustez gakoa bezeroari eskaintza zabala ematea da, bestela P2P sareetara joko baitu, bertan aukerak askoz ere anitzagoak baitira. Datuek nahikoa esaten dute. Kazaa sarearen erabiltzaileek 5.000 milioi abesti trukatzen dituzte egunean, horrek barregarri uzten ditu iTunes-ek lehen zazpi hilabeteetan saldutako 20 milioi abestiak. Horregatik Napster berria eta Rhapsody adibidez, balore erantsia eskaintzen duten zerbitzuak ematen hasi dira. Hau da, bezeroen arteko komunitateak sustatu nahi dituzte, elkarren artean abestien zatiak eta horien inguruko iritziak trukatu ditzaten. P2P sareen aldean, zerbait bereizgarria eta erakargarria eskaini behar dute gune legalek. Ildo honetatik, etorkizunari begira diskoetxe batzuk itxaropen handiak jarri dituzte mugikorretako tonuetan. Gaur egun munduan 1.500 milioi pertsonek dute mugikorra eta telefono horientzako norberaren gustura egokitutako tonuak ezartzea oso zabaldua dagoen ohitura da.

Bestalde, ideiei astindu bat eman dionik ere bada. Hala, benetan ekimen berritzaileak iritsi zaizkigu azkenaldian. Horietako bat Weed enpresaren proposamena da. Enpresa horrek musika jaisteko aukera ematen digu, baina hiru aldiz bakarrik entzun ahal izango dugu abestia. Orduan erosi nahi dugun edo ez erabaki beharko dugu. Erosten badugu, %5, %10 edo %20ko deskontuak eskuratu ahal ditugu. Gauzak erraz ulertzeko, eman dezagun A bezeroak abestia erosten duela, B bezeroak A bezeroari esker jaisten du abestia, C bezeroak B bezeroari esker eta D bezeroak C bezeroari esker. D bezeroak abestia erosiko balu, C bezeroak produktuaren balioaren %20 eskuratuko luke, B bezeroak %10 eta A bezeroak %5. Weed enpresaren eredua aspaldiko lelo batean oinarritzen da: etsaia ezin baduzu garaitu, elkartu zaitez berarekin.

Euskal Herrian krisiari aurre egiteko elkartu behar dutenak diskoetxeak dira. Otsailaren amaierarako Euskal Herriko 15 diskoetxe inguru elkarte berri batean bilduko direla iragarri dute. Elkar diskoetxeko zuzendari eta elkarte berriaren presidente Anjel Valdesen aburuz, erakunde berriarekin sektorearen %90 batua egongo da. Gor diskoetxeko Marino Goñiren esanetan, "orain arte bakoitzak bere aldetik egin du lan, baina, beharbada, krisiaren ondorioz, ohartu gara elkartu beharra dugula, instituzio eta elkarte askorekin izan behar ditugulako harremanak; Eusko Jaurlaritzarekin, EITBrekin, SGAErekin edota Europako zigilu independenteak biltzen dituen Impala elkartearekin, esaterako".

Iritziak

Jose Cervera, kazetaritza digitalean aditua: "Kalkulu zentzugabe bat egin dezagun; 600 milioi nabigatzailek egunean ordu erdiz erabiltzen dute weba (oso kopuru apala); 5.000 milioi web orrialde daude Sarean (segur aski kontserbadorea, kopurua 100 aldiz handiagoa izan daiteke), zatiketa azkar bat… gaur egun planetan sareratzen den web orrialde bakoitzari giza begiradaren 3,6 minutu tokatzen zaizkio. Begiradaren 216 segundo. (…) Mekanismo hori ("copyright"arena) kaltegarria da autoreentzat eta editoreentzat. Informazioaren ekologia berrian, non dibisa nagusia arreta den, beren interesen aurka doa. Zirkulazioan dauden beren lanen kopia kopurua murrizten saiatuz, lortzen duten bakarra zera da, arretaren merkatuan kotizazioa galtzea. Eta horrekin batera, dirua". (http://jamillan.com/celcer.htm)

Pablo Cabeza, musikan aditua: "Gure industria lokal txikia, jada porrotaren ertzean aurkitzen dena, zanpatzen badugu, talde asko irtenbide herrikoiaren aukerarik gabe utziko ditugu. (…) Gure artisten lanak noizean behin erosi gabe, klonatzen baditugu, horrek euskal kulturan kalte konponezina sor lezake. Aurrekontuak ez du askorako emango, baina behin ere kutxatik pasatzen ez bagara, etorkizunean oso disko gutxi geratuko dira klonatzeko". (Gara, 2003-05-09)

Jose Felix Azkarate, Gaztelupeko Hotsak-eko (http://www.hotsak.com/) zuzendaria: "Krisia egon badago. Krisi hitza zentzu peioratiboan erabili izan da historian zehar, baina oraingoan krisiak, ohitura aldaketa bati erantzuten diola esango nuke nik. Krisia hortik dator, ez bakarrik behin eta berriro aipatzen den "top manta"tik. CDa soporte moduan ordezkatuko duen beste formatu baten hastapenetan egon gaitezke".

Hiztegia

MP3 formatua: "MPEG Audio Layer 3" izen osoaren laburdura da. Jatorrizko CD baten aldean konpresio maila oso handia eskaintzen du, soinu artxiboaren tamainan islatzen dena, baina kalitate aldetik galera ez da nabaritu ere egiten.

DIVX formatua:Audio eta bideo artxiboak, filmak esaterako konprimitzeko balio duen formatua da. Artxiboaren tamainan izugarri nabaritzen da konpresio maila hori. Ordu eta erdiko film oso bat esaterako, CD batean sar liteke eta trinkoturik ez balego, bost edo sei beharko lirateke. Esan liteke DIVX formatua bideoarentzat dela MP3 formatua audioarentzat dena.

IP zenbakia:Ingelesez "Internet Protocol" esan nahi du. Interneteko Protokoloa, alegia. 32 bit dituen zenbaki bat da eta Internetera konektatuta dauden makina guztiek IP zenbaki bat dute. Makinak informazioa batetik bestera igortzeko IP zenbakiaz baliatzen dira.

Loturak

Kanonaren aurkako protesta neurriak:

- Anti Sgae
- Internauten Elkartea
- Sin Canon
- dea.kualda.com

- "Spyware" programak dituzten P2P sareak zein diren jakiteko: vsantivirus
- Musika Internet bidez saltzeko dauden eredu legal desberdinen analisia: Telcommunity
- IFPI, Nazioarteko diskoetxeak batzen dituen elkartea: IFPI
- Otsailean Madrilen egin zen "Mundo Internet 2004" jardunaldien baitan entzun ahal izan zen "Egile eskubideen gestioa eta jabetza intelektuala Interneten" mahai-ingurua: enredando


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Egile eskubideak
Egile eskubideak alkoholetan

Paris, 1847ko martxoa. Gau batez, Café des Ambassadeurs lokal ezagunean musika zuzenean jotzen ari ziren, beste hainbatetan bezala. Entzuleen artean Ernest Bourget, Paul Henrion eta Victor Parizot zeuden, hirurak musikariak, beren sormen lanaz bizitzeko borrokan ari... [+]


Toribio Altzaga, Dorothy Parker, Winnie-the-Pooh... Hauek dira 2022an jabetza publikora pasa diren egile eta obra batzuk

Sorkuntza-lanen jabetzak zeresana eman ohi du haien egileak hil ondoren ere, baina beti iristen da hildako artistaren oinordekoekin ika-mikak amaitzen diren momentua: egile-eskubideak iraungi eta obra jabetza publikora pasatzen den momentua. Herrialde bakoitzean hori gertatzeko... [+]


2021-11-21 | Diana Franco
Teknologia
Zentsura algoritmikoaren garapena

Azaro hasieran 24/2021 errege dekretua atera zen, Europako Merkatu Digital Bakarreko egileen eskubideei lotua. Ez naiz legeetan aditua, beraz gai hau nire hizkuntzan eta ulermen gaitasunetara itzuli dut eta zenbait hausnarketa partekatu nahi ditut zuekin.


ETBren "Musika gaua" programaren bidez egile eskubideetan iruzurra egin ote zen ikertzen ari da Auzitegi Nazionala

Espainiako Auzitegi Nazionala EITB ikertzen ari da musikarien egile eskubideekin lotutako iruzurra dela-eta. Beste hamahiru telebista kate ere jo-puntuan ditu Ismael Moreno epaileak hasitako ikerketak.


Europako Parlamentuak egile-eskubideak zorrotzago babesteko urratsa eman du

Parlamentuak onartutako lege proposamena Batzordeak eta Kontseiluak onartu behar dute aurrera atera dadin.


Eguneraketa berriak daude