Mertxe Arza Navarro: «Tratu txarren atzean maitasun istorio bat dago»

  • Oso natural ohartarazi digu ez duela argazkitan ateratzerik, segurtasun neurriak medio.Argia da, benetan. Bere hitzetan, oso emakume inteligente gutxi ezkontzen omen dira, eta berak nahiago izan du ezkongabe izatea. Bizitzaz hitz egin digu batik bat: «Bizitzan ezer ez da kasualitatea» du bere lema. «Bidea norberak egin behar du».

Zer motako jendea da erasotzaile?
Larrialdietarako zentrora era guztietako jendea etortzen da. Baliabide ekonomikoak dituen jendea, lizentziatua den jendea... Hasieran ez nuen ulertzen nola den posible gizon ezkertiar batek andrea jo eta txikitzea. Ideologia politikoak oso idealizatuta nituen. Errealitatea da, berdin erasotzen dutela batzuek eta besteek. Feministen kasuan ere gertatzen da, pentsa! Gogoratzen dut emakume lesbiana bat, bere bikotekide feministak erasotzen zuela psikologikoki.
Gizonak, tratamenduan jartzen ez badira, ez dira aldatzen. Baina Nafarroan ez da lantzen erasotzaileekin ere. EAE-n bai. Eta erasotzaileak ez diren gizon taldeekin, jarrera aldatu edo birplanteatu dezaten, ez dut inon ezagutzen, Nikaraguan eta Buenos Airesen salbu.

Zer ikasi duzu hainbeste urteko lanean?
Unibertsitateko azken urteko ikasleei beti esaten diet, oso garrantzitsua dela teknikoki prestatuta irtetea, eta ikerketak ondo egiten jakitea, baina batez ere heldutasun pertsonala behar dela lan honetan. Momentu bakoitza bizitzen jakin behar da, eta jakin behar da aurrean dugun emakume bakoitza dela bakarra. Hortaz jabetzen denbora asko kosta zait niri. Baita ere kosta zait onartzea, erasotzen duten gizonak daudela eta erasotuak izaten uzten diren emakumeak. Hori hasieran ez nuen ulertzen nola izan daitekeen posible.
600 istorio entzunda ikasten diren gauzak dira. Terrorezko istorioak, oinazezko istorioak baina maitasun istorioak dira.

Nolakoak dira tratu txarrak sortzen dituzten harremanak?
Tratu txarrak jasandako emakume bakoitzaren atzean maitasun istorio bat dago. Maitasun istorio preziosoa, oso polita. Batzuei irudituko zaigu gizon hori maitale txarrak dela, baina tratu txarrak jasotzen dituen emakumeari maitale ona iruditu dakioke. Beste asko ez dira sekula maitatuak sentitu, gehienera desiratuak sentitu dira. Eta maitasuna nagusiarekin nahastu dute. Gizona bere nagusi egin dute.
Ezin da orokortu, baina normalean tratu txarrak ematen diren harremanak dependentziazkoak dira. Harreman horietan, tratu txarra ematen duten gizonak sadikoak dira eta emakumeak sumisoak. Baina elkarrenganako dependentzia bera dute. Dependentzia afektiboa droga gogorra da. Oso zaila da hausten.

Nola esplikatu daiteke tratu txarrena?
Kausak oraindik aztertzeko daude. Jaso dugun heziketagatik, izan dugun bizitzagatik...
Guk uste dugu tratu txarrak eragotzi daitezkeela. Tratu txarrak jasan dituen emakume bakoitzaren atzean dago neskatila bat, ikasi ez duena indartsu izaten, bere burua maitatzen, auto estimua altu izaten, bizitza ez dela denei gustu ematea... Eta erasotzaile bakoitzaren atzean dago mutiko bat ikasi ez duena berdintasunezko harremana zer den, sexualitatea ez dela inposatzen...
Nik tratu txarrak kokatzen ditut gizon eta emakumeen arteko aukera desberdintasuna dagoen testuinguruan. Heziketa, familia, eliza, komunikabideak dira gizon eta emakumeak aukera berdintasuna ukatzen digutenak.
Humanitatearen arazo larri bat da, ez baita hemengoa bakarrik, munduko herrialde eta kultura denetan, erlijio denetan eta klase sozial denetan ematen dena baizik.
Uste dut gizarte honetan biolentzia oso orokortuta dagoela. Herrien arteko biolentzia dago, generazioen artekoa, biolentzia ekologikoa, hizkuntzen biolentzia, familiako biolentzia beste bat gehiago da, baina ez bakarra. Eta familiako biolentziaren barruan ere emakumeena baino biolentzia gehiago ere badaude. Umeekikoa eta zaharrekikoa.
Etxeak lehen baino txikiagoak direlako, presaka bizi garelako, familia gizatalde gisa huts egiten ari zaigulako, gazte jendeak uste duelako zaharrak ez direla produktiboak... Zaharrak familia barruan gaizki tratatuak dira. Edo ez ditugu behar bezala zaintzen.
Baita ere uste dut zahar izaten ikasi beharra daukagula. Batzutan zaharrak, horretarako hezi dituztelako, egoistak baitira, elkarbizitzarako oso zailak. Bizitza hipotekatzen dute. Zahar izanagatik ez da pentsatu behar dena bestek egingo digutenik, edo arrazoi dugunik, edo dena dakigunik, edo gure gazte garaiak hobeak zirela eta biloben heziketa beti zalantzan jarri... Horrek elkarbizitza eteten du.
Arazo larriak, etxeko biolentzia bezalako gaiak, olatuka joan eta etortzen dira. Orain olatuaren puntan emakumeen tratu txarrak daude, baina soziologikoki, urte batzuek barruago, jaisten joango da, ez intentsitatean, baina bai gizartearen sentsibilitatean, eta olatuaren puntan egongo da umeen tratu txarrak. Mundu mailan, umeen heriotzaren bigarren kausa dira tratu txarrak. Hor sexuen heziketa ezberdina baino gauza gehiago ere hartu beharko ditugu kontuan, emakumea ere ari delako umeei tratu txarra ematen.
Urte askoan umiliatua izan den emakumeak, ez beti, baina kasu askotan, kontziente edo inkontzienteki, ez ditu bere umeak ondo tratatzen. Ihesbide bat da beretzat, berak jasandakoa husteko modua. Etorriko diren gizarteko arazo larri horiei aurre hartu behar diegu. Ez du balio esateak gizona dela honen errudun. Ez zait errudunak bilatzea gustatzen. Ardura ez da gizonezkoena bakarrik, emakumeena ere bai.

Tratu txarrak jasotzen uzten diren emakumeak nolakoak dira?
Lan honetan hasi ginenean, hitz egiten genuen tratu txarrak jasandako emakumeen tipologiez, ezaugarriez... Azkenean ohartu garenera arte, tratu txarrak jasandako emakume bakoitza bakarra dela. Bizitza eta maitasun istorio batekin. Horretaz kontziente izan behar dugu. Ezin da pentsatu "hau beste batek kontatu dit lehenago", ez "hau emakume honek kontatu dizu, eta gaur".
Zorte kontua ere bada. Nire garaian ezagutu banuen gizon bat seduktorea, arasotzailea... agian ni ere erasotua izango nintzen. Ez dut uste tratu txarrak jasan dituztenak eta zorte hori izan dugunok hain desberdinak garenik.

Nola bizi du tratu txar egoera emakumeak?
Tratu txar hori egunez egun bizitzen da, eta txikitu egiten du pertsona. Bada 20 urtez ia egunero entzuten duenik "lerdoa", "putakumea", "ezgauza", "malapartatua", "hemen nik nahi dudanean egiten da txortan. Ni naiz indartsua, ni naizelako inteligentea. Zu ixo!".
Tratu txarra emakumeak bere porrot sentitzen du. Batzutan familiako porrot gisa ere bai, familian norbaitek betidanik esan izan badio "gizon hau ez zaizu komeni". Eta gizartearen porrota ere bada, gizartean ez baitago ongi ikusia tratu txarrak jasan dituen emakumea. Porrot sentsazio horrek eromenera eraman ditzake. Emakume asko saiatu dira bere buruaz beste egiten. Momentu batean harremana eten beharra sentitzen badute, egoera jasangaitza egiten bazaie, errudun sentitzen hasten dira. Behin harremana hautsi dutenean, gizonenganako errukia eta pena sentitzen dute.

Etxetik kanpo emakume horiek ez al dute ingururik familian, lagun artean edo lanean?
Familietako tratu txarra tabu bat da. Emakumeak ez du inorekin hitz egiten gai horretaz. Froga argirik badago, markak esaterako, ezkutatu eta ukatu egiten dituzte.
Familiarekin harremanak hozten joaten dira, agian familia egoeraz konturatu delako eta emakumeak ukatu egiten duelako. Lagunekin berdin. Emakumea oraindik ez dago prest egoerari aurre egiteko, ez delako bere unea iritsi. Momentu horretan bakarrik sentitzen da, eta bere nagusia den gizona du makulu. Gizona, pixkanaka, emakumearen bizitza bahitzen ari da. Emakume asko lanetik etxera eta etxetik lanera bizi da.

Noiz iritsi da emakume batentzat harremana eteteko momentua?
"Te doy mis ojos" filmak oso ondo kontatzen du, filmaren bukaera aldera, emakumeak esaten dionean: "ez dizut sinistu izan, eta ez dizut sinisten". Momentu horretan da emakumea harremana eteteko prest. Gizonarengan sinisteari uzten dionean. Ordura arte, hondoa jotzean ere, gizonarengan sinistu baitu.
Izan ere, biolentzia ez da lineala, zikloka doa. Harreman bortitz eta erasokorren ostean, samurtasun harremana dator Gizonak barkamena eskatzen du, eta ez dela errepikatuko agindu. Emakumeak sinistu egiten dio, eta beste aukera bat eman, maite duelako. Baina zikloa errepikatu egiten da, eta azkenean, gizonari sinisten ez dion egunean, hautsi dezake harremana.
Larrialdi zentrora lehen aldiz datozen emakumeen kasuan, harremana utzi duten lehen aldia bada, ia ziurra da berriro harremanari ekingo diotela. Oso gutxi dira lehenengoan harremana hausten dutenak.

Umeak tartean daudenean emakumeak luzaroago eusten dio tratu txarren egoerari?
Alferrik da umeak arrazoi gisa hartzea. Emakume bat lehenago bereizi ez bada, da oraindik gizona maite zuelako, eta oraindik ez zelako gai uzteko. Umeentzat biolentzia egoera horretan bizitzea askoz negatiboagoa delako bereiztea baino. Umeak zer ikusi hura ikasten du. Babes etxean garbi ikusten dugu, mutilek onartuta dute gizonaren rola, sinistuta dago indartsuena dela eta boterea berak duela. Neskek sumisoaren rola dute onartuta.
Hitzaldi batean neska gazte batek garbi esan zidan: "niri aitak bizitza izorratu dit, baina amak ere bai, ez zelako gai izan harremana mozteko." Eta babes etxean dauden ume batzuek ere esaten dute, "niri ez zait nire aita gustatzen, baina nire ama ere ez." Etxean biolentzia ezagututako asko dira gero erasotzaileak, edo erasotuak. Babes etxetik pasatu dira familia bereko amona, ama eta alaba. Lokarri bat da. Baina zorionez, beti ez da horrela. Beraz, nortasunak ere badu bere pisua. Jarrera bat edo bestea hartzerakoan barruko indar bat bada.

Behin harremana etenda, arazoa bukatu da?
Hainbeste urtean zanpatuta egon den emakumeak, bizitza osoan landu beharko du bere burua. Horrek faktura handia pasatzen baitu. Elkarbizitza, heziketa, familiarekin berreraiki beharreko harremana... Gizonarekiko haustura horrek uzten dion bakardadea eta zuloa betetzeko laguntza handia beharko du, eta denbora luzez. Gaitasun emozionala berreraikitzen kostatzen da gehien. Baina ikusi dugun gauza positibo bat da, sufritu dutena sufrituta, oso emakume gutxik hartzen dutela gizonaren kontra mendekua. Eurek eskatzen duten bakarra da, gizonak bakean utz ditzala.

Dibortzioen bidez ez dira harremanak hobetu?
Uste dut XX.m-ko alde oso positiboa izan zela gizarteak dibortzioa irabazi izana. Azken aldian asko ugaritu dira biolentziadun banaketak. Bikotean tratu txarrik eta biolentziarik gabe 8-10 urte iraun dutenak, bereizteko unean ez dira adostasunera iristen, eta biolentzia harremana sortzen da. Ez da betiko tratu txarra, baina psikologikoa bai, eta fisikora ere iristen dira.
Ados jarrita, eta errespetuz banatzea ez da erraza. Nik kasu bakarra ezagutu dut nire inguruan. Eta banandu ziren, maitasuna bukatu zelako. Argi eta garbi. Baina besteak gehiago korapilatu dira.

Nolako gizon eta emakumeak egiten gaitu gizarteak?
Emakumeak egin nahi izan gaituzte sumisoak, obedienteak, besteren arabera bizi garenak (batez ere gizonentzat). Emateko bizi gaitezela, ez dezagula hartu, ez dezagula plazerik sentitu, gure sexualitatea bizi dezagula gizonen beharren arabera... Emakumeok ziurtasun falta izateko hezi gaituzte. Emakumeak hezi gaituzte gutxiago sentitu gaitezen, sentitu dezagun inteligenteak eta indartsuak gizonezkoak direla. Hezi gaituzte lehenengo sinistu dezagun aitarengan, gero maisuarengan eta gero senarrarengan. Euren osagai garela pentsatzen dugu, eta ez. Pertsona osoak gara. Erasotutako emakumeetan garbi ikusten dugu, bakarrik egoteari sekulako beldurra diote. Batzuek jada ezin dute. "Emakume soltera bat ez da ezer bizitzan" bezalako esaldiak entzuten ditugu, edo "nik gutxienez gaizki tratatzen nauen gizon bat dut, zuk hori ere ez"... Iristen da momentu bat esaten duguna "nik neure burua maitatu beharra dut, inguruan ditudanak ere bai, eta bizitzako nire proiektua egin".
Botereak ez du berez zertan txarra izan. Baina gizonak hezi dituzte botereaz abusatzeko, ez botererako. Emakume eta gizonen arteko harremanetan dagoena botere abusua da.
Gaur emakume konprometitu izatea ez zait erraza iruditzen baina gizona izaten ere ez. Gizonak ere hezi baitira beste rol bat joka dezaten. Eta mundua gainera erori zaie. Gizonei sinistarazi diete emakumea bere jabego dela. Gizona konkistatzeko hezi dute. Seduzitzeko. Eta bat-batean, emakume batek seduzitzen badu, desarmatu egiten du, emakume batek konkistatzen badu, beldurtu egiten da, emakume batek gehiago irabazten badu, ea zer gertatzen den! Gizonak lanpostua galdu eta etxean geratu behar badu eta andrea bada lanera doana, gauza asko jartzen dira kolokan. Gizonezkoak ere etxeko biolentziaren biktima dira. Gizon bat oso sadikoa izanda ere, ez dut sinisten gustura sentitzen denik andrea jipoituz. Espainiako estatuan, emakumea hil ostean 45 gizonek egin du bere buruaz beste.

Nola ikusten duzu generoa? Gizon eta emakumeak ezberdinak dira?
Nik uste ezberdinak garela. Baina diferentzia errespetatuta, aukera berdintasuna izan behar dugu osoki garatzeko. Ezberdina izateak ez du esan nahi bata bestea baino gehiago izatea. Ezberdintasuna oso aberasgarria da.
Badira gauza batzuk jaiotzetik ezberdintzen gaituztenak, eta besteak heziketaren araberakoak dira. Dudarik gabe, gizonak indar gehiago du mendetan zehar hezi delako indartsua izan dadin, eta emakumea ahula izateko. Emakumeei mendetan indar fisikoa bultza balitzaigu, fisikoki garena baino indartsuago izango ginateke. Heziketak askoz ezberdinago egiten gaitu naturaz garena baino.
XX-m izan da emakumea kulturara sartu dena. Ez da gizonak baino inteligenteagoa, baina unibertsitateko espedienteak hobeak dira emakumeenak. Jakiteko beharra dugulako, maila eman beharra dugulako... Hori bai, delegatuetan mutilak gehiago dira.
Gaur egun oso zabaldua dago berdintasuna lortu denaren ustea.
Ez da horrela. Jaso dugun heziketa eta umeei ematen dieguna ez da berdintasunezkoa. Nafarroako Unibertsitate Publikoan errektore kontseilu bat izendatu berri da. 12 pertsonez osatua da, eta bi dira emakumeak. Hori ez da berdintasuna. Eta askotan emakumeon ardura da, horrelako postuetan egon nahi ez izatea. Unibertsitateetan asko hitz egiten da gizonezko autoreez, eta oso gutxi emakumezkoez. Rousseau bezala, emakumeen paradigma sumiso bat transmititzen duten autoreak lantzen dira, eta ez berdintasunaz mintzo diren beste autore batzuek, Rousseauren garaikoak direnak. Lanean ezberdintasuna dago, zuzendaritza postuetan ez dago emakumerik, ez politikan ere... Politika eta boterea hierarkikoa da, eta maskulinoa. Eliza klase denetan emakumeak isilarazitako gutxiengoak dira.

Zein dira XXI.m-ko erronkak?
Familiako biolentzia etetea, eta etxean ardurak banatzea. Oraindik gizonek etxean "lagundu" egiten dutela esaten da. Haurrak hezteko ere ardura elkarrekin eraman beharra dago, ekonomia berdin, dimentsio sexual eta afektiboa ere bai...
Emakumea familiak erasotzen du gehiena. Horrek esan nahi du familia ez dela esan zigutena. Engainatu egin gaituzte. Ipuinetan kontatu izan da familia ideala dela. Eliza, literatura eta gizonak mezu hori zabaltzeaz arduratu dira, eta emakumezkook sinistu egin dugu.
Hirugarren erronka da emakumeak botere postuei heltzea. Hori emakumeon ardura da, botere eta ardurak hartzeko pausoa kosta egiten baitzaigu oraindik. Boterera iritsi eta botere harreman erabat ezberdinak sortu behar ditugu. Egungo egiturak patriarkalak eta hierarkikoak dira. Berdintasunezko gizartea sortu behar da, harreman sanoagoetan oinarritua, eta errespetuan.
Dena dago aldatu beharra. Kultura eta heziketa aldatu behar da, balio ezberdinak landu... Sexualitatean ere, gaur gurasoekin hitz egiten da guk genuen baino konfiantza gehiagorekin. Baina hortik gurasoek umeen dimentsio sexuala lantzera, ez bakarrik onartzea harremanak izan ditzan, baizik plazer gisa lantzera, ez da hainbeste aurreratu.
Sistema kapitalista bera aldatu behar da. Bultzatzen dituen balioak direlako lehia, indibidualismoa, gizonen boterearen abusua, kontsumoa... Zer gertatzen zaio gizon bati bizitza publikoan ezin badu arrakastarik izan? Ezin badu lehiatu, eta frustratuta sentitzen bada, ezin badu pentsatzen duena esan, ez badu kontsumitzeko behar adina diru? Ez badiote pertsona izaten irakatsi, gauza asko edukitzen baizik? Bizitza publikoan frustratuta sentitzen bada, ordaindu bizitza pribatuan, etxean egiten du, andrearekin eta seme-alabekin, gutxietsita dauzkalako.
Baina lehen lehenik, pertsonak gara aldatu beharrekoak, baita emakumeak ere. 70eko garai hartan, mugimendu feministan genbiltzanon mezua zen: "arazo dena estrukturala da, arazo dena soziala da". Baina orain pentsatzen dut kontzientziak ere aldatu beharko ditugula, mentalitateak. Legeak aldatzen ari baitira eta teoriak ere bai, baina zerbaitetan gaude oker, etxeko biolentziak hor jarraitzen baitu. Mentalitatea askoz gehiago kostatzen da aldatzen. Iraultzak ere, jendea garatu ondoren etortzen dira. Eta badira garatzen ari diren gizon eta emakume gutxi batzuk.

Zer iruditzen zaizkizu salatzeko eskatzen duten kanpainak?
Modaz paseak erabat. Gizonezkoei zalantza sortzeko kanpainak egin behar ditugu. Gizonei pentsa arazi: zer ari zaizue gertatzen, eraso egin behar baduzue indartsu sentitzeko?
Prostituzio kanpainetan ere, planteatzen ez dena da zer ari den gertatzen gizonen harremanetan, profesional bati ordaindu behar badiete, edo Karibera joan.
Gaurko egoera salatzearekin batera, aldaketak egiteko moduak proposatzea da bidea.

Nola ikusten ditu gizarteak ezkondu gabe geratu direnak?
Gizartearen jarrera aldatzen ari da. Baina Iruñeko udaleko azken hauteskundeetan, zinegotzi batek ongintzako kontseilariaz "esa solterona" esan zuen. Dimititu arazi egin zuten. Berak pentsatzen zuena bota zuen, eta sentitu eta egin pentsatu bezala egiten ditu.
Baina uste dut ezkongabe bat bizitzan ez dela ezer uste izatea aldatzen ari dela.
Uste dut emakume inteligente gutxi ezkontzen direla. Horrekin ez dut inor mintzen, ezkonduta dauden emakume inteligenteak sentitu baitaitezke gutxiengo horretako kide.
Iristen da momentu bat, ezkondutako lagunak inbidia hartzen digutena, lankide ezkonduek ere bai. Baina nire ingurua dezente aldarrikatzailea eta emakumeen askapenaren aldekoa bada ere, ezkondutako lagunekin geratzen naizenean afaltzeko, ia denek utzi dute jada etxean afaria prestatuta. Nik esaten diet, hori ez dela berdintasuna. Etxearen ardura oraindik emakumeengan dago.

Tratu txarrik jasan ez badute ere, osasun mentaleko zentroetan gehienak etxeko andreak dira.
Etxeko andreak ez dira batere baloratuak. Hori ere tratu txar psikologikoa iruditzen zait. Emakume gutxik aukeratzen du etxeko andre izatea, libreki. Ez dute satisfaziorik sentitzen. Seme-alabak bere bizitza egiten hasten direnean, kabi hutsarekin topo egiten dutenean, jada ez dute euren burua ere baloratzen. Sekulako nortasun krisiak daude. Hezi dutelako emateko, ez jasotzeko. Besteak maitatzeko hezi dute, ez bere burua ere maitatu dezan. Norbere burua egoistaki maitatu behar du, horrek ez du esan nahi besteak maiteko ez dituenik. Norbere buruaz arduratu behar da, eta nork bere bizitza propioa landu, ahalik eta aberatsena izan dadin. 50 urtetik gora dituenak, eta umeak etxetik kanpo bizi direnean ere, bere espazio propioa sortu behar du. Aprobetxatu.

Gizarteak tratu txartzat onartzen ez dituen tratu txarrak zein dira?
Bikote gazteetan akoso asko ematen da. Gizarteak onartu ez harren, akosoa tratu txar bat da. Alegia, bietako batek egun osoa telefonoz deika ematea. Maitemin garaian, besteak pentsatzen du "ni gabe ezin du bizi". Noski bizi daitekeela, baina kontrolatzen ari da. Bikote kideak asteburuan lan egin edo ikasi beharra badu, bestea ez da etxetik ateratzen. Berari hainbeste gustatzen zaio bestea beti beretzat prest egotea, eta bestea hain dago prest dena emateko! Azkenean bukatzen du: berak nahi dituen erabakiak hartzen, berak nahi duena pentsatzen, berak nahi duen jendearekin egoten... bere esklabo izaten. Eta batez ere, distira duena bera izan dadila.
Eta onartzen ez den beste tratu txar bat da babesa. Guraso batek bere umeekiko duena. Gehiegizko babesak pertsona ahulak egiten ditu. Babes etxean ezagutu dugu alaba bakarra zen baten kasua. Neska horren nagusia aita zen. Alabak ikasi zuen aitak nahi izan zuena, ez berak nahi zuena. Ez zekien aitari ezetz esaten, bere aita berarekin maitagarria zelako. Bere aita nagusi izatetik, bere bikotea nagusi izatera pasatu zen. Eta unibertsitateko katedratikoa da.

Jende batek dio bizitzak daramala.
Nik uste pertsona dela. Batzutan bai sentitzen zarela zeuk erabaki ez duzun mundu batean. Bidea norberak egin behar du. Batzutan irten eta atera egiten gara bidetik, oso ziur egon gabe. Baina ezer ez da kasualitatea.
Nik bizitzan lau ardatz ditut: norberak bere burua ezagutzeko, beste bat zeure bidea egiten ikasteko, beste bat nor izaten ikasteko, eta azkena elkarbizitzen ikasteko. Eta lehen hiru ardatzak, norberaren esku daude.
Zorteak eragina duela gure bizitzan? %2 izango da zortea, eta %98 norberaren esku dagoena. Ez gehiago. Ni konbentzituta nago pertsonak arrakasta izateko jaio garela. Ez porrot egiteko.

Hemendik aurrera zer helburu dituzu?
Profesionalki, doktore tesia egiteko dut, emakumeei buruz egin nahi nuen, baina ezin izango dut egin. Ez dudalako denborarik. Baina idaztea gustuko dut, eta bizitako esperientziez idatzi nahi dut.
Uste dut asko landu behar dugula nork gure burua, denbora asko eskaini behar zaiola gelditu eta pentsatzeari, sentitzeari. Gertaerek ez gaitzatela jan, ez onean eta ez txarrean. Nire proiektua maila pertsonalean dut. Zentzua garatzeko, umorea lantzeko, ez lehiatu, baizik saiatu norbera ahalik eta onena izaten, ahalik eta profesionalik onena, baina ez besteekin konparazioan, norberak ahal duen onena izateak ez du esan nahi besteekiko hobea edo okerragoa. Ikasteko asko dugu oraindik.
Hitzaldiak ematea gustatzen zait, baina aurrerantzean tailerretara mugatzea nahi nuke. Hitzaldietan gure esperientzia kontatzen baitugu, baina ez baitugu jakiten aurrean dugunak zer esperientzia izan duen, nola bizi duen gai hori... Talde txikitan landutako tailerrak egin.
Eta batez ere egun bakoitza bizi nahi dut, beteta. Eta egin nahi dudan dena egin, eta egin nahi ez dudanari ezetz esan. Ezetz esateko libre sentitzen naiz.
LADILOA>ERRONKEI HELDUBLADILOA>
"Babes etxea lehiaketa publikora zabaldu zenean, orain lankide direnek deitu zidaten elkarte bat osatu eta lehiaketan parte hartzeko. Ni orduan unibertsitatean nenbilen, klaseak eman eta ikerlan bat egitekotan. Lankideek konbentzitu ninduten, eta asmatu egin zuten. Hau delako bizitzaren unibertsitatean, gehien ikasi dudan gela. Praktikatik. Ziurtasun profesionalak ez nau sekula lokartu. Kosta izan zait erabakia hartzea, segurtasunik gabeko erronka bat iruditzen zitzaidanaren alde. Baina denborarekin konturatu naiz nola aberastu nauten erronka horiek».
"Harremanetan askatasunari zaio beldurra. Batzuek bilatzen dute bestearekiko dependentziak ematen duen segurtasuna. Baina dependentzia harremanek ez dute ez bata eta ez bestea betetzen. Eta beste batzuk independentziara jotzen dute, autonomia bat konpartitzeko, heldutasuna konpartitzeko, eta bizitza aberatsagoa izateko. Gaur ez da erraza emakume edo gizon izaten".

ARGI BERRIA ELKARTEA
Zer proiektu du 'Argi Berria' tratu txarrak jaso dituzten emakumeen laguntzarako elkarteak?
Nafarroako Gobernuarekin kontzertu bat dugu, tratu txarrak jasan dituzten Nafarroako emakumeei eskaintzeko larrialdi zentroa, babes etxea eta etxebizitzak.
Larrialdi zentroa da lehen mailako zerbitzua. Arrisku aldi batean etxetik atera behar duenak, izan dezan nora jo. Hartzea da funtzio nagusia, informatzea, orientatzea, laguntzea... Eta noski, ez epaitzea. 7 egun egoten dira bertan, gutxi gora behera. Hilabeteraino egon daitezke, egoera juridikoen arabera: gizonak urruti egoteko agindua badu, edo etxetik joateko eskatzen bazaio... Zer egin nahi duten erabakitzeko lekua da hau, dituzten beldurren aurrean. Emakumeak dituen alternatiba ezberdinak aztertzen dira bertan: gizonarekin bizitzera itzultzea, emakumeak horrela nahi badu, errespetatu egiten baitzaio. Beste aukera batzuk dira familia zabalarekin bizitzea, edo etxea konpartitzea, edo umeak zaintzeagatik epaitegiak berari uzten dion etxean bizitzea, edo babes etxean sartzea.
Babes etxea da bigarren maila. Bertan 6 hilabetez egoten dira, eta beharren arabera epe hau luzatu daiteke, eta alderantziz, arazoak konpondu baditu, lehenago joaten da. 5-6 emakume edo familia unitate bizitzen dira bertan. Emakume bakoitzeko plan berezi bat egiten dugu, eta integrala. Emakumeak berak eskatzen duenarekin, eta lantaldeak sumatzen dizkion beharrekin: Lana, etxea, auto estimua, osasunerako heziketa, garbitasunerako heziketa, familia berregitea... 6 hezitzaile ditugu, eta bakoitza arduratzen da emakume edo familia unitate bat zaintzeaz. Hortik kanpo, koordinazioa dugu gizarte zerbitzu denekin, epaitegiekin... Eta tailerrak ere baditugu, taldean lantzeko: biolentzia, sexu rolak, auto estimua, eta orain martxan jarri nahi duguna, maitasunari buruzkoa. Zine-foruma egiten ere hasi nahi dugu, orain ateratzen ari diren film interesgarriekin. Ez dugu nahi hau ghetto bat bihur dadin. Euren egoera normalizatzen joan daitezela, baizik. Auto estimu tailerra egin dezatela hemendik kanpo, edo gimnasia, berdin, nahiz eta hemen egiteko aukera ere baduten. Ahalik eta bizitzarik normalena egitea nahi dugu bertan. Euren ingurune soziala, uzten joan diren lagunak, kanpoan berreraiki ditzatela berriro, nahiz eta etxe barruan ere lagun egiten diren. Guretzat normaltasuna lortu izanaren seinalerik onena da hemendik kanpo 2 edo 3 urte daramatzatenean, eta deitu ere egiten ez digutenean. Gure helburua gizartean integratzea baita.
Etxebizitzak dira hirugarren eta azken maila. Aurten hasi dira funtzionatzen. Udaletxeak utzi zizkion 5 etxe ongintzari. Auzo ezberdinetan daude banatuta, baina oso normalizatuta. Babes etxean 6 hilabete pasatu dituzten emakumeak, eta etxea aurkitzeko zailtasun handiak dituztenak, etxe horietan sartu daitezke. Urte batez egoten dira hemen, kasu larrietan bi urtez. Helburua da babes ofizialeko etxeetan leku bat egitea.

24 orduz egoten omen zarete etxe horretan. Bertan bizi zara?
Ezta pentsatu ere. Ni goizez egoten naiz, eta arratsaldez, kasu larririk bada. Hezitzaileak egoten dira, txandaka, gau eta egun bertan. Bertan ez da inor bizi, eta gure bizitza pertsonala topera zaintzen eta mimatzen dugu. Hemendik ateratzean deskonektatzen saiatzen gara. Gabeziaren bat duen gizatalde batekin lan egitea ez da erraza. Integraziotik kanpo dauden edonorekin lan egitea da zaila. Eta deskonektatzea dago bizitza nola planteatzen denaren baitan. Kasu batek loa galarazten badigu, hurrengo egunean ez gara gai izango beste pertsona batzuen beharrei erantzuteko.

LARRIALDI ZENTROKO DATUAK 2002an
- 2002.urtean larrialdi zentroan 229 pertsona hartu dira: 119 emakume eta 110 ume.
- Hartutako emakume hauen %54,7 inmigranteak dira, 2001ean hartutakoak baino %11 gehiago.
- Emakume hauen bataz-besteko adina 32 urtekoa da.
- Larrialdi zentroan hartutako emakumeen %52k ez zeukan diru iturri propiorik.
- Emakume hauen %62,1 seme edo alabekin zetorren, aurreko urtean baino %18,1 gehiago.
- Hartutako emakumeen %87,3k tratu txarren kontrako denuntzia jarri du eta kasuen %25,9ean erasotzaileari Hurruntzeko Ordena eman dio epaileak.
- Berriro erasotzailearekin bizitzera itzuli direnak %18,4 dira, aurreko urtean baino %3,6 gutxiago.
- Hartutako umeen %23,6k ere zuzenean jasan dituzte tratu txarrak.

BABES ETXEKO DATUAK 2002an
- Babes etxean 36 pertsona hartu dira: 17 emakume eta 19 ume.
- Hartutako emakumeen bataz besteko adina 34 urtekoa da.
- Hartutako emakumeen %88,2k jarri du tratu txarren kontrako denuntzia.
- Kasu hauen %52,9an epaileak erasotzaileari Hurruntzeko Ordena eman dio.
- Etxera sartzerakoan emakumeen %35ek ez zeukan diru iturririk, eta aldiz, irteterako %8,3 ziren diru iturririk gabekoak.
- Babes etxetik irtetean %16,6 itzuli dira erasotzailearekin bizitzera.
- Hartutako umeen %31,5k jasan dituzte zuzenean tratu txarrak.

Aurrera begirako proiektua
"Asko landu behar dugu gure burua. Denbora asko eskaini behar zaio gelditu eta pentsatzeari, sentitzeari. Gertaerek ez gaitzatela jan, ez onean eta ez txarrean. Aurrera begira, nire proiektua maila pertsonalekoa da. Zentzua garatzea, umorea lantzea, eta lehiatu beharrean, naizen onena izaten saiatzea. Norberak ahal duen onena izateak ez baitu esan nahi besteekiko hobea edo okerragoa izatea. Ikasteko asko dut oraindik. Eta batez ere egun bakoitza bizi nahi dut, bete-betean. Egin nahi dudan dena egin, eta egin nahi ez dudanari ezetz esan. Ezetz esateko libre sentitzen naiz».

Curriculuma
jaio: Iruñean, 1940an.
»argi berria» tratu txarrak jaso dituzten emakumeen laguntzarako elkarteko kidea
Soziologian lizentziatua eta gizarte lanean diplomatua.
1976-1990 urte artean, ezintasun mentala duten pertsonekin aritu zen lanean.
1994az geroztik, tratu txarrak jasan dituzten emakumeekin dihardu lanean.
1996az geroztik Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle da.
Hainbat artikulu argitaratu ditu prentsan.
Ikastaro eta hitzaldi asko ematen ditu.

Jazarpena
«Bikote gazteetan jazarpen asko ematen da. Gizarteak onartu ez arren, jazarpena tratu txar bat da. Alegia, bietako batek egun osoa telefonoz deika ematea. Maitemin garaian, besteak pentsatzen du ‘ni gabe ezin du bizi’. Noski bizi daitekeela, baina kontrolatzen ari da. Bikote kideak asteburuan lan egin edo ikasi beharra badu, bestea ez da etxetik ateratzen. Berari hainbeste gustatzen zaio bestea beti beretzat prest egotea, eta bestea hain dago prest dena emateko! Azkenean bukatzen du: berak nahi dituen erabakiak hartzen, berak nahi duena pentsatzen, berak nahi duen jendearekin egoten... bere esklabo izaten. Eta batez ere, distira duena bera izan dadila.»

Bertsoa

Doinua: Aita izena

Askotan zail da tratu txar baten
sorrera konprenitzea
nola litekeen maitatu eta
modu hortan aritzea
baina sufritu duenak nahi du
lagunengana biltzea
horregatik da hain premizkoa
babestutako etxea
guztiok behar baitugu noizbait
babestuta sentitzea.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude