Juan Antonio Lotina. Futbola Kubako erritmoan


2003ko azaroaren 02an
Juan antonio lotina behin baizik ez da Euskal Herrian egon, 1953 urtean, ez daki euskaraz, aitari entzundako edo Lemoizen pasatutako urte hartan etxean ikasitako hitz batzuk izan ezik. Hala ere, ez ditu galdutzat euskal erroak. Asociación Vasconavarra delakoaren partaidea da eta, bere etxera sartuz gero, Athleticen koloreak ikusiko dituzu nonahi.
Athleticen jokatzeko ametsa ere izan zuen gaztetan.

Zergatik emigratu zuen zuen aitak?
15 urte baizik ez zituen Kubara etortzea erabaki zuenean, 1926. urtean. Uste dut soldadutza Afrikan ez egiteko etorri zela, desertura joateko beldurragatik. Sasoi hartan gerra zegoen Afrika iparraldean eta gazte asko hiltzen ari ziren han.
Nongoa zen bera?
Bizkaitarra, Lemoizkoa. Udalerriak hiru herrixka zituen: Lemoiz, Andraka eta Armintza.

Eta Kuban nora etorri zen?
Manzanillora etorri zen, Txertudi burdindegira lan egitera. Manzanillo gaur egun Gramma probintziakoa da, baina sasoi hartan Oriente probintzian zegoen. Ekialdean, hegoaldeko kostan dagoen portua da.

Bere argazki bat ikusi dugu futbol jokalariz jantzirik. Kuban ere futbolean aritzen al zen?
Bai, Manzanilloko taldeko atezaina zen. Bazuten norekin jokatu, bazirelako futbol taldeak Santiago, Bayamo, Jiguaní eta Las Tunasen. Manzanillon bertan ere izango ziren beste talde batzuk.
Burdindegian lan egiten zuen eta, denbora librean, aitari futbolean eta kantuan ibiltzea gustatzen zitzaion.

Kantaria ere bazen?
Oso ondo kantatzen zuen. Manzanillon Carlos Puebla eta Manuel Navarro Lunarekin ibiltzen zen kantuan, gazteak ziren eta neskei serenatak abesten ibili ohi ziren. Gero, Habanara etorri ginen eta hemen Euskal Orfeoiaren partaide izan zen luzaroan. Euskal Orfeoiaren egoitza San Frantziskoren elizan zegoen, Habana Zaharrean. Habanako Koralean ere kantatzen zuen aitak. Lehen tenorea izan zen. Orfeón Vasco eta Coral de La Habana Kubako abesbatzarik onenak izan ziren 40ko eta 50eko hamarkadetan.

Berak euskaraz hitz egiten al zuen?
Bazekien euskaraz, baina aukera gutxi zuen hitz egiteko. Manzanillon burdindegiko ugazabekin hitz egiten zuen, gure lehengusuak ziren. Eta Habanan ere bazituen lagun batzuk, lanean bertan ere bai. Habanara etorri ginenean La Marina burdindegian hasi zen lanean, Garay y Zatica izena zuen enpresak eta ugazaba haiek ere euskaldunak ziren.

Gerra zibila zelan bizi izan zuen?
Kuban egon zen denbora guztian. Gerra hasi zenean, berak Bizkaian zituen ama, aita eta hiru arreba. Ardura handiarekin biziko zituen gerraren albisteak. Bestalde, orduantxe jaio nintzen ni.
Non jaio zinen?
Ni Manzanillon jaio nintzen, 1936ko ekainaren 16an. Baina umea nintzela etorri ginen Habana Zaharrera.

Eta aitak futbolean erakutsi zizun...
Bai, umetan hasi nintzen futbolean jokatzen. Afizio handia zegoen orduan gure auzoan behintzat, paperezko baloiekin jokatzen genuen sarritan, parke batean, zementuzko lurrean, eta zementuzko aulkiak hartzen genituen atetzat. Asteburuetan bai, badia gurutzatzen duen txalupa hartu eta Regla aldera joaten ginen, han belarrezko jokalekuan aritzeko.

Paperezko baloiekin jokatzen zenutela esan duzu?
Bai, Habana Zaharreko mutikoek paperezko baloiak asmatzen zituzten jokatzeko, ez zegoelako dirurik larruzkoak erosteko. Larruzko baloiak oso garestiak ziren orduan. Egunkarietako papera erabiliz egiten genituen, eta paper lodiagoekin, eta sokekin. Busti arte behintzat nahiko onak ziren, baina bustiz gero berehala desegiten ziren.

Orain baino futbol gehiago egiten al zen lehen Kuban?
Habanan bai, asko jokatzen zen sasoia hartan. Beste probintzietan gutxiago.

Entzun dut euskal futbolariak izan zirela Kuban aspaldian. 1914. urteko liga Euskeria Sporting Club izeneko batek irabazi zuen, 1930 aldean Ruperto Lekue izeneko aurrelari bat zen famatua, 1937. urtean Euzkadiko Selekzioak hainbat partidu jokatu zuen Habanan, eta gerraondoan jokalari exiliatu batzuk etorri ziren...
Bai, talde batzuk euskaldunen ordezkariak izan dira, bai hamaika kideko futbolean eta bai aretokoan. Asociación Vasconavarrak bere taldeak izan zituen. Bestalde, euskal jatorriko jokalariak izan dira beti hemengo futbol talde onenetan. Esaterako, Ruperto Lekue, Juan Tuñón eta José Luis Larracoechea. Juan Tuñón familia euskaldunekoa zen, Mexikon bizi da gaur egun, laurogeita hiru urte ditu eta gorazarre bat egin genion iaz, Kubak inoiz eman duen futbol jokalaririk onenetakoa delako.

Baina futbola ez da Kuban kirolen artean estimatuena, ezta?
Beisbola eta boxeo profesionala 40ko eta 50eko hamarkadan goratu ziren, futbolaren kaltetan. Estatu Batuetatik etortzen ziren jokalarien bila, bai liga handietarako peloteroen bila eta bai boxealari bila. Onak izan zitezkeenak erraz eramaten zituzten Estatu Batuetara, eta horretarako prestatzen ziren gazteak. Ez zen eskoletan futbola laguntzeko politikarik egiten eta horrela joan zen jaisten futbolaren maila Kuban.

Zenbat aldiz egon zara Euskal Herrian?
Behin bakarrik, 1953. urtean otsailetik abendura arte. Lemoizen egon nintzen bizitzen eta Bilbora ere asko joaten ginen osaba-izebak han bizi zirelako. Aitak 27 urte zeramatzan gurasoak ikusi gabe eta, arrebak eta nik ez genuen han inor ezagutzen, oso emozionantea izan zen bertara iristea. «Monte Ulia» trasatlantikoan egin genuen bidaia, Santanderrera ailegatu eta trenez joan ginen Bilboraino. Amama Plentziako estazioan zegoen gure zain.

Eta ikusi zintuztenean?
Ezin da ahaztu inpresio hura, amamak gure aita besarkatu egin zuen eta ez dakit zenbat minutuz egon zen besarkatuta. Eta gurekin berdin. Oso urduri zegoen amama, gogoratzen ditut euskaraz errepikatzen zituen berbak: «laztana», «politte» eta halakoak.

Zelan sentitu zinen Lemoiz aldean?
Oso ondo. «Amerikanoak» ginen jendearentzat. Guk ezetz esaten genien, kubarrak ginela, amerikarrak beste horiek direla, baina «amerikanoak» deitzen ziguten beti. Oso ondo ibili nintzen Armintzekaldeko hondartzan, arrantzan batzuetan. Futbolean ere aritzen ginen, edo esku pilotan. Ezin hobeto ibiltzen ginen. Joaten ginen herrietako jaiak ere gogoratzen ditut.

Eta Athletic ikusiko zenuen...
Astero joaten ginen Athleticen partidak ikustera. Zarra, Panizo eta Gainzaren sasoia zen eta, haiek San Mamesen ikustea gauza ederra zen, benetan. Euskal talde hura futbolaren historiako talde onenetako bat izan da. Ikustea gutxi balitz, entrenatu ere egin nuen haiekin, 17 urte nituela. Nire lehengusu Martxelok Athleticen erreserban jokatzen zuen eta berak eraman ninduen haiekin entrenatzera. Nire bizitzako gauzarik handienetakoa izan zen hura.
Beste gauza batzuk ere eman dizkio bizitzak. Seme-alabak, esaterako, alaba Estatu Batuetan bizi da eta semea Kuban, eta ilobak ere baditu...

Kubako iraultzak zer aldaketa ekarri zuen kirolaren alorrean?
Zeharo aldatu zen dena, esparru guztietan. Profesionaltasuna desagertu zen, kirolaren ariketa zabaldu egin zen Kuba osoan, umeentzako kirol eskola bereziak eta goi mailako kirol eskolak ere sortu ziren. Nazioartean ere gehiago hasi ginen parte hartzen kubarrak.

Futbolean jokatu ondoren, zer egin zenuen?
Futbolean luzaroan jokatu nuen, selekzio nazionalean 7 urtez jardun nuen aurrelari moduan. Gero, entrenatzailea izan naiz, selekzio nazional jubenilarekin lehenengo eta helduekin gero. Arbitro lez ere ibili naiz urtetan. Eta 17 urtez egon naiz lanean goi mailako kirol eskolan futbol katedrako buru. Berrogeita hamasei urte daramatzat era batean edo bestean Kubako futbolean integraturik.

Ikusi zenuen Athleticen ligako azken partidua? Telebistan eman zuten hurrengo larunbat arratsaldean, sei eguneko atzerapenez, Athletic eta Real Madrilen artekoa.
Madrilen bigarren gola, faltaz egindakoa, itzela izan zen, erabakigarria partiduan.

Telebistan ere lan egiten duzu. Nik horregatik ezagutzen zaitut...
Mundu txapelketetan lan egin dut batez ere, esatari moduan. Hezkuntza programetan ere ari gara futbolaren alde.

Kubako futbolaren historia ari zara idazten...
Aurreratuta daukat lana, argazki piloa dut, jadanik idatzita daukat asko, baina ea noiz dudan liburua amaitzeko astia. Gure aitaren bizitzaz ere idatzi nahi nuke.
Aitaren erretratuak erakutsi dizkit, aita 1932an Manzanilloko ekipoaren atezain, 1950ean aita berarekin, aita ia mende erdi geroago zahartzaroan etxeko baratzean...
Oraindik ez naiz hasi idazten, baina badakit liburuak izango duen izena: «Nire aita, euskalduna». Pertsona oso langilea, oso zintzoa, oso euskalduna zen.
Bere hitzen harira, ezin da esan gabe utzi, Juan Antonio Lotina bera ere behargina eta zintzoa dela aita bezala.


Azkenak
Konponbiderik gabeko desoreka?

Ordizian orekara eramango gaituen interbentzio plan berezi bat behar dugu; urteroko matrikulazio lehia eta arriskutik atera, egonkortasuna eman eta herriko ikasleak modu orekatuan batzeko aukera emango digun plana.


Hauteskunde kanpainan isildutako makroproiektuei buruzko eztabaidak

Igande honetan egingo dira hauteskundeak Katalunian, maiatzaren 12an. Procésaren ondorenak eta Carles Puigdemonten balizko itzulerak estali ditu zenbait mintzagai. Baina abian dira bi proiektu erraldoi eta esanguratsu, biak ala biak turismoari estuki lotuak: Hard Rock... [+]


2024-05-07 | Euskal Irratiak
"Zenbat dugun kontatzeko!" Euskal Herriko mapa sortu dute

"Zenbat dugun kontatzeko!" mapa ilustratu bat sortu dute elkarlanean Ikas Bi, Biga Bai, Euskal Haziak, Seaska eta Euskal kultur Erakundeak.


Eguneraketa berriak daude