Erreseinak 

1897. alea
2003-05-04
alde 0    kontra 0
RISKYREN BARRABAS-KERIAK

J. Iturralde
ELKAR

127 orrialde
7,50 euro


RISKY ETA BERE LAGUNEN ABENTURA BERRIAK

Gazteenen artean dagoeneko oso ezaguna egin den Riskyren abentura berri batzuekin datorkigu ale honetan Joxemari Iturralde. Duela hogei bat urte kaleratu zuen mutiko euskaldun honen abenturak jasotzen zituen lehen liburua, eta geroztik hor jarraitu du, hainbat argitaletxek argitaratutako liburuetan, eta baita ikastetxeetan eginiko bideo eta antzezlanetan ere. Elkar argitaletxearen Xaguxar sailean honako hauek aurki ditzakezue: "Risky eta bere lagunak", "Riskyren bihurrikeriak" eta, oraingoz, azkena den "Riskyren barrabaskeriak" izenburua daramana. Riskyren munduan, kalea dute jolasleku haurrek. Kalean egiten dituzte lagunak, eta baita etsairen batzuk ere, behin baino gehiagotan. Izan ere, mutiko honek eta bere lagunek bizikletak hartu eta herritik kanpora joatea erabakitzen ez dutenean egitea gustukoen dituzten gauzen artean, tiragomekin apustutan aritzea dago, ea nork jotzen duen urrutien dagoen farolako bonbila harri txikienarekin eta hautsi. Benetan joko zaila da, eta batzuetan ez die ondorio onik ekartzen -komeni ez den lekuren batean harriekin jotzen dutenean, batik bat-, baina orduak ematen dituzte ariketan.

BERBETA BERUA
Alberto Telleria
BADIHARDUGU EUSKERA ALKARTIA
61 orrialde
10 euro


DEBA IBARREKO EUSKAL «ARGOT»A

Badihardugu Euskera Alkartiak kaleratutako Alberto Telleriaren «Berbeta Berua» liburua egungo euskararen erabileon hutsune handi samar bat betetzera dator, erabili ohi dugun euskarak ez baitigu sarritan balio izaten lagun artean edo kaleko bizimoduan jarduteko. Hau da, ez gara gauza lagunarekin zirriak egiten ari garenean euskaraz gauza goxoak esateko; ezta bat-batean haserretuz gero, gure amorrazioa euskarazko esapide borobilez adierazteko. Bada, Alberto Telleriaren lan honetan daude bildurik elkarri adarra jotzeko eta une pozgarri zein amorragarrietan erabiltzeko aproposak diren hitz eta esaerak. Deba Ibarreko betiko euskaratik jasotakoak dira asko, baina liburuaren helbururako propio asmatutakoak ere aurkituko dituzue bertan.

SARAREN BASOA
Emilio Urberuaga
IBAIZABAL
31 orrialde
7,12 euro


SARA ETA OIHANEKO ANIMALIAK

Nekane Umerezek euskaratu du bost urtetik gorako neska-mutikoak gogoan Emilio Urberuagak idatzi eta marraztutako kontakizun polit hau. Oihanean bizi den neska txiki bat du protagonista, Sara. Ur jauziaren zaratarekin esnatzen da, elefantearen sudur luzetik erortzen zaion ur zorrotadaren azpian dutxatzen da, eta lagun mordoa du. Oso pozik bizi da Sara oihanean, harik eta bertako animaliek aitortzen dioten arte ez daudela gustura daukaten itxurarekin. Jirafa lepaluzeak zebra izan nahiko luke, eta lepo motza eduki. Hipopotamoak, berriz, hagineko mina du, eta haginen ordez mokoa hartuko lukeela esaten dio. Sara kezkatzen da orduan. Zer egingo du haien alde?

Y AHORA QUÉ
J. M. Isasi Urdangarin
BASSARAI
208 orrialde
13 euro



ISASI URDANGARINEN HIRUGARREN NOBELA

Josemari Isasi Urdangarin idazle bilbotarraren hirugarren nobela dugu Bassarai argitaletxearen eskutik plazaratu duen «Y ahora qué», ETAren borroka armatua gaitzesten duen abertzale baten bizipoz eta minen inguruan diharduen narrazioa. Gazte hori bizi den etxe berean beti bizkarzainez inguraturik ibili behar duen PPko zinegotzi mehatxatu bat bizi da, eta hark eta laguntzen diotenek susmagarritzat jotzen dute gaztea eta haren etxebizitzara hurbiltzen den beste oro, ETAren laguntzaile izan daitezkeelakoan. Isasi Urdangarinek pertsona ezagunen bizitza fikzionatzeko joera literarioa du, eta bere lehen nobelan Julen Guerrerorekin egin zuen bezala, kasu honetan Kirmen Uribe olerkaria aukeratu du nobelako protagonistaren kontrapuntu edo lagun gisa.

POR LA PENDIENTE
José Ramón de Urioste
KUTXA FUNDAZIOA
121 orrialde
7 euro



2002KO IRUN HIRIKO ELEBERRI SARIA

José Ramón de Uriostek aurkeztutako «Por la pendiente» narrazioa suertatu zen garaile 2002ko Irun Hiriko Kutxa Literatur sariaren Nobela sailean, lehiaketa honek gaztelerazko lanentzat duen alorrean. Bi aldiz finalista Sésamo lehiaketan eta behin Plaza & Janés-ekoan, hamabost eleberri eta hiru poesia libururen egilea dugu José Ramón de Urioste, baina «Por la pendiente» izango da argitaraturik ikusten duen lehena. Nobelak hamabi bat urteko mutiko nahiko bihozgabe eta krudela du narratzaile, familia desorekatu samar bateko semea. Aita piromanoa delako Salamankatik kanporatua izango da gurasoak eta hiru anai-arrebek osatzen duten familia hori, eta Madrilera joango dira bizitzera, baina han areagotu baino ez dira egingo beraien desorekak.

EMAKUMEEN ETA GIZONEN ARTEKO AUKERA BERDINTASUNAREN ALDEKO PLANA
Batzuen artean
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
102 orrialde


AUKERA BERDINTASUNA HELBURU

Emakumeok eta gizonok, nor berean desberdinak izan arren, aukera berdinak izateko eskubidearen jabe garela aldarrikatzen du Román Sudupek «Gipuzkoako Foru Aldundiaren Plana, Emakumeen eta Gizonen arteko aukera berdintasunaren alde» izeneko argitalpena aurkezterakoan. Emakumeen eskubideak onartuz, emakumeen parte hartze zuzenarekin egituratutako gizartearen bila dabil Gipuzkoako Aldundia, eta horrek esan nahi du, besteak beste, lan merkatuan sartzeko emakumeek gizonen aukera berdinak izan behar dituztela eta familiako bizitza eta lanekoa bateragarri bihurtu behar direla. Hori helburu, ekintza positibo batzuk onartzea erabaki du Foru Aldundiak, emakumeei bizimodua erosoago egiteko eta berdintasuna bultzatzeko.

RIEV
Batzuen artean
EUSKO IKASKUNTZA
165 orrialde
4,99 euro


EUSKARAREN LEGEAK NAFARROAN 15 URTE

Euskararen Legeak Nafarroan 2001. urtean hamabost urte bete zituela-eta, «Riev» nazioarteko aldizkarian lege horren inguruko monografikoa kaleratzea erabaki zuen Eusko Ikaskuntzak. Bertan aurki daitezkeen lanen artean, Gregorio Monrealek lege horren nondik norakoak aztertzen ditu; José Mª Rodríguez Ochoak legearen ezarpena eta garapena azaltzen ditu; Eduardo Aldasoro Leceak euskararen irakaskuntzak Nafarroan izan duen bilakaera ikuspegi pedagogiko batetik lantzen du; Irene López-Goñik Nafarroan ikastolak instituzionalizatzeko bizi izandako prozesu luzea eta Euskararen Legea deskribatzen ditu; eta Joxemiel Bidadorrek euskararen presentzia Nafarroako komunikabideetan XX. mendean zehar eta lege horren eraginpean nolakoa izan den agertzen du.



Facebook  Twitter  Delicious  Digg 
azala  
azala1896
 
azala1895

1897 zenbakia.
2003ko maiatzaren 04a

   
Jaso egunero email bakarrean eguneko 10 albisteak. Eta astean behin, astekaria. Dohainik.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.

HARPIDETU ORAIN


Ametzagaiña Argia Antza iametza Adur Luditoys