HERRI URRATS. SEASKAKO BATZORDE BERRIA AURKI


2021eko uztailaren 20an

EGINDAKOAK ETA ASMOAK

Iaz egin zen Herri Urratsen 265.000 euro bildu ziren eta diru hori Hazparneko eta Donibane Garaziko ikastolak eraikitzen laguntzeko erabili zuen Seaskak. Dagoeneko Hazparneko ikastolaren eraikuntza bukatua da eta apirilaren 27an estreinatu dute. Donibane Garazikoa eraikitzen hasia da, jada lehen solairua egiten ari dira eta gauzak ongi badoaz, kurtso berrirako prest egongo dela espero dute Seaskako arduradunek. Hala bada, orain erabiltzen dituzten eraikin aurrefabrikatuak utzi ahal izango dituzte. Era berean, Hiriburun ikastola berria ireki da.

Datorren urterako erronka berri bat dute: 11 eta 15 urte bitarteko ikasleentzat kolejio berri bat eraikitzea Lapurdiko Ziburun eta bestea, Donaixtin, Nafarroa Beherean, dagoena hobetzea. Aurtengo dirua bi proiektu horietan erabiliko dute. "Noski, bildutako diruarekin ez da nahikoa izango, baina lagunduko digu", dio Mixel Etxeberri Seaskako lehendakariak. Epe luzerako helburuei buruz galdetu eta horrek urte batzuetako dirua hartuko duela esan digu Seaskako lehendakariak.


OSPATZEKO 20 ARRAZOI

Aurtengo logotipoak lehenengo Herri Urratsekoaren itxura bera dauka. Hura oinarri hartu eta pixka bat moldatu nahi izan du Guhaurrek, estekikoki itxura modernoagoa eman nahi izan dio.

Kantuak eta leloak ere gogoratzen digute aurtengoa hogeigarrena dela, baina ez da hori izango urtemuga azpimarratzeko modu bakarra. Garrantzitsuena agian, Senpereko lakuan bertan ipiniko duten harria izango da. Senpereko Herriko Etxearen proposamena izan da hau eta harrera ofiziala baino lehen estreinatuko dute, 10:30ak aldera.

Harrera ofizialera urtero hautetsiak eta beste hainbat pertsonaia ezagun gonbidatu ohi dute. Aurtengo edizio berezi honetarako 20 urte hauetan Herri Urratseko lehendakari izan direnak, Seaskako lehendakari izan direnak eta Senpereko auzapez izan direnak gonbidatu dituzte.

Bestalde, festaren bezpera egunerako, ikuskizun bat aurreikusi dute: "Lau Bürü". Barkoxeko Etxahun elkarteak proposaturiko ekitaldia da hau eta Barkoxeko 50 gaztek parte hartuko dute bertan. Lau zati dituen emanaldi honen bitartez, Aitzin Arotik 2.050 urtera bitartean euskal kulturaren garapena nolakoa izan den eta nolakoa izan daitekeen irudikatzen saiatuko dira. Ikuskizun hau gaueko 21:00etan egingo da Senpereko Gantxiki aretoan. Sarreraren prezioa 8 eurotakoa izango da eta doakoa 15 urte bitarteko haurrentzat


SEASKAKO BATZORDE BERRIA

Egun, Seaskako lehendakaria Mixel Etxeberri dugu, baina aurten alabak ikastola utziko duenez, lehendakari berria izendatu beharko dute. Oraindik ez dute erabaki zein izango den lehendakari berria, ezta zein izango diren diruzain eta idazkari berriak ere. "Ekainaren 28an ikastola kontseilua egingo da eta hor, batzorde eragiletik hiru aterako gara, beste hiru sartzeko. Beste hiru horiek sarturik osatuko da berriro ere batzorde eragilea eta berriz karguak bozkatuko dituzte: lehendakari, diruzain eta idazkari berrienak alegia" azaldu digu Etxeberrik

20 urte, 20 ahots
Aurtengo leloa, "Hogeigarrenean sasoin ederrean", Ernest Alkhat bertsolariak asmatu du eta izenburu bera daraman kantuaren hitzak ere Alkhatek idatzitakoak dira. Bai leloak eta baita kantuaren hitzek ere 20. urteurrenari erreferentzia egiten diote.

Musika, moldakuntza eta ekoizpena Mixel Ducauren ardura izan dira. Lehenengo Herri Urrats hura egin zenetik 20 urte bete direnez, Iparraldeko 20 kantari aukeratu dituzte, 10 emakume eta 10 gizon, kantuari ahotsa jartzeko: Amaia Aire, Paxkalin Aire, Miren Aire, Maialen Errotabehere, Celine Mounole, Maddi Oihenart, Caroline Phillips, Amaia Rouspeyrous, Pantxika Solorzano, Magali Zubillaga, Dominique Beheti, Jojo Bordagarai, Pantxoa Carrere, Ramuntxo Carrere, Niko Etxart, Mixel Ducau, Erramun Martikorena, Peio Ospital, Rafa Rodrigo eta Domeka Zubeldia. Hainbat haurrek ere parte hartu dute aurrekoekin batera: Saioa Banos, Joana Calvet, Naia Carrere, Maiena Etcheverry, Eztitxu Oiarburu eta Alaia Phillips Ducau. Musikariak Ritxi Salaberria (baxua); Javi Area (bateria) eta Mixel Ducau izango dira eta azkenik, teknikariak Mikel Gonzalez "Gordo" eta Jean Phocas. Kantari hauek grabaturiko bideoa ere aurkeztu dute jada

1984ko lehenengo Herri Urrats hura gogoan
Seaskako ikastolek ere, Hegoaldean egin ohi ziren festei jarraiki, Ipar Euskal Herriko ikastolentzat laguntza ekonomikoa lortu eta euskara sustatzeko jaialdia antolatzea erabaki zuten. Horrela aurkeztu zuten, urte hartako maiatzaren 5ean Iruñean egindako prentsaurrekoan.

Ibilbideak lau kilometro egingo zituen Senperetik hiru edo lau kilometrotara aurkitzen zen laku baten inguruan. Paraje hau bera izango zen jendea erakartzeko tresna garrantzitsuenetakoa. Senpere Hegoaldeko euskaltzaleei gertu gertatzen zitzaien leku ederra izateaz gain, bertara heltzeko bide mordoa eskaintzen zituen: Donibane Lohizunetik, Ainhoatik edo Ezpeletatik. Hori izan zen jaia Senperen kokatzeko arrazoirik garrantzitsuena.

Lehen aldi horretan, Mixel Etxeberrik kontatu digunez, helburua Xalbador kolejioa egiteko dirua biltzea izan zen eta 5 hilabete igaro zituzten Seaskako 30 ikasle, guraso eta irakaslek maiatzaren 12an egingo zen festa handia prestatzen. Hori izango zen Seaskak 1969an sortu izan zenetik antolatuko zuen ekintza masiboena. 200 lagun izango ziren lanean, espero zituzten 10.000 bisitarien beharrak asetzeko.

Antolatzaileak eguraldi kaxkarra egingo zuenaren beldur ziren eta hala esnatu zen eguna. Hala ere, euskaltzaleak ez ziren kokildu eta goiz goizetik jende andana bildu zen Senpereko lakuaren inguruetan. Eguna aurrera zihoan heinean eguraldiak hobera egin zuen eta muga pasa ezinik geratu ziren batzuk izan ezik, Euskal Herriko probintzia guztietatik jendeak hurbiltzen jarraitu zuen. Eguna amaitu zenean 15.000 bisitari zenbatuak zituzten.

Era guztietako ekitaldiak izan ziren egunean zehar: Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako txarangak, txistulariak, sokatira, bazkari herrikoia, ur jokoak, herri kirolak, erromeria, dantzariak, musika eta gisa horretako beste hamaika ekitaldi eta saio. Auto bat ere zozketatu zuten.
Arrakastatsua izan zen oso lehen edizio hura beraz eta ordutik aurrera garbi geratu zen Nafarroa Oinez, Araba euskaraz, Kilometroak eta Ibilaldiak senide berri bat izango zutela Ipar Euskal Herrian


Azkenak
Nazio Batuen Erakundeko 193 kide hil ditu Israelek urritik, inoizko gehien

Palestinar errefuxiatuei laguntzeko UNRW agentziako kideak dira hildakoak. NBEko langileen heriotza tasa altuena dela jakinarazi du agentziak. Israelek momentu oro jakin du non zeuden laguntzaile humanitarioak, eta “berariaz” egin die eraso, salatu duenez. 122... [+]


Dozenaka senideko familia ugari desagerrarazi dituzte sionistek

Gutxienez 60 familiak galdu dituzte 25 kide baino gehiago, Associated Press agentziaren ikerketa baten arabera. “Inoiz ikusi gabeko mailan” ari dira sionistak familia osoak hiltzen.


Israelgo Kan irrati publikoaren informazioa
Israelek “zehaztasun handiz” ezagutzen zuen Hamasen plana urriaren 7a baino hiru aste lehenago

Erasoa baino hiru aste lehenago banatutako txostenean agertzen da Hamasek “200 eta 250” pertsona artean bahitzeko asmoa zuela. Aldi baterako bertan behera utzi du urriaren 7ko segurtasun akatsei buruzko ikerketa Israelgo Auzitegi Gorenak.


“Bilboko eskola-inguru asko kutsaduraz eta zarataz betetako eremuak dira”

Porlanezko patio txikiegiak batetik, errepidez eta autoz jositako eskola-inguruak bestetik, Bilbon ikastetxe askok jasaten duen panorama salatu eta esku hartzeko eskatuz udalera jo du hiriko guraso elkarte andanak, indarrak batuta: “Gurasoak jo eta su ari gara eskoletan... [+]


Eguneraketa berriak daude