SINDIKATU ABERTZALEAK BATASUN GALDUAREN BILA


2021eko uztailaren 19an
Aurten, maiatzaren 1ean, aurreko urteetan baino elkar hartuago ikusiko ditugu sindikatuak. Aurten arte, eta azkeneko urteetan, honela ikusi izan ditugu Hego Euskal Herriko manifestazioetan: CCOO, UGT eta USO elkarrekin, CNT eta CGT beste multzo batean, ELA, LAB eta ELB talde bana osatuz eta ESK eta EILAS ere aparteko multzoan. Aurten, nahiz eta dibisio sindikalak iraun, aurreko urteetan baino handiagoa izango da batasuna. Izan ere, ELA, LAB, EHNE eta HIRU sindikatu abertzaleek maiatzaren batean Bilbon «Langileok, Demokrazia, Justizia eta Autodeterminazioa» lelopean manifestazioa egitea erabaki dute. ESK eta EILAS sindikatuek gainerako sindikatu abertzaleekin ekintza sindikal bateratua mantentzen duten arren, arrazoi desberdinengatik oraingoan, euskal hiriburu nagusietan maiatzaren bateko manifestazioa elkarrekin egitea erabaki dute. CCOO, UGT, CNT, CGT eta USOk manifestazioak egingo dituzte bakoitzak bere aldetik euskal hiriburuetan.

Maiatzaren bateko errebindikazioei dagokienez, sindikatu guztiak, abertzaleak eta gainerakoak, bat etorriko dira ondoko hauetan: kolektiboen eta pertsonen arteko diskriminazio laborala, prekariotasuna eta aparteko lanorduak salatuko dituzte eta laneko osasunaren defentsa eta negoziazio kolektiboa eskatuko dituzte. Sindikatu abertzaleek, aurreko horretaz guztiaz gainera, enpresetan euskara normalizatzeko eskaria egingo dute, eta «Egunkaria»ren eta hedabide horretako langileen aldeko aldarria ere eszenifikatuko dute berriro. Bestalde, nazioarteko egoera belikoa kontuan izanik, gerra geldiarazteko eskatuko dute alde bateko nahiz besteko sindikatuek, azken aste hauetan egin dituzten lanuzteen eta manifestazioen indargarri.

Joan den otsailean iragarri zen sindikatu abertzaleen arteko ekintza sindikal bateratua, eta azkeneko hilabete hauetan ispilatu da hainbat agerralditan: martxoaren 3an, Gasteizen bost langile hil zituzteneko urteurrenean; martxoaren 8an, emakume langilearen egun nazioartekoan; martxoaren 13an, «Egunkaria»ren eta euskarazko prentsaren aldeko lanuzte eta mobilizazioetan, gerraren kontrako lanuzteetan, Aberri Eguneko adierazpenetan eta abarretan. Elkarlaneko bide horretan barrena, litekeena da batasuna sendotuz joatea eta helburu nagusiago batzuetan ados jartzea, betiere subiranotasunaren eta klase sindikalismoaren estrategia oinarri dutela.


PATRONALARI ERANTZUTEKO BATASUN SINDIKALA

Hasiera batean bederen, Euskal Herriko patronalari erantzuteko estrategia da ELA, LAB eta ESK sindikatuek ekintza sindikal bateraturako lortu duten akordioa. Hala ere, beste baldintza batzuetan, gerta liteke dinamika horren ondorioz eduki politiko handiagoko akordioetara iristea, subiranotasunaren eta klaseko sindikalismoaren planteamenduaren barruan. Orain arteko akordioaren bidez, bada, patronala esparru ekonomikoan eta soziolaboralean azaltzen ari den jarrera "lotsagarriari" egin nahi diote aurre, eta bidenabar mobilizazio dinamika bat ezarri gura dute harreman laboraletarako Euskal Herriko esparru bat erdieste aldera.

ELAko Jose Elorrietaren iritziz, aliantzen politika "tresna efikaza da ekintza sindikalean". Arduradun horren ustez, sektore askotan jarri dira galbidean langileen soldatak, eta, ondorioz, erabat gaitzestekoak dira "diskurtso demagogiko apokaliptikoak". Elorrietak dioenez, enpresek ez dute Euskal Herritik alde egingo, langileek soldata handiagoa eskatzen dutelako. ELAko idazkari nagusiaren hitzetan, patronala presionatuz eta eskabideen alde mobilizatuz lortuko da eskariak plasmatzea, zeren enpresaburuak ez omen daude akordioetara iristeko prest.

Rafa Diez LABeko idazkari nagusiak, berriz, "hala edukietan, nola dinamiketan, negoziazio kolektiboak astindu ederra behar zuela" adierazi zuen. Arduradun horren hitzetan, horregatik, "indarra metatu eta aktibatu nahi dute ELA, LAB eta ESK sindikatuek, enpresaburuen jarrera arduragabeari erantzuteko". Lan harremanetako euskal esparruari dagokionez, Diezek azaldu zuen hiru sindikatuentzat dela ezinbesteko erreferente estrategikoa, zeren nahitaezko baita "harreman laboralak egituratzeko eta langileen beharrei hobeto erantzuteko tresnak izateko". Diezek dioenez, horregatik, mobilizazioen eremura ere eraman behar da konpromiso hori, eta dinamiketan konpartitzera ere iritsi behar dute sindikatuek.

Anjel Abalde ESK-ko idazkari nagusiak honela definitu zuen akordioa: "Euskal sindikalismoak ohartarazpen bat egin dio patronalari. Patronalak nahiago du aurreko urteko banaketa eta enpresaburuen aldeko negoziazioa, hots, helburuak lortzea baino akordioak izenpetzea ardurakoagoa den negoziazioa". Arduradun horren iritziz, "aliantza hau ez da siglen batze hutsa, baizik eta benetako batzea, sindikatuen nahiak ez ezik, langileen interesen defentsaren funtzioan mobilizatzeko gaitasuna eta sendotasuna metatzeko aliantza".


LEHENBIZIKO URRATSA

Patronalaren kontra ekintza sindikal bateratua izateko akordio hori lehen urratsa da, eta litekeena da ondotik beste batzuk ezagutzea. Oso gogoan izatekoa da ELA eta LAB sindikatuen 1998ko ekintza sindikal bateratua, zein, sindikatu bakoitzaren barruan aski korapilatsua gertatu zen arren, adibide eta akuilu izan baitzen gainerako indar politiko abertzaleentzat eta handik etorri baitzen azkenean Lizarra-Garaziko Ituna izeneko akordio politikoa, ETAren su-etena ere ekarri zuena. Zoritxarrez, ez zen aprobetxatu garai hura, eta, tregua hautsi ondoren, benetakoa izan zen berriro zatitze politikoa nahiz sindikala. Inori ez zaio ahaztu egoera hura, eta baztertu ere inork ez du baztertzen. Are gehiago, gizartea Lizarra-Garaziko Itunaren antzeko zerbaiten eske dago.

Testuinguru horretan, hiru sindikatu abertzaleek otsailean lortu zuten akordioak elkarlaneko bidea irekitzeko itxaropena sortu du. Alde horretatik, ELA, LAB eta ESK sindikatuen akordioaren testuan, ondoko letra hauek ere ageri dira: "Guztion nahia da akordioa eremu berez politikoago batera hedatzea. Horregatik, estrategia nazionala, soberanista eta klasekoa garatzeko proposamen konbergenteak definitzen ditugun neurrian, eta behar bezalako baldintzak ikusten baditugu, horretara joko dugu". ELAko idazkari nagusiak markatu zuenez, izenpetzaileen nahia mugagabea da kolaboraziozko graduan. LABeko Rafa Diezek, berriz, prozesua mailakatua dela argitu zuen, eta badirela aztertu eta garatu beharreko alderdiak.

Akordioa sinatuz geroztik, ondorengo agerraldi publiko batean, Diezek, LABeko 2.000 ordezkariren aurrean, adierazi zuen "akordioak abian jarri duela prozesu soberanista esparru soziolaboralean". Elorrietak, berriz, irrati bati egindako adierazpenetan, esan zuen "oraingo kondizioak ez direla egokiak LABekin esparru politikoan sakonki lanean aritzeko", eta gaineratu zuen "ezin dela beste ziklorik izan, baldin distentsiorik gertatzen ez bada". Alde horretatik, "ETA soberan dagoela eta beste urrats bat emateko eragozpena dela" azaldu zuen.


CCOO-EN ETA UGT-REN KRITIKAK

Hiru sindikatu abertzaleek izenpetutako akordioa dela eta, erreakzio gogorra izan dute aipatu bi sindikatu horiek. CCOO eta UGT sindikatuek Espainiako CEOE patronalarekin izenpetu zuten akordioarekin baldintzatu dute gainerakoekiko zeinahi aliantza, eta, jakina denez, hitzarmen horrek ez du errespetatzen lan harremanetako euskal esparrua, ezta Euskal Herriko gehiengo sindikala ere. Kontuak kontu, kasu konkretu zehatz eta lokaletan behinik behin, litekeena da bi talde sindikal horien arteko aliantzaren bat gertatzea

Lan harremanetako euskal esparru baten alde
Oraintsu izenpetutako akordioan, hiru sindikatu abertzaleek berretsi egin dute lan harremanetako eta babes sozialeko euskal esparruaren aldeko konpromisoa, eta eraikiz joateko laneko espazio komunak ezarri dituzte. Bestalde, jarrera aktiboagoa eta urrats jakinak emateko eskaria egin diete Hego Euskal Herriko administrazioei.

ELA, LAB eta ESK sindikatuek ez dute onartzen Espainiako estatuak, maiz CCOO eta UGT sindikatu Espainiakoek onetsirik, euskal langileei akordioak eta erabakiak ezartzea. Are gutxiago, ondorioz babes sozialaren gutxitzea, laneko baldintzen okertzea, prekariotasunaren eta diskriminazio laboralaren indartzea, langabezia ugaltzea eta abar datozenean. Hiru sindikatuek aurre egin nahi diote era horretako politikari, langileen eskubideen defentsan, eta, aldi berean, lan harremanetako esparru propioa eraiki nahi dute.

Hiru sindikatu abertzaleek ongi dakite zeinen ardurako eginkizuna duten Gasteizko eta Nafarroako administrazioek. Horregatik, arlo soziolaboraleko ezarpenei aktiboki erantzuteko eskatzen diete, eta, era berean, prekariotasunari eta diskriminazioari aurre egiteko enplegu-politikak sustatzeko, aukera eta eskubide laboraletan berdintasuna bultzatzeko eta babes sozialeko sistema propioa garatzeko. Azkenik, lan harremanetako euskal esparrua eraikitzeko urrats jakin batzuk emateko exijitzen diete.

Ekintza sindikal bateratuan aritzeko akordioa sinatu duten hiru sindikatuek uste dute kontzepzio ultraliberalaren ikuspegian oinarritutako sektore eta zerbitzu publikoen ondoriozko erreforma politiko eta fiskal etengabeek nahiz aurrekontuetako defizit zeroko politikak erantzun zehatza dutela eskakizun, eta, besteak beste, beharrezkoa dela mobilizazio soziala. Horrez gainera, azaldu dute estrategia bateratua eratuko dutela energiaren eta azpiegituren arloetan, beren iritziz Euskal Herriko espazio sozioekonomikoaren osamoduarekin zerikusi handia dutelako.

Negoziazio kolektiboari dagokionez, hiru sindikatu abertzaleek ondoko eskari hauek izango dituzte ardatz, batik bat: soldaten hobetze erreala, pertsonen eta kolektiboen arteko diskriminazio laborala, lanorduen murriztea, prekariotasunaren kontrako borroka, azpikontraten eta aparteko lanorduen desagertzea, ordezteko eta txandatzeko kontratua indarrean jartzea eta enpresetan euskara normalizatzea. Horrez gainera, laneko osasunari ere jarriko diote arreta: gure herrian laneko heriotzak eta istripuak hainbeste izanik, erreklamazioak eta mobilizazioak beharrezko ikusten dituzte hain indize larriari erantzuteko


Azkenak
Nazio Batuen Erakundeko 193 kide hil ditu Israelek urritik, inoizko gehien

Palestinar errefuxiatuei laguntzeko UNRW agentziako kideak dira hildakoak. NBEko langileen heriotza tasa altuena dela jakinarazi du agentziak. Israelek momentu oro jakin du non zeuden laguntzaile humanitarioak, eta “berariaz” egin die eraso, salatu duenez. 122... [+]


Dozenaka senideko familia ugari desagerrarazi dituzte sionistek

Gutxienez 60 familiak galdu dituzte 25 kide baino gehiago, Associated Press agentziaren ikerketa baten arabera. “Inoiz ikusi gabeko mailan” ari dira sionistak familia osoak hiltzen.


Israelgo Kan irrati publikoaren informazioa
Israelek “zehaztasun handiz” ezagutzen zuen Hamasen plana urriaren 7a baino hiru aste lehenago

Erasoa baino hiru aste lehenago banatutako txostenean agertzen da Hamasek “200 eta 250” pertsona artean bahitzeko asmoa zuela. Aldi baterako bertan behera utzi du urriaren 7ko segurtasun akatsei buruzko ikerketa Israelgo Auzitegi Gorenak.


“Bilboko eskola-inguru asko kutsaduraz eta zarataz betetako eremuak dira”

Porlanezko patio txikiegiak batetik, errepidez eta autoz jositako eskola-inguruak bestetik, Bilbon ikastetxe askok jasaten duen panorama salatu eta esku hartzeko eskatuz udalera jo du hiriko guraso elkarte andanak, indarrak batuta: “Gurasoak jo eta su ari gara eskoletan... [+]


Eguneraketa berriak daude