XABIER ETXANIZ: "OSO GUSTURA AURKITZEN NAIZ IPUINGINTZAN"


2021eko uztailaren 28an
Orain artean plazaratu dituen lanetan ipuina izan du oinarri Xabier Etxaniz Rojo idazleak. "Oso gustura aurkitzen naiz ipuingintzan", aldarrikatu digu xalo-xalo, eta egia esan, ez gara asko harritu, "Begiak itxi eta kitto" narrazio liburuarekin ezagutzera eman zela eta Gabriel Aresti ipuin lehiaketan bi aldiz irabazle izan dela kontuan harturik. Eta arrazoi horiek nahikoa ez balira, "Hamar manamenduak" deritzan narrazio liburua da kaleratu duen azkena. Bere alorra ipuingintza dela esan genezake, beraz. Hori dela eta, «Hamar manamenduak» azken narrazio liburua aitzakia hartuta egin diogu elkarrizketa, nahiz eta egin eta argitaratu bitartean bere lehen eleberria den «Kuadro isila»rengatik Donostia, Opera Prima saria ex aequo jaso duen.

Gauzak argi esateko, etenik gabe irakur daitekeen arren, irakurle bihozberari amorerik ematen ez dion ipuin sorta da "Hamar manamenduak" liburuan agertzen dena, kontakizun guztiak Bibliako eta kristautasunezko jainko zorrotzak gizakioi eman bide zizkigun aginduekin lotura baitute, eta bistan da, zigorra ezin da falta sukalde horretan. Nolanahi ere, bere alaba txikiari eskaini zion egileak liburua, ipuinok Erein argitaletxera bidali zituen egun berean hasi zelako bere emaztea erdiminak sentitzen, Garazi hurrengo egunean jaio zelarik, eta hortaz, lasai asko esatea duelako Xabier Etxanizek ogi bat besazpian munduratzen diren haurrak baldin badira, Garazik berarekin "Hamar manamenduak" ekarri zituela.

Gertaera nahiko latzak jasaten dituzte zure liburu honetako protagonistek. Gaizto samarra ez al zara izan beraiekin?
Bai, nahita egin dut. Liburu honetan ez dago pertsonaia normalik, zarpail hutsak dira guztiak, baina ez manamenduak betetzen ez dituztelako zehazki, zeren batzuek -paso eginez bada ere- bete, betetzen dute beraiei dagokien manamendua.

Nola sortu zen liburu hau?
Duela bost urte izan nuen burutapena. Igartza sarirako proiektu bat behar nuen, eta iruditu zitzaidan ideia ona izan zitekeela manamenduen inguruko liburu bat aurkeztea. Osatu nuen ipuinen eskema, idatzi nuen lagin moduko ipuin bat, eta bidali nuen guztia lehiaketara. Baina saria ez zidaten niri eman, Julen Gabiriari baizik -oso liburu ona egin zuen-. Hor gelditu zen nire proiektua, hurrengo urtean berriz aurkeztu nuen arte, hala ere beste ipuin batekin. Ez zen irabazle atera orduan ere, baina poliki-poliki ipuinak idazten jarraitu nuen, liburuan agertzen diren guztiak osatu arte. Dena den, hasierako proiektuan zeuden ipuinetatik bakarra dago bertan.

Zein da ipuin hori?
Lehenengoa, "Nola edo hala", rock musikaria gurtzen duen neskatoaren kasua.

Gehiegikeriak ez al dira neskato horrek bere jainkoagatik egiten dituenak?
Baliteke, baina fanen munduan antzekoak egiten direlakoan nago. Egia esan, nik irakurrita dauzkadan zenbait berri ipuinotan sartzeko asmatu izan banitu, maltzurra naizela esango luke jendeak. Baina berri horiek benetan gertatuak dira…

Bigarren manamenduan agertzen den ama bezalako emakumerik ezagutu al duzu errealitatean?
"Ez duzu ahotan alferrik hartuko Jaungoikoaren izena" dio bigarren manamenduak. Eta ipuin horretan nabarmentzen dena familiaren isiltasuna dela esango nuke. Denak daude afarian, amaren inguruan, eta denek ikusten dute ama horren gaiztakeria, baina inork ez du egiten hura eragozteko ezer. Eta azkenean zer edo zer egiten duenak ere, isilean egiten du berea.

"Jai egingo duzu jai egunetan" manamenduari lotuta dagoen istorioko protagonistaz ari al zara?
Bai. Ipuin horrek bere arazoak eman zizkidan. Nork egiten du lan jai egunetan? Futbolariek, suhiltzaileek… Taxista bat aukeratu nuen azkenean. Gizon horrek ez du zehazki zigorra jasotzen jai egunean lan egiteagatik, baina nolanahi ere, gaizki ateratzen zaio eguna.

"Arrazoi misteriotsuak" ipuinean tratu txarren arazoa ukitzen duzu.
Diotenez, txikitan tratu txarrak jasandakoek portaera bera izaten dute helduak direnean. Niri ez zait gertatu eta gainera ez dut horrelako inor ezagutzen, baina laugarren manamendurako horixe neukan nik buruan. Eta azkenean, nire protagonistak egiten du aurretik bere aitak egiten zuena, ez duelako inolaz ere gainditu bere garaian jasan zuen trauma. Nire ustez, liburuko ipuinik gogorrena da hori, baina bitxiena zera da, gizon horrek bete egiten duela manamendua, aintzat hartzen baitu bere aita.

Manamendua ziur betetzen ez duena "…Eta kitto"ko pertsonaia da. Bosgarrenak ez al dio "Ez duzu inor hilko" edo horrelako zerbait?
Hori izan zen Igartza sarira bigarren aldian aurkeztu nuen ipuina, eta nabari da urteak pasa egin direla eta proiektua aldatu dela. Ipuina bere horretan mantendu dut, ordea. Pertsonaia horrek bere emaztea hil nahi du, hori lehenengo mementotik dakigu, eta baita horretarako duen arrazoia ere. Baina ez du hilko, beste jende bat baizik. Hor galdera da: benetan hil nahi ote du bere emaztea? Bukaeran galdetzen dionagatik, nik ezetz esango nuke. Are gehiago. Nire iritziz, horrek, benetan, ez du inor hil nahi… Ipuin dibertigarria da, nahiz oso latza izan.

"Afaria" ipuina ere dibertigarria iruditzen al zaizu?
Ez, hori gogor samarra da. "Ez duzu haragikeriarik egingo" dio seigarren manamenduak, eta horrek erraztasunak eman zizkidan, haragia baitzen hor kontua. Horregatik sartu nuen harakin bat protagonista gisa. Sexuaz ere zer edo zer sartu behar izan nuen, zeren mundu guztiak lotzen du sexuarekin seigarren manamendua. Horko pertsonaietako bat oso maltzurra da, eta uste du sexuak mugitzen duela mundua. Ni ez nator bat berarekin horretan -diruak mugitzen duela esango nuke-, baina besterik da pertsonaia horrentzat. Kosta zitzaidan, baina istorioari bukaera polita eman niolakoan nago. Oso pozik gelditu nintzen ipuin horrekin eta baita hurrengoarekin ere, Conrado delakoaren istorioarekin.

Benetan? Ez al da istorio erabat tristea morroi horrena?
Tristea da, bai, baina baita erreala ere. Horrelakoak gertatu egiten dira.

Nortzuk dira gizarte honetan benetako lapurrak, zure ustez?
Banketxeak, dudarik gabe. Ipuineko pertsonaiari gertatzen zaiona jende askori gertatzen zaio errealitatean. Narrazio hori bai dela sinesgarria, halaxe esan dit jendeak eta halaxe uste dut nik ere.

Poz txiki bat ere ez diozu ematen irakurleari liburuan zehar. Lapurreta ondo atera izan balitzaio, sikiera…
Bukaera koherenteena ematen saiatu nintzen. Dena lapurtu diote, berak ezin du lapurreta burutu, eta orduan erabakitzen du gauza bakarra duela inork kenduko ez diona.

"Umemokoak, putak eta zapaburuen mendekua" dator gero. Zer diozu horri buruz?
"Ez duzu gezurrezko testigutzarik egingo eta ez duzu gezurrik esango», dio zortzigarren manamenduak. Beraz, hor gezurrak esatea zen kontua. Eta pertsonaia batzuek gezurra esaten dute. Narratzaileak ez du gezurrik esaten, baina egia osorik ere ez. Hori gezurra esatea al da? Daitekeena da… Gezurraren mundua oso da eztabaidagarria. Adibidez, gaixotasun larri bat izanez gero, zer nahiko zenuke, sendagileak bi hilabete gelditzen zaizkuzula esatea ala ezer ez jakitea? Zaila da erantzuna. Nik nire zalantzak izan nituen neska horrek halako arazo baten aurrean nola jokatu behar zuen erabakitzeko orduan. Esan behar zion egia aitari, ala ez? Merezi ote zuen gizon horrek alabaren portaera? Irakurleak erabaki beharko du hori. Ni oso pozik gelditu nintzen azkenean, bukaera irekia utzi nuelako. Aitortu behar dut ipuin horren abaiapuntua benetako zurrumurru batetik datorrela: pertsona baten ama emagaldua zela zioen zurrumurru horrek, inork ziur ez zekien arren. Baina hori da ipuin horretan dagoen egia bakarra, beste guztia neuk asmatua izan da.

Bederatzigarren manamenduak asmo lizunei lekurik ez emateko agintzen du. Uste duzu inork betetzen duela?
Ezetz esango nuke. Dena den, nik nahimen lizun horiek gizon baten buruan agertzea nahi nuen, bere neska-laguna ondoan edukita. Beste batzuekin ditu nahimen lizunak, jakina. Horregatik gertatzen da istorioa gauez, horregatik dago bestea erdi lo, eta horregatik daude biak haserre, pozik egonez gero beharbada ondoan duenarekin izango bailituzke nahimen lizunak, baina haserre dela errazagoa du ihes egitea… Agian horretan bukaerarekin egin nuen huts. Baina beti ezin da asmatu.

Hori erabaki dezala irakurleak, ez duzu uste? Bitartean, aipa ezazu hamargarren ipuina.
"Desire". Besteen ondasunak irrikatzen dituen pertsona. Besteen ondasunak irrikatzea oso erraza da, nork ez du halakorik irrikatzen? Nire arazoa zen ea zer irrikatu behar zuen protagonistak, irakurlearen harridura sortzeko? Dirua, kotxea eta horrelakoak arruntegiak ziren, baina besteen usaina, begiak, edertasuna desiragarriak gerta daitezke ere, nahiz ondotxo jakin sekula ez dituzula lortuko. Bizia emango zenuke agian haiek zureak izateagatik, baina… Nire pertsonaiak benetan nahi duena zoriontsu izatea baino ez da. Horren atzetik dabil, besteengan berak ez daukana bilatzen duen bitartean. Edertasuna nahi du, baina zu ederra ez bazara, sekula ez duzu lortuko ederra izatea. Zoriontsu izatea, berriz, lor daiteke, baina hori da pertsonaiak inoiz ere lortuko ez duena, nahiz zorionaren bila ibili sutsuki. Izan ere, bilatzeko aukeratzen duen modua egokia al da? Ez zait iruditzen.

Eta zu, zoriontsu al zara "Hamar manamenduak" liburuarekin?
Bai, asko. Kosta zait, baina azkenean lortu dut


Azkenak
2024-09-21 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. 1.eguna
Zerk egiten duen pertsona


Bonba-jostailuen oroimena oraindik bizirik da Libanon

Ekialde Erdia dantzan jarri dute pertsona-bilagailuak eta walkie-talkieak lehergailu bihurtu dituzten erasoek. Israel isilik da, baina inork gutxik jartzen du zalantzan erasoen atzean hura dela. Besteak beste, iraganean aritu delako jada jolas hilgarri horietan, eta akusazio... [+]


2024-09-20 | Sustatu
Euskarabildua topaketa urriaren 17an: “Artifiziala ez den teknologia”

Aurtengo Euskarabildua topaketa teknologikoa (iAmetzak antolatzen duena urtero) urriaren 17an izango da Donostian, San Telmo Museoan. "Artifiziala ez den teknologia" jarri diote goiburu gisa, adimen artifizialaren oldarraldi garai honetan "inoiz baino... [+]


Sail Ofiziala. Irekierako filma
Apar gutxiko desioa


2024-09-20 | Gedar
Aurten ere, udako erailketa matxisten %15 egin dute poliziek edo polizia ohiek Espainiako Estatuan

Uda honetan, gutxienez hemeretzi erailketa matxista izan dira, eta horietatik gutxienez hiru kasutan, poliziak edo polizia ohiak dira hiltzaileak. Donostian, gainera, erailketa saiakera bat ere izan da ertzain baten partetik: bere bikotekidea hiltzen saiatu zen abuztuan.


2024-09-20 | George Beebe
Ez dago irismen luzeko misil nahikorik Mendebaldean Ukrainako egoera aldatzeko

(Baina Kievek Errusiari eraso egiten uzteak gerrara eraman gaitzake zuzenean).

George Beebe CIAko Errusiako analisi zuzendari ohia da eta bere artikulu hau Rafael Poch kazetariaren blogean argitaratu dute gaztelaniaz eta Brave New Europe webgunean ingelesez.


Edmundo González Venezuelako “presidente legitimo” gisa aitortu du Europako Parlamentuak

Europako Alderdi Popularrak ultrakontserbadoreekin eta eskuin muturrarekin landuriko ebazpenak aldeko 309 boto, kontrako 201 eta hamabi abstentzio jaso ditu. Ekaineko Europako hauteskundeez geroztik, lehen aldia da eskuina eta eskuin muturra baturik agertzen direla Estrasburgon.


Mozal Legearen erreforma eskatu du Nafarroako Legebiltzarrak

Foru Legebiltzarraren arabera, “oinarrizko eskubideak eta askatasunak murrizten dituen legea da, eta zigor-atal neurrigabea du, demokrazia aurreratu bati ez dagokiona”.


2024-09-20 | Euskal Irratiak
Maider Mourgiart eta Paul Laborde
“Pastoralari esker Xarnegu eskualdeko herritarrak elkar lotu gira”

Azken aukera asteburu honetan 'Inexa de Gaxen' pastorala ikusteko.


2024-09-20 | Gedar
Balmasedako Glefaran enpresak etengabe gainditu ditu ezarritako kutsadura-mugak

2016tik 2023ra bitartean, Pastguren paper-fabrika izandakoa erraustegi modura erabili zuen Glefaranek, elektrizitatea ekoizteko. Zazpi urte horietan zehar, errauts-partikulen isurketa-mugak urratu zituen, eta "gizakien eta ingurugiroaren osasuna arriskuan jarri" zuen... [+]


Internet demokratiko eta burujabe baten alde lanean

Internet hasieran askatasunaren espazio izan zen, baina gaur egun enpresa handien esku dagoen lurralde kontrolatu bihurtu da. Testuinguru honetan, teknologia burujabetza eta ongizate komuna lortzeko Internet berreskuratzeko beharra gero eta premiazkoagoa da. Egile eta aktibista... [+]


2.500 euroko isuna ezarri die Ertzaintzak sei aiaraldearri, iazko greba feminista orokorragatik

"Mozal legea" baliatuta jarri ditu poliziak isunak. Tubacexen eginiko piketegatik izan dira zigor gehienak.


Eguneraketa berriak daude