ANTTON OLARIAGA ETA JOXEAN MUÑOZ. MARRAZKIA ETA TESTUA OHE BEREKO BIKOTEKIDEAK


2003ko maiatzaren 04an
Iilustrazioari buruz ari zela, Iñaki Martiarena «Mattin» marrazkilariak, beste estatuetan hemen baino tradizio handiagoa dagoela esan zuen orain gutxi orrialde hauetan. Gurean, Erein argitaletxearen «Ipurbeltz»ek 25 urte bete dituela eta ia-ia oihartzunik ez duela izan azpimarratu zuen halaber. «Ipurbeltz»ek euskal komikigintzan izan duen eta duen garrantzia ikusirik, hasteko eta behin, honi buruzko iritzia eskatuko dizuet.
JOXEAN MUÑOZ: 25 urte bete dituen aldizkari honi buruz gauza asko dago esateko, goraipatzeko batez ere. 25 urtez astero-astero kioskoetan egotea ez da inondik ere arinkeriaz hartu daitekeen datua. Giroa dagoen moduan egonda are meritu handiagoa ematen dio gainera. Nik «Ipurbeltz»ekin harremana irakurle bezala izan dut gehienbat. Komiki zaleak garenontzako, euskal komikiak kezka sorrarazten digun jendearentzako, «Ipurbeltz» oinarrizko erreferentzia izan da. Belaunaldi bat baino gehiago pasa da aldizkaritik, lan asko egin izan da bertan, publiko bat finkatu da eta euskal komikia ez da ulertzerik Ipurbeltz gabe. Oso eskertzekoa eta inportantea da bere lana, laborategi moduko bat izan da «Ipurbeltz».

ANTTON OLARIAGA: Ezinbestekoa da 25 urteko ibilbide hori kontuan hartzea, jakina. Bertan hasi ginenon artean, eta bere sorreran parte hartu zutenen artean, komikia euskaraz egiteko gogoa bazegoen. Bat-batean plataforma bat eskaini zitzaigun, eta, batez ere, poza nagusitu zen gure lanak publikatu ahal izateko aukera bat sortu zelako. Bestaldetik, eta ez horregatik inportantzia gutxiagokoa, idazleekin, gidoigileekin eta beste marrazkigileekin elkarlanean aritzeko aukera zabaldu zen. Alegia, gure lana eta bizipenak konpartitzen hasi ginen jende berriarekin, oso albiste pozgarria izan zen «Ipurbeltz» sortzea.

Nola ikusten duzue egun, oro har, komikien, ilustrazioen edota marrazkien mundua, bere espresio guztietan?
ANTTON OLARIAGA: Hasteko, bi mundu diferenteak direla esango nuke: komikiaren eta ilustrazioaren parametroak ezberdinak dira. Komikiaren artean badira oso finkatuta eta zehaztuta dauden parametroak. Batetik, oro har, komiki mutua dago, hitzez osatutakoa, komiki liburua, egunerokoetan tira forman agertzen dena eta egunkarietako txiste grafiko bera, nahiz eta zentzu hertsian komikia ez izan; eta bestetik, ilustrazioaren mundua dago. Bi mundu, beraz.
Nolako panorama ikusten dudan? Ez zait burutik kentzen orain dela 25 urte inguru, Iparraldeko hipermerkatu batean ikusitakoa. Apalategiak komikiz beteak zeuden, eta aldamenean, etxekotresnen sailean telebista piloa zegoen, denak piztuta. Ume koadrila bat zegoen ondoan, zoruan eserita, baina ez telebistari begira komikiak irakurtzen baizik. Ez zait irudi hori oraindik gogotik joan, baina, jakina, Iparraldea zen. Eta horrek horrela izaten segitzen du gaur egun. Esan dezagun, oro har, badugula komiki kultura bat, txikitatik bizi izan duguna.

JOXEAN MUÑOZ: Bat nator Anttonekin. Espresio horiek harreman handia dute eta ezberdintasun oso handiak ere bai. Komikiaz, ilustrazioaz ala marrazki bizidunen egoeraz hitz egitea oso gauza eta egoera ezberdinez hitz egitea da. Komikiak Frantziako Estatuan beheraldi bat izan zuen. Orain berriz, itxuraz, suspertzen ari ote den diote, gora ote datorren, baina, oro har, badirudi jaitsi egin dela. Orain hogeita hamar urte, egunero baliatzen genuen komikia, ume koskor guztiek erabiltzen genuen komikia. Orain, rol jokoek eta ordenagailu bidezko jokoek hartu dute bere tokia, joko hauek komikia irentsi dute. Komikia beste arlo batean gelditu da.
Alabaina, liburuaren ilustrazioetan, ipuinetan, kasu, aldaketa bat gertatzen ari da. Marrazkiaren maila asko igo da, baita maila polit batera igo ere. Marrazki bizidunei dagokionean, aldiz, beste mundu bat da -euskal produkzioaz ari naiz-, baina, oro har, badute loturarik. «Ipurbeltz» hizpide hartuz berriz ere, egunkarietan komikiak eta txisteak egiten aritu denak, «Ipurbeltz»ekin harremana izan du. Bai zerbait publikatu ahal izateko edo ogibidea ziurtatu nahi zuelako, «Ipurbeltz» topaleku moduko bat izan da.

ANTTON OLARIAGA: Nahiko modu bakartian hala ere, beste leku batzuetako panoramarekin alderatuz, hemengoa ez zen oso baikorra, eta horrek bere meritua areagotu egin du.

Hegoaldeari gagozkiola, sendotu al da komikirako eta ilustraziorako kultura?
ANTTON OLARIAGA: Kiosko eta liburutegietan begiratzen baditugu, horiek markatzen baitute sendotasun hori, oraindik badago txoko bat, duintasunez bizitzea lortu dute produktu batzuek. Hala ere, 80ko hamarkadan, erdarazko agerkarietan bereziki, boom moduko bat izan zen, gero gainbehera etorri zen. Gaur egun gutxiago dela iruditzen zait. Hala ere, badaude erreferente batzuk, euskaraz ere bai, baina urriak dira.

Halaber, ekoizpen batzuk frankotiratzaile modura azaltzen dira merkatuan, aldian behinekoak dira. Ez bazaie promozio berezi bat egiten, kiosko eta liburutegietako eskaintza zabalaren artean galtzen dira, jendea ez da enteratu ere egiten. Zaleek txokoetan miatu behar dute, jendea komikia eskuetan duela ikustea-edo falta zaigu. Horrelako susmoa daukat nik. Haurrengan sumatzen dut nik falta hori, hau da, haurrek ez dute irudi hori ikusten. Agian, ez dugu jakin umeei gure gozamen hori transmititzen. Zerbaitek krak egin du.

Marrazki bizidunen munduan, berriz, bestelakoa al da panorama?
JOXEAN MUÑOZ: Azken 25 urteak hartuta, dudarik ez dago, aurreratu egin da. «Kalabaza tripontzia» luzemetraia estreinatu zenetik gauzak hobetu dira, orduko jende asko dabil egun lanean. Belaunaldi berriak etorri dira eta esparrua askoz zabalagoa da orduan baino. Juanba Berasategik «Kalabaza tripontzia» egin ondoren egiten dituen marrazkiak oso diferenteak dira eta aukera berriak daude. Marrazkiak ordenagailuz egiten dituzten marrazkigileak dira oraingoak.
Kontua da industria kaskar bat dagoela eta horrek arazoak sorrarazten ditu. Osasun txarreko industria bat da, pobrea, beti ahulerian. Baina, egon badago, beharbada euskal komikiarena baino presentzia handiagoarekin.
Euskarazko zinemari buruz hitz egin eta sakondu beharra dago. Rafa Castellanok -ez berak bakarrik- komikia pobreen zinema dela esaten zuen aspaldi. Oso antzekoak izanik ere, komiki bat egin dezakezu eta film bat ez. Orduan, komikia biziago balego, bada, beste ongarri bat izango genuke, beste esparru bat izan genezakeen zinema egiteko. Komikiaren inguruan jende oso interesgarria egon da, eta beharbada, orain, umeen arlo horretatik aterata, pedagogiatik eta mundu horretatik aterata, jendeak bere istorioak komikietan kontatzea eta zinema eta komikia lotuagoak egotea falta da. Industriaren aldetik ez daude lotuak, saio txiki batzuk egin dira, baina ez dute emaitza finkorik ekarri.

ANTTON OLARIAGA: Zuk esandakoarekin lotuz, esango nuke badagoela sustrai bat, sustrai komun bat, marrazki bizidunetan, ilustrazioetan eta komikietan... Gidoigintzan berean ere badago, ongarri modukoa da, ez dakit zein formularen bidez gauzatzen dena, diziplinarteko moduko zerbait. Badira ohitura batzuk, esaterako, istorioa kontalari batek egiten duen narrazio baten bidez finkatzen da, elkarrizketaren bidez egina dena, oso esparru fantastikoa da, antzerkiarekin ere lotura duena, eta zer esanik ez, zinemagintza eta marrazki bizidunekin, batez ere. Etenik gabeko prozesu batean, bitarteko teknikoak asko aldatu baitira, ordenagailuak tarteko. Baina ez hori bakarrik, hizkuntza ere aldatu da, esateko moldea ere aldatu da, umorea aldatzen joan da pixkanaka-pixkanaka. Baina, zorritxarrez, horrek guztiak bere azpian lan egiteko molde komuna behar du. Gidoigintzan adibidez, eta askotan ez dago zer eginik. Ideiak badaude, baina ez dira sekula praktikara heltzen.

JOXEAN MUÑOZ: Ez nuke gaia desbideratu nahi, baina ikus-entzunezkoaren industria bat egiteko aukera ikusten dut, industria pobre bat nahi bada. Anttonek dioen bezala, nik lotura eta harremanak ikusten ditut diziplina ezberdinen artean, baina, beharbada, ez ditugu bitartekoak baliatzen edo behar beste lantzen eta ustiatzen. Beharbada baita ere, horiek guztiak martxan jartzeak ekarriko lukeen arrisku ekonomikoarengatik, ez baita inondik ere beste arloetan bezala arriskatu orain arte. Saioak egin izan dira, baina arrakastarik lortu ez dutenez, bertan behera gelditu dira. Agian, aurrerantzean gauzak hobeto egin litezke. Adibidez, ipuinak eta nobelak komikietan ere argitaratu izan dira. Garai batean, euskal nobela batzuk zinemara pasa izan ziren, hala nola «100 metro» eta «Hamaseigarrenean aidanez». Gainera, bigarren hau komikian ere argitaratu zen eta besteren bat ere adaptatu zen komiki modura. Beharbada, elkarlan hori sortuko balitz eta jendeari lan egiteko aukera emango balitzaio, orain marrazkilari batekin, zinegile edota gidoilari batekin gero, agian beste sustrai batzuk sortuko lirateke. Ez bakarrik marrazkiari eta ilustraziogintzari begira, irudietan egindako narrazioari begira baizik, hau da, ikusmeneko narratibari begira. Hor loturak oso handiak dira. Literaturan, kasu, lotura gero eta garbiagoa dago egun. Alde batetik, komikiaren eragina dago, gero eta komiki irakurle sutsuagoak daude idazleen artean. Adibidez, Iban Zaldua idazleak edota bere garaiko belaunaldiak komikia berezkoa dauka. Badaude indar batzuk, oso bizi-biziak, beharbada aski suspertu ez ditugunak, euskal kulturaren produkzioa ekoiztu dezaketen enpresak ahulak direlako arriskua hartzeko.

ANTTON OLARIAGA: Ordea, proiektuak izanda ere, aurrekontuak heltzen direlarik, diru zenbakiak agertzen direnean, dena bertan behera gelditzen dela, hori da kontua.

JOXEAN MUÑOZ: Ekoizleak askotan esaten du:«Liburua edo produktua salduko al da?». Bestalde, egilea ere proiektua lantzen hasi aurretik hasten da pentsatzen ea bere lan hori kobratuko duen edo ez. Ez da idazleen kasuarekin konparagarria. Idazleek bere obra literarioaren kontzeptuarekin jarduten dute, publikatu nahiarekin. Orduan, nork bere liburua idazten du eta gero funtzionatuko du edo ez. Gidoi bat edo komiki bat egiteko, berriz, ordu asko sartu behar da, ofizio oso gogorra da, zure bizitzan bi aldiz eginen duzu gustu kontuengatik baina ezin duzu askotan egin, zeregin horretan ito egiten zarelako.

Ilustratzaileen lana errekonozitua al dago?
JOXEAN MUÑOZ: Ez. Gidoigileon elkarte baten beharra dugula aipatzen dugu sarri. Idazleak garen aldetik elkarte bat badago, zenbait borroka txikietan elkarren babesa bilatzeko modukoa. Marrazkilariak ahaztuak daudela diogu. Beste modu batez esanda, film batean zuzendariak, musikagileak, gidoilariak bere eskubideak baditu, beraiengatik kobratu egiten dituzte. Marrazki bizidunetan aktorerik berez ez dago, baina aktorearen dirua edo aktoreari dagokion errekonozimendua ahotsa jartzen duenari ematen zaio. Eta nik ez diot batere meriturik kenduko ahotsa jartzen duenari, ez diot ukatuko bere antzezle izaera, baina kuriosoa da, pertsonaia horri aurpegia, izaera eta testua jartzen dizkionari ez zaio errekonozimendu hori ematen.
Marrazkilariak bere arkatzaren bitartez aktorearen lana ere burutzen du, marrazkilariak egile bezala ez daude errekonozituak, eta ez Euskal Herrian soilik, oro har ere, marrazkilariek dutena baino babes gehiago merezi dute, lotura handiago bat eta sindikatu moduko bat beharko lukete, azpijoko asko egiten baitzaie marrazkigileei. Oro har, tratu gogor samarra jasaten dute.

ANTTON OLARIAGA: Dena dela ere, hemendik kanpo badira elkarteak, hemen ez daude eta agian gure errua da.

JOXEAN MUÑOZ: Kanpoan ere hala-moduzkoa...

ANTTON OLARIAGA: ...bai, beno kanpoan zailtasunekin ere ari dira.

JOXEAN MUÑOZ: Idazteak badu horrelako aura bat, itzal bat. Nahiz eta gidoilariak izan, idazleen artean morroiak bezala ikusiak bagara ere, idazte hutsak seriotasunaren itxura ematen dizu. Marrazkilariak horietatik kanpo gelditzen dira, umeen kontuetan ariko balira bezala. Eta Antton bezalako batek marrazkiekin segitzen baldin badu ez da umekerietan ari delako, ofizio honetan ez dago umekerietan ibiltzerik.

Umekeriatan ari al zara Antton?
ANTTON OLARIAGA: Beharbada, nondik begiratzen den. Ez. Orain serioski, zorionez, ez naiz umekeriatan ari
Nola sortu komiki tira bat
Testua eta marrazkiaren arteko borroka iraunkorra omen dago, bi espresioen arteko uztartze moduko bat behar du komikiak. Marrazkigilearen buruak nola funtzionatzen duen galdetu diogu Antton Olariagari. Eta honelaxe azaldu digu:
Lehenbizi, hauxe esaten diot nire buruari: «gutxienez, komiki tira honekin 5 segundoz dibertitu behar duzu», ez diot gehiago eskatzen. Orduan, batzuetan, bertsolarien modura, puntua jarrita duzu eta horri erantzuten diozu. Bestetan, testua erdi borobildua duzu buruan, eta gero, marrazkia horrekin lotzen duzu. Dena dela, ez duzu notario lana egin behar, aitzitik, osagarri bezala azaldu behar duzu zure tiran, zubi lana egin behar duzu.
Batzuetan, nolabait esanda, tira dialektiko samarra ateratzen zaizu. Beste batzuetan, marrazkitik hasten naiz eta testua gero dator, eta beti ere, kontuan hartuz egunkarietakoa oso produktu berezia dela, alegia, irakurlearen begi-bistan dagoela, suerte handiz eta irakurleak egun ona badu, 10 segundoz egongo dela bere bistapean.
Bestalde, teknologia berriak dauden arren, nik asko maite dut me todo zaharra edo antigoalekoa: eskua, arkatza, pintzela, errotuladorea, papera... Ordenagailuan diseinu zoragarriak egiten dira, baina ez diot uko egin nahi antigoaleko modu horri. Ez naiz zentzu txarrean ari. Alegia, eskuan dudan anabasa guzti horretatik, pixkanaka-pixkanaka, lan molde bat sortzen da. Askotan bi esaldik lan asko ematen dizute eta atsedenean uzten duzu. Artean, liburu bat irekitzen duzu edo hiztegia, hurrengoan, autobuseko elkarrizketa batek pista ematen dizu, edo egunkariak edo irratiak edo musika batek

Irakurtzeko urrats gisara eta testuaren bikote modura ulertu behar da ilustrazioa
Irudiez eta testuez osatutako produktu batez ari gara. Nola uztartzen dira bi adierazpideak? Zein da gainean, zein azpian? Batek bestearen menpe egon behar al du?
ANTTON OLARIAGA: Zeregin hau, gaur egun, gehienbat haur eta gazte literaturara mugatua dago. Alegia, helduen literaturan ezer gutxi ilustratzen da, enkarguz eta ilustrazio moduan ez bada behintzat. Ilustrazioaren garaitik ilustratzeko tradizio handi bat dago, baina, batez ere, helduentzako literatura ilustratu da. Gaurko egunera etorriz, berriz, salbuespenak salbuespen, liburu ederrak ilustratzen dira soilik, idazle ospetsuen lanak. Liburu batzuk egiteko aukera dute ilustratzaileek, hauek ere ospetsuak, ale bakar batzuk, sinatuak, milaka dolarren irabazpenak ekartzen dituztenak. Ilustrazioak lan horri sakontasun eta erakargarritasun apur bat emango diolakoan.

Gurera etorriz eta errealitatera esnatuz, esan bezala, irudia edo marrazkia haur eta gazte literaturaren esparrura mugatzen da. Gure kasuan, testuak Internet bidez heldu zaizkigu, eta horrek gure lan moldea erraztu du nolabait. Horiek horrela izanda ere, niri, lehenbizi, idazlea heltzen zait, testuaren atzean idazlea ikusten baitut, honek kontatzen didana. Lehendabiziko harremana idazlearekin izaten dut eta harreman horrek oso gauza politak sortzen ditu. Niretzat pribilegio bat da, gozamen bat, lana argitaratu gabe iristen baita nire eskura, primizia modura...

JOXEAN MUÑOZ: ... nik ez dut nire liburuen ilustrazioak Anttonekin egiteko suerterik izan, baina tokatuko zait inoiz...

ANTTON OLARIAGA: Etxean utzi dut malkoak sukatzeko eskuko zapia... txantxak alde batera utziz. Nik ilustrazioaren lana harreman bat bezala ulertu dut betidanik. Objektua, irudia, harreman horren barruan suertatzen da, idazle eta marrazkilariaren arteko konplizitate baten sormen lan bezala. Zirriborro batzuk eginez hasten zara, jarraian, eskuarki, elkarrizketak zure alde jartzen dira. Elkarrizketek zure eskua gidatzen dute marrazkia egiterakoan, oharkabean, bidenabar esandako gauzak harrapatzen dituzu eta idazleak kontatu duen hori hobeto ulertzen duzu. Ondoren, maisua testua izaten da.

JOXEAN MUÑOZ: Bi gauza. Batetik, orokorra baina Euskal Herrian nabarmena dena. Adibidez, Anttonek ez du saririk jaso ilustratzaile bezala, ilustraziorako saririk ez delako. Ofizio horri ez zaio begiratzen, ez zaio erakusleiho bat jartzen. Anttonek sariak kazetari eta idazle bezala jaso ditu, idazle askok sariak bere bildumen bidez jaso dituztelako. Idazleek hizkuntza asmatzen duen ilustratzailetzat jotzen dute Antton, idazten dugunontzako baliabide oso beharrezkoak sortu ditu, testua eta irudiaren arteko lotura naturala lortu du. Askotan galdetzen da: «Zein da aurrena, zein da bestea baino gehiago?». Aipatzen ari garen gaia, oro har, oheko kontu bat da. Biek ondo funtzionatzen dute, baldin biek elkarrekin ondo funtzionatzen badute, bestela zisko bat da. Hau gainetik edo hori azpian behar den formularik ez dago. Ohean bezala. Ondo biak? Baina biak. Anttonen lanean hori oso nabarmen gelditu da.

Bestalde, ilustrazioa irakurtzeko urrats bat da, irakurtzen ondo ez dakienarentzako laguntza bat, nagia ematen dionarentzako laguntza bat, jakinda jendea askoz abilagoa dela irudiak ikusten irakurtzen baino. Irakurtzeko gaitasuna jaisten ari da ordea, eta ez dakit zein arduragabekeriengatik bata bestearen mailara iristeko bitartekoa dela pentsatzen dugu. Une honetan, irudia garatuagoa eta zabalduago dago testu idatziak baino. Eskema zahar-zahar batekin ari gara ilustrazioaren gaia planteatzen, hau da, umeentzako eta gazteentzako bakarrik balira bezala. Handitzen hasten direnean, ume koskorrei marrazkia kendu egiten zaie, ez bide dute makulurik behar. Nahiko eskema penagarria da horrela pentsatzea.

ANTTON OLARIAGA: Nik esango nuke, ohean bai baina lorik ez...

JOXEAN MUÑOZ: ... beno (irriak).

ANTTON OLARIAGA: Alegia, sarien kontua zehaztu aldera: orain dela urte dezente ilustrazio alorreko Euskadi saria eman zidaten. Orduan ematen zen, baina gaur egun ez dut uste ematen ari direnik ere.

Bestalde, maitasunaren kontua argitu aldera: marrazkilariaren eta idazlearen artean oso gauza politak egiten direla azpimarratu nahi dut, konplizitate lanak dira, baina zailtasunak ere badira, bikote arrunten artean bezalatsu-edo


ASTEKARIA
2003ko maiatzaren 04a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude