PELLO ZUBIRIA ETA MALORES ETXEBERRIA: "BERE GARAIAN ARGITU NUENA BETIKO FROGA BEDI. EZIN DUGU BETI HUTSETIK HASI"

  • Elkarrizketa osoa www.argia.eus/egunero helbidean duzue.
Ateraz geroztik, hamaika lagunekin aritu zara hizketan, eguneroko bizimoduari ekin diozu... Zer egoeratan zaude?
Kokatu nahian nabil. 30 egunotakoa niretzat nahiko traumatikoa izan da, baina Hernanin bizi naiz. Eta Hernanin guardia zibilak zer diren, urte mordoan preso egotea zer den, eta hortik aurrerakoak, jende askok badaki. Herri honek asko sufritu du. Beraz, nik ez dut haientzat ezer berririk kontatzeko. Nire kasua agertzeak balio badu jende bat konturatzeko hemen gauzak nola dauden, bada, ondo. Baina nire kasua ez da apartekoa.

Zein da zure egungo kezka?
Ordenadore, material, agenda, eta libururik gabe gelditu naiz. Biluzik utzi naute, ezer gabe. Inpunitatea lehen unetik hasten da. Tartean eraman dizkidate nerabezarotik hasi eta orain arterainoko agendak ere. Kazetaritzak badu osagai konfidentzial garrantzitsu bat. Kazetariok ez ditugu apuntatu behar ez diren gauzak apuntatzen. Ez poliziaren beldur garelako, guk lortutako informazioa ondokoak ere jakiterik nahi ez dugulako baizik. Sekretu profesionala aduzitzen dute kazetariek epaiketan, baina zer sekretu profesional dago, gauza denak zaku batean eramaten badituzte? Orain kazetari lanetan hasteko, pentsatu egin behar dut nondik abiatu.
Gutxien esperotako liburuak ere eraman dizkidate. Dietak egiteko erabiltzen dudan elikadurari buruzko bat, adibidez.

Nola gogoratzen duzue atxiloketa?
Atxiloketa bat jasan duen familiek badakite zer den hori. Ez dago ezberdintasun handirik besteekiko. Armairuak adinako gizonak sartzen dira armekin... Ikuskizun hutsa da. Ni edo Ben Laden berdin atxilotzen dute, euren protokoloa betetzen dute. Andreak eta umeak sukaldean utzi, zu etxea miatzera eramaten zaituzte, eta ez dituzu gehiago ikusten. "Gero arte" esaten ere ez dizute utziko. Kotxera sartu, eta desagertu zara.
MALORES: Atea itxi eta korrika miatu nuen etxea, ea Pello nonbait bilatuko ote nuen. Etxe osoa pasa, eta Pello falta, noski.

Bazenekien «Egunkaria»ren kontuagatik eraman zintuztela?
Ez. Esan zidan ETArekiko lotura salatzen zidatela. ARGIAko irakurleak badaki zer pentsatzen dudan gauza askori buruz. Horregatik, ezin nuen ulertu salaketa hori.

Kontatu kotxeko bidaia...
Nik dudan erreumarekin hainbeste orduz buru makur joatea ez da samurra, baina bestela ez ninduten gogorregi hartu.
«Egunkaria»ri buruz hasi zitzaizkidan galdezka. Berehala konturatu nintzen zer bilatzen zuten: ETAk jarri omen zuela «Egunkaria»ko zuzendaria. Istorio hori argitu nuen bere garaian, argitu behar zen lekuan. Ez hori bakarrik, Espainiako Auzitegi Nazionalari neronek eskatu nion, bere garaian argitzeko. Hori gezur hutsa da. Ea nor ginen Egunkaria Sortzeneko kideak galdetu zidaten... Nik ahaztuta ere baneukan. Hamar urte badira bilera edo akziodunen batzar batera joan ez naizela.
«Nondik atera zen Egunkaria Sortzeneko dirua?» galdetu zidaten. Azaldu iezazkiozu polizia bati, herri honetan egiten diren ekimenak, eta jendeak muxu truk dirua nola ematen duen. Pentsatzen zuten adarra jotzen ari nintzela. Orain hamahiru urteko kontuekin bueltaka ibili beharra, dementziala da.

Komisariaz zer gogoratzen duzu?
Hasieratik, oroitzapen nahasiak ditut. Bidean asko nahastu nintzen. Ezin nuelako ezer ulertu, eta nire gaitzaren sentsazioak zirela eta. Pixkanaka ari naiz oroimeneko zuloa osatzen. Baina esan didate hobe dela ez obsesionatzea, eta lasai hartu dut kontu hori.
Gela batean sartu ninduten, eta han ohe bat zegoen. Gogoan dut zutik egon behar zela. Ibiltzen saiatzen nintzen. Ur botilatxo bat neukan han. Gauza jakina da poliziak haluzinogenoak erabiltzen dituela, baina edan egin nuen. Nuen beldurrarekin, entzuten ziren gauzekin, egiten zuen hotzarekin... Egoera kafkianoa sortu zen.
Kontziente naiz, galdeketa labur bat egin zidatela, begiak estalita. Kotxean egindako galdera berak bota zizkidaten, funtsean. Nik esateko neukana esan nuen. Esateko dagoen gauza bakarra.

Polizia-Etxean egoera korapilatzen joan zen...
Neure burua estutzen hasi nintzen. Gero eta min handiagoa neukan... Beste atxilotuek torturak salatu dituzte. Nik hotsak entzuten nituen. Batzuek diote grabazioa zela, eta beste batzuek egiazkoak zirela. Nik entzuten nuena, behintzat, basapizti koadrila bat builaka zen, lurrean soinua ateratzen, eta norbait ibiliko balute bezala bueltaka denen artean. Norbait interrogatzen ariko zirela pentsatu nuen.
Angustia sartzen joan zitzaidan, eta bi une gogoratzen ditut. Bat, nire ustez Iñaki Uria eramaten zutela antsika, aieneka, edo negarrez. Ni ez naiz sekula oldarkorra izan, baina oihu egin nion erdaraz: "Iñaki, jo egin al zaituzte?". Ondoko gelan zegoen beste lekuko batek kontatu dit, polizia nire gelara sartu zela, eurek ez zutela inor jotzen esanaz. Nik aurre egin omen nien eta iskanbila sortu omen zen... Ez dakit, ez dut gogoratzen. Sorpresa ona izan da aurre egin niela jakitea. Jenioa badaukadala, alegia. Ni normalean mutil txintxo eta koldarra bainaiz halako egoeratan.
Bestea Inmarena izan zen. Neure onetik atera ninduen entzuten nuenak, bere emakumetasuna sartzen zelako tartean. Eta ondoan beste norbait sumatzen nuen, arnasestuka. Luis Goia zen, antza.
Puntu horretara iritsita, desfasatzen hasi nintzen. Komisaldegian dudan azken oroitzapena da, arrapalada batean atearen kontra jo nuela burua. Gregorio Marañoneko medikuek esan didate neure buruaz beste egiten saiatu nintzela. Horrela izango da. Susperketaz ez naiz oroitzen, plantan nengoenekoaz gogoratzen naiz.

Zeure buruaz beste egitearen kontua dudan jartzeko modukoa da, batetik haiek esandakoa delako, eta bestetik bertsio kontraesankorrak daudelako.
Nire gaixotasun bera dutenak ongi zaintzen ez dituztenean nola gelditzen diren ikusita, badakit lau hilabeterako kartzelara banoa, non buka dezakedan. Hori jakinda burutik gauza asko pasatzen dira. Agian erabaki egoista izango da suizidioarena. Baina umeak umezurtz eta andrea alargun uztea, zer da: kaltea edo mesedea? Nik uler nezake neure buruaz beste egitera iritsi izana.

Malores, zuek otsailaren 24 eguerdi aldera izan zenuten lehen berria...
MALORES: Auzitegira goizean iritsi ginen, bost egun inkomunikatuta pasatu ondoren, deklaratzen ariko zirelakoan. Bazkaltzen ari ginela, Iñaki Esnaola abokatua etorri zitzaidan, eta albistea eman zidan: Pello ez omen zegoen Auzitegiko sotoan, Gregorio Marañon erietxean baizik, bere buruaz beste egiten saiatu zelako. Eta ondo zegoela.
Nik ulertu nionez, berak kazetari bati entzun zion albistea. Komunikabide batzuk oso hari zuzena eta azkarra dute Auzitegiarekin. Guk jakiten genituen albiste gehienak, kazetariek pasatuta jakiten genituen, gu eta gure abokatuak ere euren inguruan genbiltzan arren!

Dena utzi, eta Gregorio Marañonera joan zineten...
Harrerara joan, eta ordenagailuan ari zen langileari galdetu genion Pellogatik. Ordenagailuan datuak sartu, eta esan zigun: "Ordenagailu honetan ez dago. Eta ordenagailu honetan ez dagoena, ez dago erietxe honetan!".
Larritzen hasi nintzen. Hil egin zela ere pasatu zitzaidan burutik. Mila aldiz erregutu ondoren, azkenean lortu genuen mediku arduradunarekin hitz egitea. "Ondo dago, baina ezin dizut beste ezer esan", bota zigun. Nire eskaera bakarra zera izan zen: "Esango al diozu berari etorri egin garela?" eta "ba, hori zertarako?" erantzun zidan. Sutan jarri ninduen, eta bota nion: "Bost egun dira etxetik falta dela, eta pentsatzen dut emaztea eta lagunak hemen gaudela jakiteak on egingo liokeela". Ez zuen ezer erantzun. Bere buruaz beste egin izanaren zurrumurruaz galdetu genion. Bere erantzuna izan zen, ezin zigula ezer baieztatu, ezta ezeztatu ere. Panorama horrekin atera ginen. Gustura entzungo nion medikuari, baietz, Pellori esango ziola gu han geundela. Niretzat hori garrantzitsua zen, eta medikuak ez zion jaramonik egin. Bihozgabekeria hutsa iruditu zitzaidan. Zer kostatzen zitzaion? Horrek zer arau urra lezake?
PELLO: Etikaz asko hitz egiten dute medikuek, baina dioten bezain etikoak balira, poliziari garbi utzi behar liokete medikuek, ospitale barruan eurek agintzen dutela. Eta hori ez da gertatzen. Madrilgo ospitalean, delinkuentziari eta poliziari lotutako adarrak ekosistema batzuk dira. Ekosistema horretan daude poliziak, poliziak ezagutzen dituzten erizainak eta medikuak... Horri gehitu behar zaio, Madril Espainiako hiriburua dela. Askoz lotuago daude denak administrazioarekin. Han funtzionario asko dago.
MALORES: Epaileak beste hiru egun luzatu zuen inkomunikazioa, osasunez ez zegoelako adierazpenak hartzeko moduan. Horrek esan nahi zuen, beste hiru egunez ezingo genuela bere osasunaren informaziorik jaso.

Malores, nola joan ziren inkomunikazioa luzatutako hiru egunak?
Tentsio batean. Ezin ikusteak zalantza sortzen zigun. Ondo zegoela baieztatu ziguten, baina ZIUn zegoen. Beraz, oso ondo ez zen egongo. Eta ospitaleak nori abisatuko zion kontua okertuko balitz? Guardia Zibilari? Juezari? Familiari ez, behintzat, telefono zenbaki bat ere ez ziguten eskatu-eta! Eta poliziak nori abisatuko zion, prentsari? Sekulako beldurra pasatu nuen egun haietan.

Zurekin Madrilen egon zirenek esaten dute zu zinela lasaitasuna jartzen zuena, iparra markatzen zuena.
Sentsazio bakarra neukan: ezin gaituzte txikitu. Nire familia ez dute hauek hondatuko. Pozik bizi gara, eta gezur batengatik izorratuko gaituzte hauek? Zer eskubiderekin? Hori pentsatzeak indarra ematen zidan.
Gainera banekien, ni preso eraman izan banindute, Pellok zeruak eta lurrak mugituko zituela. Nik ere hainbeste zor diot. Bestalde, banekien ez naizela oso mugitua. Nahikoa koldarra naiz. Batzutan beldur nintzen, ondo egingo ote nituen gauzak.
PELLO: Bestetik nik zorte handia izan dut. ARGIAn sekulako gorabeherak izan ditugu, haserreak, belaunaldiz aldatu gara, eta pentsa lehengoekin alderatuta orain zer jende ezberdin gauden. Baina klan, elkarte eta taldeko elkartasun hori, beti horrela ezagutu dut. Garai batean ongi konpondu ez garen jendea ere, behar izan denean kezkatuta ibili da, galdezka, zer egin bilatzen.

Pello, atxilotu eta zortzi egunetan gertatutakoak ez dituzu garbi oroitzen. Juezaren aurrean deklaratutakoa gogoratzen duzu?
Deklaratu izanaren kontzientzia badaukat, baina ez dut gogoratzen non eta nola izan zen ere. Maloresek esandakoaren arabera, ohean deklaratuko nuen... Idatzita eta sinatuta zer geratu zen da axola duena. Ez dut gogoratzen, baina pentsatzen dut etengabe esaten nuena deklaratuko nuela. Gezurra dela ETAk ni zuzendari jarri ninduela. Gezurra dela ETAk Egunkaria Sortzen manipulatu zuela. Gezurra dela ETAren dirua erabili genuela. Paper horiek lehenago ere agertu ziren, baina paper horiek gezurra dira.
Argitaratzen denean ez bada horrela, harrituta geratuko naiz. Berrogei mila ostia emanda deklaratuko banu ni ETAk jarri ninduela, berrogei mila ostia emanda izango zen. Baina nik badakit gezurra dela hori, eta ez didate burutik kenduko.

Malores, 27 eguerdian egin zenion lehen bisita. Zer inpresio hartu zenuen?
Bere aita ikusi izana iruditu zitzaidan. Aitona bat zirudien. Gelan bi polizia nazional zituen. Muxu eman nion, "hemen nago. Ekhi eta Itxaso ondo daude". Halako irribarretxo bat egin zuen, "arindu ederra" esanez bezala. Baina medikuak esana egia zela ikusi nuen, alegia, lotatik esnatu berritako zozoaldian zegoela.
Arratsaldean beste 10 minutuko bisita nuen. A zer mejora sumatu niona! Jada aulkian eserita ikusi nuen. Ekhi eta Itxasorentzat, paperezko ezpain-zapi batean bertso bat idatzita zuen. Guardiei esan nien seme-alabentzat zela, baina "ezin duzu ezer atera" esan zidaten. Pellok kontra egin zien. Poz pixka bat hartu nuen, betiko Pello zen jada. Baina bera ez da horretaz gogoratzen. "Zer gertatu da eta zein daude atxilotuta?" galdetu zidan, eta orduan eman nion guztiaren berri.
PELLO: Pribilegiatuak izan gara. ARGIAtik eta familiatik bi, hiru edo lau pertsona zeuden etengabe Madrilen. Elkartasun kate bat zegoen antolatuta, eta guk egoerak eskatutako beharrei aurre egiterik izan dugu (garraio gastuak zirela, alojamendua zela...). Pribilegiatuak gara.
Isolamenduan, hiesa zuen gaixo bat zegoen, beste bat erdi kaskatua, eta jakina, gu beste gizarte maila batekoak gara. Hori ospitalean, polizien eta medikuen eguneroko tratuan ere nabaritzen da, "Buenos dias" esatean bertan nabaritzen da ezberdintasuna.
MALORES: Dena dela, niri Marañon kartzela txiki bat iruditu zitzaidan. Guztiz itxia, poliziaz inguratua, nortasun-agiria erakutsi behar zen, egun batean biluzik jarrita miatu ninduten... Hori oso mingarria izan zen. Baina tira, hura kartzela zela pentsatu behar zenuen, eta kito.

Handik kartzelara sartu zintuzten...
PELLO: Ni ez naiz euskal presoekin eta jendearekin egon. Jenderik marjinatuenen kartzela bizi izan dut. Baina aldi berean ez zegoen presio handiegirik ere, eta ez naiz kexatzen. Kartzelan hasieratik eraman ninduten erizaindegi psikiatrikora. Oso heterogeneoa da: han daude metadona behar dutenak, bere andrea akabatu duen zahar bat, osasun arazoak dituztenak… denetik.
Txaboloak edo zeldak, lau pertsonakoak dira, eta harrituta gelditu nintzen, txabolo bakoitzeko arduradunak, beste preso batzuek direla ikusita. Beraz, oso funtzionario gutxi dago, eta presoek sekulako ardura daukate.

Jende berezi horrek humanoki ere hunkitu egin zaitu...
Guk kontuan hartzen ez dugun munduaren zati bat ezagutu dut. Eta jada ez naiz ari euskal preso politikoez, presondegiez ari naiz. Bakoitzak gure istorioa genuen. Baziren lo egiteko botika mordoa behar zutenak. Baziren goizean seietan jaiki, eta esnatzeko ordubete behar zutenak. Ordubete hori txorakeriak esaten eta egiten pasatzen zuten. Jende paranoiko samarra ezagutu dut… denetik.
Soto del Realen ere ikusten da Espainiak inmigrazioarekin-eta daukan arazoa. Han daude Espainiarako sarrera erraza dela sinistu dutelako, koka poltsan hartuta Hego Amerikatik etorri direnak. Sikarioen mundu guztia ere hor dago, ipar-afrikarren mundua, hinduak… Madril hiria bera ere horrelakoa da momentu honetan, Europa osoa bezala.

Zer harreman eduki duzu preso horiekin?
Oso ona. Egunero 2 km egiten nituen oinez, 25 metroko korridore batean joan-etorrika. Beti neukan norbait laguntzeko, eta elkarri gure gauzak kontatzen genizkion. Beste batzuekin aupa esan eta ez dut bestelako harremanik izan... Han bakoitzak zeukan bere arazoa, bakoitza berera zihoan. Nik uste oharkabean pasatu naizela. Nik ez nuen ezer erakusteko, nik han ikasi egin dut. Nire txaboloko 63 urteko aitonak lezio asko eman zitzakeen, eta Kolonbiatik etorri eta hemen ez egitekoren bat eginda preso zegoen gizonak ere bai.

Zer baldintzetan egon zarete?
Politikariek 15 egun pasa behar lituzkete bertan, gauza bakoitza gizatasunik gabe egiten dela ikusteko: menutik hasi eta beste gauza guztietaraino. Norbaitek jateko arazoak baditu, eta 10 minututan jan behar bada, edo botikekin berezitasunik txikiena behar badu, eta botikak ematen dituena bi egunetik behin aldatzen badute, edo dieta berezia behar baduzu eta denentzat menu bera badago… Hor ez dago ñabardurentzat lekurik, Soto del Real 2.000 pertsona pilatuta dauden gaztelu bat da, funtzionario gutxirekin, eta protokolo oso gogorrekin.
Ez da posible Estatu batek mundu hori hain baztertua edukitzea. Eta eskerrak kartzela hori oso modernoa den!

Mundu horretan kokatzen ari zarela, paper bat iristen zaizu, eta hurrengo egunean libre uzten zaituzte
Denbora kontatzen hasi nintzen, eta preso batek abisatu zidan "hik egin ezak kontu bihar bederatziak arte ez haizela aterako hemendik. Egon hadi lasai". Pentsa inhumanitatea noraino iristen den: fidantzaren notifikazioa arratsaldeko seietan hartu nuen, eta etxera telefono dei bat egiteko eskubidea nuen. Baina hitz egindakoa grabatzeko magnetofoia falta zela, eta ezin omen dugunez magnetofoirik gabe hitz egin, etxera deitu gabe geratu nintzen. Orduan pentsatu behar duzu, esaterako, Iñaki Esnaolari ez zitzaiola faxeko papera bukatuko, eta notifikazioa hartuko zuela.
Hango jendea, batetik, asko pozten da bazoazelako, eta bestetik triste jartzen da. Norbait joaten ikustea, zu oraindik han zauden seinale baita. Nik, txabolokoei bakarrik esan nien banindoala, ez beste inori. Ez nuen barrenik izan. «Zubiria, salga a la puerta", deitu nindutenean, ez ezkerretara eta ez eskuinetara begiratu gabe, martxa. Zer esan behar diozu han ezagutu duzun 24 urteko Jaengo mutiko bati? Bazoazela? Askoz hobe ezer ez esanda.
Nik Malores eta anaia espero nituen. Eta atarian tribu guztia aurkitu nuen zain. "Telebistak zer egiten du hemen?" pentsatu nuen. Pixkanaka jabetu naiz euskal medio guztiek nola jarraitu duten gure kasua. Ordura arte basamortuan egon nintzen. Ez dut ia ezeren berri izan.

Oraindik ez omen duzu onartu «Egunkaria» itxita dagoenik...
«Egunkaria» suspendituta dago, baina ezin du itxita egon. Frogatu bedi frogatu behar dena, baina badakizue zenbat esfortzu dagoen hor sartuta? Eta ez naiz nigatik ari. Hor jende pilak egin du berebiziko esfortzua, bai azpiegitura sortzen, pabilioiak lortzen, azpiegitura informatikoa antolatzen, estilo liburua egiten, kazetariak ateratzen, izen komertziala indartzen… eta hori dena, juez batek esan duelako akabo? Sekulako beldurra ematen dit. Ez baita halako gauza bat gertatzen den lehen aldia. Eta hurrengoan beste gauza bat ixten badute, berriz ere zerotik hasi beharko al dugu? Euskal Herriak ez dauka hainbeste baliabide. Ez da posible.
Ez dut esan nahi gaizki iruditzen zaizkidanik hartu diren erabakiak. Zailtasun guzti horien gainetik nola erreakzionatu duten ikustea, eta «Egunero» martxan jartzea, txapela kentzeko modukoa da, eta ni horiekin nago. Baina «Egunkaria» ireki egin behar da. Hor sekulako patrimonioa sartu dugu, denok. Patrimonio horretan dago izerdia, lana, kultura bat, eta printzipio batzuk.

Arazo politikoa nola ikusten duzu?
Espainolek Lizarra-Garaziren ondoren, orrialde bat pasa dute. Zer gertatzen da? Euskaldunak garela huts egiten ari garenak. Su-etenarekin eta Lizarra-Garazirekin, orrialdea pasatu genuela uste genuen, baina ez dugu horrela egin. Eta garbi esaten dut, ez naiz inori errurik botatzen ari.

Eta zer da orrialdea pasatzea?
Eurek ematen digute guri pista: haientzat Ibarretxe, Otegi, Madrazo, Garaikoetxea, Larreina, ARGIA, «Egunkaria», «Gara», Euskadi Irratia… denak berdinak gara. Nik badakit ez garela berdinak, baina izan gaitezen haiek pentsatzen duten neurri berean berdinak. Esango nuke gainera, espainiarrentzat Gemma Zabaleta, Odon Elorza, eta Maragallen lagun guztiak ere guregandik hurbil daudela, gutakoak direla. Haiek logika horrekin ari zaizkigu gu zanpatzen, eta logika hori ulertzen ez duten bakarrak gu gara!
Operazio hau ezberdina izan da, eta dirudienez, urtebete eta gehiago zeramaten prestatzen. Orain hamar urte esan «Egunkaria» itxiko zutela, eta gainera hori Jaurlaritzaren kontrako eraso bat izango zela, eta ezingo genituzke hariak lotu. Haiek zaku berean sartu dute dena. Haiek bide hori dena egin dute, eta guk, berriz, hauteskundeen ataritan betikoan gaudela ikusten dugu.
Aldi berean, Maloresek kontatzen didanean zer jende ezberdin ikusi zuen «Egunkaria»ren aldeko manifestazioan, ikusten da jendeak eskatzen duela beste egoera batera pasatzea.
Lizarra-Garaziko hartan frakasatu egin genuen. Baina bi, hiru edo hamabosgarren aldiz saiatu behar da.

Zer duzu euskal presoez esateko?
Ni kapaz izan banaiz burua galtzeko, erdi-ezagun izanda, jakinda ez nautela gehiegi estutuko… 18 urte han daramatzatenak, nola daude? Eta ez gara kapaz 18 urtean han dagoena hona ekartzeko, Barandalla etxera ekartzeko? Denok daukagu autokritika egin beharra, eta lehenbailehen ekarri beharra.
Preso nengoela, neska bat entzun nuen euskal azentuaz erdaraz. "Euskalduna al zara?", nik, eta besteak baietz, eta besarkatu, eta atzetik beste sei edo zazpi neska euskaldun tokatu ziren elkarren segidan. Gero, gelakide nuen 63 urteko aitona horri esaten nion: ikusi egin behar zenituen sei neska horiek. Horiek ez zeukaten antzik ez hemen garbiketan ikusten ditugun emakume hauekin, ez beste pabilioian oihuka ikusten ditugunekin, ez inorekin. Horiek beste pertsona klase batzuk dira. Ezin dute hor egon. Beste aldetik, askok esango du inor ezin dela tiroz hil. Hitz egin behar duenak hitz egin dezala garbi, hartu ditzala hartu beharreko erabakiak, baina ez gaitezen beti kaka berdinarekin ibili.

Nola pasatzen da orrialdea?
Klabeetako bat pertsonak aldatzea da. Politikoei pista hori eman nahi diet ARGIAtik: askotan, erditik kendu egin behar dute batzuek, beste batzuek ateratzeko. Ni gaixotzea ondo etorri da ARGIAn beste jende bat mugitzeko. Egin dezagun denek berdin! Ez gaitezen beti berdinak egon! Utzi fresko datozen beste batzuei, ea lortzen duten


ASTEKARIA
2003ko martxoaren 30a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude