MUNDUKO ALTXORRAK KATALOGOAN


2003ko martxoaren 30an
Esangura asko biltzen ditu ondare berbak. Pertsonala izan daiteke, herri edo eskualde batekoa, kultura edo hizkuntza batena, edo herrialde edo kontinente batena ere bai. Norberak horren gainean izan ditzakeen uste eta definizioez haratago baina, kategoria bat ere bada ondarea. Hainbat erakundek izendatutako kategoria: udalek, eskualdeetako gobernuek, estatuetakoek... izendapen horren ondorioak ez dira kulturalak bakarrik ordea: turismoan eta ekonomian bultzada garrantzitsua izan daitezke. Horren maila gorenean, "Gizateriaren ondare" deiturikoak daude.

Eusko Jaurlaritzak ia mila leku dauzka bere ondare zerrendan: elizak, haitzuloak, eraikin bereziak, hilerriak eta nekropoliak, historiaurreko tokiak... ia mila, Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban bakarrik. Gehitu Nafarroan, Lapurdin eta Zuberoan daudenak. Ondare historikoa, ondare nazionala, natur ondarea... lekuen arabera ez eze, sailkapena gaika ere egin daiteke.
Bestalde, Unescok, Kultura, Hezkuntza eta Zientziarako Nazio Batuen Erakundeak, mundu osoko 700dik gora lekuren bilduma dauka Gizateriaren Ondare deituriko zerrendan. 1972an abiarazi zuenetik, urtez urte haziz joan da kontinente eta herrialde guztietako txokoek osatutako programa hori. Bertan daude Burgosko katedrala, Vezere eta Altamirako kobak edo Carcassonneko harresiz inguraturiko alde zaharra, inguruko batzuk aipatzearren. Mundu zabalean berriz, Atenasko Akropolia, Indiako Taj Mahal, Peruko Machu Pichu, edo Tanzaniako Serengetiko parke nazionala dira 730 lekuen zerrenda horretako gutxi batzuk.


Garrantzi ekonomikoa

Goian aipatuek sona aski daukate eta milaka joan ohi dira urtero-urtero lekuok bisitatzera. Baina 730en zerrendan gutxienak dira horiek. Beste askok Gizateriaren Ondare izendatu ostean lortu dute ospea nazioartean, eta horrekin batera, bisitariak, turismoa eta diru asko iritsi da. Unescoren helburuen artean turismorako bultzadaz mintzatu ez arren, ezin da ukatu horrek daukan garrantzia eta aitortu ere egiten dute sarritan txarra ere ez dela: ondarea zaintzea baino ardura handiagoa izan ohi duten herrialde askok (herri txiro ia guztiak, alegia) inbertsio bezala ikusi izan dute izendapena: eremuaren zainketa ez du interes kultural edo naturalak bultzatu, turistikoak baino, baina ondorioa, ustez berdina da: gobernuak lekuok babestuko ditu, ekonomikoki onuragarri baitzaio.

Egun, Gizateriaren Ondare diren leku gehien dauzkan estatua Espainia da (37 leku dauzka) eta jarraian Italia (36), Txina (28), Frantzia (28), Alemania (27), Erresuma Batua (24), India (23), Mexiko (22) eta Estatu Batuak (18) daude. Guztira 129 herrialdetako lekuak daude zerrenda horretan, eta denak agertu ohi dira turismo bulego eta liburuxketan.
Espainia eta Frantzia, zerrenda horretako leku gehien dauzkaten artean lehena eta hirugarrena dira beraz, bien artean 64 leku baitauzkate (horietako bat, Perdido mendiaren parke nazionala, biek banatzen dute). Baina bitxia dirudien arren, estatu biotako lekuei behin eta berriz begiratu eta asko ezagunak izan arren, ezin da Euskal Herriko txokorik aurkitu.


Done Jakue bidea, salbuespena

Zerrendan bertan agertu ez arren, sakonduz gero, Done Jakue bideak Gizateriaren Ondare izendatuta daudela ikus daiteke (1993an Espainian eta 1998an Frantzian), eta horrek gure herrian zati txiki bat ere uzten du. Hala, Frantziak zehazten ditu izendapen orokor horren barruan zein leku dauden, eta hor aurki daitezke Baionako katedrala eta Zuberoako Ospitale-piako eliza. Baina zerrenda orokorrean ez dira ageri (Chartres edo Amienseko katedrala ostera bai). Espainiako Done Jakue bidean berriz, ez daude zehaztuta banan-bana zeintzuk diren lekuak.

Beraz, beren-beregi ez dago Euskal Herriko txokorik 730eko zerrenda "pribilegiatu" horretan. Bistan da udal, diputazio, erkidego autonomo edo departamenduek euren "ondare" historikoak izendatu dituztela azken urteotan, areago, gutxi izango dira ondare izendapenetik kanpo dauden elizak. Baina World Heritage (Munduko Ondare) bilduman, ez gaude.

Eta aurten ere ez dirudi Euskal Herriko txokorik egongo denik. Estatuen menpe dauden erakundeek egiten dituzte urtero zerrenda horretan sartuko lituzketen lekuen proposamenak. Espainian Kultura ministerioak bideratzen du hori eta aurten, Antoni Gaudiren lanaren hedapena proposatu du, izan ere, lehenago Bartzelonan dauzkan eraikinak zerrenda horretan daude. Aurten gainontzeko eraikinak ere zerrenda horretan sartzea eskatu dute, Katalunia, Gaztela-Leon eta Kantabriako erkidego autonomoen onespenarekin.


Zerrendan sartzeko bideak

Esan bezala, estatu bakoitzak dauka bere mugen barnean dauden lekuak proposatzeko ardura. Aurretik, noski, udal eta bestelako erakundeen proposamenak jaso ditu eta euren ekimenez edo berak bakarrik, Munduko Ondarearen Zentroan (1992an Parisen sortutako erakundea) aurkezten ditu "balio unibertsal nabarmeneko lekuak". Hortik abian, gobernuz kanpoko elkarte bik tokiak bisitatu eta txosten teknikoa osatzen dute, "balio unibertsal nabarmenekoa" ote den zehaztuz. Munduko Ondarearen Batzordeak (zazpi estatuz osatua) txosten hori jasota, zerrendan sartzeko aholkatu edo informazio gehiago eska dezake eta azkenik Munduko Ondarearen Komitearen (sei urterako hautatutako 21 estatu) esku dago onarpena.

Munduko leku garrantzitsuenak zerrenda batean biltzeko ideia I Mundu Gerraren inguruan abiatu arren, 1959 urtean koka daiteke Munduko Ondarearen sorburua. Abu Simbeleko urtegiak Egipto eta Sudango hainbat altxor urpean uzteko arriskua zegoen, eta sekulako lana egin zen horietako batzuk harriz harri urtegiak hartuko ez zituen lekuetara eroateko. Lan horietan hainbat herrialdek diruz lagundu zuten eta antzeko jarduerak erabili ziren Venezian adibidez. Ondarea babesteko kontzientzia pizteko, Monumentu eta Lekuen Nazioarteko Kontseiluarekin (ICOMOS) batera lanari ekin zion Unescok.

1972an onartu zen Mundu ondare kultural eta naturala babesteko Hitzarmena, eta ordutik 170 estatuk izenpetu dute. Horren bidez, Egipton abiarazitako politika hari babesa ematen dio, etxean bertan dauzkaten lekuak zaintzeko konpromisoa hartzeaz gain. Iraganetik jaso, orainean bizi eta etorkizuneko belaunaldiei ematen diegun hori da ondarea Unescoren arabera. Horri jarraiki, Ondare Unibertsala ez dagokio bere lurraldean daukan estatuari soilik, gizateria osoari baino, eta beraz, hari horri tiraka, gizateria osoaren ardura da bera babestea. Elkarlaguntza horretan oinarrituz, hainbat herrialde txirok, eurek bakarrik lekuak zaindu ahal izateko beharrezko baliabiderik ez luketen arren, egongo litzateke horretarako konpromiso orokorra.


Irizpide aldaketa

Kultur eta natur ondareok Gizateriarenak izateko giltzarri, "balio unibertsala" da, eta hainbat irizpide darabiltzate horretarako: gizakiaren sorkuntza lan bikaina izatea, zibilizazio edo tradizio baten -desagertua zein ez- aparteko testimonioa, historiaren pasarte bat biltzen duen leku edo eraikina izatea, aniztasun biologikorako habitat bereziak biltzea, ez ohiko fenomeno naturala edo edertasun handikoak izatea eta abar.

Izan ere, urtez urte aldatuz joan da Ondare kontzeptu hori ulertzeko era: hasierako ikuspuntu hartatik, ondarea, eraikin edo aurri bezala ulertuta (herrialde aberatsetan ia beti) hedatu egin da eta egun baso berezi bat edo biosferaren erreserba bat ere egon daiteke zerrendan. 1992an "kultur paisaia" izendapena sortu zuten, gizakiak eta ingurumenaren artean osatutako lanak goraipatzeko. Espainiako Aranjuez eta Hungariako Tokaj izan dira multzo horretan sartzen azkenak.

Bada bestelako zerrenda bat ere: "arriskuan dauden lekuak". Zerrendak lekuak babesteko konpromisoa dakar, eta urtez urte ondarearen egoera aztertzen da. Azken urteetan horietako asko salbatu direla egia bada ere, asko arriskuan daudela ere bada. Eta desagertu direnik ere badago: sonatuenak Afganistanen leherrarazitako Buda handien eskulturak dira

Ondare ez materiala: euskaldunen txokoa?
Ondarea, ezinbestean, babestu beharrarekin lotu izan da eta horrek gehienei eraikin ezagunak dakarzkie burura, Erroma garaikoak, maien aurriak edo Egiptokoak. Baina ondarea askoz gehiago ere bada, eta Afrika, Latinoamerika eta Asiako herriak sartu ahala, ikuspuntuak ere aldatu egin dira. Esanguratsua da mende berriarekin Unescok munduan galtzen ari diren hizkuntzez hartu duen ardura. Otsailaren 21a Ama Hizkuntzaren eguna izendatu zuten, eta euskarak ere bere lekua izan zuen iaz argitara emandako desagertzeko arriskuan dauden liburu gorrian.

Hizkuntzez haratago, baina horiek ere barnean, 2001eko maiatzean Ondare Ukiezin eta Ahozkoaren Maisulanen zerrendako lehen hemeretziak aldarrikatu zituen. Ahozko tradizioa, ohiturak, musika, dantza, erritualak, medikuntza tradizionala... daude, besteak beste, multzo horretan, eta arreta berezia dauka herri txiki eta indigenengan.

Hala, horren babesa ohiko ondarearenetik guztiz desberdina da noski: norbanakoek euren baitan eroan ohi dute, ez dago leku edo eraikin berezi batean (ekitaldi berezi batzuk gertatzen diren tokiak ere hemen sartzen diren arren, Marrakech-eko Djemaa el Fna plaza ezaguna kasu, arrastiro hainbat artista eta artisauren bilgune). Beraz, ondare berezi horren babesteko bestelako neurriak hartu behar dira: norbanakoaren ekimenetik erakundeen babesera doa eta ekimenok saritzea ere baliabide egokitzat jo du Unescok. Halaber, ohitura multzo hori behar bezala gordetzea -bultzatzearekin batera- ezinbestekotzat jo izan du erakunde horrek, ikerketa, grabazio eta antzekoen bidez.

Ondare ez materialaren zerrenda gauza berria da, mundu osoko hemeretzi kultur adierazpenekin abiatua. Espainiak Elx-eko misterioa deritzona sartu du multzo horretan, Marrakech-eko plaza ezaguna ere hor dago. Uzbekistan, Korea, Dominikar Errepublika eta Italia ere ageri dira.

Euskaldunok hor lekurik ba ote? Euskarak berak? Bertsolaritzak kultur adierazpide gisa? Zalantzarik balego, hara zerrenda berezi honetako harribitxietako bat: garifuna herria ere gizateriaren ondare da. Erdialdeko Amerikako Karibeko kostaldean dagoen herria da garifuna, oso jatorri berezikoa: XVII. mendean esklabu-ontzi bat urpera joan eta Saint Vincent uhartean babestu ziren afrikarrak. Han zeuden karibe indiarrekin nahasi ziren, eta zenbait urte geroago, ingelesek egungo Hondurasko kostetara deportatu zituzten. Handik kostalde osoan zehar hedatu eta gaur egun Honduras, Guatemala eta Belizen daude herri garifunak. Azalez beltzak dira, hizkuntzaz indiarrak, ingeles, espainiera, frantses eta beste hizkuntza batzuetako ekarpenekin, kultura, Afrikako erlijioak eta indiarren ikuskeren nahastea da, eta musikaz Jamaika gogoratu izan du askok. Horiek guztiak, hizkuntza, musika, kultura oro har, gizateriaren ondare dira.

Euskal Herrian baina ez du oraindik inork erreparatu, ez Ondare material ezta ez materialerako. Agian inor saiatu ez delako

Gizateriaren ondare batzuk
Afganistan
Jam-eko minaretea eta hondakin arkeologikoak (2002)

Argentina
Glaziarrak (1981)

Argentina / Brasil
Guaranien misio jesuitak (1984): San Ignacio Mini, Santa Ana, Loretoko Ama eta Santa Maria Mayor (Argentina), Sao Miguel das Missoes aurriak (Brasil).

Australia
Erdialde-ekialdeko erregioko oihan euritsuak (1986)

Kroazia
Dubrovnik, hiri zaharra (1979)

Ekuador
Quito hiria (1978)

Errusia
Kamchatka-ko sumendiak (1996,2001)

Filipinak
Mendikateetako terrazetako arroz soroak (1995)

Finlandia
Zura eta kartoia tratatzeko lantegia Verlan (1996)

India
Himalayako Darjeeling-go trenbidea (1999)

Japonia
1996 Bakearen Memoriala Hiroshiman (Gembaku-ko kupula)

Nepal
Lumbini, Buda jaio zeneko tokia (1997)

Oman
Intsentsuaren ibilbidea (2000)

Portugal
2001 Duero Garaiko mahastien erregioa (2001)

Erresuma Batua
Galeseko Blaenavon-go paisaia industriala (2000)

Vatikanoa
Vatikano hiria (1984)


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude