Lizarrustitik Irumugatara: trikuharrien bidea pagadietan zehar

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Venta Isabel oso aspalditik dago Lizarrusti mendatean; esaten denez, duela 300 bat urtetik hona. Etxea eraiki zuen familiako kideetako baten izena zen Isabel; horrela hartu zuen etxeak izena, eta horrela gelditu zitzaion, gaur arte. 1990eko azaroaren 26tik 27rako gauean sute batek kiskali zuen, eta ordutik erdi erorita dauden pareta zahar batzuk bakarrik gelditzen zaizkio zutik. Zoritxarreko gau hartan familia osoa etxe barruan aurkitzen zen, eta arrapaladan irten behar izan zuten garrek beren etxea irensten zuten bitartean. Familiako alabarik zaharrena, gainera, etxearen leiho batetik bota behar izan zuten suteak harrapa ez zezan.

Erre zen arte, Venta Isabel taberna izan zen. Bere garai onenak Estellesa eta Bergaresa autobusek bertan geldiunea egiten zutenean izan zituen. Garai hartan, autobusak ez ziren oraingoak bezalakoak, ezta errepideak ere, eta autobus haietan bidaia egiteak luze jotzen zuen. Horregatik, Venta Isabelen egiten zen beharrezko geldiunea, bidaiariek jan eta edateko, eta atseden hartzeko. Bentan baziren bisitarientzako logelak, eta noski, afari eta bazkariak ere ematen zituzten. Jende ugari ibiltzen zen. Errepidearen beste aldean dagoen Casanueva baserria ere, taberna zen garai haietan.
Etxea erre zitzaienean, Venta Isabelen bizi zen familiak Casanueva etxea erosi zuen, eta bertan segitu Lizarrustitik pasatzen zirenei jan-edana eskaintzen. Gaur, bertan jarraitzen du Venta Isabeleko etxekoandreak etxeko gazta saltzen, agian arrautza batzuk, edo pintxo edo edariren bat ematen. Orain ez du otordurik ematen. Bazkari edo afarietarako, eta lo egiteko, Parketxea errepidearen beste aldean dago. Aitzina, gaur Parketxea dena, arbitrioen etxea zen. Mikeleteen postua zegoen bertan, Nafarroa eta Gipuzkoaren arteko mugan aduana zaintzeko.
Lizarrusti mendatea da gaurko ibilaldiaren abiapuntua (617 metro). Gipuzkoa aldetik iristen denak errepidearen ezkerreko aldean aparkaleku zabal bat aurkituko du lehenengo; hor utzi dugu autoa. Aparakalekuaren ondoan Parketxea dago. Bertan taberna, jatetxea eta aterpetxea daude, eta Aralarko parkeari buruzko hainbat argibide. Mendatean bertan, errepidearen eskuin aldean, Casanueva etxea dago, eta Nafarroa aldera maldan beheraren hasieran, Venta Isabelen aurriak. Lizarrustitik Aralar aldera egin daiteke ibilaldia, Lareoko urtegira, lehen egurra ateratzeko erabiltzen zen trenbidearen ibilbidea segituz. Lareora iristeko, harrian irekita dagoen Akerretako tunel bitxitik zehar pasa beharko dugu. Gu, aldiz, Irumugata gailurraren bila joango gara, lehenengo aldapa gogorrena gainditu ostean, tontor leunetatik kaskoz kasko, pagadi ederrak zeharkatuz. Bidean hiru trikuharri ikusiko ditugu. Izan ere, inguru hau aberatsa da honelako hilobi prehistorikoetan, eta gure ibilbidetik gertu, badira gehiago ere.
Casanueva etxearen atarira bertara joan gara, eta etxearen ondoan, itxita dagoen langa bat topatu dugu. Beste aldera pasa eta bide garbi batetik basoan sartu gara. Bideak Askoako punta ezker aldetik inguratzen du, eta Gipuzkoako Biraren (GR 121) eta Uren Banalerroaren ibilbidearen (GR 12) pintura zuri-gorriz seinalatua dago. Hiruzpalau txondor plaza pasa ditugu ondotik, eta azken malda gaindituta, Askoaren hegoaldeko lepora heldu gara (813 metro).
Lepo honetatik gure eskuinera aurkitzen den Askoako punta (836 metro) igotzeko aukera dago. Bertara iristeko ez dago bide argirik, baina ez du batere zailtasunik, eta minutu batzuk besterik ez dizkigu kenduko. Askoako puntaren iparraldeko aurpegia zeharo bertikala da eta bertatik Lizarrustiko etxeak ikus daitezke gure oinen azpian.
Lepoan gaudela, gure ezkerrera dagoen malda leunean gora segitu dugu, pagadipean beti, eta gaina hartu dugunean, seinale batek adierazi digu Txaradigorrira iristeko norabidea. Txaradigorri gailurrean (986 metro) ibilbideko lehenengo trikuharria eta bere tumulua aurkitzen dira, ikusiko ditugun hiruetatik, osorik eta egoera onenean dagoena, hain zuzen. Egurrezko hesi batez inguratua dago, eta aldamenean panel txukun batek azaltzen ditu trikuharrien inguruko argibide batzuk. Gainerantzean, Txaradigorriren gailurrak ez du ikusmira zabalik eskaintzen, zuhaitzek estalia dagoelako.
Bigarren trikuharriaren bila abiatu gara. Seinalea zegoen lekuraino etorritako bide beretik, eta hortik aurrera hegomendebalderantz, beste lepo zabal bateraino (903 metro). Lepotik gertu, piska bat aurrerago, aurkitzen da Mintegitxuta trikuharria, hau ere hesiak babestuta eta azalpenetarako panel batek lagunduta. Hemendik maldan gora puska batean segitu eta berehala Zelatamuñoren gailurra (953 metro) zapaldu dugu, eta segidan, Zelatalepora jaitsi (935 metro). Azken aldapa gora leuna bakarrik falta zaigu Irumugatara iristeko.
Irumugataren gailurra (962 metro), izenak argi esaten duen bezala, inguru honetako hiru herriren mugak elkartzen diren puntua da. Horrela adierazten du, gainera, bertan dagoen mugarri handiak: iparraldera Ataun dago, hegomendebaldera Bakaiku (mugarrian "Burunda" jartzen du), eta ekialdera Etxarri-Aranatz. 1777 urtean jarria da, harrian grabatua ageri den moduan.
Nahi izanez gero, Irumugatatik ibilaldia Intxusbururaino luza daiteke, eta handik Atauna jaitsi Bernoako kaltzadatik. Edo, Lizarrustitik Etxegaraterako zeharkaldi ederra egin daiteke Gipuzkoa eta Nafarroaren mugatik, mugarriz mugarri. Horiek beste baterako utzi, eta buelta etorritako bide beretik egin dugu, Zelataleporaino, eta hortik, Zelatamuñora berriz igo ordez, mendia eskuin aldetik inguratu dugu, metro gutxitara aurkitzen den Zelatalepoko trikuharria ikusi asmoz. Honek ere panel txukun bat dauka ondoan.
Zelatamuño inguratzen jarraitu dugu, altuerarik galdu gabe, ekarritako bidearekin topatu arte, eta jada bide ezagunetik, Lizarrusti mendatera itzultzea besterik ez da geratzen. Txangoaren amaieratik gertu gaude ia, eta orduantxe euria botatzen hasi dira egun osoz hor gainean eduki ditugun laino gris potoloak. Pausoa arindu eta iritsi garenean, bentara sartu gara. Taberna zaharraren itxura dauka. Paretak margo zaharkituaz estaliak, lau mahaitxo beren aulkiekin, barra txiki bat, eta txorizo eta urdai zatiak gantxoetatik zintzilik. Kanpoan euria ari du gogotik. Etxekoandrea agertu da eta bi kafesne eskatu dizkiogu. Edalontzi handian ekarri digu, ohiko zaporea ez zuen kafesnea; esnegaina gogorarazten zuen halako gusto goxo bat zeukan. Eta gainera, laguntzeko, gaileta batzuk plater batean
Aralar: zelaiak eta mendiak baino gehiago
Lizarrusti mendatea Aralar mendi multzoaren mendebaldeko muga da. Gure ibilbide honetan ez gara Aralarren sartu, baina gertu ibili garenez, hiruzpalau hitz mendizerra ezagun honi eskaintzeko aukera aprobetxatuko dugu.

Gaur mendizale uholdeek erabiltzen duten Aralar, antzina-ntzinatik erabili dute inguruko herriek hainbat jarduera ekonomikoetarako: abeltzaintzarako, artzaintzarako, ikazkintzarako eta abarretarako. Artzaintza da, aktibitate tradizionaletatik, gaur egun irauten duena. Interes ezberdinak dituzten erabiltzaileen artean hainbat ikamika sortu izan da, artzainen bordetaraino pista berriak irekitzeko asmoa zabaldu zenean esaterako. Baina Aralar zelaiak eta mendiak baino gehiago ere bada. Euskal Herriko monumentu megalitikoen kontzentrazio garrantzitsuenetako bat Aralarren dago, baita hainbat leize eta sima nagusi ere. Bertako aberastasun guztiak (landaretza, animaliak, geologia, etnografia, espeleologia, historia, paleontologia...) ezagutu, ulertu eta zainduz, datozen belaunaldiei guk jaso genuen bezala eman beharko genieke Aralar.
Txindokik, Igaratzak, Guardetxeak bezala, mendizerra Aralarko San Migel santutegiak ere egin du ezagun. Teodosioren kondaira ekartzen digu honek gogora: VIII. mendearen hasiera aldean, Goñiko Teodosio jaunak, gerratik bueltan zetorrela, ermitau batekin egin zuen topo. Bere emazteak fideltasunik ez ziola esan zion ermitauak Teodosiori, eta hau, berehala, bere etxera zuzendu zen. Han, senar-emazteen ohean bi gorputz antzeman zituen, eta une bat ere itxaron gabe, bere ezpata atera eta biak hil zituen hantxe bertan. Etxetik atera zenean emaztea topatu zuen, elizatik zetorrela. Emazteak, bere amaginarreba eta aitaginarreba etxera gonbidatu zituela eta momentu hartan ohean lotan zeudela esan zion. Teodosio, bere gurasoak hil zituela konturatuta, Erromara joan zen erromes, barkamena eskatzera. Aita Santuak, penitentzia moduan, gurutze batekin eta kate batzuekin bizitzera zigortu zuen, burdinak beren kabuz askatu arte. San Migelek salbatu zuen Teodosio: Aralar mendizerran, kobazulo batean herensuge bat azaldu zitzaion Teodosiori, eta San Migeli erregu egin zionean, honek herensugea hil eta kateak askatu zizkion, zeinak, esaten dutenez, gaur santutegian ikus daitezkeen


Azkenak
Itsaso zakar bat eta bi ahots poetiko

Xak eta Ekiza

Non: Ondargain txiringitoan (Deba)
Noiz: abuztuaren 27an.

-------------------------------------------------------

Euri langarraren eta lanbro-lainoen artean pasatu dugu Gipuzkoako muga, kostaldean zehar doan errepidetik itsaso zakarrari beha. Bandera... [+]


Jaizkibel konpainiak gutuna eman dio alkateari, desfilean: “Estrategia aldatzeko garaia dela adierazi diogu”

Jaizkibel konpainia berdinzaleak bi ekintza berezi egin ditu Hondarribiko alardearen egun honetan. Batetik, urte luzez ukatu zaion eta Alarde Tradizionalak baino erabili ez duen espazio oso sinbolikoa bere egin du; bestetik, gutuna eman diote alkateari, mahai gainean bestelako... [+]


Gida bat Donostiako Zinemaldiaren atarian

Euskarazko ekoizpenek presentzia nabaria izango dute aurtengo edizioan. Bestelakoen artean, espektatiba handiko lan eta gonbidatuak izango dira Donostian: George Clooney protagonista duen Jay Kelly pelikula; Angelina Jolie ere ikusiko dugu Couture-rekin; Julliete Binoche... [+]


Euskarazko ekoizpen ugari, Zinemaldian

Sail Ofizialean erakutsiko dira hiru: Maspalomas, Karmele eta Zeru ahoak. Lehia nagusitik kanpo, zuzendari onenaren saria irabazten ahaleginduko da Irati Gorostidi Aro berria pelikularekin. Beste zenbait lan ere aurkitu ahalko dira.

Zinemaldiaren atariko orokorra beste [+]


ANALISIA
CAFek Israelekin kontratua eteteko asmorik ote du?

Etengo du. Hori da kaskora supituan etorri zitzaidan pentsamendua, gosaria ahoan eta Euskadi Irratia sintonian, Imanol Pradales lehendakaria entzun nuenean CAF “gogoeta etikoa” egitera gonbidatuz, Palestinako lur okupatuetan trena eraikitzeko duen kontratua eten edo... [+]


Tunisian dira, abiatu eta astebetera
“Flotillaren aurkako eraso bat Palestinaren aldeko greben pizgarri balitz, ongi etorria izan dadila”

Astebete igaro da Bartzelonako portutik Global Sumud Flotilla ekimeneko lehen ontziak itsasoratu zirenetik, Gaza helburu. Tunisian lurreratu berri erantzun ditu ekimeneko euskal ordezkaritzako kide Itziarrek ARGIAren galderak, igande arratsaldean. Flotillako Tunisiako ontziekin... [+]


Enpatia garaia

Ekofeminismoak bizitza nondik eta nola baloratzen duen, ikuspegi konplexuagoa eraikitzeko proposamena dakart. Desazkundearen inguruko ekofeminismoa eta antiespezismoa ezagutzearen ondorio dira datozen lerroak; landa eremuan jaio eta hirigunean bizitzeak dakartzan ikuspegiekin;... [+]


2025-09-08 | Nagore Zaldua
Itsas izar arantzaduna
Izarren hautsa

Izarrak, ortzi mugagabean, keinu egiten diguten argi izpi dardarti liluragarriak dira, osotasuna eta ezereza bateratuta, zer garen ulerrarazteko oroitarri zaizkigunak: izan sua, izan ondotik joan zaizkigun kuttunak, gizakiaren txikitasuna edo Anbotoko Mariren edertasuna;... [+]


2025-09-08 | Jakoba Errekondo
Orria egitera

Orriuldu gabe daude oraindik zuhaitzak eta arbolak. Hostoak ihartu gabe daude, bai. Eta hostoa jasotzeko sasoi aproposa da. Hostoa, batez ere geroago jasotzen da; zuhaitzaren adaburua janzten duen orritza edo hostotza erortzen denean edo orriultzen denean, lurraren instantziako... [+]


2025-09-08 | Garazi Zabaleta
Amama
Lursail bakoitzak bere arnoa

Irulegi eta Anhauze artean ditu mahastiak Joanes Haritschelharrek, Amama proiektuaren bultzatzaileak. “Mahastiak ene amarenak ziren, eta bera jubilatu zenean hartu nuen nik etxaldea, 2022an”, azaldu du. Ama mahastizaina eta aita ardi gasnagilea ditu, eta beraz, beti... [+]


“Inoizko euskal zinemarik indartsuena” izango da 73. Zinemaldian

Astelehenean jakinaraziko dituzte ordutegiak, eta hilaren 14an, igandean, jarriko dituzte salgai lehen egunetako sarrerak. 254 film egongo dira ikusgai, 56 herrialdetakoak.


26 herrialde prest dira Ukrainan esku hartzeko, baina Putinek erantzun die helburutzat joko dituela

Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak adierazi du 26 herrialde prest direla gerra amaitu ondoren Ukrainan indar militarra zabaltzeko, “lurrez, airez edo itsasoz” parte hartuz. Vladimir Putin buruzagi errusiarrak erantzun die ez duela horrelakorik onartuko, ez... [+]


Hizkuntza bat gutxiago munduan: azken caddo hiztuna hil da

Caddo hizkuntza gorde eta biziberritzeko ahaleginean ari den ekintzailea da Alaina Tahlate. AEBetako jatorrizko caddo herriko hizkuntza hori jario oneko hiztun bakarrarekin gelditua zen: Edmond Johnson, 95 urteko hiztunarekin. Tahlate gazteak aitortu zion estutasunez bizi zuela... [+]


Asimilazioaren kontrako topagune izanen da Izpegi irailaren 19 eta 20an

Izpegiko besten hirugarren edizioa ospatuko dute, Basaizea Baigorriko kultur elkarteak, Baztango Gazte Asanbladak eta Baigorriko zein Erratzuko gazteek elkarlanean prestaturik. Hitzaldiak, bazkaria, ibilaldia, kontzertuak... izanen dute zeregina.


Eguneraketa berriak daude